Lau urte betetakoan, adin guztiak dira egoki
Gizakiak ez du igeri egiten sen hutsez. Uretan mantendu eta aurrera egiteko trebezia ikasi beharrekoa du. Igerian egitea alferrikakotzat jotzen zuten denek XX. mendea ondo sartu arte (baita itsasoko arrantzaleek ere). Egun, ordea, igerian ikastea lehentasunezkoa da. Igerilekuak ugaritzeak eta uda parteko aisialdiaz gozatzeko eskuarki itsasaldeak, urtegiak, lakuak eta ibaiak aukeratze horrek adierazten digu den-denok uretan seguru sentitu ahal izateko beharrezkoa den ezagutzaz jantzi behar dugula -ume txikietatik pertsona edadekoetara-.
Estatistikek erakusten digutenez, igerian ez dakiten pertsonen kopurua azken hogei urtean murriztu bada ere -pertsona gazteen artean, batik bat-, ugariegi dira oraino besakada batzuk joz eroso sentitzeari uko egin dioten gizon-emakumeak. Igeri egiten ikastea, izan ere, ez da gozatzeko aukeraz baliatu nahi izate hutsaren ondore: Espainian itomena da haurren heriotzen zazpigarren kausa; heriotza istripu orokorren eskalan, berriz, uretan gertatzen direnak bigarren tokian agertzen dira, trafiko istripuen ondotik.
Helduaroan ikastea
Igerian zenbat eta lehenago ikasi, orduan eta errazago gertatzen da baina, halaz ere, zeinahi adinetan ikas daiteke. Heldua eskutik eramango duena pertsona aditua izatea komeni da, ikaskuntza sendoa bermatuko baita horrela. Ikaslea gaztea baldin bada eta uraren aurrean bidezko errespetua baino sentitzen ez badu (alegia, beldurra eragin liezaiokeen istripurik nozitu ez badu), senitarteko edo lagun batek irakats diezaioke baina, eragozpenik txikiena topatutakoan, eskola espezializatu ugarietako batera jotzeko une egokia izango da. Ondo taxuturiko hamar ikasgai emanik, igerian ikasi egin daiteke. Ikasi beharrekoa, dena den, ez da uretan aurrera egitea, arnasketa koordinatu eta ur azalean mantentzea baizik.
- Uraren beldurra gainditzea. Igerian ikasteko eragozpen nagusia uraren beldurra eta beste ingurune batean izatearen ondoriozko segurantziarik eza da, hain zuzen, tentsioak sortu eta muskuluei behar bezala funtzionatzea galarazten diena. Horrekin batera, arnasketa azkartu eta itomen sentsazioa agertzen da. Lehenik eta behin, gizakia berez flotatzen dela gezurra da, topiko hutsa, eta aintzat jo beharra dago. Igerian ikasten ari den pertsona zaindu egin behar dute besteek, bera defentsarik gabe senti ez dadin, baina horrek ez du esan nahi monitoreak uretan mantendu behar duenik. Areago, joera desberdinetako irakasleak bat datoz argibideak eta aginduak uretatik kanpo eman behar direla esatean.
- Arnasa irentsi, uretatik kanpo; arnasa bota, uretan murgildurik. Uraren beldurra gainditutakoan, arnasketa koordinatzen ikasi behar da: airea ahotik hartzea eta aho eta sudurretik kanporatzea, urpean. Horretarako egokiena, taula jakin bat betetzea da: igerilekuaren ertzari helduta uretan zutik jarrita, airea hartu eta hankak tolestea, burua urpean sartzeko; bertan, airea kanporatzea; berriro zutitu eta airea hartu, etc.
- Flotatzea. Beldurrik gabe eta arnasketa kontrola daitekeela egiaztaturik, flotatzen ikasteko une egokia da hauxe. Beste mito bat hautsi beharra dago: besoak uretan eduki behar dira, sorospen eskean dabilen naufragoaren irudi horren kontrakoa, hain zuzen. Hasieran, zutik urak estaltzen ez gaituen zonetako batean jarri behar dugu eta ahuspez, aratinik eta murgildurik praktikatu behar da flotazioa.
- … eta uretara! Beldurrik gabe, arnasketa kontrolaturik eta flotatzen ikasitakoan, uretan aurrera egiteko besoak eta hankak nola mugitu behar diren ikasteko une aproposa da. Praktika segurtatzen duten kortxoak edo koltxoiak lagungarri har daitezke. Estiloa perfekzionatze hori gerorako utzita, oraingo kontua da besakadak emanaz, beso eta zangoen mugimenduak koordinatuaz gustura sentitzea. Ariketa ludikoz haratago, murgilketa egiten ikasteak garrantzi handia du, batez ere azalera berehala igo eta igerian hasteko. Igerian ikastea erraza da, beraz; seme-alabek ere ikas dezaten nahi bada, gurasoek badakitela frogatzeak garrantzi handia du.
Haurrak, lau urtetik aurrera
Umetxoak jaiotze unetik bertatik uretan ohitzea komeni den arren, lau urte bete aurretik txikiegi dira uretan autonomiaz mugitu eta igeriketako mugimenduez jabetzeko. Horregatik pediatrek aholkatzen dute nini direnean bertan irakasten hastea, kontu garrantzitsu bat gogoan izaki: igeriketa programek ez dute bermatzen haurtxoaren autonomia; beraz, nerabezarora heldu bitartean, hobe da pertsona heldu batek neskato-mutikoak zaintzea.
Hastapen prozesua traumatikoa gertatu ordez, ahalik eta oparoen izan dadin, ura jolas elementu natural gisa aurkeztu behar zaio umeari etxean hartzen duen lehendabiziko bainutik hasita. Pittin bat kostatzen bada ere, gurasoei aholkatzen zaie, seme-alabaren aurpegia garbitzeko belakia erabili baino hobe dutela burua urpean sartzea. Umeak urpean arnasarik ez hartzea arraro eta beldurgarritzat jo ez dezan lagunduko du praktika horrek.
-
Eskola egokia
Europako herrialde batzuetan igeriketaren irakaskuntza arautua dago, curriculumaren osagaietako bat da. Espainian, gaia ikastetxean irakastea geroz eta praktika arruntago bada ere, egun ez da ohiko ariketa eta, horrenbestez, gurasoek eskola espezializatu batera jotzen dute gehienetan. Horrelako ikastegietan, haurrekin aritzeko bereziki prestaturiko pertsonala, uretan eta kanpoan 33 graduko tenperatura, higiene baldintza egokiak eta kloro maila apalagoak exijitu beharko dituzte (helduak %1 pairatzen badu ere, umeentzako urak gehienez ere %0,5 edo 0,6 izango du). Hiru urte bete arte, bi umeko monitore bat jartzea aholkatzen da; lau urtetik aurrera, monitore bat hiru umerentzat. - Irakaskuntza
Lehen helburua umea uretan gustura sentitzea da. Helduekin gertatzen den modura, ingurune horretan ahalegin berezirik egin gabe mugitzen ikasi beharko dute, zailtasun berezi batekin: ezin dute oina lurrean ipini; baita abantailaren batekin ere: ez dira helduak bezain beldurtiak eta trebeago dira, gainera. Helduarentzat biziki zaila bada ere, gaztetxoarentzat soil-soila den flotazio edo oreka -horizontal zein bertikala- pixkanaka-pixkanaka motibatuko denez, zangoek berehala hartuko dute protagonismoa eta txakur txikia bezala aurrera egiten lagungarri bihurtuko dira. Hori kontrolpean, besoen mugimendua sartzeko unea da. Umearen ikaskuntzako kontu behinenetako bat, egokiro orientatzen irakastea da: eskailera aurkitu ezinik, bere burua galdutzat sentitzeak urak berak baino ikara handiagoa eragiten dio. Eta, gogoan dugunez, prozesu osoan zerbaiti ihes egin behar zaio: uraren beldur egoteari, hain zuzen.