Hiri baratzeak; etxe orratz artean aitzurrean

Onura terapeutiko eta sozial handiak ekartzen dituzte, eta, gainera, ezin hobeak dira eremu berdeak hedatzeko eta hirietako bero pilaketak arintzeko
1 uztaila de 2008
Img medioambiente listado 555

Hiri baratzeak; etxe orratz artean aitzurrean

/imgs/20080701/medioambiente1.jpgHormigoi baratzeetan gora, etxe-orratzak, lantegiak eta industrialdeak gailendu dira hirietan, baina bestelakoak ere badira han-hemenka. Hirietako oasiak direla esan liteke, eremu berde eta ekologikoak: hiri baratzeak. Naturarekin harremanetan egoteko aukera polita eskaintzen dute, eta era askotako onurak ekartzen dituzte: heziketa eta ingurumen arlokoak, sozialak, terapeutikoak eta, batzuetan, ekonomikoak ere bai. Ez da behar lur eremu handirik baratzea egiteko… bertan behera utzi duten orube bat erabil daiteke, teilatu-lauak edo etxeko balkoi eta terrazak.

Gutxieneko baldintzak

Gero eta hiri gehiagotan ikus daitezke egun baratzeak. Bartzelonan hasi ziren, 1996an; baratze sare bat antolatu zuten hirian, ongi araututa, eta baldintza hauek ezarri zituzten horietako bat erabili ahal izateko: 65 urte baino gehiago eduki behar ziren, eta baratzea zegoen barrutian bizi izan. Geroztik, beste hiri batzuek ere berdin egin dute, Bartzelonakoa eredu hartuta. Orain dela hilabete batzuk, adibidez, 30 baratze iraunkor jarri dituzte Santanderren, horiek ere erretiroa hartu duten pertsonentzat. Urtarrilean, berriz, Kanaria Handiko Udalak aurkeztu zuen hiri baratzeak egiteko proiektua, eta Albacetekoak ere jakinarazi zuen hogeita hamar baratzeko jartzeko asmoa duela. Ekimen hauetako asko erretiratuei eskaintzen dizkiete, baina ez guztiak: ikastetxeetan ere hasiak dira baratzeak egiten, guraso elkarteek bultzatuta.

Hiri baratze bat nahi duenak, izena eman behar du lehenik, eta zozketaren zain geratu. Lur eremu bat egokitzen zaionak eskubidea izango du urte batzuetan baratzea egiteko, baldin eta arau batzuk betetzen baditu. Adibidez, norberak ordaindu behar ditu bere hazi eta landareak, eta zenbait baratzeetan, ureztatzeko erabiltzen duten uraren zati bat ere ordaintzen dute. Ezin dute etxolarik egin, portxerik ere ez, animalientzako kaiolak jartzea ere galarazita daukate, eta mugak errespetatu behar dituzte. Horrez gain, ezin dute saldu uzta, etxerako izan behar du. Baratzeen ardura duen erakundeak, ordainetan, tresneria jartzen du erabiltzaileen eskura, eta laguntza teknikoa ere ematen die.

Nekazaritza ekologikoaren filosofia dago hiri baratzeen oinarrian. Helburua ez da inork baino uzta hobea jasotzea; ikuspegia askoz ere hezitzaileagoa da: natura ezagutzea eta ingurumena zainduz lantzea lurra.

Balkoietan ere bai

Hirietan lekua izaten da arazo nagusia baratzeak jartzeko, eta, ondorioz, balkoietan eta teilatu-lauetan egiten hasi da jendea. Alde handiak ikusten dira batzuetatik besteetara, baina guztiak ere lagungarri dira beroak hirietan sortzen duen ‘uharte efektua’ arintzeko.

2001ean, honako arau hau onartu zuten Tokion: mila metro koadro baino gehiagoko teilatua duten eraikin pribatuetan, baratzeak jarri beharko dira, gutxienez, eremuaren % 20an. Alemanian, hamahiru milioi metro koadrotan dituzte teilatu-baratzeak, eta beste herrialde batzuetan ere hasiak dira teilatuak lantzen: Erresuma Batuan, Hungarian, Herbehereetan, Suedian eta Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez. Bartzelonan ere holako zerbait egin nahi izan du Ingurumen Bulegoak, Terra fundazioaren laguntzarekin: balkoi eta terrazetan baratzeak egiteko kanpaina egin dute, eta baratzezaintzako ikastaroak eskaini dituzte hiriko hainbat auzo etxetan.

Baratze horiek, besteak bezalaxe, zaindu egin behar dira, baina, adituek diotenez, lan gehiago ematen du balkoian jarritako baratze batek, lurrean jarriak baino. Haizeak gehiago jotzen du goian, eta maiz-maiz bota behar izaten da ura. Lurrean landatuta, sustraiek baliabide gehiago izaten dituzte elikagaiak lortzeko, baina lorontzi edo erretilu batean, ezin izaten dute gauza askorik egin; horregatik, lurra ongarritu eta elikatu beharra izaten da.

Landareak ahalik eta baldintza onenetan edukitzeko, eguzkiak egunean bost orduz ‘gutxienez’ joko duen lekuren batean landatzeko gomendatzen dute, haize-babesean egon daitezela eta lurra heze eduki dezatela, ontzi txiki batean errazago lehortzen baitira.

Gizarte onurak eta ingurumen heziketa

Baratzezaintzak onura terapeutiko eta sozial ugari ekartzen ditu, eta adituak ere onartzen dute hori. Egun, baratze askotan, lur zatiak gordetzen dituzte gaixotasun neurologikoak dituzten pertsonentzat edo ezintasunen bat dutenentzat, eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten gazte eta helduentzat ere bai. Eta erretiratuei, probetxuzko zerbait egiten ari direla sentiarazten die baratzeko lanak, eta asko laguntzen die depresioan ez erortzeko.

Baina ez da hori bakarra. Ingurumen eta elikadura heziketarako bidea ere ematen dute baratzeek. Udalak ere ohartu dira horretaz, eta, urtetik urtera, gero eta ikastetxe gehiagori ematen diete aukera bisita egiteko, ikasleek ikus dezaten nola landatzen den letxuga bat, askok ez baitute jakiten. Horrez gain, norberak bere etxerako landatzen duela ikustea ere hezigarria da oso; hilean bi barazki baino gehiago ez badira ere, zer pentsatua ematen du zenbait gairen gainean, ikuspegi berria baitakar: elikagaien segurtasuna, produktu kimikoak, lurra zaintzeak duen garrantzia…

Beste zenbait alderdiri buruz ere gogoeta eginarazten du jarduera honek: birziklatzea (ongarriak, adibidez, hondakin organikoekin egiten dira), guztientzako eremuak zaintzea eta bizikidetza. Azken batean, erabiltzaile guztien ardura da baratzeak itxuroso edukitzea, guztientzat jarritako instalazioak errespetatzea eta ur ahoak partekatzea.

NOLA EGIN BARATZEA ETXEKO BALKOIAN
  • Egunean bost edo sei eguzki ordu izango dituen toki bat bereizi. Zer landatu? Urte sasoiaren araberakoa izango da hori, eguzki orduak ere, segur aski, aldatzen joango dira eta.
  • Ez da komeni haize lekua izatea, eta, beharrezko bada, baratzea babestu (sareak jar ditzakegu, babes hesiak…).
  • Ura gertu eduki, baratzea ureztatzeko (biltegi bat jar dezakegu, edo ur aho bat).
  • Baratzezaintzako ikastaro bat egin. Haziak saltzen dituzten dendetan lagun gaitzakete lehen pausoak ematen, eta web orri asko ere egokiak dira horretarako.
  • Urte sasoiari dagozkion barazkiak landatu lehenik eta behin: letxuga eta errefaua, adibidez, azkar irteten dira, edo lanjina zuria, haziak agudo ernamuintzen baitira, eguzki gutxi eginda ere (iturri-belarraren antzeko da).
  • Izurriteak kontrolatu. Baratzea zenbat eta txikiagoa, orduan eta errazago zaintzen da, baina intsektu eta xomorroak noranahi iristen dira. Zenbait landarek desagerrarazi egiten dituzte xomorroak; kaputxinak, adibidez, landare zorria uxatzen du, eta usain-belar batzuk ere eraginkorrak dira: onddoak, armiarmak eta landare zorriak ez agertzeko, adibidez, izpilikua, ezkaia eta salbia erabiltzen dira.