Oinezkoa, haurtzarotik bertatik kontzientziatua
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) trafiko istripuak endemiatzat jo ditu (lurralde jakin bateko gaitz kronikoa), horietan oinezkoak -txikienak, batik bat- ere biktima direlarik. Estatistikek diotenez, Espainian trafiko istripuetan hiltzen diren haurren %30 oinezkoak dira. Horrelako ezbeharrak zeharo desagerraraztea da Trafikoaren Zuzendaritza Nagusiaren helburu nagusietako bat. Hori lortzeko hartu diren neurrien artean Salamancako Unibertsitateari biktima izateko arriskua neur dezan agindu zaio. Datuek, istripua izan duen pertsonaren profila zehatz-mehatz erakutsi dute: 5 eta 9 urte bitarteko mutilak, eskola ordutegia amaitutakoan -arratsaldez, batez ere-, otsail edo martxoko ostiralean jazoten da ezbeharra, hiru metrotik gorako bide zabalean doala, bidegurutzetik at toki batetik bestera bidea zeharkatzean.
Hona azterketan nabarmen agertzen den ondorioetako bat: haurraren sozializazio osoaren funtsezko osagaietako bat bide jokaera zuzena dela onartu behar du gizarteak. Horrela, haurra oinezko, bidaiari eta gidari denean jokamolde aproposa ager dezan hezteko, familiaren baitako parte hartzeari gehituko zaizkion berariazko eskolak eta kanpaina instituzionalak antolatu dira. Horrela gorpuztu da Bide hezkuntza izenaz bataiatu den ikasgaia.
Hiru urteak betetakoan…
Alderdi horretan haurrak heztea funtsezkoa da, honela etorkizuna osatuko eta heziko duen kolektibitatea hezten ari garelako. Adituek diotenez, gainera, heziketari lehenbailehen ekin behar zaio. Umea aginduak ulertzen hasi bezain laster ekin behar omen zaio zirkulatzean bete beharko dituen arauak jakinarazteari, geu ere eredu izaki, jakina.
Ikasgai gisa, espezialistek diotenez, umeari hiru urte betetakoan hasi behar zaio irakasten, adin horretan eta zazpi urteak bete bitartean umea oso harbera dagoelako. Edade horietan, gainera, juzkatzeko eta arrazoitzeko ahalmena urria daukanez, hezkuntza oinarri sendoa finkatzea funtsezkoa da. Gero, 7 urteetatik hasi eta 12 urteak bete arteko aldi hori izango da kontzeptuak sendotzeko eta praktikan jartzeko garaia. Haurren bide hezkuntzaren xedeak hauek dira:
- Indarrean dauden bideko arauak ezagutaraztea, horien aurreko errespetuzko jarrera eta ohiturak ezartzeko.
- Zirkulazio eta garraioari buruzko informazioa ematea, eskaintzen dizkiguten etekinen ikuspegitik baina, hori bai, okerreko erabilerak komunitateari eragin diezazkiokeen arrisku eta istripuak ahantzi gabe.
- Kodeen eta arauen zergatiak eta horien alderdi mesedegarriak aurkitu, aztertu eta ulertzea.
- Arazoak eta balizko konponbideak hautematea ahalbideratuko duen osoko ikuspegia hartzea.
- Trafikoan eragina duten agente sozialen erantzukizunak ezagutzea.
- Garraio publikoaren erabilera sustatzea.
Ez dira jabetzen
Helduok, maiz, haurren trebeziak neurriz gainetik estimatzen ditugu, are autobusera igo, kalea zeharkatu edo antzeko jarduera ohikoetan. Egintza horiek egunerokoak diren arren, diruditen baino hagitz zailagoak dira. Kontuan izan dezagun txikien arintasun sentsoriala ahulagoa dela: egiaztatu eta frogatuta dago aurrez aurre datozkien ibilgailuen abiadura kalkulatzeko zailtasun larriak dituztela haurrek, adibidez, eta automobil desberdinen tamainek akatsak sortaraz diezazkieketela, distantziak eta bolumenak nahasi egiten dituztelako. Haurraren pentsaerak, gainera, ez du zerikusirik helduarenarekin: harentzat kalea behar ez den tokitik zeharkatzea gaizki dago horrela irakatsi zaiolako, baina ez du ulertzen nolako arriskua duen horrek.
Oinezkoa:
- Haurrak ez du arriskua sentitzen. Kalera jolastera doa.
- Ibilian ez dabiltzan bitartean hobe daude toki seguruetan, zirkulaziotik at eta ondo zainduta.
- Zoaz beti espaloitik, ertzetik urruti, garajeetako automobilen sartu-irtenetara erne.
- Kalea zeharkatzean berebiziko arreta jarri behar da. Oinezkoen pasabide hutsetik baino hobe da semaforoa daukan tokian ibiltzea. Haurrak jolasean ikasten duenez, irakasbide baliagarria da semaforoko marrazkien koloreari erreparatzea eta abiatzeko agindua haien ardurapean uztea.
- Haurrarekin doan helduak ez du trafiko arau bakar bat urratu behar.
- Oinezkoentzako berariazko zonak identifikatzen erakutsi behar zaio; baita, halaber, seinale batzuen esanahia ezagutarazi ere (argizkoak eta udaltzainenak, bereziki).
Bidaiaria:
- Gidariak bidaia lasai eta baketsua eman behar dio.
- Atzean eserita joan behar du, biradera edo ate-leihorik ukitu gabe. Horiek denek segurua jarrita izan behar dute.
- Urtebete ez duten haurrek norabideaz beste aldera eserita joan behar dute. Hamabi urte bitartekoek, aurrera begira, berariazko aulki edo egokitzaile homologatuetan eserita.
- Zeharo gelditu arte, automobileko aterik ez da inola ere ireki behar.
- Automobiletik irtendakoan espaloian ibili behar da, sekula ez galtzadan.
- Garraio publikoan 12 urtez beherakoek esertzeko lehentasuna dute, emakume haurdunek, pertsona ezinduek eta zaharrek bezala.
- Eskola garraioan ume bakoitzak eserleku bana bete behar du. Ateak ez dira irekiko ibilgailua geltokian geratu arte eta, igo eta jaisteko, pasabidea egin behar zaio jendeari.
- Haurra bizikletan “pakete” doala, txirrindulari helduak eta txikiak behar bezalako kaskoa egoki jarrita daramatela segurtatu behar da.
- Horrelakoetan, haurrarentzako eserlekuak bizkarralde altua eduki behar du; txikia gerriko batez loturik joango da eta hankak ezartzeko toki aproposa izango du, bizikleta martxan doala erradioen tartetik oinak sartzeko arriskua saihesteko.
–