Gaitz arrunta, ohikoa, arina, jatorri ezezagunekoa
Dispepsia hitza erromatar eta grekoek “digestio txarra” adierazteko baliatzen zuten; egun, berriz, sabelaldean indigestioaren antzeko min eta molestiak sortzen dituen gaitza bataiatu dugu horrela. Baliteke inoiz berez azaldu eta desagertzea baina batzuetan luzatu egiten da gaitza eta molestia, iraun egiten du, maiz errepikatzen da eta, berez osasun arazo larria ez bada ere, bizi kalitate eta ongizatea eragotzi egiten digu, hein batean edo bestean. Sendagilearen ikuspegitik, gaitz horren definizio zehatzak dioenaren arabera, hainbat azterketa epidemiologikok erakusten dutenez, Mendebaldeko populazioaren %20k nozitzen duten gaixotasuna da (batez ere, 40 urtetik gorako gizonezko zein emakumeek).
Dispepsia motak
Egun, Erroman 1999, urtean eginiko Gastroenterologiako Kongresuan finkaturiko irizpideen arabera, sabelaren goi eta erdi aldean hautematen den min edo molestiatzat definitzen da dispepsia. Jatorria kontuan izaki, bi motako dispepsiak daude: organikoa eta funtzionala. Organikoan, sintomak sortaraz ditzakeen dudagabeko klausula identifikatua dago: gastritisa, urdaileko ultzera, errefluxu gastroesofagikoa, botikak hartzea, kolon narritagarria, etc. Funtzionalean, berriz, sintomatologia justifika dezakeen gaixotasun organikorik ez da ageri, dena normala da, dispeptikoak agertzen dituen sintomak izan ezik. Dispepsia funtzionala lehen asistentziako kontsultetan arazo ohikoenetako bat da, bisita guztien %3 – %5en zergatia baita. Egun gutxi batzuk baizik irauten ez duen ustekabeko dispepsiarekin ez nahastearren, hainbat irizpide diagnostiko finkatu dira:
- Sintomek, gutxienez, azkeneko hamabi hilabeteetan hamabi aste iraun izan dute (ez, nahitaez, jarraian).
- Dispepsiaren -hots, sabelaren goi eta erdialdean mina edo molestia- presentzia etengabea da edo tartekakoa.
- Sintomatologia esplika dezaketen gaixotasun organikorik ez izatea.
Zergatiak
Dispepsia funtzionalaren zergatiak oraino ondo identifikatuak ez daudelarik, mekanismoak bat baino gehiago izan daitezkeela uste dute adituek:
- Mugikortasun gastroduodenalaren trastornoak. Dispepsia kasuen erdian funtsezko elementua omen da hau. Mugimendu peristaltikoak desordenez agertzen dira edo, bestela, urdailaren huste mantsoa gertatzen da.
- Sekrezio gastrikoaren trastornoa. Halaz ere, azterketa gehienetan adituek ez dute horrelakorik hauteman paziente dispeptikoengan.
- Trastorno psikosomatikoak. Estres egoerak eta sintomak areagotzearen arteko lotura hauteman izan da. Adituek uste dutenez, katekolaminak eta opioide endogenoak (beta-endorfinak, alegia, estres, itolarri eta tentsio egoeretan jazotzen dena) ugaltzeak urdailaren mugikortasuna eragotzi egiten du.
- Era berean, gaitzaren erruduna urdaileko ultzera eta gastritisa sortarazten duen Helicobacter pylori izeneko bakterioa izan zitekeela duda egin izan dute zientzialariek baina, paziente dispeptiko batzuen urdailean mikroorganismo hori hauteman izan den arren, bertatik desagerrarazteak ez die ekarri sintomen hobekuntza nabarmenik.
Sintomak
Era kliniko askotakoak izan daitezke baina, dispepsiak duen bereizgarri nagusia sabelaren goialdeko edo esternoiaren atzeko min edo molestia da, eskuarki goizean goiz hasten dena, pazientea ohetik jaikitzen denean eta, batzuetan, inongo tratamendurekin arintzen ez dena. Asetasun eta sabelalde betearen sentsazioa ere sumatzen da janarien ondotik, harik eta larriago otordu gantzatsuen ostean. Dispeptikoak “bihotzerrea” sentitzen du maiz eta, horrekin batera, ez da kontu bakana goizean goragaleak nozitzea (txahala bota edo oka aritu arren, bat ere arintzen ez dena). Jateko gogoa bera ere galtzen dute paziente askok.
Dispeptiko guztiek, baina, ez dituzte sintoma berberak: batzuek gauez nozitzen duten mina zerbait janez suntsitu egiten da, urdaileko ultzeraren kasuetan bezalaxe; beste batzuek, ordea, sabel betearen sentsazioa, korrok edo aupatsak, eta degluzio-mugimendu errepikakorrak dituzte kezka, aerofagia nozitzen dutenen antzera. Beste zenbaitek oraino esternoiaren atzealdean izaten dituzte molestiak, bihoztzarrak, bularrean korapiloa izateko sentsazioa: errefluxu gastroesofagikoan gertatzen den modura, alegia.
Diagnostikoa
Dispepsia funtzionala bestelako kausen eliminazioz diagnostikatzen da. Dispepsiaren sortarazle izan daitezkeen patologia organikoak (ultzera, gastritisa, errefluxu gastroesofagikoa, etc.) asko izan daitezkeen arren, fidagarritasun handiko diagnostikoa egin daiteke historia kliniko ona osatu ondoren, azterketa erradiologiko edo endoskopikoen bitartez, diagnostikatutakoa egiaztatuz.
Tratamendua
Diagnostikoa finkaturik, kausa ezezagunak dituen gaitzari tratamendua xedatzeko unean zailtasunak agertzen dira. Argi dezagun bidenabar paziente askok ez dutela botikazko inolako tratamendurik egin behar eta, gainera, gaitz horren kontrako berariazko terapiarik ez dagoela. Errealitate hori, ordea, ez dute onartzen dispeptiko askok, “hor barruan zerbait egongo” delakoan baitaude. Terapia ona izaten da molestien jatorria luze-zabal eta xehekapen osoz pazienteari azaltzea eta gaixotasunaren pronostiko egokia egitea, adibidez. Zenbaitetan tratamenduak pazienteei pazientzia galarazteko modukoak izaten dira, oso litekeena baita, hartutako neurri guztiak eta agindutako botika denak hartuta ere, molestien arintzerik ia ez hautematea. Halaz ere, gaitza erabat sendatzea eragingo ez badute ere, eraginkorrak gerta daitezkeen hainbat aholku ematea komeni izaten da beti.
Dispepsia funtzionala duten paziententzako jarraibideren bat:
- Ez kontsumitu tabakorik, alkoholik, ezta botika antiinflamatoriorik, hauek gehien-gehienetan urdail eta hesteetako mukosak narritatu egiten dituztelako.
- Kafea bera ere ez dute onartzen dispeptiko guztiek.
- Ez kontsumitu txiklerik, airea irents baitaiteke horrelakoak hausnarrean ibiltzean (aerofagia).
- Poliki jatea, jana ondo murtxikatzea eta janarietan likido gutxi hartzea, elikagaien prozedura gastrikoak lagundu eta digestioa errazteko. Funtsezkoa da mahaira presarik gabe esertzea, patxadan gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko behar beste denbora hartzea eta estres egoerei saihets egitea; janarien aurretik eta ondoren ez da ariketa fisikorik egin behar.
- Gutxi eta maiz jatea urdaila hustearen mesedetakoa da.
- Ez kontsumitu koipe edo gantz ugariko elikagaiak, minegiak, espezia asko eta zuntz ugariegi daukaten elikagaiak.
- Sintomatologia areagotu egin daiteke estres edo tentsio egoeretan.
- Dispepsia, gainera, antsietatea, neurosiak, hipokondria edota nortasun-trastornoak nozitzen dituzten pertsonengan maizago agertzen denez, laguntzeko psikoterapia neurri egokia izan daiteke.
- Belar infusioak lagungarri gertatzen dira batzuetan: aingeru-belarra, boldoa, berbena limoi-usaina, kamamila, milorria, menda, mendafina, erregaliza… Hamaika daude, horretarako egokiak.
Botiken bidezko tratamenduak, berriz, norberaren araberakoa izan behar du, pazientearengan agertutako sintomatologia nagusia aintzat jota: kasu batzuetan aproposa izango da digestio-hodian zehar elikadura-boloaren trantsitua hobetzen duten botika prozinetikoak hartzea; beste hainbatetan, antiazidoak edo mukosa-babesleak.