Krisi garairako festak
Eguberrietan ospakizuna izaten da hitz nagusia, eta ospakizunari mugak jartzea ezohikoa gerta daiteke zenbaitentzat, baina norberak jarri ezean, krisiak jarraraziko dizkio. Egoera ez baita txantxetakoa: Espainiako Estatuan ia sei milioi lagun daude langabezian. Jendeak lana galdu du, baina ospatzeko gogoa ez, eta krisi garaian, krisi garaiko festak jarri dira boladan, diru gutxirekin ongi pasatzeko aukera ematen dutenak. Dirua baino gehiago, irudimena behar da gisa horretako festa bat antolatzeko, aurrekontu txikiari etekin handia nola atera asmatzeko. Festa egiteko gogoz baina irudimenez -eta diruz- eskas dabilenarentzat, hona hemen bost proposamen, Eguberri hauek, krisi garaikoak ez ezik, bestelakoak ere izan daitezen.
- “Ohiko” festa, baina low cost: etxean beti egin izan den festa da, Gabon zahar egunean edo Urteberri egunean egiten dena. Gonbidatzaileak hartzen du janaria eta edaria erosteko ardura. Aurrekontua zertxobait murrizteko eta sakelan zulo handirik ez egiteko, marka zuriak hautatzea komeni da. Eta elikagaiak hautatzerakoan, ohiko jakiak erostea: oilaskoa, arroza, urdaiazpiko egosia eta gazta, adibidez, eta sasoiko produktuen alde egitea, urteko beste edozein sasoitan baino merkeago egoten dira eta. Platerak apaintzeko ere aukera berezi eta merkeetara jotzea komeni da: olibak, oreganoa edo koloreetako fideoak postreetarako.
- “Krisia partekatuz”: honako aukera hau bai izango litzateke krisi garirako festa (aurrekoa baino gehiago). Oso egokia da familia handientzat edo lagun asko biltzen direnerako. Hauxe da proposamena: familiako kide batean biltzea denak egun batez, eta beste baten etxean hurrengoan, eta horrela txandakatuz joatea. Eguberri garaian, Gabon eguna etxe batean ospa daiteke, eta Urtezahar eguna beste batean. Eguberrietatik kanpo ere gisa horretako bilerak maite dituztenentzat, hilean behin elkartzea izan daiteke irtenbidea, eta txandaka-txandaka ibiltzea etxez etxe. Kontua merkeago atera dadin, gonbidatu bakoitzak jateko zerbait prestatu eta eraman dezake. Norbera zer-nolako sukaldaria egina dagoen probatzeko aukera emango du horrek, eta hizketarako eta adarra jotzeko gaia ere bai.
- “Gurasoak elkartuta”: haurrak izanez gero, erabat aldatzen da festari buruzko ikuspegia. Eguberriak haurrekin ospatzea oso dibertigarria izan daiteke, baina haurrek nahi duten guztia eginez gero, garestia ere bai. Aukera ona izan daiteke lagunen gurasoekin edo eskolako kideen gurasoekin ados jartzea eta ospakizun txikiak antolatzea zenbait etxetan, era horretan gastuak partekatzeko. Eguberrietako egunik seinalatuenak etxekoekin pasatuko dituzte haurrek, bistan da, baina bi asteko oporrak izaten dituztenez, aukera ona izan daiteke egun batzuetan festatxo batzuk antolatzea, aldi bakoitzean gai jakin baten inguruan, adibidez: gaztaina erreen eguna (gaztainak erre eta jateko), galleten eguna (osagaiak denen artean eramanda), mozorrotzeko eguna, ipuinak kontatzekoa….
- “Lehiaketa-festa”: diruz estu samar ibiliagatik ere, ez da zertan albo batera utzi gizarte-harremanak. Aukera ona izan daiteke, adibidez, lehiaketa baten aitzakian antolatzea festa, eta errezetarik harrigarriena edo merkeena eramaten duenari ematea saria (beraz, fakturak gorde egin beharko dira edo gogoan hartu zenbatsu kosta den). Eta hauxe izan daiteke saria: hurrena biltzen direnean esku hutsik joatea (bestek eramaten duena jatera, alegia). Horrelako festa bati ukitu berezia emateko, kartel edo afixa bat egin daiteke guztien argazkiarekin, bakoitzaren lorpenak idatzita ageri direla….
- “Truke-festa”: lagunak eta familiakoak bildu eta ongi pasatzeko beste modu bat “truke-festa” bat antolatzea da. Bakoitzak erabiltzen ez duen zerbait eraman eta baliagarri zaion zerbaitekin truka dezake. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, asko hedatu dira Fashion Swap Party direlakoak, non arropa eta osagarriak trukatzen dituzten. Baina beste hainbat gauza ere truka daitezke: errezetak, liburuak, osagarriak, haurren arropa eta haurtxoen osagarriak… Baliabideei ahalik eta etekin gehien ateratzea da kontua, krisi garaian baliabideak falta izaten dira eta.