Hiperhidrosia

Gehiegizko izerdia, trauma eragilea

1 uztaila de 2004

Gehiegizko izerdia, trauma eragilea

Izerditzea gure burua inguruneko tenperaturaren fluktuazioetara egokitzea ahalbidetzen duen mekanismoaren osagaietako bat da. Normalean, izerdi patsetan kirola praktikatzean edo sekulako beroa pairatzean baizik egoten ez garen arren, pertsona batzuen transpirazioa sekulakoa izaten da noiznahi: horien eskuak, galtzarbeak, burua eta aurpegia beti blai agertzen direnez, izerdiak berorien bizitza sozial, laboral eta afektiboa baldintzatu egiten du. Hiperhidrosia (izerdi gehiegi ekoiztea) trastorno traumatikoa da gaitza nozitzen dutenentzat, eta ez du zerikusirik higiene eskasarekin.

Zer da izerdia?

Urak, mineral gatzek eta bestelako substantziek osaturiko likidoa da izerdia, dermisaren azpian dauden izerdi guruinek sortzen dutena. Zenbaitetan izerdiak bestelako gaiak ere izaten ditu: baratxuria edo sardinak jan ondoren, adibidez, baliteke izerdiak horien usaina hartzea.

Hiru motatako izerdi guruinak ditugu gorputz azalera osoan barreiatuak, ekrinoak, apokrinoak eta apoekrinoak:

  • Ekrinoak dira termoerregulazioan parte gehien hartzen dutenak, eta azalera osoan hedatuta daude, ezpain txikietan, klitorisean, ezpainetan eta kanpo belarrian izan ezik. Uste ohi dugunaz beste aldera, gehienak ez daude ez daude galtzarbe edo besapean, ahurretan eta hatz mamietan baizik: zona horietan zazpiehun guruin ere izan ditzakegu zentimetro karratuko. Gorputz osoan ditugun hiruzpalau milioi guruin horiek orduko 600 mililitro izerdi ekoitz dezakete tenperatura altuetan; dena den, ahalegin handia egiten duten kirolariek bi litro eta gehiago ere produzitzen dute orduko.
  • Apokrinoek fluido lodia jariatzen dutelarik, gizakiaren galtzarbeetan, titiburuetan, perinean, uzki inguruan eta kanpo belarrian daude. Norberaren gorputz usain bereizgarria “fabrikatzen” dute hauek eta, animalien usaimenezko komunikazioan berebiziko eginkizuna betetzen dutenez, gorputz osoan barreiatuta daude. Arrazoi emozionalek -antsietatea, estresa, etc.- eraginiko izerditzearekin zerikusia dute apokrinoek.
  • Apoekrinoek aurreko bien tarteko ezaugarriak dituzte eta gizakiak galtzarbean ditu bilduta batik bat.

    Zertarako izerditzea?Bero egiten duenean premia fisiologikoa da izerditzea. Animalia homeotermoek -tartean, gizakiok- geure tenperatura muga jakin batzuetan aldagaitz mantentzen dugu, organismoan beroaren eta hotzaren fluktuazioak egokitzen dituzten mekanismo termo-erregulatzaileei eta metabolismoari esker. Mekanismo horretan parte hartzen dute nerbio sistemak, aparatu kardiobaskularrak eta endokrinoak, eta izerditzeak berebiziko zeregina du. Tenperatura iraunkor mantentzeko ahalmen hori ugaztunek eta hegaztiek bakarrik dute; gainerako animaliak poikilotermoak dira, hots, gorputzeko tenperatura egokitzeko ahalmen urri-urria dute gure aldean eta, beraz, inguruneko tenperaturaren arabera aldatzen da beraiena ere. Tenperatura bere horretan mantentzeko ahalmen hori ingurunera egokitzeko unean abantaila itzela da, ohiko jardunean ari baitaiteke ugaztuna, inguruneko hotz-beroa zeinahi dela ere.

    Izerdiaren zeregina gorputzeko tenperatura erregulatzea da, gure larrutik lurruntzen denean gehiegizko berotasuna apaldu egiten baitu. Osasunarentzat kaltegarri diren substantziak kanporatzean ere hartzen du esku. Geldirik, litro bat izerdi botatzen dugu eguneko, eskuarki, baina kopuru hori bera orduko izan daiteke ariketa fisikoa egiten dugunean. Eliteko kirolariek -boxeolari edo pilotariek, adibidez- orduko lauzpabost litro kanpora ditzakete baina, dena den, kopuru hori ez da iraunkorra bizitza osoan, haurrek eta zaharrek izerdi gutxiago botatzen baitute helduek baino. Horren arrazoia, funtzio automatikoak erregulatzen dituelarik (taupadak, izerditzea, arnasketa, listu jariatzea, etc.), nerbio sistema sinpatikoko zuntzen heldutasunean bilatu beharra dago, haurtzaroan ez baitaude behar bezain garaturik eta, zahartu ahala, galduz doazkigulako. Kanpo elementu zenbaitek ere badu eraginik, hala nola inguruneko tenperaturak edota hezetasunak.

    Izerdiarekin loturiko trastornoakLarregi izerditzeari hiperhidrosia deritzo: anomalia hori jeneralizatu -edo sistemikoa- edo lokalizatua izan daiteke. Hiperhidrosi sistemikoa hainbat bizialdi berezitan gertatzen da: haurdunaldian, obesitatean, menopausian, antsietate kasuetan, hipertiroidismoa nozitzen dutenengan, alkohola edo opiazeoak kontsumitzen dutenengan eta hainbat gaitzetan, hala nola tumoreak, zoldurak, etc. gertatzen direnean.

    Arazo gehien iturria, ordea, hiperhidrosi lokalizatu edo emozionala da, estimulu estresagarri eta emozionalen ondorioz gertatzen delako. Esku ahurretan, oin zoletan, galtzarbeetan eta burezur-aurpegian agertzen da. Larregiko izerditze hori zerk eragiten duen ez dakigu, baina sistema begetatibo sinpatikoaren hiperaktibitatea dela uste dute adituek. Hamar mila laguneko batek nozitzen duelarik, txiki-txikitatik azaleratzen dira estreinako agerpenak eta, kasu gehienetan, bizitza osoan irauten du. Kasu horien erdietan bada faktore eragile bat (emozionala, eskuarki), baina beroak, ariketa fisikoak edo elikadurak ere sortarazten dute izerdi gehiegi botatzea. Hiperhidrosi lokalizatua gauez desagertu egiten da.

    Oin zoletan kiratsa, larruazala beratzea, babak, zoldura lokalak, mikosiak sortarazten ditu eta galtzerdiak ez ezik, oinetakoak ere hondatu egiten ditu. Galtzarbetakoak zona hori hezetu eta narritatzeaz gainera, kiratsa eragin eta arropa hondatzen du. Tratamendu lokalak gaitzaren sintomak hobetu egiten ditu baina gaixotasuna ez da zeharo desagertzen. Burezur-aurpegikoaren bereizgarria bekokian eta begitartean izerdi gehiegi azaleratzea izaki, gutxieneko estresaren eraginez gertatzen da eta gaitza nozitzen dutenek aurpegia etengabe lehortu behar izaten dute. Arazo larria da kosmetiko, makillaje eta antzekoak darabiltzatenentzat.

    Esku ahurreko hiperhidrosia nozitzen duenak benetako arazo soziala du -agerpen larrikoa denean, batez ere-, kargu publiko, ordezkari, saltzaile, margolari edo eskulangilea denean. Gaitza duten pertsonak maiz itxi egiten dira bere baitan, bostekoa ematea saihesten dute eta, zenbaitetan, bizitza sozialari ere ihes egiten diote.

    Tratamendua

    Honelako afekzioen tratamendua ez da kontu erraza. Kasu arinenetan farmazia edo kosmetikako produktuetara jotzen da, besape edo oinzoletan aplikatzeko. Aho bidez botika antikolinergikoak ere hartu izan diren arren, alboko eraginak direla medio (gernu atxikipena, ikusmen akastuna, aho lehorra, etc.), baztertu egin dira horrelako tratamenduak.

    Besapean aplikatu beharreko aluminio-kloruro hexahidratatua eta antzekoak ere probatu izan diren arren, bertan behera utzi dira, larruazala narritatu egiten dutelako. Izerdi gunean bertan azido tanikoa, glutaraldehidoa eta %1eko formalina eraginkorrak badira ere, luzaro erabiliz gero azala hiperpigmentatu egiten dute.

    Egun afekzio askotan (estrabismoa, zimurrak, distonia zerbikala, etc.) erabiltzen ari den toxina botuliniko beldurgarria -nerbio transmisioan etenak eragiten dituelako- ere aplikatzen da hiperhidrosi lokalizatuan. Dermis azpian injektatuta, sintomatologiak atzera egiten du astebetean baina, handik hilabete batzuetara agertu egiten da ostera.

    Kirurgiaz ere tratatu egin daitezke gaitz honen eskuetako, galtzarbeetako eta burezur-aurpegiko agerpen larriak. Ebakuntza, jakina, endoskopia bidezko sinpatektomia torazikoa da, hots, toraxeko kate sinpatikoko nerbio eta ganglio batzuk ebakitzea. Ebakuntza eraginkorra da, adituaren eskutik eginez gero, eta 24 orduko ospitaleratzea aski du. Ez da pazienterik hil ebakuntza horren ondorioz eta alboko ondorioak, berriz, urri-urriak dira. Kasuen %95etan asetzeko modukoa da emaitza, baina gainerako %5ean porrot egiten da, ganglio bat behar ez bezala erauzten delako, nonbait. Alboko ondorio nagusia, ebakuntza nozitu duten pazienteen %50ek agertzen dutelarik, gorputzeko beste atal batzuetan transpiratzea da (konpentsaziozko izerditzea). Kasu bakanen batean izan ezik, izerditze hori ez da larria eta, askotan, bat-batean desagertzen da.

    Hiperhidrosia nozitzen dutenentzako aholkuak

  • Erabili kotoizko arropa, transpiragarria, ez jantzi ehun sintetikorik.
  • Erabili galtzerdi eta zapata porotsuak, transpirazio onekoak, eta aldatu maiz.
  • Hartu dutxa egunero behin edo bitan
  • Kendu galtzarbeetako ilea
  • Ahal dela, ez hartu kafea, alkohola eta espezia minak
  • Izerdiari kiratsa badario, erabili dutxan klorhexidina duen xaboi likidoa eta, ondoren, aplikatu aluminio klohidroxidoa duen konposatu bat

    Aparatu mirarizkoak…

    Larruazaleko gune zehatz bat izerditan jartzea probokatu egin daiteke, tokian beroa aplikatuz. Horrelaxe dabiltza telebistan iragarkiak maiz ezartzen dituzten tramankulu batzuk: gorputzeko zona batean aplikaturik, izerdia jariarazten dute eta, publizitateak dioenez, alderdi hori argaltzeko balio dute. Hori baino gezur biribilagorik ez, ordea: izerdia botatzeak ez du gantzik erretzen eta, areago, erdiesten den pisu arintze hori likidoen galeragatik gertatzen da. Baina galtzen diren likidoak berriro ere “irabazi” egin behar dira, organismoaren oreka hidrosalino egokia berreskuratzeko. Izerditu ondoren edatea behar-beharrezkoa da, beraz.