Bizikletarekin hirian barrena: 37 bidegorri aztertu ditugu eta bizikletak alokatzeko 11 zerbitzu publiko

Hiriak ez du nahi bizikletan ibili

1 uztaila de 2008
Img tema listado

Hiriak ez du nahi bizikletan ibili

Kirola egiteko bai, baina ez garraiobide moduan erabiltzeko. Horretarako erabiltzen da bizikleta hiri barnean, eta ez nonahi ere; parkeetan eta eremu berdeetan izaten da aukeraren bat seguru samar ibiltzeko, min hartzeko arriskurik gabe, baina hortik kanpo, ezer gutxi. Baina toki horietara inguratzeko ere, askok autoa hartu behar izaten dute, besteak beste, modurik ez dutelako bizikleta autobusean edo metroan sartzeko. Espainiako 18 hiriburu aztertu ditu CONSUMER EROSKI-k, eta bizikletan ibiltzeko, gabeziak dira nagusi gehienetan: bidegorri gutxi, bizikletak uzteko lekuak falta eta garraio publikoarekin loturak egiteko aukerarik apenas. Datuek nabarmen utzi dute hiriak, oraingoz, bizikletari bizkar emanda bizi direla.

CONSUMER EROSKI-k egiaztatu nahi izan du zenbateraino erabiltzen den bizikleta hiri barnean mugitzeko. Batetik, 37 bidegorri aztertu ditugu, eta bizikletak alokatzeko 11 zerbitzu publiko. Bestetik, galdetegia bidali diegu 18 hiriburuetako udalei, azal dezaten zer egitura dauzkaten bizikletaren erabilera sustatzeko. Hiriburu hauek hautatu ditugu: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Santander, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza.

Emaitzek erakutsi dute bizikletak, oraindik ere, hiri barneko ibilgailu bihurtzeko, bide luzea duela egiteko, eta are luzeagoa hiriek berek. Izan ere, guztiak aintzat hartuta, emaitza nahiko eskasa eman dute, “hala-holakoa”. Hiriak banan-banan aztertuta, honela geratu zaizkigu: okerren, Alacant eta Oviedo daude, “oso gaizki”. Ez dute bidegorririk, ez bizikletak alokatzeko zerbitzu publikorik. Murtzia ere “oso gaizki” dago, ez baitu alokairu zerbitzurik, eta bidegorriak ere oso gutxi. Malagan eta A Coruñan beste hainbeste gertatzen da (horiek “gaizki” daude). Beste muturrean, 5 hiriburu hauek “ongi” daude: Bartzelona, Bilbo, Donostia, Sevilla eta Gasteiz. Kordoban, Iruñean, Valladoliden eta Zaragozan “onargarria” da egoera, baina badute ze hobetua. Granada, Madril, Santander eta Valencia, berriz, “hala-hola” dabiltza.

A zer parea: hiria eta bizikleta

Bizikleta egiazko alternatiba izango bada hiri garraioan, hiriek egokitu egin behar dituzte egiturak. Hona hemen ezinbestean bete beharreko baldintza batzuk:

  1. Bidegorri azpiegitura ona behar dute. Asko izatea garrantzitsua da, baina ongi egotea ere bai. Hiriko guneak lotzeko balio behar dute, ahalik eta gune gehien (erdigunea, inguruko auzoak eta ondoko herri txikiak), eta ongi zainduta egon behar dute. Gainera, seinalez ongi hornitu behar dira, txirrindulariak, oinezkoak eta ibilgailu gidariak seguru ibili ahal izateko..
  2. Bizikletak aparkatzeko lekuz hornituak egon behar dute. Garrantzitsua da bidegorrian bizikletak aparkatzeko tokiak jartzea, kiroldegi eta kirolgune inguruetan, ikastetxeen ondoan, kultur eremuen eta administrazio egoitzen alboan, autobus eta tren geltokietan, eta, oro har, jendea biltzen den leku guztietatik gertu.
  3. Hiri garraiobideekin lotzeko prestatuak egon behar dute. Garraiobide publikoak gelditzen diren tokiekin lotuta egon behar dute bidegorriek, eta garraiobide horiek lekua eduki behar dute bizikletak sartu ahal izateko.
  4. Bizikletak alokatzeko udal zerbitzuak ugaritu behar dira. Bizikletan ibiltzera bultzatu behar dira tokiko biztanleak eta turistak.
  5. Bide heziketako kanpainak sustatu behar dira. Txirrindularientzat ongi etorriko dira halakoak, baina baita oinezko eta gidarientzat ere. Guztien artean lortu behar da hiri iraunkorra eraikitzea, eta errespetu-irizpideen arabera antolatzea kaleak eta ibilbideak.

Bidegorriak: bada zer hobetua

Oro har, hiri guztietan daude bidegorri gutxi; batez bestekoa eginda, hor ere “hala-holakoa” da egoera. Bidegorriak beharrezkoak dira hiri barnean bizikletan mugitzeko, ibilgailu motordunen artera atera gabe, baina hiri batzuetan, Oviedon eta Alacanten, adibidez (biak “oso gaizki daude”), kilometro bat ere ez dute. Besteak zertxobait hobeto daude, baina ez askoz hobeto: bat bera ere ez dabil “ongi”. Murtzian 4,7 kilometro eraiki dituzte 423.000 biztanlerentzat, eta ondorio garbia atera du CONSUMER EROSKI-ren azterketak: “oso gaizki” dago. Ez, ordea, Malaga bezainbat. Kilometro bakarra du 102.045 biztanleko, eta aztertu ditugun guztien artean, han dute egoera txarrena (“oso gaizki” dago hura ere). A Coruñako eta Santanderko kasuak ere deigarriak dira: 9 kilometro ditu lehenak, eta 10 bigarrenak, baina turistek erabiltzeko gehiago, mugikortasun iraunkorra sustatzeko baino. Bartzelona hobetoxeago dago (128 kilometroko sarea dute), eta Gasteiz ere bai, non kilometro bat daukaten 4.172 biztanleko. Bi-biek ere egoera “ona” dute.

Alde baten ditugu Alcant eta Oviedo, bidegoririk gabe eta bestean Gasteiz eta Iruñea, bidegorri Kilometro batekin 5.000 biztanle bakoitzeko

Aldizkari honetako teknikariak 16 hiritan izan dira bidegorriak bertatik bertara aztertzen (bi hirik ez dute bidegorririk), eta 37 bidegorri aztertu dituzte guztira (hiri bakoitzean hiru, gehienez). Azken emaitza nahiko eskasa da, eta egoera “onargarria” besterik ez da, batik bat, gutxik dauzkatelako bizikletak uzteko lekuak (arlo horretan, batez beste, “txarra” da egoera) eta seinaleetan ere gabeziak antzeman dituzte (hor ere “onargarria” baino ez da egoera). Badira, ordea, emaitza hobeak eman dituzten alderdiak, oso onak ere bai. Bidegorriak oso ongi zainduta daude, adibidez, eta oso seguruak dira.

Seinaleak: segurtasunaren mesedetan

Bidegorria seinalez ongi hornitua egotea garrantzitsua da, horrek zerikusia baitu segurtasunarekin. Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Madril eta Sevilla ageri dira besteen gainetik (“oso ongi” daude), eta Murtzia, aldiz, “oso gaizki”. Aztertu ditugun bidegorrien % 37k espaloietan barrena egiten dute bidearen zati handi bat edo zati osoa, % 30ek bere bidea dute, bereizia, eta gainerakoak mistoak dira, nolabait esateko, bietatik baitute.

Hamar bidegorritatik zazpik bi noranzko dituzte bidearen zatirik gehienetan, baina Valentzian, Malagan eta Murtzian aztertu ditugunek ez daukate inolako marrarik bi noranzkoak bereizteko. Gehienez zein abiaduratan joan daitekeen oroitarazten duten seinaleak ere falta izan dira hirutatik bitan (A Coruñakoa, Madrilgoa eta Murtziakoa izan dira onenak arlo horretan).

Seinaleak beti dira garrantzitsu, baina zer esanik ez bidegurutzeetan. 390 aurkitu ditugu ibilbide guztietan, eta % 94k bazuten seinaleren bat. Askoz gutxiago aurkitu ditugu txirrindularientzat propio jarritako semaforoak (% 18), honako hiri hauetan, hain zuzen: A Coruña, Donostia, Gasteiz, Kordoba, Madril, Valentzia eta Valladolid.

Bidegorriak oso ongi zainduta daudela ikusi dugu. Hala ere, zulo eta koska ugari topatu ditugu bidean, batik bat, A Coruñan, Donostian, Malagan, Santanderren, Valentzian eta Valladoliden. Kordoban eta Bartzelonan, berriz, margotu baten falta sumatu dugu lau bidegorritako zoruan eta lurreko seinaleetan, eta Donostian, Granadan eta Zaragozan, ertz batzuk ongi beheratu gabe dauzkate zenbait bidek.

Txirrindularien segurtasuna

Kaleetan barrena dabiltzanek (oinezko, gidari eta txirrindulari) oraindik ere ez dute ongi barneratua zer den elkar errespetatzea, baina gero eta kontzientzia gehiago dute horretan ere. Emaitza ona lortu dute hiri guztiek, batez beste, eta egoera “oso ona” da arlo horretan. Ñabardura batzuk egin beharra dago, ordea: Sevillako hiru bidetan, 65 pertsona ikusi ditugu paseatzen, txirrindularirik ba ote zetorren edo ez begiratzeko lanik hartu gabe, eta Bartzelonan, berriz, zortzi ibilgailu egon dira arauz kanpo aparkatuta bidegorrietan. Bestelako arrisku batzuk ere antzeman ditugu: Sevillan eta Valladoliden, autoen aparkalekutik gertu-gertu daude guk aztertu ditugun bidegorriak; Granadan, Madrilen eta Valladoliden, txirrindulariak aurreratu dituzten ibilgailuek ez dute errespetatu arauzko distantzia (1,5 metrokoa da); Bilbon, aztertu ditugun hiru bidegorrietan, txirrindulariak azkarregi joan dira; eta Gasteizen, Malagan eta Valladoliden, bidegorriak edukita ere, errepidetik edo espaloitik joan dira txirrindulariak.

Bizikletak uzteko aparkalekuak: gutxi eta oso hondatuta

Seguru ibiltzeko bideak ez ezik, bizikletak uzteko tokiak ere beharrezkoak izaten dira. Arlo horretan Bartzelona nabarmendu da (14.000 aparkaleku ditu bizikletentzat), eta Donostia hurrena, nahiz eta askoz gutxiago eduki (590). Aparkaleku gutxien Valladoliden aurkitu ditugu (66). Kordoban, beste inon ez bezala, lur azpizko aparkalekuak dituzte, eta 200 bizikleta sartzen dira.

Gure aldizkariko teknikariek egindako azterketak ez ditu oso leku onean utzi bizikleta-aparkalekuak; 89 aztertu dituzte, eta egoera “txarra” dela nabarmendu dute. Bidegorri askotan, izan ere, ez dago halakorik. Hori gertatzen da A Coruñan, Iruñean, Sevillan eta Zaragozan. Hiri batzuetan bakarra aurkitu dute teknikariek, Murtzian, Sevillan eta Valladoliden, eta nahiko utzita, gainera. Kordobak lortu du emaitzarik onena: 500 metroz behin daukate aparkaleku bat (normalena da 600-1.000 metroz behin jartzea), eta oso ongi zainduta daude guztiak ere. Lapurreten aurkako sistemarik ez dute, ordea, Kordobakoek, eta beste askok ere ez. Bartzelonan guztiek dituzte, eta oso lagungarriak gertatzen dira, bizikletak lapurtzeko joera handia baitago (txirrindularien % 15i lapurtu diote bizikleta noiz edo noiz). Orotara, hamar aparkalekutatik seitan aurkitu dituzte lapurreten aurkako sistemak (gurpilak finkatu eta lotzekoak).

Garraio publikoarekin bat egiteko aukera gutxi Hiri barnean bizikleta erabili ahal izateko, bidegorriak behar dira, noski, baina bada garrantzi handiko beste alderdi bat ere: bizikletak garraiobide publikoetan sartzeko aukerarik baden edo ez. Aztertu ditugun hiririk gehienetan, garraiobideek lekua falta dute bizikletentzat. Autobusetan, adibidez, Donostiako linea batzuek aukera ematen dute, eta Sevillan ere bada modua, baina bizikletak tolestu beharra dago; Bilboko metroan eta tranbian ere sartzen dira, eta Valentziakoan eta Murtziakoan ere bai, ordutegi jakin batean, hala ere. Bartzelonan, egoera berezia dute: bizikleta-aparkalekuak dauzkate metro geltokietan, eta aukera ematen dute bizikletak alokatzeko edo hantxe uzteko. Gauzak hola antolatuz gero, garraiobide publikoak elkarrekin harremanetan jarriz, horiek lotzeko eta erabiltzeko joera sustatzen da.

Bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoa: joan-etorrietan erabiltzeko, ez aisialdirako

/imgs/20080701/tema5.jpgBidegorrietan bizikleten joan-etorriak ugaritzeko, ezinbestekoa da bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoak ere edukitzea, nahi duten guztiek aukera izan dezaten bizikletak alokatzeko. Kordoban jarri zuten lehenengoz halako bat, 2003an, Gasteizen gero (2004), eta Madrilen ondotik (2005). Gainerakoek 2006an egin zuten, baina ez guztiek: aztertu ditugun 18 hirietatik, 11k bakarrik dute alokatzeko zerbitzua, eta Madrilgoa, gainera, ez da aintzat hartzekoa ere, aisialdiari begira antolatua baitago, eta ez garraiobide publiko moduan (Juan Carlos I.aren plazan soilik erabil daitezke bizikletak).

Arlo honetan, egoera “oso txarra” da A Coruñan, Alacanten, Granadan, Malagan, Murtzian, Oviedon eta Valentzian (Madrilen, “hala-holakoa”), ez baitute alokatzeko zerbitzu publikorik. Donostia eta Sevilla daude beste muturrean, “oso ongi” biak ere.

Gure teknikariek 11 zerbitzu aztertu dituzte. Horietako bostetan, Bilbon, Gasteizen, Madrilen, Santanderren eta Valladoliden, arduradun bat egon izan da, eta hark eman dizkie bizikletak eta argibideak erabiltzaileei. Beste sei zerbitzuek modu automatikoan funtzionatzen dute (txartel bat edo kode bat sartu, eta erabiltzaileak berak hartu behar du bizikleta). Bartzelonan, Donostian, Iruñean, Kordoba eta Sevillan dauzkate halakoak, eta Zaragozan ere bai, oraintxe ireki berria. Hiri bakoitzean, bizikletak hartzeko lau toki eta uzteko beste lau aztertu dituzte teknikariek, eta neurtu dute informazio erabilgarria ematen ote dieten erabiltzaileei eta bizikletak ere erabilgarri ote dauden.

Bi zerbitzu motak ongi aztertuta (arduradunarekin funtzionatzen dutenak eta automatikoki dabiltzanak), erabilgarriagoak eta azkarragoak suertatu dira automatikoak, ordutegi zabalagoa eskaintzen dute eta, batzuek, gainera, egun osoko zerbitzua dute, etenik gabea. Sistema hori darabilten hiri gehienetan, ordea, Kordoban eta Sevillan ez beste guztietan, alegia (Bartzelona, Donostia, Iruñea eta Zaragoza), ezin da egunean bertan alokatu bizikleta. Gure teknikariek, beraz, egun batzuk lehenago ‘edo aste batzuk lehenago’, hasi behar izan duten eskabideak egiten. Gehienek identifikazio zenbaki bat eskatzen dute (NA, gidabaimena edo errolda agiria).

Beste zerbitzu motan, berriz, arduraduna dutenetan, egunean bertan alokatu daiteke bizikleta, eta ez da lehenagotik hasi beharrik eskabideak eginez. Hiri guztiek ematen dute aukera hori, Bilbok, Gasteizek, Madrilek, Santanderrek eta Valladolidek. Nahikoa da bizikletak hartzeko tokira joatea eta NA, pasaportea edo gidabaimena erakustea. Bizikleta berriz erabili nahi izanez gero, gure teknikariek ordu laurden edo ordu erdi egon behar izan dute zain, Santanderren izan ezik (nahi bezainbeste erabil daiteke egun osoan). Bartzelonan, Kordoban eta Zaragozan, gehienez ere, bi orduz eduki daiteke bizikleta; Donostian eta Iruñean lau ordurako uzten dituzte, eta Sevillan, berriz, egun osorako har dezakegu.

Prezioa ere aintzat hartu dugu CONSUMER EROSKI-ren azterketan. Bilbon, Gasteizen, Kordoban, Madrilen, Santanderren eta Valladoliden doakoa da. Gainerakoetan, zerbait ordaindu beharra dago: batzuetan bermea, besteetan urteko kuota, eta beste batzuetan, aurrez izena ematerakoan jarri behar da dirua. Hori gertatzen da Bartzelonan, Donostian, Iruñean, Sevillan eta Zaragozan (24 euro balio du Kataluniako eta Aragoiko hiriburuetan, 12 Donostian eta 10 Sevillan). Azken horretan, gainera, 150 euroko bermea jarri behar du erabiltzaileak, bizikleta hondatuko balitz ere. Hiriburu batzuetan, alokairua bera ez ezik, erabilera-denbora ere ordaindu behar izaten da; gehienetan, lehen ordua edo ordu erdia doan izaten da, eta hortik aurrera, orduka ordaindu behar izaten da, 50 zentimo eta 3 euro artean ordua.

Bizikletak hartzeko toki kopuruek eta erabilera-denborak garrantzi handia dute. Bartzelonak, adibidez, 400 toki ditu eta egun osoan zehar aurkituko dugu bizikleta alokatzeko modua. Madrilen, ordea, bi toki bakarrik daude, eta, gehienez ere, ordubeterako har daiteke bizikleta.

Horretaz guztiaz gain, ezintasunen bat duten pertsonei zer baliabide eskaintzen dizkieten ere aztertu dugu, eta emaitza argia izan da oso: zerbitzu hau eskaintzen duten 11 hiriek asko hobetu behar dituzte beren sistemak pertsona horien beharrei egoki erantzun ahal izateko. Gasteizek eta Bilbok soilik baitituzte bizikleta egokituak (udalek emandako informaziotik lortu ditugu datu horiek). Gasteizen, 5 triziklo eta 5 tandem dituzte, eta Bilbon, 2 tandem. Madrilek ere baditu tandem batzuk, bi lagun ibili ahal izateko.

Madrilgo zerbitzua, lehen ere esan dugu, aisialdira begira jarria dago, baina, hala ere, era guztietako datuak eskaintzen ditu (“bikain” atera du arlo horretan): ordutegiak, erabilera arauak, sistemari buruzko argibideak, bizikletan ibiltzeko arauak eta segurtasun betebeharrak, arau-hausteen zigorrak, eta zerbitzua erabiltzeko gutxieneko neurria eta adina.

Zaragozan ireki berri duten zerbitzuak asko du hobetzeko erabiltzaileari ematen dioten informazioa (egoera “txarra” du arlo horretan), eta Bilbo eta Santander ere ez dabiltza askoz hobeto. Bartzelonak, Kordobak (alokairu sistema nola dabilen ere ez dute jakinarazten) eta Iruñeak dute informaziorik eskasena (“hala-holakoa” eta “onargarria” besterik ez). Donostia eta Madril, ordea, “bikain” dabiltza, beste guztien gainetik. Sevilla eta Valladolid datoz ondoren (egoera “oso ona” dute). Informazioaren atal honetan, bada beste gabezia zabaldu samar bat: laguntza behar izanez gero edo larrialdiren bat gertatuz gero, erabiltzaileak ez daki nora deitu, ez baitiote esaten.

Bilbon, bikain daude bizikletak. Gasteizen, Bartzelonan, Kordoban, Zaragozan, Donostian, Sevillan eta Iruñean, berriz, ongi. Santanderkoak, Madrilgoak eta Valladolidekoak daude okerren: apurtuta dute zerbait, aurreko argia falta dute, balaztak higatuta dituzte eta saskiren bat hautsita.

Bizikleta azpiegiturak, hiriz hiri eta konparaketako taula

A Coruña

  • Onena: Bidegorri bakarra du A Coruñak, baina oso segurua: bide zabala du, espaloitik eta errepidetik ongi bereizia, eta seinalez oso ongi hornitua dago.
  • Txarrena: Bederatzi kilometroko bidegorria du, ez gehiago, eta bizikleta-aparkalekurik ez du. Bizikletak alokatzeko zerbitzu publikorik ere ez dago.


Alacant

  • Onena: Ez dago nabarmentzeko moduko ezer.
  • Txarrena: Guk aztertu ditugunetatik, bizikletan ibiltzeko egitura gutxien eskaintzen duen hiritako bat da: ez du bidegorririk, eta bizikletak alokatzeko zerbitzu publikorik ere ez.

Bartzelona

  • Onena: 128 kilometro ditu bidegorrietan, aztertu ditugun gainerakoek baino gehiago. Bizikletak uzteko, berriz, 14.000 aparkaleku ditu, hiri guztian barrena, eta alokairu sistema erabilgarri eta ongi zaindua.
  • Txarrena: Bidegorriak ez daude ongi garbituta eta zainduta. Aztertu ditugun 3 bidegorrietan, 30 oinezko ikusi ditugu paseoan, txirrindularien trabagarri, eta 8 ibilgailu gaizki aparkatuta.

Bilbo

  • Onena: Ezintasunen bat duten pertsonek erabiltzeko bizikletak dituzte, tandemak. Gainera, bizikletak metroan, trenean eta tranbian sartzeko aukera dago.
  • Txarrena: 14 kilometro baino ez ditu bidegorrietan, eta bizikletak alokatzeko zerbitzua ez dabil urte guztian, maiatzetik aurrera baizik.

Kordoba

  • Onena: Hiri honetan jarri zuten lehenengoz bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoa, doakoa, gainera. Bidegorriak (42 kilometro ditu) eta bizikleta-aparkalekuak ongi zainduta daude.
  • Txarrena: Bizikletak hartzeko eta uzteko toki gehiago jarri behar ditu Kordobak, eta informazio gehiago eman erabiltzaileei.

Granada

  • Onena: Bidegorrietako seinaleak dira nabarmentzekoak, batik bat, bidegurutzeetakoak.
  • Txarrena: Ez dauka bizikletak alokatzeko zerbitzu publikorik, eta bidegorri sarea nahiko laburra du (kilometro bat 33.743 biztanleko).

Madril

  • Onena: Aztertu ditugun hiru bidegorriak oso ongi daude, eta bizikletak alokatzeko zerbitzua ere oso ona da.
  • Txarrena: 62 kilometro bakarrik ditu bidegorrietan, eta guztiak Eraztun Berdea deitzen den horretan (ez da iristen, beraz, hiriko gune garrantzitsu askotara). Bizikletak alokatzeko zerbitzua turistentzat jarria dago eta Juan Carlos I.aren parkean ibili nahi dutenentzat.

Malaga

  • Onena: Aztertu ditugun bidegorriak ongi zainduta daude, eta seinalez ongi hornituta.
  • Txarrena: Bizikletak alokatzeko zerbitzurik ez du, eta bidegorri sarea laburra da: 5,5 kilometro baino ez ditu (kilometro bat, 102.045 biztanleko).

Murtzia

  • Onena: Bidegorria ongi zainduta dago.
  • Txarrena: 4,7 kilometro ditu bidegorrietan, eta hori ez da nahikoa 422.861 biztanleko hiri batentzat. Bizikletak alokatzeko zerbitzu publikorik ez du.

Oviedo

  • Onena: Ez dago nabarmentzeko moduko ezer.
  • Txarrena: Ez du bidegorririk, eta bizikletak alokatzen zerbitzurik ere ez.

Iruñea

  • Onena: Bizikletak alokatzeko zerbitzuak informazio lagungarria ematen du hiriko gorabeheren inguruan (saihesbideak, hiri lanak, bide mozketak, istripuak eta abar). Iruñean eta Donostian soilik aurkitu dugu hori.
  • Txarrena: Bidegorri gehienak ez daude elkarri lotuta, eta loturaren bat dutenean, ez dira guztiak era berekoak. Bizikletak uzteko aparkalekuak falta dira(oso nabarmena da hori).

Donostia

  • Onena: Bizikletak alokatzeko zerbitzua oso ona da.
  • Txarrena: Bidegorri batzuk hondatuta eta utzita daude, eta bizikletentzako sareak kilometro gutxi ditu, 28 besterik ez.

Sevilla

  • Onena: Bizikletak uzteko eta hartzeko toki asko daude (160), eta bidegorri sare ona (84 kilometro).
  • Txarrena: Aztertu ditugun bidegorriak nahiko zikin egon dira.

Santander

  • Onena: Bidegorriak ongi zainduta daude.
  • Txarrena: 10 kilometro eskas ditu bidegorrietan, eta bizikletak alokatzeko udal zerbitzuak gabezia handiak ditu.


Valentzia

  • Onena: Bidegorriak seinalez ongi hornituta daude.
  • Txarrena: Aztertu ditugun bidegorriak hondatuta eta zikin daude, eta hiriak ez dauka bizikletak alokatzeko zerbitzurik.

Valladolid

  • Onena: Bizikletak alokatzeko zerbitzuak ongi funtzionatzen du.
  • Txarrena: Udal zerbitzuak alokatzen dituen bizikleta batzuk nahiko zikin daude.

Gasteiz

  • Onena: 50 kilometro baino gehiago ditu bidegorrietan, eta ezintasunen bat duten pertsonentzat egokitutako bizikletak eskaintzen ditu alokatzeko zerbitzuak.
  • Txarrena: Udal zerbitzuko bizikletak, gehienez ere, 4 ordurako aloka daitezke. Bizikletak uzteko eta hartzeko toki batzuetan, informazio afixak falta dira.

Zaragoza

  • Onena: 75 kilometro dituzte bizikletan ibiltzeko egokituak.
  • Txarrena: Bizikletak uzteko aparkaleku gutxi dituzte, eta bidegorriak hobeto zaindu behar dituzte.