Autobus eta tren geltokiak

Tren geltokiak autobusenak baino hobeki

Autobus geltokiek ez dute proba gainditu garbitasun eta kontserbazio alorretan; segurtasunean, batzuk eta besteak "onartzeko moduko" baino ez
1 abendua de 2004
Img temap 211

Tren geltokiak autobusenak baino hobeki

/imgs/20041201/tema01.jpg
Espainiako autobus eta tren geltokiek erabiltzaileen itxaropenak zein gradutan betetzen dituzten ezagutzeko, CONSUMER-eko teknikariek azaroaren hasieran 21 tren geltoki eta 19 autobus geltoki bisitatu zituzten Espainiako 17 hiritan: Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Bilbo, Malaga, Zaragoza, Cadiz, Donostia, Iruñea, Gasteiz, Logroño, Coruña, Murtzia, Oviedo, Alacant eta Castello.

Lehen ondorioa: autobus geltokiek trenekoek baino kalifikazio kaskarragoa merezi dute: autobus geltokien %42k eta tren geltokien %10ek ez dute CONSUMER-en proba hau gainditu.

Autobus geltokietan hobetu beharreko alderdi nagusiak hauek dira: garbitasun eta mantenu atalean ez dute gainditu proba (paperontziak egoera txarrean edo beteak; hondakinak birziklatzeko ontzirik ez, instalazioak zikin, hautsi eta egoera txarrean, komunak zikin…); eskaintzen diren zerbitzuak eta ekipamendua (eserleku gutxiegi, itxoiteko toki estali eta itxirik ez, kafetegirik edo hainbat produktu saltzeko makinarik ez) eta segurtasuna (bideozaintzako kameren, suterik edo gertatuz gero tokia husteko argibide eta planoen, segurtasun pertsonalaren… falta hautematen da). Tren geltokiek hobetzeko gauza gutxiago dituzten arren, segurtasunean badute zer hobetua, autobus geltokien motibo berberengatik.

Tren zein autobus geltokien alderdi hoberena, erabiltzaileei ematen zaien informazioa da. Hona beste ondorio nabarmen bat: tren geltokiek autobusekoek baino nota hobea lortu dute atal guztietan, segurtasunean izan ezik: horretan bi motetako geltokiek “onartzeko moduko” hutsa baizik ez dute eraman. Tren geltokiek, oro har, bidaiariei prestazio hobeak eskaintzen dizkiete. Bidaien prezioak aparte, indarrean dauden tarifetan alde handiak atzeman dira: kafesnea 0,60 euro kostatzen da Valentziako tren geltokian eta ia hiru halako (1,65 euro) Bartzelona Nortekoan. Tren geltoki hoberenak Malaga eta Sans (Bartzelona) dira; denetan txarrenak Gasteiz eta Logroñokoak (Renfekoak biak). Bus geltokietan Oviedo eta Bartzelona Norte onenak dira eta denetan okerrena Donostiako Amarakoa.

Bidaiaria informatzea

Tren geltoki guztietan bidaiariari ordutegi, irteera eta abarren berri kartel, panel eta monitoreen bidez nonahi ematen zaiolarik, bus geltokietan ez da horrelakorik gertatzen. Honelakoen %21k ez dute autobus guztien ordutegiaz informatzeko -konpainia bakoitzak bere zerbitzuez ematen duen informazioaz aparte- panel nagusirik. Iruñea, Alacant eta Donostiako autobus geltokietan (ez daukate horrelako kartelik) horrelako gabeziak atzematen dira eta Bilbokoan informazio panel hori egon bazegoen baina ibili ez zebilen. Hamar autobus geltokitatik batean, bertako dependentzia eta zerbitzuen gaineko informazio gabezia nabarmendu zen, tren geltoki bakar batean ez bezala. Seinalerik eza Iruñea eta Donostiako autobus geltokietan ikusten da, bigarren horrek geltokirik ez dauka eta.

Megafoniari goazkiola, tren geltokien %10ek bakarrik ez daukate (Euskotren konpainiako geltokiak, Bilbo eta Donostian) baina zifra hori %21eraino doa autobus geltokietan. Nolanahi ere, alfer-alferrik megafonia zerbitzua edukitzea, mezuak hainbat gunetan (kafetegia, kai, nasa, komun eta beste) ongi aditzen ez bada. Horrela gertatzen da tren zein autobus geltokietako lautik batean. Horiek gorabehera, Donostiako autobus geltokia salbuetsita, geltokiko gune gehienetan ordutegiei buruzko informazioa jakinarazteko bestelako sistemez (kartelak, panelak) hornituak daude. Coruña eta Sevillako geltokietako kafetegietan bakarrik atzeman zen horrelakoen gabezia. Erabiltzailea informatzean baliatzen hizkuntzetan ere hobetu beharra dago: geltoki gutxik agertzen dituzte mezuak espainol eta erkidegoan erkidegokoaz (horrelakorik dagoenean) bestelako hizkuntzetan. Atal honetan azpimarratzekoak ditugu Madril-Sur eta Malagako autobus geltokiak, eta Malaga, Zaragoza eta Sevillako tren geltokiak.

Bestetik, tren geltokien %43k eta autobus geltokien %32k baizik ez dituzte orientatzeko planoak eskaintzen. Horrez gainera, tren geltokien %71k hiri horien gaineko informazio turistikoa ematen dute: hiriko planoak, museoak, monumentu nagusiak, ibilbide interesgarriak, etc.

Ezagutzen ez den tokira iristean biziki eskertzen den informazio hori autobus geltokien erdietan bakarrik ematen da.

Ekipamendu eta zerbitzuak

/imgs/20041201/tema02.jpg
Bidaiaria informatzeko zerbitzuaren funtzionamendua ezagutzeko, CONSUMER-eko teknikariek, geltokiko urrutiko gune bat non zegoen galdeginik, bi motetako geltokietan jasotako informazioa antzekoa izan zen: 10 geltokitik 8tan jendetasun eta errespetuz artatu ziren erabiltzaileaz.

Honelako azpiegituretan eserlekuak eta itxaron gelak funtsezko ekipamenduak izaten dira. Tren geltoki guztiek dituzte honelakoak baina autobus geltokien %42tan horrelakorik ez denez, bidaiariek zutik egon behar dute edo eskaileretan eta behar ez bezalako tokietan eserita. Tren geltoki guztietako eserlekuak egoera onean daudelarik, lau autobus geltokiko batean eserleku edo aulki hautsiak, zikinak edo pintadak orbandutakoak zeuden. Horrela gertatu zen Logroño, Coruña, Iruñea eta Sevillako autobus geltokietan. Tren geltokien %28 eta autobus geltokien %21en bakarrik daude itxaron gela itxi eta gainerako instalazioetatik bereiziak: horrelakoak ederki eskertzen dira tenperaturak muturretara doazen egunetan.

Autobus geltokien %16 eta tren geltokien %5etan ez daude jendearentzako kafetegiak. Madril-Atocha, Bilbo-Abando, Bartzelona-Sants eta Valentziakoak (tren geltokietan) eta Madril-Avenida de América (autobusekoetan) dira alor honetan nabarmendu beharrekoak. Beste muturrean, Bilbo-Atxuriko tren geltokian eta Donostia, Gasteiz eta Bartzelona-Sants-eko autobusekoetan ez dago bat ere kafetegirik. Horrez gain, 10 tren geltokitik 7k eta 10 autobus geltokitik 6k jatetxea dute.

Garraio geltoki batean bidaiariak aurkitu nahi duen beste zerbitzu bat ura, kafea, freskagarriak eta antzekoak saltzeko makinak dira. Bilbo-Atxuriko tren geltokian eta Donostia eta Cadizko autobus geltokietan ez dago alerik ere. Hona berriro Donostiako geltokia: ez kafetegirik, ez bertako dendarik, ez produktuak saltzeko makinarik. Cadizkoetan ere ez dago horrelako makinarik baina kafetegia bai, gutxienez. Bilbo-Atxurikoak ez du kafetegirik, ezta makinarik ere, baina horko lokal batean freskagarriak har daitezke.

Tren eta autobus geltoki guztietan badira telefono kabina publikoak; horien %85etan txartelak erabil daitezke. Tren geltokien %43tan eta autobusekoen %37tan turismo bulegoak daude. Kutxazain automatikoak, berriz, 10 tren geltokitik 9tan daude eta 10 autobus geltokitik 8tan: Logroño eta Donostia-Euskotren tren geltokietan eta Logroño, Bartzelona-Sants, Iruñea eta Donostiako autobus geltokietan bakarrik ez daude kutxazainak.

Osasun zerbitzuak legez izan behar dituzte bidaiarien geltokiek, baina autobus geltokietan ez zegoen horrelakorik eta tren geltokien %29tan bakarrik daude horrelakoak. Geltokiren batean CONSUMER-eko teknikariei azaldu zitzaienez, larrialdietarako osasun zerbitzuez hornituak daude (botikinaz, batik bat) baina geltoki gehienetan ez daude seinez adierazita.

Arauak xedatua duen bezala, tren geltoki guztiek bidaiariak informatzeko departamentua argi eta garbi erakutsita eduki behar duten arren, Donostia, Iruñea eta Bartzelona-Sants autobus geltokietan ez dago horrelako zerbitzurik; beraz, garraio konpainia bakoitzaren zeregina da bere bezeroei argibideak ematea.

Tren geltokien %86k dauka ekipaje-orgatxoa, bidaiari eta laguntzaileei karga-eroatea errazteko. Dena den Madril-Sur eta Oviedoko autobus geltokiek daukate zerbitzu hori erabiltzailearen eskura.

Legeriak behartuta orobat, geltokiek nasa estaliak eduki behar dituzte, bidaiariek gorabehera meteorologikoen ondorio gordinak nozi ez ditzaten. Tren geltokiek alderdi hori betetzen badute ere, Bilbo, Gasteiz eta Valentziako autobusetako nasak ez daude erabat estalita.

Sarbideak

/imgs/20041201/tema03.jpg
Tren geltokiak autobusetakoak baino hobeki egokituak dauden arren, batzuk eta besteak hobetu beharrean daude: autobusetakoek ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokituriko kartel berezirik (braille sistemarako ildaskez osaturikoak) ez dutelarik, trenekoen %14k gutxienez (Murtzia, Zaragoza eta Bilbo-Abando) badituzte horrelakoak dependentziaren batean, behintzat.

Tren eta autobus geltoki guztiek dituzte gurpildun aulkian dabiltzan pertsonen, gurpildun maleten, ume karroen eta antzekoen pasabidea errazteko moduko sarbideak, espaloi beheratuak edo arrapalak. Dena den, Alacanteko geltokiko sarrera nagusiko ateetan arrapalarik ez dagoenez, aipatu berri ditugun erabiltzaileek alboetatik sartu behar dute. Are larriagoa, Gasteiz, Donostia-RENFE, Iruñea, Logroño eta Bartzelona-Gracia-ko geltokietan ezinduek eragozpen latza dute: nasetara iristeko eskaileretan gora eta behera ibili edo, bestela, trenbidearen gainetik berariaz eginiko arrapala zeharkatu behar dute, arrisku gaitza nozituz.

Tren geltokiek -Bartzelona-Gracia-koa izan ezik, honek kafetegikoak baliatzen baititu- badituzte ezinduentzako komunak. Komun egokituak dauzkaten hori tren geltokitik batek giltzaz itxirik edukitzen ditu, autobus geltokien %45ek bezala. Aise konturatzen da inor eragozpen horrek ezinduei sortarazten dizkien molestiez, mostradoreraino joan eta giltza eskatu behar izaten baitute.

Garbitasun eta mantenua

Tren geltoki guztiek instalazioetan barrena banaturiko behar bezainbeste paperontzi eta zaborrontziak dauzkatelarik, lau autobus geltokitik batean urri-urriak daude, hala nola Donostia, Cadiz, Malaga eta Alacantekoetan. Era berean, lau autobus geltokitik batean paperontziak beteegi zeuden edo inguruetan zakarrak ikusten ziren; tren geltokietan ez zen horrelakorik ikusi.

Hondakinen birziklatzeari dagokiola, batzuetan zein besteetan egoera ez da asebetetzekoa. Autobusekoetan, beira, plastiko eta papera berariaz jasotzeko edukiontziak bakarrik ikusi ziren Sevillako autobus geltokian;, erabilitako pilentzakoa Malaga eta Bartzelona-koetan, eta hondakin organikoak jasotzekoa, Iruñekoan.

Trenekoetan, berriz, Bilbo-Abando, Alacant eta Malagakoan badira beirarentzako edukiontziak, Donostia-RENFE, Gasteiz, Zaragoza, Bilbo-Abando, Alacant eta Malagakoetan plastikoak jasotzekoak eta erabilitako pilak uzteko, azkenik, Sevilla eta Bilbo-Abandokoan. Hondakin organikoak uzteko edukiontziak Gasteiz, Donostia-RENFE, Bilbo-Abando eta Zaragozakoan daude.

Tren geltokien mantentze egoera “oso ona” edo “ona” bada ere, ezin esan beste horrenbeste autobus geltokiez: 10etik 4k ez dute proba gainditu, hona: Donostia (kaiko teilatuan itoginak eta kolpeak), Logroño (pintura pittin bat ez luke kalterako), Coruña (komunetako ateetan eta aulkietan pintadak), Malaga, Iruñea, Alacant eta Cadiz (itxura zaharkitu eta endekatua). Horrelako zerbait gertatzen da geltokien garbitasun egoera orokorrari dagokionez: trenekoak askoz ere hobeto autobusekoak baino. Gasteiz, Donostia, Malaga, Sevilla eta Alacanteko autobusekoek hobetzeko bidean abiatu behar dute. Bestetik, komunez hornituriko kafetegia duten tren geltokien %80 garbitasun eta higiene egoera onena daude; zifra hori %68raino jaisten da autobus geltokietan: azken hauetako komun batzuk garbitasun egoera txarrean zeuden, zikin, paperak lurrean, kiratsak, pintadak, etab. Bitxia bada ere, geltokietako komunen egoera dezente hobea zen: anomaliak Gasteiz, Logroño eta Donostiako autobus geltokietan bakarrik hauteman ziren. Kontuan izan, dena den, atal hau biziki aleatorioa dela eta ikuskaritza egiten den unearen arabera gauzak asko alda daitezkeela.

Segurtasuna geltokietan

/imgs/20041201/tema04.jpg
Autobus zein tren geltokietan, egoera “onartzeko moduko” baino ez da. Azterturiko geltoki guztietan suteen kontrako ekipamenduak ikusi baziren ere, batzuetan hobeki antolatua zegoen zerbitzu hori. Esate baterako, itzalgailuak denetan zeuden Bartzelona-Sants, Bilbo eta Donostiako autobusekoetan (hauek denak aire zabalean daude) eta Bartzelona-Gracia eta Logroñoko tren geltokietan izan ezik.

Ur-ahorik berriz ez dago geltokien %30etan. Tren geltokien %62tako eta autobusekoen %19tako sabaietan ke-detektagailuak ikusi ziren. Baina ur-ihinztagailuak autobus geltokien %12 eta trenekoen %29tako sabaietan bakarrik atzeman ziren. Horiezaz gainera, Sevilla-Plaza de Armas-ko autobus geltokiak baditu mangerak eta Oviedokoak alarma-pizgailuak.

Autobus geltokien %42 eta trenekoen %62tan segurtasun pertsonalaren presentzia ikusi zen. Tren zein autobus geltokien %17tan ez zen inolako segurtasun pertsonalik atzeman behin ere. Garrantzi handia du horrek, geltokia oso toki egokia baitute era askotako lapurrek.

Autobus geltokien %26k bakarrik (Iruñea, Oviedo, Logroño, Madril-Avenida de América eta Bartzelona-Norte) dituzte bideo-zaintzako kamerak; segurtasun zerbitzuko pertsonala, berriz, %68tan zebilen. Autobus geltokien %63tan ez zen inolako poliziarik. Nabarmentzeko Bartzelona-Norte eta Oviedoko autobus geltokiak: batean zein bestean, bideo-zaintzako kamerak, segurtasun zerbitzuko pertsonala eta poliziak ikusi ziren. Cadiz eta Donostiakoetan, aldiz, hiru horietatik bat ere ez zen hauteman.

Tren geltokien %62tan baziren bideo-zaintzako kamerak eta %81k bertako segurtasun zerbitzuko pertsonala zeukan. Poliziaren presentzia tren geltokien %24tan bakarrik hauteman zen: Sevilla, Iruñea, Bartzelona-Sants, Alacant eta Malagakoetan, hain zuzen. Atal honetan, CONSUMER-en arabera, hoberenak Alacant, Malaga, Bartzelona-Sants eta Sevilla dira, denetan ere bideo-zaintzako kamerak, segurtasun zerbitzuko pertsonala eta poliziaren presentzia hauteman baitzen.

Bestetik, sute edo bestelako larrialdietan zer egin behar den ez da agertzen autobus geltokietan, ezeinetan ere. Era berean, ez da ikusten geltokia ebakuatzeko planorik, ezta osasun instalazioak adierazteko seinalerik ere. Eta tren geltokien %19tan bakarrik adierazten da argi eta garbi, berariazko kartel edo seinaleen bidez, osasun zerbitzuak badirela: Madril-Atocha, Sevilla, Bartzelona-Sants eta Malagakoetan, hain zuzen.

Larrialdietan egin beharrekoen gaineko informazioa dela eta tren geltokien egoera hobea da, hein batez: hirutik batean (Madril-Atocha, Sevilla, Bartzelona-Sants, Oviedo, Bilbo-Abando eta Malaga) bazen sute eta bestelako larrialdietan egin beharrekoei buruzko informazioa. Geltoki horietan guztietan -Malagakoan izan ezik- baziren geltokia ebakuatzeko planoak, baina horrelako kartelak ez daude gainerako geltokietan ere.

Geltokietako prezioak

Kontsignak*

Batez besteko prezioa autobus geltokian: 2 euro
Batez besteko prezioa tren geltokian: 2,4 euro (takila txikia), 3 euro (ertaina) eta 4,5 (handia)
Merkeena: 0,5 euro, Coruñako autobus geltokian.
Garestiena: 4,5 euro tren geltokietako kontsigna handietan. Autobusekoetan garestiena, Alacantekoa (3,5 euro).
*Eguneko.

Kafesnea taberna edo kafetegian

Batez besteko prezioa autobus geltokian: 1,1 euro.
Batez besteko prezioa tren geltokian: 1,1 euro.
Merkeena: 0,6 euro Valentziako tren geltokian.
Garestiena: 1,65 euro Bartzelona-Graciako tren geltokian

Eguneko otordua

Batez besteko prezioa autobus geltokian: 7,4 euro
Batez besteko prezioa tren geltokian: 8 euro
Merkeena: 5 euro, Coruñako autobus geltokian.
Garestiena: 9 eurotik gora, Madril-Chamartín, Bilbo-Abando eta Sevilla-Santa Justa tren geltokietan eta Iruñeko autobus geltokian.

Makinako ur botila

Batez besteko prezioa autobus geltokian: 1,1 euro
Batez besteko prezioa tren geltokian: 0,9 euro
Merkeena: 0,6 euro Donostiako tren geltokian
Garestiena: 1,4 euro Madril-Atochako geltokian

Makinako freskagarria

Batez besteko prezioa autobus geltokian: 1,1 euro
Batez besteko prezioa tren geltokian: 1 euro
Merkeena: 0,9 euro Sevilla-Santa Justa eta Oviedoko tren geltokietan
Garestiena: 1,5 euro Bilbo eta Iruñeko autobus geltokietan eta Zaragoza eta Iruñeko tren geltokietan