Zuhur ibiltzea, ze alarma ona!
Autoa, auto-karabana edo motorra lapurtu ez diezaguten, hainbat sistema aurki ditzakegu merkatuan, gero eta konplexuagoak, sofistikatuagoak eta garestiagoak, gainera. Eraginkorragoak ote diren? Datuek ezetz diote. Espainian, auto bat lapurtzen dute hiru minutuz behin, 480 auto egunean, eta ia 175.000 ibilgailu urtean. Bost ibilgailutatik bat ez da sekula agertzen, eta, ondorioz, urtean 80 milioi euro erabili behar izaten dituzte aseguru konpainiek. Aireportuetan, saltoki handietan, ospitaleetan eta tren geltokietan ibiltzen dira gehienbat lapurrak, auto asko biltzen diren aparkalekuetan, alegia, eta auto asko biltzen diren garaietan: udan eta zubi luzeetan. Behin autoa lapurtuta, era guztietako bideak erabiltzen dituzte horiek saltzeko: autoak desegiteko lekuetara eraman, piezak kendu eta saldu, autoak atzerrira bidali? Lapurretak ugaritzearekin bat, autoak bilatu eta jabeari itzultzen dizkioten enpresa pribatuak ere nonahi agertu dira, eta, zenbaitetan, diru sariak ematen dituzte autoa eskuratu ahal izateko. Luxuzko autoak dira lapurren begikoenak, baina beste edozein ere eramango lukete, aukera izanez gero.
Estatistikei begiratzen diegunean, auto lapurtuei buruzko datuak ematen dituzte, baina ez autoetatik lapurtu dituzten objektuei buruzkoak, eta, horiek ere, asko izaten dira: hagunak, CD irakurgailuak, poltsak, diru zorroak… Orain dela hiru hamarkada, irratikaseteei luzatzen zieten eskua lapurrek, eta orain, berriz, GPSak nahi izaten dituzte, arropak, eskuak libre edukita hitz egiteko tresnak edo punta-puntako musika aparatuak. Lapurrak adi egoten dira beti, eta auto jabeek baino arreta gehiago jartzen dute. Ate edo leihatilaren bat irekita utziz gero, lapurrak egingo du berea. Horregatik da garrantzitsua zuhur jokatzea eta gauzak arretaz egitea; hola lortuko dugu lapurretak saihestea, tresna teknologikoekin baino gehiago. Guk erraztasunik eman gabe ere, ordea, lapurrak beti asma lezake zerbait: sarraila behartuko digu edo kristalen bat hautsiko.
Auto lapurtuak bilatzeko, Poliziak egiten du bere lana, baina zenbait enpresa pribatu ere hasi dira lan horretan. Batzuek nazioartean jarduten dute, besteek Espainian soilik (Aid-Car Coche Robado), eta badira eremu txikiagoetan aritzen direnak ere, eskualdeetan, adibidez (Brújula). Laguntzaile talde handiak izaten dituzte (taxilariak, erretiratuak, mezulariak eta talde horietan parte hartu nahi duen oro), eta hainbat bide erabiltzen dituzte autoak bilatzeko: zerrendak jartzen dituzte Interneten, iragarkiak komunikabideetan, txartel txikiak egin eta han-hemenka zabaltzen dituzte… Zenbaitetan, diru sariak ematen dituzte autoa aurkitzeagatik, eta kopuru polita bada, gerta liteke lehenago aurkitzea. Interneten autoaren datuak jartzeko zerbitzua doakoa da (matrikula, marka, kolorea…), eta urtean 10 euro eta 50 euro artean ordainduz gero, beste zenbait aukera izango ditugu: gurekin zuzenean harremanetan jartzeko bidea eman dezakegu, edo beste edozein informazio edo datu lagungarri ipini.
Auto barrutik ezer ez lapurtzeko
- Hirian barrena gabiltzanean, ateak itxita, kanpotik ez irekitzeko moduan. Leihoak ez erabata irekita.
- Poltsa ez utzi gidariaren ondoko eserlekuan edo atzekoetan, lapurrek azkar ikusiko dute. Hobe aurreko jarlekuen tartean uztea.
- Ibilgailua aparkatzen dugunean, ez utzi jendearen bistan GPSa, irratia, balio handiko objektuak edo asko nabarmentzen direnak (jakak, paketeak eta abar), lapurrek begiko baitituzte. Autotik hartu eta eraman nahi ez baditugu, gorde maletatokian, baina ez hasi sartzen autoa utziko dugun lekuan bertan, lehenago baizik.
Zuhur, zuhur, zuhur
- Ibilgailutik atera behar dugun aldiro, baita gasolina botatzera goazenean edo kolpe txiki bat eman digutenean ere, giltza kendu, bolantea blokeatu eta ateak ongi itxi.
- Giltzak sekula ez utzi taberna bateko barra gainean, denda bateko salmahaian eta antzeko lekuetan.
Hirian barrena gabiltzanean, ateak itxita, kanpotik ez irekitzeko moduan. Leihoak ez erabata irekita. - Poltsa ez utzi gidariaren ondoko eserlekuan edo atzekoetan, lapurrek azkar ikusiko dute. Hobe aurreko jarlekuen tartean uztea.
- Grabatu autoaren matrikula leihatilen kristaletan eta haizetakoan. Lapurtzen badigute, errazagoa izango da aurkitzea. Auto egile batzuek eskaintzen dute zerbitzu hori autoa erosterakoan, eta horretan jarduten diren etxe espezializatuak ere badira.
- Kalean aparkatzen dugunean, saia gaitezen toki zainduan uzten edo, behintzat, toki argitsuan. Parking batean uztea erabaki badugu, ez utzi sekula txartela auto barruan.
- Autoa jatetxe batean edo aisia gune batean utziko badugu, eta aparkaleku-zaintzailea badute, eska diezaiogun agiritxo bat egiteko, autoa eta giltzak utzi dizkiogula egiaztatzeko.
- Autoa aparkaleku publiko batean edo ordaindu beharreko batean utzi badugu, eta autoa desagertu bazaigu, sekula ez eman inori sarrera-txartela.
- Aparkaleku publikoetan, beste inon baino arreta gehiago jarri behar dugu, toki horiek baitira lapurren begikoenak; batez ere, aireportuak (nazioarteko eremuak, gehienbat), tren geltokiak eta ospitaleak.
Zer egin lapurtu badigute
- Geure onera etortzen garenean, eta autoa garabiak eraman ez badigu, polizia etxean jarri behar dugu salaketa, eta ahalik eta datu gehien ematea komeni da, autoa errazago aurkitu ahal izateko.
- Geure aseguru etxea ere jakinaren gainean jarri behar dugu
- Probintziako Zirkulazio Bulego Zentralera joan beharko dugu, eta eskatu beharko dugu, denboraldi batez, behintzat, ken gaitzatela auto jabeen zerrendatik. Udalean ere gauza bera egitea komeni da; hartara, ez dugu jarraituko autoaren zergak ordaintzen, eta udaltzainen batek ikusi eta matrikula egiaztatzen badu, berehala jakingo du lapurtua dela.
- Ez gelditu autobideetako atseden guneetan; kamioi, auto, karabana eta auto-karabana asko izaten dira, eta lapurreta saioak ere bai. Irten autobidetik, eta bilatu inguruan toki lasai bat, etxeguneren batean.
- Hiri handietan, ez joan leku baztertu, ilun eta bakartuetara. Bilatu aparkaleku zainduak eta, ahal bada, ordaindu beharrekoak.
- Karabana edo auto-karabana denboratxo baterako aparkatuta utzi behar badugu, irekita utzi armairuak, tiraderak eta gainerako gordelekuak, ezer ez dagoela ikus dadin.
- Batzuetan ongi etortzen da sabaian plaka deigarri bat jartzea karabanaren edo auto-karabanaren matrikularekin; lapurtzen badigute, lapurrek ez dute ikusiko, baina Poliziaren helikopteroren batek bai, agian.
- Gurpil burdinak. Horiek jarrita, gurpilak ezin dira mugitu, eta inork ezingo digu eraman karabana edo auto-karabana. Prezioa. 90 euro eta 180 euro artean.
- Lapurreten aurkako torlojuak, gurpiletan jartzeko. Gurpil burdinen osagarri moduan erabiltzen dira, eta merezi du, zailagoa gertatzen baita gurpila osorik kentzea.
- Egonkorgailuak immobilizatzekoak. Sistema honek itxi egiten du egonkorgailuaren burua, eta ezin izaten da ireki; ondorioz, ezinezkoa da beste auto bati lotu eta eramatea. Prezioa. 50 euro eta 150 euro artean.
- Segurtasunezko itxigailuak. Ateak eta leihoak irekitzea eragozten dute. Prezioa. 40 euro eta 50 euro artean.
Lapurreten aurkako sistemak
- Sistema mekanikoak. Era askotakoak daude, eta prezioak ere askotarikoak dira: hasi 12 eurotik eta 80 euro arte:
- Pedalak eta bolantea lotu eta blokeatzen dituzte sistemak
- Bolantearen mugimendua blokeatzen duten sistemak; barra bat jartzen da, aginte-mahaia, eserlekua edo beste nonbait eta eragotzi egiten du bolantea mugitzea
- Abiadura kaxa eta esku frenoa lotu eta blokeatzen dituzten sistemak
- Immobilizatzaile elektronikoa. Sistema honekin, autoaren jabeak berak jarri behar du autoa abian, tekla batzuei emanez, pasahitz baten bidez, urruneko aginte batekin edo transmisorea duen giltza batekin. Autoak onartzen ez duen giltza batekin saiatuz gero abian jartzen, immobilizatzaileak blokeatu egiten du abiagailua. Egun, ia auto moderno guztiek badakarte sistema hau.
- Bestelako aukerak (merkeagoak). Itsasteko bat jar dezakegu kristaletan, autoak alarma duela sinetsarazteko lapurrei; merkea da hori (euro batekoak ere badira). Beste aukera bat da LED diodo bat jartzea aginte mahaian, piztu eta itzali ibiltzen dena, alarma baten moduan. Auto batzuek etxetik dakarte sistema hori, baina eduki ezean, 5 euro balio du halako batek.
- Motorra bost minuturako utzi behar badugu ere, ez da nahikoa heldulekua blokeatzea; lapurreten aurkako sistema jarri behar diogu beti. Giltzarraporik gabe eta blokeatu gabe dagoen motorra aitaren batean eraman dezakete, ogia erosteko behar dugun tartean.
- Motorra nonbait utzi behar badugu, zerbaiti lotuta utzi (finkoa izan dadila), eta U formako giltzarrapoak erabili horretarako. Bi edo hiru lagun aski dira motorra hartu eta furgoneta batean sartzeko, eta alferrik izango du gidagailua blokeatua, giltzarrapo artikulatua jarria edo disko giltzarrapoa bestela. Motorra farola bati, hesi bati edo zuhaitz bati lotzen badiogu, ez digute airean eramango.
- Xasisetik heldu behar zaio motorrari, edo erraz desmuntatuko ez duten leku batetik (ihes sistemak eta kolpe-motelgailuak erraz askatzen dira). Giltzarrapo batekin iristen ez bazaigu, bi erabili beharko ditugu. Sarraila gorde samarrean jarri, eta ez esku-eskura. Gidagailua blokeatzeko aukera ematen badigu motorrak, erabili.
- Garajeren batean uzten badugu, burdin uztai bat sartu lurrean edo paretan, bestela, motorra zerbaiti lotuta ez badago, alferrik izango dira giltzarrapo guztiak (kalean bezalaxe).
- Zinemara, diskotekara edo antzeko lekuren batera joan bagara ordu batzuk igarotzera, ez utzi motorra ondo-ondoan, urrunxeago baizik.
- Diskoa blokeatzekoa. Balaztaren diskoa blokeatzen dute. Motoa ezin da mugitu, baina finko dagoen zerbaiti lotuta uzten ez badugu, altxa dezakete, eta eraman. Erabiltzekotan, beste zerbaiten lagungarri erabiltzea komeni da. Sistema batzuek besarkatu egiten dute diskoa eta barrutik blokeatu; beste batzuek bi pieza dituzte, eta aurreko aldean ixten dira. Biek eragin bera dute.
Prezioa: 20 euro eta 180 euro artean. - “U” izenekoak. Altzairu sendo-sendoarekin egindako uztai bat izaten da, U formakoa, eta itxigailu blindatua edukitzen du. Eraginkorragoa izan dadin, balaztaren diskoaren gainetik jartzea komeni da, urkilak besarkatzen dituela.
Prezioa. 30 euro eta 250 euro artean. - Sistema artikulatuak (‘suge’ edo ‘pitoi’ izenekoak). Altzairuzko kable bat izaten da, errotula zementatuzkoa; itxigailu blindatua edukitzen du, kakordeekin eta zulagailuekin ez irekitzeko.
Prezioa. 10 euro eta 100 euro artean. - Kateak. Horiek erabili ziren lehen-lehenik lapurreten aurka. Egungo kateek maila lodiagoak eta sendoagoak dituzte.
Prezioa. 25 euro eta 200 euro artean. - Alarmak. Motorra mugitzen denean hasten dira martxan, eta motorra blokeatzen dute.
- Lapurreten aurkako edozein sistema aukeratzen dugula ere, luzea izan dadila, motorra leku finko bati lotzeko bezainbeste. Aintzat hartu behar dugu gure ibilgailuak zein ezaugarri dituen: urkilako zilindroek zer zabalera duten, balazta diskoek zer diametro, motorrak ba ote duen heltzeko leku aproposik, motorra uzten dugun lekutik gertu ba ote dagoen leku finkoren bat, eta abar.
- Beti-beti, leku finko bati lotuta utzi motorra. Ez da nahikoa gurpilaren izpi edo erradio artetik pasatzea giltzarrapoa, edo urkilaren beso bati atxikitzea. Aurreko gurpilari jarriko badiogu, egokiena da urkilaren bi besoak hartzea, gurpilaren izpi bat, eta balazten estriboaren gainetik pasatzea guztia. Atzeko gurpilean, berriz, ardatz kulunkariari eta izpi bati oratu behar zaio, edo, gutxien-gutxienez, katetik edo balazta diskotik pasatu. Gurpilari nolanahi lotzeak ez du ezertarako balio, motorra mugitu egin baitezakete.
- Lapurreten aurkakoa sekula ez eraman bizkar zorroan edo sakelan. Eroriko bagina edo kolpea hartuko bagenu, kalte handia egin geniezaioke bizkarrezurrari, pisutsuak eta zurrunak izaten baitira. Torlojuz lotutako euskarriak jarri behar zaizkio motorrari, leku sendoren batean (atzeko parrillaren azpian, adibidez), edo, bestela, atzeko zorroan sartuta eraman.
Lapurreten abisua emateko sistemak
- Sirena. Hori da alarmarik sinpleena eta oinarrizkoena. Era askotakoak aurki ditzakegu horiek ere: hots estandarra izaten dute ohikoenek, eta modernoagoek, polizia sirena. Berri-berrienetan, berriz, norberak jar diezaioke nahi duen hotsa.
Prezioa: 5 euro eta 80 euro artean. - SMS bidezkoa. Telefonogunetik abisua bidaltzen diote erabiltzaileari sakelako telefonora, dei bat eginda edo mezu bat bidalita, eta zein alarma mota izan den adierazten diote, eta ibilgailua nola dagoen ere bai. Badira aukera sofistikatuagoak ere: autoa zein abiaduratan daramaten eta zein kaletan doan adierazten dute.
Prezioa: Bilagailua: 130 euro eta 500 euro artean. Bilaketa zerbitzua: hilean 12 eurotik aurrera. - GPS bidezkoa (Kokatze Sistema Orokorra)/GSM bidezkoa (Sakelakoen Komunikazio Sistema Orokorra). Sistema honek satelite bidez aurkitzen du ibilgailua. Autoa non dagoen adierazten du zehatz-mehatz. Badira aukera gehiago eta osoagoak eskaintzen dituztenak ere: autoa piztea eragozten dutenak, autoa mugitu ezinik uzten dutenak, kolpeen aurkako sentsoreak dituztenak edo autoa altxatzearen aurkakoak.
Prezioa. 500 euro eta 900 euro artean.
Alarma sistema erabiltzeko aholkuak
- Alarma mota bat edo bestea aukeratu, garrantzitsuena da autoelikatzeko sistema bat eduki dezala.
- Autoa erosteko asmoa badugu eta alarma jarri nahi badigu, saltzaileei esatea da onena, haiek jar diezaioten.