Errepidean ere, lasai
Duela hamar bat urtez geroztik Alemania, Holanda, Suitza eta Finlandia Eco Driving programa garatzen ari dira, ibilgailuen gidaritza ekonomikoagoa erdiesteko. Europako Batasunak programa hori estatu kide guztietan ezarri nahi du hurrengo hamar urteetan, gidariak erregaia aurreztu eta, bide batez, ingurugiroarekiko errespetuzko jarrera ager dezan. Prezeptu horiek gida baimena eskuratzeko ikaskuntza sisteman eta ibilgailu asko dituzten enpresa eta erakundeentzako ikastaroetan sartzeko aukera ikertzen ari dira adituak. Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak eginiko kalkuluen arabera, Europako Batasunean urtean kontsumitzen den erregai guztiaren %1eko aurrezki iraunkorrari esker hiru milioi litro aurreztuko lirateke, eta ez litzateke 900.000 tona CO2-ren igorpena egingo: hori guztia urtean 300 milioi euroko aurrezkia litzateke. Espainiako aurrezkia 1.850 milioi eurokoa izan liteke, hau da, erregaietan adierazita, 700 milioi litro gasolio eta 1.650 milioi litro gasolina. Aurreikuspen horien arabera, gidari bakoitzak urtearen buruan 160 euro gehiago edukiko lituzke gidaritzan hainbat arau beteko balitu.
Gidari goazenean, energia aurrezteko eta segurtasuna hobetzeko helburuz, hainbat ohitura hartu eta mantentzea garrantzizkoa dela berretsi duten azterketa ugarietatik, 1999 urtean Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutu (EDAI) espainiarrak eginikoa da azpimarratzekoa. Proba hori egiteko marka eta modelo berbereko bi automobil erabili ziren, eta hirian egin beharreko ibilbidea betetzeko erregai kopuru berbera sartu zen bien deposituetan. Hona agertutako emaitzak: kontuz gidatu zuenak 100 kilometroko 9,8 litro gastatu zituen eta gidaritza oldarkorra praktikatu zuenaren autoak 17,5 litroraino irentsi zituen 100 kilometroko. Adituek gidaritza ekonomikoa egiteko teknikak injekzioko motor modernoei lotuta daudela berresten badute ere, Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren esanetan, aurrezkia ibilgailua martxan jartzean bertan hasten da.
Nola urritu errekinaren gastua
- Ibilbide labur-laburretan automobila ez hartzea. Egiten diren ibilbideen %45 hiru kilometro baino motzagoak dira; horietan 20 litroraino kontsumi dezake ibilgailuak 100 kilometroko, hots, errepidean halako bi. Ibilbide labur horiek egiteko badira alternatibak: garraio publikoa, bizikleta edo oinez joatea, adibidez. Ibilgailua beste hainbat lagunekin parteka dezakegu, automobilak beteago joan daitezen.
- Birak minutuko. Gasolinako automobiletan minutuko 2.000-2.500 biratan ibiltzea eta dieseletan 1.500-2.500 biratan ibiltzea da egokia. Modelo berriko automobilak eroso dabiltza erregimen apal horietan, mekanikak sufritu gabe.
- Bat-bateko azeleratze eta balaztadak. Horrela ez da ibili behar, ahal dela, askoz ere erregai gehiago kontsumitzen baita. Abiadura handian dabilenean gidariak balizko aldaketak aurreikusi behar ditu: adibidez, semaforoa berehala gorri jarriko dela hautematean badu azeleragailutik oina altxatzea, ibilgailuari bere inertziaz iristen utziz eta balazta eta enbragearekin jolastuz, pixkanaka geldiarazteko.
- Segurtasuneko distantzia. Aurreko automobiletik behar bezalako segurtasun distantzia badugu, abiadura erregularrean ibili ahal izango gara, gehiegizko energiarik kontsumitu gabe; horri esker ez dugu egin beharko bat-bateko azeleratze eta balaztadak, erregaiaren %10 – 15 aurreztuz.
- Aldapan behera goazela azeleragailutik oina altxa eta ibilgailuaren inertziaz baliatzea komeni izaten da, doiketa txikiak egiteko uneetan martxa-palanka eta balazta erabiliz. Ez utzi martxa palanka puntu hilean: arriskutsua izateaz gainera, ibilgailuak gehiago kontsumituko du. Behetik gora nahi dugunean, aitzitik, ahalik eta martxa luzeenean jarri behar dugu automobila, azeleragailua abiadura mantentzeko behar dena baino gehiago zapaldu gabe. Martxa aldaketak ordekan baino bira erregimen biziagoan egin behar dira.
- Zirkulazio handia. Karabanan egokitzekotan, automobilak gutxiago kontsumituko du gelditzen ez bada (geldialdi luzeetan izan ezik).
- Ibilgailua abiatzea. Kontaktu giltza biratuz bakarrik abiatzen da motorra, ez da zertan azeleragailua zanpatu. Gasolinazko motorretan kontaktua biratzeko unean abiatu behar da motorra. Dieseletan, berriz, zuhurtziazko bost segundo itxaroteak kontsumo apalagoa ekarriko du.
- Martxak. Ibilgailua abiatu bezain laster hoberena da lehenetik bigarren martxara lehenbailehen aldatzea: martxa zenbat eta luzeago, orduan eta arinagoa izango da gastua. Martxaz aldatzeko ez da zertan azeleragailua beheraino zapaldu, larrialdietan izan ezik, erregai kontsumoa izugarri igotzen baita horrelakoetan.
- Gurpilak. Pneumatikoetan aire gehiegi sartzen badugu oso litekeena da automobilak bihurguneetan egonkortasun txikiagoa izatea. Presio apalegia duten pneumatikoek dezente erregai gehiago gastarazten dute. Gurpilak tarteka aztertzea eta fabrikatzaileak adierazitako neurriak hartzea aholkatzen dute mekanikoek. Pneumatikoen presioa egokia ez bada gurpilak lehenago higatuko dira, malguegi bihurtzen direlako eta gehiago berotzen direlako, kontsumo aurrezkiaren kaltetan.
- Motorra. Motorra egoera onean mantentzeari esker ez du beharrezkoa baino erregai gehiago kontsumituko. Olioa eta aire-iragazkia garbi edukitzeak, hain zuzen, garrantzi handia du, errekuntza eraginkorrago gerta dadin. Bujiek errekuntza-hondakinik gabe eduki behar dira, elektrodoa egoera onean eta injektoreak itxi gabe. Frogatua dagoenez, egoera txarrean dagoen motor berriak egoera onean eta ondo zaindutako motor zaharrak baino gehiago gastatzen du.
- Motorra itzali. Egin beharreko geldialdia minutua baino gehiago irautekoa bada, hobe da automobileko motorra itzaltzea. Errepidetik gidatzean, ibilgailua geldiarazteko premian behar dena baino gasolina gehiago ez kontsumitzeko erarik egokiena automobilaren inertziaz baliatu eta martxa egokian ibiltzea da. Autoa kalatzen hastean bakarrik zapaldu beharko da enbragea.
- Aire egokitua. Aire egokitua axolagabekeriaz erabiltzeak kontsumoa %20raino areago dezake. Bestetik, 100 kilometro orduko leihoak jaitsita ibiltzeak erregaiaren gastua %5ean garestitzen du.
- Ibilgailuan gehiegizko kargarik ez. Sabai gaineko parrillak errekin gehiago kontsumarazten du -hutsik nahiz beteta-: %2tik %35era arte. Erabiltzekoa ez bada, hobe kentzea, beraz.