Nazioarteko adopzioak

Haurrari zer komeni zaion, horixe

Urtean 6.000 familiak egiten dute adopzioa Espainian, eta prozesu hori arautu nahi izan du Nazioarteko Adopziorako Lege berriak, betiere adingabearen eskubideak oinarri hartuta
1 uztaila de 2008
Img derechos listado

Haurrari zer komeni zaion, horixe

/imgs/20080701/derechos1.jpg
Espainian egiten da egun nazioarteko adopzio gehien, Ameriketako Estatu Batuen ondotik. Azken hamar urtetan asko ugaldu dira adopzioak, eta orain 12,3 egiten dira ehun mila biztanleko, ia 6.000 urtean. Gehienak Europako Ekialdean, Txina eta Hego Amerikan, Espainian oso haur gutxi dagoelako adopzioan hartzeko. Adopzioa lehen ere arautua zegoen arren lege berria egin dute oraintsu, Nazioarteko Adopziorako 54-2007 Legean (abenduaren 28koa). Adingabearen eskubideak zaindu eta babestea du helburu nagusi. Legeak argi dio gauza guztien gainetik, haurrari zer komeni zaion begiratu behar dela. Erabateko lehentasuna du haren eskubideak zaintzeak.

Haur trafikoari edo salmentari aurre egiteko neurriak ditu arauak, eta era guztietako diskriminazioak saihesteko bitartekoak jarri nahi ditu. Edozein dela ere adingabearen jatorria, arraza, sexua, erlijioa, hizkuntza eta kultura, ezin da inor baztertu, eta berdin ezintasun edo gaixotasunen bat badu eta edozein dela ere haren egoera pertsonala, soziala edo familiakoa. Herrialderen batean gerra badago, edo hondamendi naturalen bat, inork ezingo du hasi adopzio prozesurik, eta herrialdeak berme egokirik ematen ez badu, orduan ere ez.

Edozeinek adoptatu dezake?

Norbait alabatzat edo semetzat hartzeko, gaitasun eta motibazio egokiak izan behar ditugu; ongi egon behar dugu ekonomikoki eta osasunez ere bai. Baldintza horiek betetzen dituena ‘egokia’ izango da guraso izateko eta ardura jakin batzuk hartzeko.

Bikotekiderik ez dutenek ere adoptatu dezakete?

Espainiako legediak honako hauei ematen die aukera adoptatu ahal izateko: bakarrik bizi direnei, bikotekidearekin daudenei eta ezkonduei -25 urte baino gehiago baditu bakoitzak-. Hala ere, haurraren herrialdean jartzen dizkieten baldintzak bete beharko dituzte. Txinak, adibidez, ez die eragozpenik jartzen gizon ezkongabeei, alargunei edo dibortziatuei, baldin eta haurrak baino 40 urte zaharragoak badira. Errusian eta Brasilen, ez dago arazorik bikotekiderik ez dutenentzat, baina leku guztietan ez da berdin gertatzen. Bulgarian, Guatemalan, Hungarian, Indian, Kazakhstan-en, Madagaskarren, Moldavian eta Nepalen, ezkonduek soilik egin dezakete adopzioa, eta bakarrik bizi diren emakumeek.

Zein da lehen urratsa?

Lege prozesua autonomia erkidego desberdinetan aldatu egiten da. Familia eta adingabeen arloetan eskumena duen erakundearengana jo behar dugu lehenbizi, informazio eske.

Nazioarteko adopzio-txosten bat abian jartzeko, eskabide orri bat bete behar dugu, eta beste zenbait dokumentu ere aurkeztu behar dira: errolda agiria, errenta adierazpena, mediku txostenak, kondenen edo epaiketen agiritegia eta abar. Ondoren, ikusi beharko da betetzen ote ditugun egokitasun baldintzak, horiek bete gabe, ez baitigute emango egokitasun aitormena, eta aitormen hori gabe, prozesua ez da aurrera joango

Zer da egokitasun aitorpena?

Azterketa psikosozial bat egingo digute, eta horren arabera neurtuko dute zer egoera pertsonal daukagun, zer familia giro eta zer harreman testuinguru. Hala erabakiko dute gai ote garen harreman egonkor eta sendoak edukitzeko eta adingabea zaintzeko. Egokitasun aitorpena guk hautatu dugun herrialdeko arduradunei bidaliko diete. Han, abian jarriko dute adopzio-txostena, eta hango arduradunek erabakiko dute adopzioa egin edo ez.

Nor jartzen da harremanetan beste herrialdeko arduradunekin?

/imgs/20080701/derechos2.jpg
Bi modu daude. Aukera bat da Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzaileetara jotzea (bitartekaritza agentziak dira). Kontratu bat sinatuko dugu, eta haurraren herrialdeak eskatzen dituen dokumentu guztiak atxikiko dizkiogu dosierrari. Dosier hori bidali aurretik, hango hizkuntzara itzuli behar da, eta legeztatu ere egin behar da, bestela ez baitiote baliorik emango. Elkarte bakoitzak ordezkaria izaten du beste herrialdean, eta hark aurkezten die dosierra adopzio-gaiak eraman ohi dituzten arduradunei; hortik aurrera, haiek erabakiko dute zein haurri dagokion familia bakoitza.

Beste aukera, eskatzaileak berak itzultzea eta legeztatzea beste herrialdeak galdegin dituen dokumentu guztiak. Behin dosierra osatuta dagoenean, ohikoena izaten da Gizarte Gaietarako Ministerioaren bidez bidaltzea.

Zer dator gero?

Izendatzea. Haur bakoitza zaintzeko zein familia den egokiena erabakitzen dute haurraren herrialdeko arduradunek, eta halaxe izendatzen dute. Bidaia noiz egin ere lotu behar izaten da, beste herrialdera joan beharra baitago, azken paperak bete, adopzioa gauzatu eta haurra hartzeko.

Herrialdeko arduradunen aurrean adopzioa gauzatu ondoren, eta erabateko onespena eman badiote, Enbaxadako Kontsul Sailera joan beharko dugu, edo Espainiako Kontsuletxera, eta han, haurraren izena eman beharko dugu -jaiotza agiria bete-, kontsulak pasaportea egin eta Espainiako naziotasuna eduki dezan. Hurrengo hilabetean, jaiotza agiriaren kopia bidaliko dugu erregistro bulego nagusira.

Zer laguntza ematen dute Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzaileek?

Eskatzaileak harremanetan jartzen dituzte haurraren herrialdeko arduradunekin, eta laguntza ematen dute adopzioa egin ahal izateko. Honako funtzioa hauek bete ditzakete:

  • Informazioa eta aholkuak eman
  • Herrialde baten eta bestean eskatzen eskatzen dituzten adopzio-txostenak egiten lagundu
  • Gure herrialdean eta haurrarenean zer pauso eman behar dugun aholkatu eta horiek ematen lagundu
  • Beste herrialdeak betebehar batzuk ezartzen dizkie gurasoei adopzioa egin eta geroko, eta betebehar horien inguruko kontuak bideratzen laguntzen dute

Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzaileek zenbait baldintza bete behar dituzte: irabazi asmorik gabeak izan behar dute, eta dagokien erregistroan izena emana eduki behar dute. Haurra babesteko helburuz ari direla adierazi behar dute estatutuetan, beharrezko baliabide materialak eduki behar dituzte, eta arlo askotako jendea biltzen duten lan taldeak ere bai. Horiek zuzentzeko eta gidatzeko, gainera, pertsona egoki prestatuak eduki beharko dituzte, zintzo jokatzen dutenak, eta arlo honetan esperientzia dutenak.

Zer harreman mota da Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzailearen eta gure artekoa?

Kontratua egiten da bien artean. Administrazioaren onespen guztia izaten du, eta oso zehatza da edukietan: adopzio eskabidea bideratzeko orduan, bitartekari funtzioak nork eta nola egingo dituen esaten du, ez besterik.

Zenbat kostako zaigu hori egitea?

Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzaileek ez dute dirua irabazteko asmorik, baina, bitartekaritza lanean, gastu batzuk izaten dira. Beste herrialdera joateko bidaia eta egonaldia ordaindu beharko ditugu.

Gaixotasun bat sendatzera edo oporrak pasatzera atzerritik gurera etorri den haur bat adoptatu dezakegu?

Giza laguntzako programen bitartez, zenbait familiak atzerriko haurrak hartzen dituzte etxean denboraldi batez, oporraldia igaro, ikasketak egin edota medikutara joateko. Egonaldi horren ondoren adopzio eskabidea egin ahal izateko, lehenik eta behin, egonaldiak bukatu egin behar du, aurrez ezarri zaizkion baldintzak beteta. Horrez gain, haurrak adopzio mota hori bideratzeko programetan parte hartu behar du bere herrialdean.

Gerta liteke alabatzat edo semetzat hartu dugunak bere jatorria zein den jakin nahi izatea; egin dezake hori?

Nahi bada bai, adinez nagusi denean, edo lehenago. Eskubidea du bere jatorria ezagutzeko eta erakunde publikoen esku dauden dokumentuen berri izateko, beti ere, gurasoen baimenarekin. Adingabeen babeserako erakunde publikoetara jo behar da, eta haiek dituzten zerbitzu espezializatuen aholkuei, laguntzei eta bitartekaritzari jarraitu. Beste zenbait erakundek ere badute baimena arlo honetan jarduteko, eta horien bitartez ere egin dezakegu.

Lege berriak zer du nabarmentzeko modukoa?

Betebehar zehatzak jarri ditu nazioartean “adopzio sinple” direnak “erabateko adopzio” bihurtzeko.

Zer da adopzio sinplea?

/imgs/20080701/derechos3.jpgEgonaldi baten antzekoa, baina gure Zuzenbidean ez dago lekurik halakoentzat. Haurrak ez ditu eteten bere guraso biologikoekin dituen loturak (lotura pertsonalak, familia loturak, lege loturak). Askotan, baliorik gabeko adopzioa da.

Adopzio sinpleak ekartzen dituen ondorioak eta ezartzen dituen eskubide eta betebeharrak, gehienetan, ezin daitezke parekatu berezko seme-alabak dituztenei dagozkienekin eta erabateko adopzioak dituenekin. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak dio honako hauek har daitezkeela adopzio sinpletzat: Dominikar Errepublikako “ohiko adopzioa”, El Salvadorko adopzio sinplea, Mexikoko Zuzenbideak aurreikusten duen adopzioa, Paraguain adopzio sinplea deitzen dutena, Brasilgo legean ageri den adopzioa, Guatemalakoa, Libanokoa eta Argentinako adopzio sinplea. Frantziak, Monakok, Portugalek, Bulgariak eta Poloniak ere onartzen dituzte adopzio sinpleak.

Espainiatik kanpo egiten diren adopzio sinpleak ezin dira Espainian erregistratu. Lege berria onartu baino lehen, bazegoen modua adopzio sinple moduan egindakoa erabateko adopzio bihurtzeko. Adopzioa gauzatu zen herrialdean bertan egin behar zen aldaketa hori, betiere hango legediak onartuz gero. Lege berriarekin kasu jakin batzuetan errejistratuko ahal izango da Espainian, Espainian egindako aldaketa.