Bularretakoa: gabe ere berdin?
Larruazalak berak bezala, edo neurri-neurriko eskularru batek bezala, horrelaxe eutsi behar lieke bularretakoak emakumeen bularrei. Baina beharrezko al da? Frantzian egindako ikerketa batek (aurten argitaratu dute) zalantza eragin du: zer da hobea, eutsi edo ez eutsi? Jean-Denis Rouillon medikuak egin du lan hori, Besançongo Unibertsitatekoak, eta zalantzan jarri du bularretakoak balio ote duen grabitatearen indarrari aurka egiteko, eta ondorio hauxe atera du 15 urtez 300 emakumeri baino gehiagori jarraipena egin ondoren: hobe da bularretakoa ez erabiltzea. Ikertzaile horrek ikusi du bularretakoa erabiltzen duten emakumeek, erabiltzen ez dutenen aldean, eroriagoak eta mengelagoak izaten dituztela bularrak eta bizkarraldean maizago izaten dutela mina, jantzi horrek, nonbait, belaunetako babesek bezala jarduten dutelako; hau da, eragotzi egiten du bularraldeko giharrak lan egin dezan, atrofiarazi egiten du eta lehenago hasten da arazoak ematen.
Ondorio horiek, dena den, kritikak ere jaso dituzte, ez omen datozelako bat emakumeen anatomiaren ezaugarriekin. Horrela, ugatz-guruina bularreko giharraren gainean dagoen arren, ez dio gihar horrek eusten; Cooper-en lotailuak dira haren euskarriak, eta horien bidez atxikitzen zaie dermisari, titiburuari eta ugatzeko beste egitura batzuei. “Beraz, ez daiteke bizkortu ariketa aktiboaren bidez ez eta atrofiatu ere lotura pasiboak erabiltzeagatik”, halaxe dio Juan Antonio Mirak, Valentziako Doctor Clínica Mira zentroko kirurgialari plastiko eta zuzendariak.
Bularrei ongi eutsi behar
Jantzi hori erabiltzeari uzteak, Frantzian egindako ikerketak gomendatzen duen ildotik, eragin apalagoa izango luke bular txikietan, ia erabat lauak direnetan, baina ez, aldiz, handietan. Bularretakorik ez erabiltzeak gainkarga eragin dezake zerbikaletan, oinazea eta bularraldea erortzea, nahiz eta ondorio horiek emakume bakoitzaren genetikaren, gorpuzkeraren eta pisuaren araberakoak diren. Uneotan, eta Frantzian egindako ikerketa berresten duten beste batzuk agertzen ez diren bitartean, bularretakoa erabiltzearen aldeko iritzia da nagusi.
Gainerakoan, lepotik zintzilik etengabe zama bat eramatea bezala litzateke (kilo erdiko edo gehiagoko bi arroz-zakutxoren parekoa). Adituek esaten dute bularrak handitzat jo litezkeela horien neurria 100 ingurukoa denean, eta emakumea argaldu egingo balitz, gerta liteke bularraldea erortzea. Hori dela eta, eutsi egin behar zaio, eta bularretako egokia hautatu behar da horretarako.
Bularretakoa -garai bateko kortsearen senidea da- egunez erabili behar da eta gauez hobe da bularrek atseden har dezatela, larruazalak higiene hobea izan dezan, odolak hobeki zirkula dezan eta norberak arnasa hartu. Dena dela, bularrean zama handia izanez gero eta mugitzean eragozpenak sortzen baditu edo tira egiten badu, bularretako arinago bat erabil daiteke, eutsi bai baina egunean zeharrekoak adina estutzen ez duena.
Bularretakoa hautatzea: funtzionaltasuna eta estetika
Bularretakoa erabiltzea garrantzitsua da, eta horrek bezainbesteko garrantzia du neurri egokikoa erabiltzeak, baina beti ez da hala gertatzen. Ikerketa batek dioenez, Estatuko emakumeen %70ek neurri desegokiko bularretakoa hautatzen dute. Bularretakoan bi alderdi hartzen dira kontuan, ertza eta katilua (kopa ere esaten zaio). Bularraren eta gorputzaren elkarguneko zirkunferentzia da ertza, eta zenbaki bidez adierazten da (85etik aurrera); katilua edo kopa, berriz, bularraren alderdirik handiena biltzen duen zirkunferentzia da, titiburuetatik bizkarrerantz neurtzen dena eta letra bidez adierazia (Atik D-ra).
Neurri egokia hautatzea ez da erraza izaten beti, eta diseinuak ere hainbat buruhauste ekartzen ditu: barne-betea, uztaiduna, parpailak dituena edo laua, gardena, opakua, tiranteduna, nabarmentzekoa, paparrean zimurrik sortzen ez duena, kirola egitekoa, modernoa, retroa, sexya, edoskitze aldirako propio prestatua…. Aukera asko dago merkatuan, eta hautatzen dena hautatzen dela ere, bularretakoak ongi eutsi behar die bularrei, behetik gora alegia (ez du goitik zapaldu behar). Estutu ere ez du egin behar; hau da, ez du markarik utzi behar bular-ertzean, ez tolesik eragin paparreko larruazalean eta arnasa ongi hartzeko modua eman behar du; ez du larruazala minberatu behar, erosoa izan behar du, egokia eguneko jarduera bakoitzerako, eta ongi sentiarazi behar ditu emakumeak. Sarri askotan zaila izaten da ezaugarri anatomiko eta funtzionalak alderdi estetikoarekin bat etortzea.
Batere osasungarriak ez direnak
Emakumeek dakite ongien haiek zer behar duten, eta bularretakoa hautatzeko garaian, gauza guztien gainetik, erabilgarria eta osasungarria den edo ez hartu behar dute kontuan. Izan ere, badira osasunari kalte egiten dioten modeloak ere:
- Triangelu edo bikini itxurakoak, lepora lotzen direnak, lepo inguruak eutsi behar izaten diolako zamari. Horiek ez dira batere anatomikoak, bularraldeak ez baitu forma hori, horizontala baizik, eta zama besapeetara banatzen da.
- Murriztaileak: desegokiak dira zapaldu egiten dutelako eta odolaren zirkulazioa zaildu. Zirkulazioa murriztearen eragina tabakoarena bezalakoa izaten da: ugatz-guruineko zelulek odola falta izaten dute elikatzeko eta zirkulazio hutsegitea ere sor daiteke.
- Ehun alergenikoak dituztenak: ehun sintetikoekin (nylona) eginak dauden bularretakoek alergia gehiago eragin ditzakete ehun naturalekin (kotoia) eginek baino..
- Larruazala minberatzen dutenak: parpaila ugari dituztenek minberatu edo narritatu egin dezakete larruazala.
- Egiaztatu ongi betetzen duela eusteko funtzioa, eta ez begiratu moda kontuei.
- Jantzi pertsonala da, ez inorekin partekatzekoa; norberarentzat egokia denak ez du zertan hala izan beste norbaitentzat.
- Erosoa eta atsegina izan behar du.
- Bularra ez estutzeko eta zirkulazioa ez eragozteko, bularretakoa egokitu behar zaio ugatzari, eta ez alderantziz.
- Edoskitze aldian, erosoa izan behar du, bularrari arnasa hartzen uzten diona eta elastikoa, eta egokitu egin behar du sentiberatasun gehien duen bularrera (etengabe aritzen dira handitu eta txikitu, esnearen arabera).
- Ariketa egiteko, kirolerako propio prestatuta dagoena aukeratu behar da, erosoa eta ongi eusten duena. Hobe da aurrealdean ixten dena eta atzean gurutzatua dena hautatzea.
- Metalezko uztaiak dituen bularretakoak -bigungarriz ongi babestuta- hobeki egituratzen du bular astunaren forma eta ongi eusten dio (ez du estutu behar).
Iturria: Juan Antonio Mira, Valentziako Clínica Doctor Mira zentroko kirurgialari plastiko eta zuzendaria.