Alergiak lankide ditugunean
Lanak alergia sortzen digula esaten badugu, barre murritza egingo du gure ondokoak, txantxetan ari garelakoan. Uste izango du lanari diogula alergia. Besterik da, ordea, lanean alergiak sortzea. Benetako arazoa da hori, baina askok ezkutatu egiten dute, lana galtzeko beldurrez. Alergiarekin edo narritadurarekin zerikusia duten lan gaixotasunek arlo askotako langileei erasaten diete: eraikuntzakoei, margotzaileei, okinei, arotzei, ile-apaintzaileei, garbitasun lanetan aritzen direnei, osasun langileei, ikertzaileei…
Eztabaidarik ere ez da falta gai horren inguruan. Zientzialari batzuek diote lanean sortzen den asma dela laneko asma, eta beste batzuen ustez, berriz, lan baldintzen eraginez larriago bihurtzen diren asma kasuak ere sartu behar lirateke laneko asma deitzen den horren barruan.
Errinitis alergikoa da beste lan gaixotasun bat. Sudur mukosa hanpatu egiten zaio gaixoari, sudur zuloak itxi, doministikuka hasten da, azkura izaten du, muki jarioa eta, batzuetan, usaimena galtzen du. Sudurrari ez ezik begiei ere eragiten badie, errinokonjuntibitisa deitzen zaio. Errinitis alergikoa asmari lotuta joan ohi da, eta horren erakusgarri da honako datu hau: errinitisa dutenen % 20 eta 40 inguruk asma izaten dute, eta asma dutenen % 30 eta 50 inguruk, errinitisa. Joaquim Mullol-ek egindako ikerketa baten emaitzak dira horiek (Bartzelonako Hospital Clinic-en aritzen da Mullol, eta Errinologia Saileko koordinatzaile da).
Ukipenezko dermatitisak azalari erasaten dio. Ekzemak agertzen dira, negelak, hanturak, azkura, babak eta, kasurik larrienetan, ultzerak ere bai. Alergológica 2005 izeneko txostenak dio azken hamar urteetan Espainian bikoiztu egin direla laneko dermatitisak; % 2,4 ziren 1992an eta % 4,3, berriz, 2005ean. Espainiako Alergologia eta Immunologia Klinikoko Elkarteak (SEAIC) egiten du txosten hori.
Immunoglobulina guztietatik, E motakoak egiten du parasitoen eta helmintoen aurka (har moduko batzuk dira azken horiek), eta erreakzio alergiko bat gertatzen denean, ugariago agertu ohi da. Pertsona alergikoen gazurak, adibidez, % 70 eta % 80 gehiago edukitzen du E immunoglobilina. Erreakzio immunologiko hori gertatzen ez denean, narritadurak eragindakoak izango dira asma, errinitisa eta dermatitisa; hau da, pertsona horrentzat toxikoak diren substantziekin harreman zuzena izateagatik sortzen dira.
Arrazoi beragatik sortzen dira bai bata eta bai bestea. Ramon Orriols-ek koordinatu duen ikerketa batean, laneko asma sor dezaketen 300 gai baino gehiago identifikatu dituzte. Archivos de Bronconeumología aldizkarian argitaratu dute ikerketa hori (SEPAR Espainiako Neumologia eta Kirurgia Torazikoko Elkartearen argitalpen ofiziala da). Honako gai hauek izan daitezke alergenoak:
/imgs/20080701/salud3.jpg Isozianatoak. Autogintzan erabiltzen dituzten plastiko, margo eta apargoma batzuetan agertu ohi dira. Sektore horretako margotzaileek eta industria eskuztatzaileek izan ohi dute.- Irinek alergia sor diezaiekete okin eta gozogileei, akainek eraginda, alfa-amilasa entzimak eta are sojak ere.
- Egurrak azido plikatikoa du, eta arotzei alergia eragin diezaieke.
- Laborategiko animalien ileek ere alergia ekar diezaiekete han dabiltzan ikertzaileei; saguen ileak, arratoienak, untxienak.
- Aerosolak eta garbiketa produktuak aproposak dira laneko asma sortzeko. 2007. urtean Europan egin zuten ikerketa batek erakutsi du lanean asma izan duten zazpi lagunetatik bati produktu horiek eraginda sortu zaiola. American Journal of Respiratory and Critical Care Medicine aldizkarian agertu zen ikerketa hori.
Eta ile tinduak eta bestelako koloragarriak ere (hena gorri eta beltza) alergenoak izan daitezke. Tinduek, adibidez, persulfato gatzak edukitzen dituzte, eta laneko asma sortzen diete ile-apaintzaileei. Laneko asma gehien eragiten duten produktuen artean, hirugarren edo laugarren lekuan daude horiek.
250 gai baino gehiago aurkitu dituzte laneko dermatitisa sor dezaketenak. Hauts eta likido artean aritzen diren langileek dute arrisku gehien, enpresa metalurgikoetan aritzen direnek, batez ere. Kobaltoa, nikela eta merkurioa dira metalik kaltegarrienak. Kontserba industrian lan egiten dutenek ere arrisku handia dute dermatitisa edukitzeko.
Eta zenbat eta produktu gogorragoekin lan egin, orduan eta lehenago ager daiteke dermatitisa langileengan. Hori gertatzen zaie, adibidez, ile tinduei alergia dieten ile-apaintzaileei. Zementuarekin lan egiten dutenei, ordea, besteei baino geroago ager dakieke.
Aipamen berezia egin beharra dago latexak sortzen duen alergiari buruz. Izan ere, 800.000 lagun inguru dabiltza Espainian latexari alergia hartuta; halaxe jakinarazi du Latexari Alergia diotenen Espainiako Elkarteak. 40.000 gai baino gehiago daude latexarekin eginak edo latexa dutenak.
Osasungintzako langileei eragiten die, batik bat. Eskularruak, zundak, lotura itsaskorrak, arteria tentsioa hartzeko mahukatxoak, suspertze maskak eta oxigeno maskak, esparatrapuak, botiken tapoiak… hainbat tresnak daukate latexa. Zenbait ikerketak diotenez, osasun langileen % 12-16ri eragiten die latexak, eta gainerako herritarren artean, berriz, % 1-3ri.
Laneko errinitisaren diagnostikoa egiteko, asmarena egiterakoan bezala jokatzen dute: mediku dosier zehatz-zehatza behar izaten dute, odol analisiak egiten dituzte, azaleko probak eta probokazio proba kontrolatuak. Diagnostikoa osatzeko, errinomanometria egin dezakete, sudurra nola ixten den ikusteko, edo sudurreko arnas fluxua neur dezakete (Peak-flow), airea ongi pasatzen den edo ez ikusteko.
Ukipenezko dermatitisaren diagnostiko egiteko, gaixoa zein alergenoren eraginpean egon izan den aztertzen da, eta larruazaleko proba bat egiten zaio: adabaki modukoak itsasten zaizkio azalean, bakoitza alergeno batekin, eta egun batzuk igarota, zer erreakzio izan duen ikusten da.
- Etiketak jarri behar dizkie arriskutsu izan daitezkeen produktu guztiei. Etiketan argi agertu behar du zein diren produktu horren gai toxikoak, erregarriak edo lehergarriak, eta horietako bakoitza nola erabili eta gorde behar den ere adierazi behar du zehatz-mehatz.
- Babes neurriak jarri behar ditu langilearen eskura: kaskoak, eskularruak, uniformeak (suaren aurkakoak ere bai, behar izanez gero) eta botak. Lan mota bakoitzak badu bere araudia Laneko Segurtasunaren arloan, erakundeek aski ongi finkatua, eta hori bete beharra dago.
- Langile bati laneko alergiaren bat sortzen bazaio, enpresak ikertu egin behar du zergatik sortu den, eta konponbidea jarri behar dio. Produktu jakin horrek beste alergia kasurik eragin duen aztertu behar du, eta bitartekoak jarri, berriz ez gertatzeko kutsadura arazorik, ihesik, garbitasun gabeziarik edo erabilera okerrik.
- Lanean asma, errinitisa edo dermatitisa sortu zaigula susmatu orduko, alergologoarengana edo neumologoarengana joan behar dugu, diagnostikoa egin dezan eta tratamendua jarri.
- Alergia egonkortu denean, eta egiaztatzen badugu alergia sortu digun alergenoa lantokian daukagula, lanpostua aldatzeko eskatu beharko dugu, eta enpresa bereko beste leku batera eraman gaitzatela, gai horrek eragingo ez digun norabait.
- Enpresak jarri dituen babes neurriak erabili behar ditugu: eskularruak, maskak, kaskoak… eta garbitasun arauak bete.
- Erabili behar ditugun produktuen etiketak irakurri (garbigarriekin jardun behar badugu, edo bestelako gai erregarriekin), eta neurri egokiak hartu.
- Latexak alergia sortzen badigu, eskumuturrean edo lepokoan ohar bat eramatea komeni da, eta mediku azterketaren bat egin behar digutenean edo ebakuntzaren bat, jakinarazi egin beharko dugu, latexa duen gairik erabil ez dezaten eta goma elastikoa dutenak ere ez.
- Babes neurri hauek hartuta ere berdin jarraitzen badugu eta lan gaixotasuna dela egiaztatzen bada, lana utzi beharra izango dugu, beste arloren batera joaten saiatu, eta, besterik ezean, ezgaitasun agiria eskatzeko bidea landu beharko dugu eta kalte-ordaina eskatu.