Iraganaren karga
Bizitzako episodioak gogoratzeak ahalkea edo lotsa sentiaraz diezaguke (“Orain egingo ez nituzkeen gauzak egin nituen”), amorru edo tristezia (“Bizipen hark kalte egin zidan”) edo malenkonia eta mina (“Haiek urteak, betiko joanak!”). Oroimenaren ariketa horietan esker ona edo arbuioa sentitzen dugu, aspaldiko eskarmentuak xehekapen osoz bizitzen ditugu edo, zeharo beste aldera, oroitzapenik ez dugu, kasik. Nolanahi ere, giza psikologiaren inguruko teoriak bat datoz: aldez edo moldez, iraganak eragina du gure izaeran eta jokaeran.
Kontu horien gaineko teoriarik ospetsuenetako bat, Eric Bernek sustaturiko transakzioaren analisia da. Itzal handiko psikiatra horrek, edonork erraz ulertu ez ezik, bizitza osoan eroso erabili ahal izango duen erreferentzi markoa eratu zuen. Berneren arabera, gizaki orok “dagozkien jokamolde-patroiek azaleratzen dituzten pentsamendu eta sentimendu-sistema koherente” defini daitezkeen niaren hiru egokiera agertzen ditu. Zientifikoak dioenez, kontua ez da ideia baliagarri xamarrak edo ulertzeko moduko neologismo interesgarriak formulatzea, egiazko errealitateetan oinarrituriko fenomenoei dagozkien aldarte edo egokiera horiek aintzat hartzea baizik.
Niaren hiru egokierak
- 1. “Ni guraso” egokiera. Gure gurasoengandik eta gure hezkuntzan esku hartu duten pertsona helduengandik ekarria, kanpotik jasotako jarreren eta jokaeren bilduma da. Haur ginela gurasoek sentitzen, pentsatzen, jarduten eta hitz egiten zuten bezalatsu dihardugu, horiexek oinarrizko eredu izan baikenituen gure nortasuna osatzean. Bizitzaz zituzten balio eta ideiak, jokatzeko eta elkarrekin bizitzeko arauak… seme-alabengan finkatuz doaz eta horien nortasuna moldatzean ere berebiziko eragina izango dute. Hori dena, pertsona horretaz jabetzeke gertatzen denez, haurtzaroan ikasitako arauak eta izaniko ereduak erreproduzitu egiten dituzte seme-alaba horiek, ia konturatzeke.
- 2- “Ni haur” egokiera. Honetan eragin naturalak agertzen dira, haurtzaroan gure baitan betiko geratu ziren lehen esperientziak eta horien aurrean agertu genituen erantzunak. Haur ginela, geuk sentitzen, pentsatzen, jarduten eta hitz egiten genuen bezalatsu diharduen gure nortasunaren partea da. Pentsaera ilogiko eta irrazionala du, harremanak alderdi emozionaletik ulertzen ditu batez ere.
- 3- “Ni heldu” egokiera. Aldarte honetan egungo errealitatea era objektibo eta antolatuan hautematen dugu eta, gainera, geure eskarmentuan eta ezagutzan oin harturik, geure egintzen gorabehera eta ondorioak kalkulatzen ditugu. Egoeren azterketa arrazionala, judizioen formulazio zuhurra eta ardura-zentzua praktikan jartzea dira gizakiaren barne-dimentsio horren ezaugarriak. Biziraupena posible bilakatzen digun egokiera horrek, behar bezain garatua dagoenean, jokamoldean geure guraso edo geure haurraren eragin inkontziente eta irrazional gehiegi agertzen ditugun analizatu behar du.
Hiru egokieren arteko elkarrizketa
Denok haur izan ginenez, inguruko helduek guregan eragina izan dutenez eta errealitatearen sena izateko gauza garenez, gure baitan hiru egokierak -gurasoa, haurra eta heldua- elkarrizketan ari direla esan dezakegu. Barne prozesu horiek beti jardueran diharduten arren, gutariko asko batzuetan ez gara horretaz jabetzen; areago, batzuk ez dira behin ere konturatu horretaz.
Gizakiak egoera edo aldarte bakoitzean agertzen duen jokamoldea eta ematen dituen erantzunen mota gogoan izanik, bera zein egokieratan dagoen antzematea ez da kontu zaila izaten. Geure buruari une batean so eginez, pertsonaren bat (seme-alabak, ikasleak, etc) geure ardurapean ditugunean gurekin gure gurasoek jardun zuten bezalatsu dihardugula konturatuko gara berehala; era berean, dibertitzen ari garenean, emozioak izaten ditugunean edo, era afektiboan babes gaitzaten, ahul sentitzen garenean, haurtzaroan egin genezakeen modu bertsuan jokatzen ari garela. Are gehiago, edonor (biziki endekatua dagoen pertsona izan ezik) errealitatea bereizteko eta erantzun zuhur eta zentzumenezkoak emateko gauza izaten da.
Errealitate hori zertan den jakinik, norberak azter dezake noiz diharduen guraso, noiz haur eta noiz heldu. Auto-azterketako ariketa aberasgarri horretan hurrengo aholkuak baliagarri gerta daitezke:
- Biziki arrazoizkoa ez izanagatik, zeure barne-gurasoa eredu jarriko zenuen inoiz; ekarri gogora horrelakoren bat, hala nola: “Etxean neuk agintzen dut” (ni guraso).
- Pentsa ezazu nolako gauzak egiten dituzun orain, haurtzaroko bizipen urrun haien parekoak, zuretzat eragozpen diren arren, hala nola lardaskan jatea (ni haurra).
- Gogora ezazu erabakia hartu zenuen edo zeure barne-eraginak kontrolatzen asmatu zenuen egoera hura (ni heldua)
Hartu orain zeure burua adibidetzat eta azter ezazu:
- Gogora ezazu konpontzeke eta, gainera, zeure erabakiaren zain dagoen arazoren batekin:
- Aditu barne-gurasoak zer agintzen dizun.
- Bizi ezazu zeure barne-haurrak sentitzen duena (sentsazioak, emozioak, beldurrak, nahiak…)
- Begira ezazu barne-helduak uste duenera (alde eta kontrako alderdien azterketa, soluzioen proposamenak, etc).
- Zure niaren egokierak elkarrekin gatazkan dihardute, seguru asko. Aztertu istilu hori zertan den, desadostasunak zein diren.
- Bukatzeko, hartu erabakia.
Jarri harremanetan haurrekin
Heltzeko prozesuetan haurtzaroarekin kontaktatu behar izaten da, aldez edo moldez. Iragana alferrik arakatzeko ez ezik, haurtzaroko inpaktu eta eragin kaltegarri eta mesedegarriak gure egungo izaeran integratzeko ere balio du atzera so egiteak. Gure alderdi “inkontzienteak” geroz eta modu zehatzagoan ezagutzeak eta onartzeak bakarrik jarriko gaitu garapen pertsonal orekatuago bat lortzeko bide egokian.
- Begira haur eta gazte garaietako argazkiei, utzi horiek zure burua sentsibiliza dezaten. Nolako unetan egin ziren horiek? Argazki horietako zerbaitek irauten al du bizirik oraino zure baitan? Egin hizketan barruan daukazun ume horrekin, adi ezazu eta, batez ere, emaiozu babes.
- Errepasa itzazu oroitzapenak: zeure etxekoak, haurtzaroan esku hartu zuten pertsonenak, oroit zaitez zure baitan eragina izan zuten esan edo eginez. Nola sentitzen dituzu pertsona horiek, gertuko ala urrutiko? Hotz ala txeratsu? Ez ukatu pertsona horiek, utzi beren tokia betetzen baina, hori bai, manten itzazu iraganean, horixe baitute beren lekua; horrela saihets egingo diozu haiek orainean ere agintzeari.