Gizarte-sareen argi-ilunak
Gizarte-sareen fenomenoa oso berria da. Hamar urte pasatxo baino ez daramatzate abian, eta erabiliaren erabiliz, zenbait ohitura eta dinamika sortu dira (ez dira, funtsean, eguneroko munduan izaten ditugunen oso desberdinak). Uste okerrak ere ugari agertu dira gizarte-sare horien inguruan (Twitter eta Facebook-en inguruan, esaterako), eta, aldiz, aintzat hartzekoak diren beste hainbat gauza oharkabean geratzen dira ia sistematikoki.
Mitoak edo uste okerrak
- Ziberjazarpena erabatekoa da. Leku gutxi izango dira lehen mailako gizarte-sareak baino seguruagoak gisa horretako jazarleetatik babestuta egoteko. Horietan esaten den guztia erregistratuta geratzen da, eta edozein irain edo mehatxu agertzen bada, berehala helaraz daiteke salaketa gunearen arduradunengana, zerbitzuek erabiltzaileen esku jartzen dituzten prozeduren bidez. Gehienean, oso zorrotz jokatzen dute jazarleekin, mehatxatzaileekin eta gezur esaka aritzen direnekin. Gainera, polizia-gorputzek ere badituzte agenteak sareen segurtasuna zaintzeko eta delituzko jokabideak ikertzeko.
- Barrenean, erabatekoa da adierazpen-askatasuna. Gizarte-sare bateko arduradunak legez behartuta daude norbaitek gure aurka egin ditzakeen adierazpen iraingarri eta mehatxuzkoak zaintzera, eta, era berean, gure iritziak eta ekintzak ere zaindu egiten dituzte. Gizarte-sareetan ez dezakegu nahi dugun guztia esan; egiten badugu, gurea da horren ardura eta erantzukizuna. Legea berdin-berdina da sarean eta saretik kanpo: adierazpen-askatasuna izango dugu, besteen osotasun fisikoa eta morala zaintzen dugun neurrian.
- Arduradunek zelatatu egiten gaituzte gure datuak saltzeko. Kontu hori oso sarritan entzuten da Facebook-i buruz. Egia da sare horrek bildu egiten dituela gure datuak (guk ematen ditugun iritziak eta partekatzen ditugun edukiak aintzat hartuta), baina eskaintzen digun publizitatea hobetzeko egiten du. Ezin izan da frogatu Facebook-ek eta Twitter-ek guri buruz daukaten informazio guztia saltzen dietela datu-trafikoan aritzen diren sareei eta spam-en arloko profesionalei. Hala jokatuko balute, delitu larri bat egiten ariko lirateke.
- Horietan esaten duguna mundu guztiak irakur dezake. Guk geuk jartzen diogu muga gure hitzen oihartzunari, bai gizarte-sareetan eta bai handik kanpo ere. Gizarte-sare guztiek izaten dituzte tresnak gure jardueraren pribatutasuna ezartzeko. Hori horrela izanik, halako sare bat erabiltzen hasi aurretik, garrantzitsua da ongi informatzea erabilera-baldintzei buruz eta pribatutasuna erabiltzeko tresnei buruz ere bai.
- Zenbat eta solaskide gehiago, hainbat eta hobeki. Gizarte-sare batean daukagun esperientziaren kalitatea ez da, nahitaez, solaskide kopuruaren araberakoa. Hainbat arrazoik eraginda jotzen dugu sare horietara: estimatzen dugun jendearengandik gertuago egoteko eta gure jarduerak eta jakin-nahiak adierazteko, ahalik eta informazio gehiena eskuratzeko… Egokiena izaten da partekatzen dugunaren kalitateari erreparatzea, ez kantitateari. Gainera, sareak tresna onak dira gure lagunartea zabaldu eta jende berria ezagutzeko.
Aintzat hartzekoak
- Sareetan partekatu egiten da, ez lehiatu. Gizarte-sareek aberastu egin behar gintuzkete pertsona gisa, gehiago hurbiltzen gaituztelako besteengana eta eskuratzen dugun informazioa kalitate handiagokoa izaten delako, bai ikuspegi gizatiarretik eta bai intelektualetik ere. Baina leku horiek ez dira onenak garela erakusteko sortuak. Jarrera horrekin abiatzen bagara, oso bakarrik sentituko gara sare horietan.
- Zenbat eta pribatutasun gehiago, hainbat eta muga gehiago erabiltzerakoan. Gizarte-sare guztietan, guk jartzen diogu muga gure pribatutasunari. Guk erabakitzen dugu nori jarraituko diogun gizarte-sare batean eta nork izango duen gure informazioak irakurtzeko modua. Aukera izango dugu gure ingurua itxiagoa edo zabalagoa izan dadin, eta eragotzi egin dezakegu gure mezuak publikoki zabal daitezen. Garrantzitsua da ongi zehaztea zer-nolako pribatutasun mailak jarri nahi dizkiegun gure komunikazioei.
- Sareak ez dira besteak baino hobeak garela erakusteko lekuak. Jakin behar da, dena den, gizarte-sare baten muina zera dela: ahalik eta jende gehiena harremanetan jartzea, eta, beraz, partekatzen dena zenbat eta gehiago hedatu, orduan eta aukera gehiago dagoela jendearekin elkarreraginean aritzeko.
- Sareak ez dira doakoak. Besterik pentsa daitekeen arren, ordaindu egiten da sareak erabiltzea, eta ez gutxi, gainera. Informazio pertsonal asko jartzen dugu sarearen esku, nahiz eta anonimoa izan, eta merkatu-azterketak egiteko edo publizitate pertsonalizatua bidaltzeko erabiltzen dute gero. Datu horiek eman nahi ez dituenak irtenbide erraza du: ez erabili gizarte-sareak.
- Prestakuntza digitala behar da sareetara sartzeko, eta prestakuntza pertsonala ere bai. Gizarte-sare batek, nahiz eta oihartzun handia eman erabiltzaileen mezuei, edo sormen-aukera ugari eskaini, azken batean kalean erabiltzen diren kode berberak ditu. Gizalegez jokatu behar da, ez da inor iraindu behar, ez da legez kanpoko edukirik partekatu behar eta ez da gorrotorik edo antzeko sentimendurik sustatu behar arraza, sexu, ideologia edo erlijio jakin bateko jendearen aurka. Ildo horretan, eguneroko mundukoa bezalakoxea da legea, eta are gogorragoa ere izateko bidean da. Geu gara gure ekintzen erantzuleak, eta Internet ez da, eta sekula ez da izan, babesleku anonimo bat.
- Solaskide bakoitzaren atzean pertsona bat dago, onerako eta txarrerako. Gizarte-sare batera sartzen denak, besteak beste, jende berriarekin harremanak egiteko asmoa izaten du eta urrutiko adiskidetasun bat sortzekoa. Baina solaskide berrien bila aritzeak esan nahi du pertsonengana joko dugula, eta gure iritziak edo partekatzen ditugun edukiak atseginak edo iraingarriak izan daitezkeela besteentzat. Eta guk haiei bezalaxe, haiek guri ere kalte egin diezagukete gehiegi hurbiltzen bagara ongi ezagutu gabe. Horregatik, zuhurrak izan beharra dago.