Zerbitzuguneak: 7.500 kilometrotik gora eginik 145 gune aztertu dira

Ia erdiek ez dute gainditu kalitate eta segurtasuneko azterketa

Hutsune nagusiak: atsedenlekurik ez izatea, gurpil aulkidunen erabiltzailea baztertzea eta hondakinak gaika ez jasotzea
1 uztaila de 2004
Img temap 198

Ia erdiek ez dute gainditu kalitate eta segurtasuneko azterketa

/imgs/20040701/tema01.jpg
Aurtengo udan berriro ere, errepideetako zerbitzuguneak auto gidarientzako erosotasun eta segurtasunaren funtsezko elementu bihurtuko dira, oporraldiez gozatzeko tokira iritsi arteko bidaia luzean atseden hartzeko ez ezik, hankak luzatu, komunera joan, zerbait freskoa hartu edo eserita bazkaltzeko beharrezkoak diren azpiegituren hornitzaile izango baitira. Adituen aholkuei jarraiki, 200 kilometro egin edo ibilian bi ordu eman ondoren tartetxo bat gelditu eta atseden hartzea komeni izaten da. Nekeak eta loak eragindako arreta galeren ondorioz makina bat istripu gertatzen da urtero: horregatik tarteka atseden hartzea oso-oso garrantzitsua da, ibilgailuan bide luzea egiten dugunean.

Joan den ekainean CONSUMER-eko teknikariek, beren burua erabiltzaile soiltzat agertuta, uda partean trafiko gehien hartuko duten Espainiako errepideetako zenbaitetan 145 zerbitzugune bisitatu zituzten, zortzi ibilbide hauetan: A-1 eta AP-1, Madril, Burgos, Gasteiz eta Donostia lotzen dituen tartean; A-6 eta AP-6, Madrildik Coruñaraino; A-3, Madrildik Valentziara; Madril, Jaen, Granada eta Malaga (A-4, A-92, A-44, A-45); Donostia, Bilbo, Santander eta Oviedo (A-8 eta AP-8) igarotzen den tartea; Bilbo, Logroño, Zaragoza eta Bartzelona (AP-68 eta AP-2) lotzen dituena; Bartzelona, Tarragona, Castello eta Valentzia lotzen dituen AP-7 eta, azkenean, eta Valentzia, Alacant, Murtzia eta Almerian barrena igarotzen diren AP-7 eta A-7. Lan sailak jorratuz, guztira ibilgailuan 7.500 kilometrotik gora egin ziren, horiexetan beteko baitira aurtengo uztail eta abuztuan Espainian egiten diren 20 milioi lekualdatzeetatik asko eta asko.

Zerbitzugune horietan auto gidariari eta laguntzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuen aniztasuna eta kalitatea, zerbitzugunearen barneko bide segurtasuna, instalazioen egoera eta garbitasuna, prezioak eta erabiltzaile ezinduentzako iristeko erraztasunak aztertu dira ikerlan honetan.

Datu nabarmenena: azterturiko zerbitzuguneen %43k ez dute gainditu CONSUMER-en azterketa, horietako erdiek “erdipurdi” edo “hala moduz” kalifikazioa erdietsi badute ere, onespenaren ertzean, alegia.

Errepide guztiak ez dira berdin

/imgs/20040701/tema02.jpg
Eginiko bideetatik, zerbitzuguneetan emaitza hoberenak jaso dituena Bartzelona eta Valentzia arteko Mediterraneoko AP-7 da: %92k proba gainditu dute eta “ongi” kalifikazio orokorra eraman du; ondotik, Valentzia – Almeria ibilbidean daudenak datoz: %73k proba gaindituta, hemen ere “ongi” izan da nota orokorra. Madril – Donostia ibilbideko zerbitzuguneen %75ek gainditu egin zuten arren, batez bestekoa “onartzeko modukoa” baizik ez zen izan. Beste muturrean, proba gainditu gabe zerbitzugune gehien utzi ditu Madril eta Malaga lotzen dituen bidea (%23k gainditu eta “gaizki” kalifikazio orokorra) eta Madril, Lugo eta Coruña lotzen dituena (proba %37k gainditu eta kalifikazio orokorra, “gaizki”).

Zerbitzuguneen alderdi onak zerbitzuen kalitatea eta aniztasuna eta seinaleztapena dira, oro har (biak ere, “ongi” batez beste); higienea, mantenua, aulki gurpildunean doazen erabiltzaileentzako irispideak eta segurtasuna, aldiz, dezente hobetu behar dira, “erdipurdi” ahul batean geratu baitziren, batez beste.

Hobetu beharrekoa

Hona hemen zerbitzugune horiek dituzten alderdi kritikoetako batzuk: aire zabalean atsedenlekurik ez izatea (erdiek baino gehiagok ez dute horrelakorik eskaintzen) eta jendeak erabiltzeko moduko ur edangarriko iturria (areen %55etan ez zegoen), hondakinak gaika ez jasotzea (areen %63k ez dituzte berariazko edukiontziak), gurpil aulkian doazen erabiltzaileek jasaniko bazterketa (adibidez, gasolindegien erdiek ez dituzte komun egokituak) eta jatetxeetan erretzaileentzat berariazko alderdirik ez izatea (bisitatu diren %71tan ez daude horrelakoak). Are gehiago: zerbitzugune horien %28k bakarrik dute haurrentzako jolastokia, %65etan ez dago aparkalekuan zebra pasabideak, hamarretik zortzitan aparkalekuan ez da edo ez dabil bideo zaintza sistemarik eta hamarretik lautan ez da ikusten abiadura mugatzeko seinalerik zerbitzugunean.

Hona, berriz, argi eta garbi hobetu behar diren beste zenbait alderdi: lau zerbitzugunetik batean komunak zikin zeuden, haien erdietan telefono kabinetan ez da onartzen txartelik erabiltzea, haurrentzako jolastokia duten urri-urrietan, bostetik batean utzikeria nabarmena zen eta beste horrenbestetan instalazio horiek arriskutsu zeuden; bostetik batean jatetxeak ez du eguneko otordua eskaintzen eta beste horrenbestetan ez dago ibilgailu astunentzako berariazko aparkalekurik. Horiez gainera, sei zerbitzugunetatik batean balizko arriskuak hauteman ziren, hala nola trafiko kaotiko ugariegia, kamioi eta autobusak maniobrak nonahi egiten ibiltzea, trafikoa eta oinezkoentzako alderdia bereizteko hesiturarik ez izatea, etc.; bostetik batean haurrentzako jolastokietan hauteman ziren arriskuak: zabuak herdoildurik, hautsita, okertuta edo zaharregi zeuden, alegia.

Ohi baino prezio garestiagoak

Lehenagotik ere ongi genekiena berresteko balio izan du txosten honek: zerbitzuguneetako prezio guztiak erabiltzaileak “kaleko” antzeko establezimenduetan (denda, taberna, jatetxeetan) ordaindu ohi dituenak baino garestiagoak dira. Bertan jasotako datuek adierazten dutenez, auto gidariaren atsedenleku horietako jatetxe batean eguneko otordua 9 euro kostatzen da batez beste, Bartzelona eta Valentzia lotzen dituen AP-7 autobidean 11 euroraino iristen delarik batez bestekoa; halaz ere, batez besteko hori 9 euroren azpitik dabil Valentzia eta Almeria lotzen dituen tarteko jatetxeetan. Denetan merkeenek 6 euro baizik ez zuten kobratzen eta garestienak 19 euroko prezioa zuen. Batetik besterako prezioen alde izugarri hori Madril – Malaga bidean bertan topatu zenez, ondorioa argi baino argiago dago: zerbitzuguneetan bazkaltzeko asmoarekin sartu aurretik jatetxeko prezioak ezagutzea komeni izaten da.

Zerbitzugune horietako taberna edo kafetegian freskagarri bat zenbat kostatzen zen ere jakin ahal izan genuen: batez bestekoa 1,5 euro da. Garestienak Bilbo – Bartzelona eta Bartzelona – Valentzia (1,7 euro, batez beste) bideetan daude eta merkeenak, aldiz, (1,1 euro) Valentzia eta Almeria lotzen dituen tartean. Merkeen saltzen duen tabernak 0,9 euro kobratzen du eta garestienak 2 euro. Bukatzeko, bidaiariak duen kontsumo aukerarik merkeena ere (gasolindegiko dendan 1,5 litroko ur botila eskuratzea) ez zen merke, 1,1 euro, batez beste. Eta batez besteko prezio garestiena (1,3 euro) duen ibilbidea Bartzelona – Valentzia izanik, botila garestiena 1,5 euro kostatu zen eta merkeena 0,6 euro. Kasu guzti-guztietan ere, ur botila soil batengatik establezimendu gehienek finkatua duten prezioa baino dezente garestiagoak dira.

Komunak, espero baino hobeto

Atseden hartzea, kuluxka bat egitea, freskagarri edo kafetxo bat hartzea, hankak luzatzea, indarberritzeko edo mokadu bat egitea, telefonoz deitzea, umeak automobiletik atera eta jolasean ibiltzea… hamaika motibo eta arrazoi ditu auto gidariak eta bere laguntzaileek errepidea utzi eta ibilgailua zerbitzugunean sartzeko. Bada beste bat, ordea, inoiz garrantzi bizienekoa: eginkari edo premia fisiologikoak asetzea, eskuak eta aurpegia freskatzea. Maiz, ordea, hori nola gertatzen den, halakoxea izango da zerbitzuguneaz erabiltzaileak eramango duen iritzia.

Zerbitzugune horietako komunen egoera eta ekipamenduari dagokionez, txosten honetako datuak espero baino hobeak direla aitortu beharra dago: paperezko toailak, xaboi-dosifikatzaileak eta paperontziak zeuden gasolindegien %90etan eta komuneko papera 20 komunetik ia 19tan. Garbitasunaz ari garela, lau komunetik batean dezente hobetzekoa zela ere egiaztatu zuten teknikariek. Horrelako establezimenduak dituzten zerbitzuguneetako taberna, kafetegi eta jatetxeetako komunen egoera, berriz, hobea zen. Garbitasun gabezia hamar komunetik bakar batean baizik ez zen hauteman eta ekipamendua, oro har, gasolindegietakoa baino hobea zen, paperezko toailei dagokiela izan ezik, bitxia bada ere; eskuak lehortzeko aparatu automatikoen hornidura, ostera, taberna eta jatetxeetan amiñi bat hobea zen. Horietan zoruen egoera ere kontuan hartu zen azterketan: hamarretik lautan bakarrik ikusi ziren paperak eta hondakinak lurrean, eta hogeitik bakar bat zegoen zikin-zikina.

Ezinduak, bazterturik

Mugikortasun fisiko mugatua duten edo gurpil aulkian doazen erabiltzaileei zerbitzuguneetan ematen zaien tratamendua asko-asko hobetu beharra dago, inondik ere, datuek hozki adierazten duten bezala: sei zerbitzugunetik batek bertako instalazioetan ez du arrapalarik, honelakoak premiazkoak diren arren; gasolindegien erdiek bakarrik dituzte aulki gurpildunean doazen erabiltzaileentzat bereziki egokitu eta seinaleztaturiko komunak (kafetegi eta jatetxeetan, berriz, proportzioa apalagoa da: hamarretik hiruk baizik ez dute horrelakorik) eta bisitatu diren zerbitzuguneen %37k baizik ez dituzte ezinduentzako berariazko aparkaleku plazak edo ez daude behar bezala adierazita. Amaitzeko, gurpil aulkian doazen pertsonentzat egokituriko telefono kabina (arruntak baino altuera txikiagokoak) zerbitzuguneen %16k baino ez dute.

Eskura dauden zerbitzuen aniztasun eta kalitatea

Hamar zerbitzugunetik seik ez daukate indarrean dagoen Errepideen Legeak oinarrizkotzat jo dituen zerbitzuetakoren bat: ibilgailu arin eta astunetarako aparkaleku zolatuak, higiene zerbitzuak eta ur edangarria, telefono publikoa, taberna edo kafetegia eta erabiltzaileentzako atsedenlekuak. Oinarrizko instalazioetako bat, erabilera publikoko ur edangarriko iturriak, paperontziak eta telefono kabinak ez ezik, arbola itzaltsuak ere dituen berdeguneaz hornituriko atsedenlekua, mahai eta aulkiez jantzia da. Dena den, Estatuan aurtengo udan trafiko gehien jasoko duten errepideetan bisitatu ditugun 145 zerbitzugune horien %45ek bakarrik dituzte atsedenlekuak. Egiari zor, aitor dezagun ia denak zeudela kontserbazio egoera onean. Atsedenleku horietan hamarretik zortzitan baziren mahai eta aulkiak: horrelako altzariak ezinbestekoak dira, atseden hartzeaz gainera, kafetegian edo jatetxean sartu gabe zerbait jan nahi denean. Hamar atsedenlekutik ia bederatzitan baziren arbola itzaltsuak baina ur edangarriko iturriak, aldiz, atsedenlekuen %45etan baizik ez.

Zerbitzuguneen %98k dute nola edo halako denda: establezimendu horietan denetik saltzen da, elikagai eta edarietatik hasita, aldizkari eta egunkarietan barna, automobilarentzako traste eta errepide mapetaraino. Hamar areatik bederatzik, gainera, jatetxea dute eta hamarretik lauk, hotela. Nolanahi ere, lautik bakar batek du haurrentzako jolastokia (kanpo aldean, eskuarki). Haurrentzako jolastoki horiek mugatu eta hesituak egon behar dute, umetxoak kontrolpean egon daitezen, istripuak nozitzeko arriskutatik salbu, baina kasuen %15etan ez daude mugatu eta hesituak eta, gainera, jolastoki horien egoera eskasa da kasuen %20tan eta antzeko portzentaje batean hauteman ziren haurrentzako arriskuak: zabuak eta bestelako azpiegitura ludikoak herdoildu edo hautsita, okertuta, zaharregi, alderdian hondakinak (latak, plastikoak, botilak), eta inguruneko itxitura egoera tamalgarrian.

Ohikoegiak ez diren zerbitzuak

Ibilgailuak azkar konpontzeko lantokia, bisitatu diren zerbitzuguneen %21etan eta ibilgailuak automatikoki garbitzeko instalazioak %45etan bakarrik hauteman zen; erabiltzaileen eskurako dutxak, hiru zerbitzugunetatik bakar batean; eta kutxazain automatikoak, amaitzeko, hamar areatik lautan baino ez.

Are eta bakanagoak dira oinetakoak garbitzeko, kondoiak edo telefono txartelak saltzeko makinak, erabiltzailearen eskurako faxa eta osasun asistentzia.

Esku telefonoaren arrakasta gorabehera, zerbitzuguneen oinarrizko ekipamenduen elementuetako bat telefono publikoa da. Itxaropenak bete ziren, adiera horretan: bisitatu diren 145 areetatik bakar batean hauteman zen telefono kabinarik eza. Beste aldetik, ordea, diren guztien erdiek baino gutxiagok onartzen dute txartela ordaintzeko unean.

Ikerlanari esker berretsi ahal izan dugu gasolindegietan autozerbitzua nagusitu egin dela: hamarretik ia zortzitan erabiltzailea bera da bere ibilgailuan erregaia sartu behar duena.

Bisitatu diren zerbitzuguneek duten hoberena eta okerrena, lurraldez lurralde sailkaturik eta konparaketako taula

Errepideak Ibilbidea Bisitatu diren zerbitzuguneak
A-1 eta AP-1 Madril – Burgos – Gasteiz – Donostia 20
  • Guneetako lurzorua egoera txarrean: 10etik 4k irregulartasunak dituzte.
  • Gasolindegietako komunetan garbitasun eta higienerik eza: 10etik 7 oso zikinak zeuden, edo higiene gabezia nabarmenean. Komunen %65 ez daude ezinduentzat egokituta. Ehuneko hori %55era doa taberna eta jatetxeetako komunetan.
  • Lautik hiruk ez dituzte gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileentzako berariazko aparkalekuak.
  • Hamarretik hiruk bakarrik dute atsedenlekua eta %15ek bakarrik umeentzako jolastokia.

Hoberena:

  • Taberna eta jatetxeetako komun guztiak garbi-garbi daude.
  • 10etik hiruk dituzte bideo zaintza sistemak aparkalekuetan.
  • Denen %90 zabalik daude eguneko 24 orduetan.
  • Jatetxeen %95ek eguneko otordua dute.
Errepideak Ibilbidea Bisitatu diren areak
A-6 eta AP-6 Madril-A Coruña 16

Okerrena:

  • Guneetako lurzorua egoera txarrean: 10etik 4k irregulartasunak dituzte.
  • Gasolindegietako komunetan xaboirik ez, 10etik 2tan.
  • Beharrezkoak diren arren, 10 zerbitzugunetik 4tan ez dago gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileak iristeko arrapalak.
  • Haurrentzako jolastokiak ez daude behar bezala hesiturik hiru kasutik batean. Eta hiru kasutik bitan horrelakoak egoera txarrean daude.
  • Aparkalekuen barruan oinezkoentzako pasabideak: bisitatu diren zerbitzuguneen %75tan ez zegoen horrelakorik.
  • Bisitatu diren guneetatik bakar batek ez zituen seinaleak hizkuntza bat baino gehiagotan adierazita.

Hoberena:

  • Taberna eta jatetxeetako komun guztiak garbi-garbi daude.
  • Lautik hiru zabalik daude eguneko 24 orduetan.
  • Jatetxeen %90ek eguneko otordua dute eta, gainera, batez besteko prezioa azterketa honetako batez bestekoa baino merkeago (8,3 euro).
Errepideak Ibilbidea Bisitatu diren areak
A-3 Madril-Valentzia 17

Okerrena:

  • Zerbitzuguneetan ez dago gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileentzako telefono kabinarik.
  • Haurrentzako jolastokiak daude zerbitzuguneen %17tan bakarrik, den-denak behar bezala mugatu eta hesiturik, egoera onean.
  • Ibilgailu astunetarako aparkaleku bereiztuak: 10 gunetik hiruk ez dituzte horrelakoak
  • Aparkalekuen barruan oinezkoentzako pasabideak: bisitatu diren zortzi zerbitzuguneetatik bakar batean zegoen horrelakorik

Hoberena:

  • Area guztiek lurzorua egoera onean daukate
  • Taberna eta jatetxeetako komun guztiak beste inon bezain garbi daude.
  • Gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileak iristeko eta ume karroentzako arrapalak dituzte bisitatu diren area denek.
  • Gunearen barnean abiadura mugatua seinalez adierazita dago guneen %95etan.
  • Jatetxeen eguneko otorduaren prezioa jatetxeetan: 8,3 euro
Errepideak Ibilbidea Bisitatu diren areak
A-4, A-92, A-44, A-45 Madril – Jaen – Granada – Malaga 22

Okerrena:

  • Gasolindegietako komunetan garbitasunik eza: 10etik 4 zikinak zeuden.
  • Taberna eta jatetxeen %18k zorua zikin-zikina daukate: hondakinak, paperak, zigarrokinak, etc. daude lurrean.
  • Hiru zerbitzugunetik bitan ez dago gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileak iristeko arrapalak, taberna eta jatetxeetako komunen %55etan bezala.
  • Gidari ezinduentzako aparkaleku bereziak: 10 gunetik zortzik ez dituzte horrelakoak
  • Haurrentzako jolastoki gutxi-gutxi: guneen %9tan bakarrik.
  • Eguneko otordu garestia: batez besteko prezioa (9,5 euro) azterketako batez bestekoa baino garestiagoa; batetik bestera, alde handiak: jatetxe garestienean 19 euro eta merkeenean, 6 euro.

Hoberena:

  • Bisitatu diren areen erdietan, hondakinen sailkako jasotzea.
  • Atsedenleku guztiak kontserbazio egoera onean.
  • %95 zabalik daude eguneko 24 orduetan.
  • Seinaleak hizkuntza bat baino gehiagotan daude azterturiko guneen %36tan.
  • Jatetxeen %90ek eguneko otordua dute.
Errepideak Ibilbidea Bisitatu diren areak
A-8 eta AP-8 Donostia – Bilbo – Santander – Oviedo 20

Okerrena:

  • Hondakinen sailkako jasotzea: ibilbide honetan bisitatu diren areen %15etan baizik ez.
  • Jatetxeetan erretzaileentzat mugaturiko areak: establezimenduen %93k ez dute horrelakorik.
  • Ibilgailu astunetarako aparkaleku bereiztuak: guneen %35ek ez dituzte horrelakoak
  • Guneen %5etan bakarrik daude bideo-zaintza sistemak aparkalekuetan
  • Ordutegia: bostetik bat bakarrik dago eguneko 24 orduetan zabalik.

Hoberena:

  • Lurzoruaren egoera ona da guztietan.
  • 10 zerbitzugunetik 9tan bada gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileak iristeko arrapalak.
  • Gidari ezinduentzako aparkaleku bereziak erdiek dituzte
  • Haurrentzako jolastokiak, azterturiko guneen %35tan.
  • Jatetxe denetan eguneko otordua dute; bertako prezioa, txosten honetako batez bestekoa baino merkexeago: 8,7 euro.
Errepideak Ibilbidea Bisitatu diren areak
A-68 eta AP-2 Bilbo – Logroño – Zaragoza – Bartzelona 16

Okerrena:

  • Gasolindegietako lau komunetik hiru zikin.
  • Hondakinen sailkako jasotzea areen %6tan baizik ez
  • Jatetxeetan erretzaileentzat mugaturiko areak: establezimenduen %92k ez dute horrelakorik.
  • Zerbitzuguneen %7tan bakarrik dago gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileak iristeko arrapalak gasolindegietan.
  • Jatetxeen ia %50ek ez dute eguneko otordua. Gainera horko prezioen batez bestekoa azterketa honetakoa baino garestiago da (10 euro, eta azterketa 9 euro).
  • Freskagarri bat hartzeko, taberna garestienak: batez beste 1,7 euro (azterketako batez bestekoa, 1,5 euro).

Hoberena:

  • Hamar taberna eta jatetxetik zortzik dituzte ezinduentzako komunak.
  • Zerbitzuguneen %88tan badago gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileak aparkatzeko toki bereziak.
  • Lautik hiruk atsedenlekuak dituzte
  • Haurrentzako jolastokiak, hiru areatik ia bitan.
Errepideak Ibilbidea Bisitatu diren areak
AP-7 Bartzelona – Tarragona – Castello -Valentzia 16

Okerrena:

  • Hondakinen sailkako jasotzea, areen %8tan bakarrik.
  • Jatetxeen erdiek ez dute eguneko otordua eskaintzen. Eskaintzen dutenetan, azterketa osoko garestienak dira: batez beste 11 euro (azterketakoa, 9 euro). Gasolindegian, ur botilarik garestiena: 1,3 euro, batez beste.

Hoberena:

  • Areen %83k atsedenlekua dute
  • Lautatik hiruk dute umeentzako jolastokiak
  • Taberna eta jatetxeetako komun guztiak garbi-garbi daude.
  • Jatetxeetan erretzaileentzat mugaturiko areak: establezimenduen %83k dute horrelakorik.
  • Zerbitzuguneko jatetxe eta taberna guztietan dago gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileentzako komunak
  • Gidari ezinduentzako aparkaleku bereziak hiru gunetatik bik dituzte
  • Zerbitzu osagarriak: areen %75ek dute kutxazain automatikoa;dutxen %91tan eta kabinen %92tan txartela erabil daiteke.
  • Ibilgailu astunentzako aparkaleku bereiztuak denek dituzte
  • Lautik hirutan, seinaleak hizkuntza bat baino gehiagotan
Errepideak Ibilbidea Bisitatu diren areak
AP-7 eta A-7 Valentzia – Alacant – Murtzia – Almeria 22

Okerrena:

  • Haurrentzako jolastokia areen %18k bakarrik dute
  • Jatetxeetan erretzaileentzat mugaturiko areak: establezimenduen %93k ez dute horrelakorik.
  • Zerbitzuguneen %18tan bakarrik daude gurpildun aulkietan doazen erabiltzaileak aparkatzeko toki bereziak
  • Area barruan abiadura mugatua dago: hiru gunetik bakar batean baino ez

Hoberena:

  • Hondakinen sailkako jasotzea, areen %55tan
  • Bisitatu diren area guztiek erabiltzaile ezinduak edo ume karroak iristeko arrapalak dituzte. Gasolindegietako eta taberna zein jatetxe denek komun egokituak dauzkate.
  • Ibilgailu astunentzako aparkaleku bereiztuak: guneen %96tan dituzte horrelakoak
  • 10etik ia bostetan dituzte bideo-zaintza sistemak aparkalekuetan
  • Jatetxeek eguneko otordu merkeenak dituzte: batez beste 7,9 euro, azterketa honetako batez bestekoa 9 euro izanik.
  • Taberna edo kafetegian, freskagarri merkeenak: 1,1 euro, azterketako batez bestekoa 1,5 euro izaki.

Informatzaile taulak

Instalazioen egoera: higienea, mantentzea eta irisgarritasuna
Bikain %10 aztertutako zerbitzuguneetatik
Oso ongi %13
Ongi %13
Nahiko %17
Erdipurdi %22
Gaizki %6
Oso gaizki %19
Eskainitako zerbitzuen kalitatea eta ugaritasuna
Bikain %16 aztertutako zerbitzuguneetatik
Oso ongi %17
Ongi %13
Nahiko %24
Erdipurdi %18
Gaizki %7
Oso gaizki %5
Zerbitzugunearen segurtasuna
Bikain %18 aztertutako zerbitzuguneetatik
Oso ongi %15
Ongi %8
Nahiko %12
Erdipurdi %0
Gaizki %17
Oso gaizki %30
Zerbitzuguneko seinaleak
Bikain %27 aztertutako zerbitzuguneetatik
Oso ongi %23
Ongi %10
Nahiko %15
Erdipurdi %8
Gaizki %5
Oso gaizki %12