Irakasleen % 80k eta gurasoen % 92k ontzat jotzen dute bideo-jokoak heziketa-tresna gisa erabiltzea. Aukeratzat hartu behar dira edo arriskutzat?
Joko bakoitza haurren garapen-aldi jakin bati egokitzen zaio. Aplikazio mugikorrak saltzen dituzten denda birtualetan ere oso zorrotz aztertzen dute applikazio bakoitza oniritzia eman aurretik. Baina garrantzitsuena etxean gainbegiratzea da: funtsezkoa da, bideo-jokoa haurrei eman aurretik, gurasoek ebaluatzea, baita erabilera arautzea ere.
Zergatik arautu behar da erabilera?
Jokoak, berez, ez dira arriskutsuak. Bideo-jokoen industriak eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzen ditu adingabeak babesteko, baina helduek ikuskatu egin behar dute bideo-joko jakin bat egokia den edo ez.
Zer-nolako irizpideak erabili behar dituzte?
Hasteko, irakurri egin behar dute jokoak dakarren informazioa, eta zer adin-tartetarako den ikusi behar dute. Ondoren, probatu egin behar dute, kontsolan, tabletan edo mugikorrean, eta ebaluazio zorrotza egin haurrari eman aurretik.
Ikasgelan, irakasleek nola joka dezakete ikasleak ohar daitezen teknologia berriak modu seguruan erabili beharrekoak direla?
Irakasleek ongi menderatu behar dituzte teknologia berriak, eta gurasoei gomendatu behar diete kontrol-bitartekoak erabil ditzatela. Sistema eragileek kontrol-tresna oso eraginkorrak eskaintzen dituzte gurasoek modua izan dezaten aplikazio eta web-orri batzuetarako sarbidea mugatzeko. Dena den, heziketaren arloan ari den industriak indar handiagoa egin behar luke material interaktiboz hornitutako testu digitalen erabilera sustatzeko, deigarriagoak eta interesgarriagoak dira-eta haur eta nerabeentzat.
Zenbaitetan gehiegi ere bai…
Gazteak IKTetan ongi hezteak esan nahi du erakutsi egin behar zaiela zer-nolako arriskuak sor daitezkeen. Baina helburua hauxe da: nola erreakzionatu jakitea arrisku horietakoren bat norberari egokituz gero.
Zenbat eragin digital jasotzen ditu adingabe batek egunaren buruan?
Milaka. Guk nahi izan edo ez, harremanetan egongo da teknologia berriekin, modu batean edo bestean: mp3, tabletak, smartphoneak, bideo-jokoen kontsolak, telebista edo ordenagailuak.
Nola babes ditzakegu?
Familia biltzen den tokiren batean egon behar dute ordenagailuek. Guraso-kontrola segurtasunaren mesedetan da. Gurasoek babestu egin behar dituzte seme-alabak Interneten, eguneroko bizitzan egingo luketen bezalaxe; arautu egin behar dute ordenagailuen, smartphoneen, tableten edo bideo-kontsolen erabilera, eta horiekin zer-nolako jarduerak egiten dituzten jakin.
Etxekoek nola jakin dezakete alaba edo semea mehatxatu egin dutela Internet bidez edo gehiegikeriaren bat pairatzen ari dela?
Helduek adi egon behar dute zer antzemango: haurrak eskolara joateko gogo gutxi duela, umore gorabeherak dituela, antsietatea, eskolako emaitzetan atzera egin duela, loa eta elikadura nahasi zaizkiola… Anorexia eta bulimia kasu askoren atzean bullying gertakari bat egon ohi da.
Anonimotasuna al da Interneteko mehatxu handiena?
Mehatxu nagusia, heldu batentzat bezala haur batentzat ere, Sarean zer-nolako arriskuak dauden ez jakitea da. Panda Softwarek berriki egindako ikerketa batek dioenez, 15 eta 18 urte bitarteko gazteen % 20k lagunen argazki desegoki edo konprometituak jarri dituzte Interneten, eta % 67 beste norbaiten posta elektronikora sartzen saiatu dira.
Ba al dago jazarpena jasateko adin bereziki arriskutsurik?
Hamabi urtetik aurrera, teknologia berrien erabilera handitzen hasten denean, hain zuzen.
Jazarleak pertsona helduak izaten al dira beti?
Ez beti. Batzuetan adingabeek ere jazartzen dituzte beste adingabe batzuk, baita sexu-jazarpena egin ere. Jokabide horiek ez daude hain pertsegituak, eta horrexegatik nabarmentzen dugu funtsezkoa dela gurasoen eta irakasleen lana zerbaiten seinale izan daitezkeen adierazleak antzemateko: ordenagailua neurriz kanpo erabiltzea, jokabide oldarkorrak, era guztietako gizarte-sareak erabiltzea, gehiegizko intolerantzia edo familiako elkarrizketetan ez parte hartzea.
Hori al da gurasoek arriskuari aurre hartzeko modua?
Informatuta egon behar dugu lagundu ahal izateko, teknologia berriak egoki erabiltzeko hezi behar ditugu, eta haiengan ohikoak ez diren jokabideak antzematen jakin.
Kontrolaren eta debekuaren arteko oreka…
Gurasoek kontrola ezartzeak ez du esan nahi etengabe zelatatzea. Bizitza erreala egokitu egin behar zaio birtualari, eta, horretarako, helduak lagundu egin behar dio adingabeari lehenengo ibilaldi birtualean, eta askatasuna ematen joango zaio ibilbide birtualean agertzen duen arduraren arabera, bizitza errealean egiten dugun bezalaxe. Elkarrizketan dago arrakasta lortzeko gakoa. Adingabeek jakin egin behar dute gurasoen laguntza izango dutela une orotan, eta sekula ez dituzte isilean gorde behar Sarean izandako esperientzia txarrak.
Smartphoneak, whatsapp, gizarte-sareak… Arrisku berriak al dira gazteentzat?
Teknologia sekula ez da hartu behar mehatxu gisa, guztiz bestela baizik. IKTak mehatxu bihurtzen dira oker erabiltzen direnean edo zuhurtziarik gabe baliatzen direnean.