Interneten, bideoak zuzen-zuzenean

Irudiek ere Interneten solastatu nahi dute

Ordenagailu eramangarriak bideokamera eta guzti etortzen dira egun, eta 'webcam'-ak ere merke daude. Ondorioz, bideoak zuzenean emateko hainbat zerbitzu sortu dira
1 uztaila de 2008
Img internet

Irudiek ere Interneten solastatu nahi dute

/imgs/20080701/internet.jpg
Ordenagailuei jartzen zaizkien bideokamerak, ‘webcam’ izenekoak, asko ugaritu dira, eta asko dagoen tokian, merke erosteko modua ere izaten da. Egun, 18 eurorekin, erdi mailako kamera bat eros dezakegu. Ordenagailu eramangarrientzat, berriz, ez da erosi beharrik ere, askok eta askok etxetik ekartzen baitute. Jendeak gero eta gehiago erabiltzen duen seinale. Jendea sarean harrapatzeko, hainbat eta hainbat zerbitzu sortu dira, eta aukera ematen dute internauten arteko komunikazioan bideokamera ere erabiltzeko.

Musika eskola, ‘Messenger’-ean

Microsoft-ek badu mezuak berehala trukatzeko zerbitzua, Windows Live Messenger izenekoa, eta Yahoo!-k ere bai, Yahoo! Messenger. Orain arte, hitz egiteko balio zuten, baina, orain, ordenagailuan pantaila txikiak irekitzen zaizkie, eta ikusi ere egin dezakete erabiltzaileek nor dagoen beste aldean. Zerbitzu sinpleak dira, eta doakoak: zerbitzuan izena eman eta ordenagailuan webcam-a jarri, ez da besterik egin behar.

Erabiltzaile bakoitzak erabakiko du teknologia honek zertarako balio dion. Familiako kideekin eta lagunekin komunikatzeko erabiliko dute batzuek, baina beste erabilera batzuk ere baditu bideo zerbitzu honek. Componemos web orrian, adibidez, musika tresnak jotzen ikasteko eskolak ematen dituzte, Windows Live Messenger-en bidez. Irakaslea eta ikaslea aurrez aurre egoten dira, elkar ikusten dutela, eta halaxe ikasten da musika tresna jotzen (gitarra, saxofoia, biolina…), azalpen idatzi bihurrien beharrik gabe.

Guitar2000 orrian ere ematen dituzte gitarra eskolak zuzenean, bideo bidez, eta astero, bideoikasgaiak biltzen dituzte buletin batean, behatzak nola jarri ikasteko, zimikatzeko moduak zein diren eta abar. Sorterriko irakasleekin hizkuntzak ikasteko ere erabiltzen da zuzeneko bideo zerbitzua. Eskola horiek online ordaintzen dira, ordainketa txikiak egiteko zerbitzuen bidez (PayPal da horietako bat). Doako guneak ere badira, hala ere; Italki izenekoan, adibidez, gure hizkuntza erakustearen truke, sorterriko hizlariekin jardun ahal izango dugu.

Bideo-bilerak

Lanerako ere oso erabilgarriak izan daitezke bideoak zuzenean ikusteko aukera ematen duten webguneak. Teknologia enpresa batzuk hasiak dira horretan; zuzendaritzako kideen esku jartzen dute beren banda zabalera, eta laneko bilera egiten ari direla, kanpotik ere ikusi ahal izaten dute ikusi behar dutenek, eta bileran parte hartu. Bilerak irekitzeko modu ona da, eta arazo batzuei irtenbidea eman behar zaienean, kide jakinak bilerara gonbidatzekoa.

Hitzaldiak eta ikasgaiak emateko ere balio dute gune hauek, eta oso lagungarriak dira horiek entzutera joan ezin direnentzat. Hitzaldia zein web orritan emango duten jakinez gero, nahikoa da han sartzea. Gerta liteke, ordea, gune horiek kudeatzen dituztenek sarrera mugatzea, eta ez onartzea nornahi, haiek hautatzen dituztenak baizik.

Nork bere telebista katea

Zuzeneko emanaldi horiek, lanerako edo prestakuntzarako ez ezik, nork bere bizitza kontatzeko ere balio dute, nori ari garen jakin gabe bada ere. Zein helbururekin, Sarean nortasun bat eraikitzea eta beste erabiltzaileekin harremanetan sartzea izan daiteke. Gero eta zerbitzu gehiago ari dira sortzen horretarako, nork bere bizitza kontatzeko, bai lehenago grabatutako bideoen bidez, bai zuzen-zuzenean. Nork bere telebista katea duela esan liteke.

Zerbitzu horiek doakoak izaten dira gehienetan, eta izena emanez gero (helbide elektronikoa eta pasahitza eskatzen dituzte), zernahi eman dezakegu gure webcam-etik. Nola lan egiten duten erakusten dute askok, edo Interneten nola nabigatzen duten; beste batzuek beren gogoetak egiten dituzte kamera aurrean, edo musika emanaldiak eskaintzen dituzte, eta bada manikura egiten agertzen denik ere. Eta kameraren beste aldean… ehunka begi!

Zenbait gune
  • Stickam: Besteek ematen dutena ikusteko erabil daiteke webgune hau, eta nork bere emanaldiak egiteko ere bai. Gainera, aukeratu egin daiteke norentzat eman: guztientzat edo pertsona jakin batzuentzat. Bideoa ematen ari denarekin solas egin dezakegu, gure iritzia eman, edo emanaldi onenen zerrendan jar dezakegu, botoa emanda. Doakoa da, eta helbide elektronikoa eskatzen dute izena ematerakoan; hortik aurrera, gure webcam-etik irudiak ematen has gaitezke.
  • BlogTV: Stickam-ek bezalatsu funtzionatzen du, baina honek aukera uzten du nork bere katea sortzeko (erabiltzaileak duen orritik egin behar da). Gainera, begira ari direnekin komunikatzeko aukera ematen du, irudiak ageri diren pantailan bertan. Modu horretan, parte-hartzaile guztiek elkarrekin solastatzeko eta elkar ikusteko aukera dute.
  • Qik: Sakelako telefonoak Internetera konektatu, eta horiekin zuzeneko emanaldiak egiteko erabiltzen da. Aukera hau aktibatzeko, Symbian sistema eragilea eduki behar du sakelakoak (Nokia, Sony Ericsson eta Samsung etxekoek soilik dute). Sakelakoak hartzen dituen irudiak bereganatu, eta telefono sarean barrena, Qik-en web orrira bidaltzen ditu, eta handik ematen dituzte, streaming teknika erabiliz (irudiak eman bai, baina ez dira geratzen grabatuta). Bideoek kode bat daramate, eta, horri esker, beste edozein web orritatik edo blog-etatik ikus daiteke.
  • Mogulus: Besteek ez bezala, honek aukera ematen du bideoak eta zuzeneko irudiak nahasteko, telebistako errealizadore batek egingo lukeen bezala. Itxura profesionalagoa hartzen du emanaldiak, telebistakoen moldetik gertu. Erabiltzaileak iritzia eman dezake sarean ikusi duen bideo bati buruz, gero bideo bat jar dezake berak egina eta, azkenik, bera ager daiteke zuzenean eta bi bideoei buruzko aipamenak egin.