Oihanak

Deforestazioak aurrera, etengabe

1 uztaila de 2004

Deforestazioak aurrera, etengabe

Egun 8.000 arbola espezie desagertzeko zorian daude munduan -berezko izaera basatian bederen-, eta horietatik 976 kinka larrian. Ingurumenaren alorrean diharduten hainbat erakundek, hala nola FFIk (Nazioarteko Flora eta Fauna) eta PNUMAk (NBEko Ingurugiro Agentzia) martxan jarri duten kanpainaren helburua baso iraunkorrak sortzeko plana finkatzea da. Plan hori gorpuzteko tresneria eraginkorra Arrisku Larrian dauden Espezieen Munduko Atlasa osatzea izango da. Ikerlarien arabera, tropikoetan arbola espezie arraro ugari suntsituta daude funtzionalki eta, aditu horiexen kalkuluetan, nazioarteko merkatuan dabilen tropikoetako egurraren ia erdia legez kanpo ebakia da. Beste aldetik, 1960 eta 1990 urteen artean baso tropikalen %20tik gora desagertu zirela uste dute (Asian %33 eta %18 Afrika eta Amerika Latinoan). Egun, Amazoniaren deforestazioa duela hogei urte baino azkarrago doa (arazoak mundu zabalean kezka piztu zuen garaian baino azkarrago, hain zuzen). Datu horiek gorabehera, dena den, basoen galerari eman behar zaion arreta eskaini gabe segitzen dugu, geurean.

Deforestazioaren eraginak

Tokian tokiko eragin kaltegarriak: basoetan edo basoen ustiakuntzatik bizi diren herrientzat, kultura autonomo diren heinean, beraiek bizirik irauteko aukerak amaitzea ondorioztatzen du deforestazioak. Desnutrizio arazoak agertzen dira aurrenik (basoetan dauden funtsezko elikagaiak falta baitira), gaixotasunak eta emigrazioa biderkatzen dira ondoren, eta komunitatea bera ere suntsitu egiten da, azkenean.

Eragin kaltegarri erregionalak: basoak ur, lur, flora eta faunaren iraupena bermatzen duelarik, basoa soiltzeak uholde gaitzak dakartza beti: lehorte latzak, lurren erosioa eta ubideen kutsadura larritu egiten da eta, horrekin batera, oreka ekologikoa hausten denez, izurriteak agertzen dira. Horrek denak hainbat produkzio jardueratan ditu ondore kaltegarriak: nekazaritzan, abeltzaintzan, arrantzan, etc.

Eragin kaltegarriak planetan: klimaren bilakaeran basoak eginkizun biziki garrantzitsuak betetzen dituenez, basoa galtzea gizateria osoak du kaltegarria. Alde batetik, basoen landare masa itzelak osoko klima erregulatzen laguntzen duelako, bai prezipitazio kontuetan, bai tenperatura eta haizeei dagokienez; beste alde batetik, karbono erreserba eskerga den neurrian, basoa desagertzeak negutegi efektua larritzea ondorioztatzen duelako; azkenik, basoa planetako biodibertsitatearen parte handi baten babestoki denez, basoa soiltzean makina bat animalia eta landare espezie ere betirako galtzen direlako.

Deforestazioaren zergatiak

  • Basogintzaren ordez bestelako jarduerak martxan ipintzea (nekazaritza, abeltzaintza, arbola sailak, etc.)
  • Egur alorreko enpresen jarduerak, baso soiltze sarraskitsuak egiten dituelako
  • Urbanizazioak eta azpiegiturak eraikitzea
  • Meategien eta petrolioaren ustiakuntza
  • Euri azidoa
  • Baso suteak
  • Baso azalera zabal-zabalak urez estaltzen dituzten presa hidroelektriko eskergak egitea.
  • “Landatutako baso” gisa sustatzen diren baso sail itzelak; bene-benetan ez dira baso, arbola sailak baizik, eta horien ezarpena eskuarki “behartu du” jatorriko baso sistema erabat soildu eta, horren ordez, espezie exotikoen monokultiboak aldatu izanak.
  • Lurra banatzeko politika
  • Basogintza eta egurgintza irtenbide ekonomikotzat eskaintzen duten eskualdeetara emigratzea.
  • Zuhaitz tropikala kontsumitzen duten herrialde aberatsetako merkatua.

Nola defendatu basoa?

Lehen-lehenik, deforestazio prozesu jakin hori eragin duten zuzeneko eta zeharkako zergatiak eta bertan esku hartutako aktoreak zehaztea, identifikatzea, eta konponbidea emateko neurri estrategikoak jartzea. Baso Ziurtagiria (FSC) ezartzeak lagunduko du basoaren aldeko mugimendu honetan: merkatu agiri horren bidez, egurra edota beste edozein baso produktu (kortxoa, erretxinak, etab.) arduraz eta era jasangarrian kudeatutako baso batetik datozela frogatu eta bermatzen zaio kontsumitzaileari.

Adena/WWF gobernuz kanpoko erakundearen iritziz, deforestazioa eragile askok galaraz dezakete:

  • Kontsumitzailea: eskuratzen dugun egurrezko produktua FSC zigilua bila dezakegu guk eta, era berean, basoen arazoak eta ondorioz FSC produktuak erosteko abantailak jakinaraz diezazkiekegu lagun eta adiskideei. Egiaztagiri gabeko egurra denean, galde diezaiogun merkatariari ea ba ote duen zur hori arduraz ekoitzitako ustiakuntza batetik bermatzen duen bestelako agiririk.
  • Baso jabe eta kudeatzaileak: FSC ziurtagiria beren mendietan ere ezar dezakete.
  • Enpresa transformatzaileak: hornitzaileei FSC egiaztagiriaz bermatuta dauden basoetako produktuak eska diezazkiekete.
  • Komertzioak: hornitzaileei FSC zigiluarekin markaturiko produktuak eskatu behar dizkiete. Horrelakorik ezean, zura legez ustiatutako basoa datorrela frogatzen duen zerbait behintzat exijitu behar dute.
  • Arkitektoak: FSC zigiluarekin markaturiko produktuak eskatu behar dituzte.
  • Udal eta erakunde ofizialak: herrilanak egitean, FSC egur eta produktuen erabilera sustatu behar dute eta, gainera, iritzi publikoari, industriari eta komertzioari begira, ingurune eta gizarte alorretan arduraz kudeaturiko produktuen kontsumoa susta dezakete. Era berean, planeta osoan basoak soiltze eta hondatzeaz eta baso produktuen ardurazko kontsumoaren garrantziaz informazio kanpainak bultza ditzakete.

Baso primarioak

Gizakiaren eskuak eraldatu ez dituen azalera eskergako ekosistemak baso primarioak dira eta, horrenbestez, planetako jatorrizko basoak izan ziren haien hondartzat jotzen dira. Lurrarentzat eta bertako biztanleentzat berebiziko garrantzia badute ere, azkar asko desagertzen ari dira, behin betiko desagertzen, gainera, Greenpeaceren arabera. Baso primarioen %75etik gora hiru area handitan kokatzen dira: Kanada eta Alaskako baso borealetan, Errusiakoetan, Amazoniako baso tropikaletan eta Guyanetako ezkutuan. Espainian ez dago jada baso primariorik baina, hala eta guztiz, bada oraino gizakiaren eskua iritsi gabeko hainbat gune, Pirinioetan edota Kantauri mendilerroan, adibidez. Espazio horiek txikiegiak direnez, ezin daitezke baso primariotzat hartu baina, halaz ere, funtsezkoa da baso zahar helduak bere horretan kontserbatzea, Penintsula Iberikoko basoetan arrisku larrian dagoen baso biodibertsitatearen parte handi baten babestoki direlako.

Araukaria ere, suntsitzear

Txile eta Argentinako Patagoniaren ikurra da araukaria izeneko arbola. Munduko bazter gutxitan bizirik iraun duelarik, Hego Amerikako toki lakar horretara egokitu da, hain zuzen. Hantxe, ia-ia ezin jasanezkoak diren haize eta tenperaturak nozitzen dituzten tokietan zuhaiño sendo eta gogorrenek bakarrik paira dezaketen arren, araukaria haziz eta haziz etorri da, adar zorrotzekin zerua harrapatu nahian. Araukari basoek itsas mailatik 1.000 metrotik gora irauten dute, milurteko erdi edo osoko bizitzan (Hego Amerikako araukariarik zaharrenek 3.000 urte dituzte) bilakaera mantso-mantsoa agertuz, baina 40 metroraino ere iristen dira. Latitude horietan gertatzen diren suteak eta, nola ez, egurraren kalitate aparta dira arbola hori pixkana desagertzea eragiten ari direnak.