Lankidetza, noizean behin laguntzea baino hobe
Egituratik beretik injustua den mundu batean bizi gara: biztanlegoaren %15ak ondasunen %85 kontsumitzen duen munduan; baina hala ere, solidaritatea oso modan dago. Zergatiak bilatzen hasita, arrazoi asko eman dezakegu; giza-tragediarik handienen berri berehala izaten dugula (komunikabide gero eta azkarragoei esker) eta horrek erraietan zenbait galdera eragiten dituela, eta hain zaurgarri izanik, gure kontzientzia erosoak mugiarazi egiten dituela esan dezakegu. Baina, zalantzarik gabe, gobernuz kanpoko erakundeak (GKE-ONG) ugaritu izanak ere eragin du solidaritatea gehitzea. Erakunde horiek atsedenik gabe sustatzen dituzte presako interbentzio-kanpainak eta garapen proiektuak, milioiko gizakiren bizitza eta itxaropenak suntsitzen dituzten hondamen naturaletako eta gerretako kaltetuei laguntzeko.
Hala ere, solidaritate olatu hauek, garrantzitsu izanik ere, ez dira inola masiboak: espainiarren %80k inongo GKEtan ez duela laguntzen aitortzen du (ez lanez eta ez diruz), CONSUMER aldizkariak 1998ko abenduko zenbakian kaleratu zuen inkestan jakitera ematen zenez. Hondamen konkretuei erantzuteko sortzen diren ekintza solidarioen alde negatiboa konstantziarik eza da. Herritarren gehiengoak noizean behin baino ez du laguntzen, telebistako irudiek eragindako mugimendu automatiko gisa. Baina une oro hainbat giza tragedia ari da gertatzen, gugandik hurbil edo urrutiago, eta gizartearen aurrean badirudi ez dela ezer gertatzen.
Hemen ere badira baztertuak
Gure kaleetan, ustez garatua den gizarte honen barruan finkatuaz doan pobrezia gunea da Laugarren Mundua. Baztertuek (lana aurkitzeko espektatibarik ez duten langabetuek, behartsuek, toxikomanoek, etxerik gabeko jendeak, baliabiderik eta familiarik gabeko zaharrek…) osatzen dute ahotsik gabekoen taldea, desplazatuena, gizartean eraginik ez dutenena. Modu anonimo batean, inolako erreibindikaziorik aldarrikatu gabe, hilzorian daude, aukerarik gabe, geure muturren aurrean. Euren arazoak -oso larriak izan arren- ez ditu gizarteak kontuan hartzen eta komunikabideentzat ez dira albiste. Halaxe delakoan gaude eta hala behar duela onartzen dugu, etsita.
Baina gizakiak dira eta -gerrako edo hondamen naturaletako biktimek bezala- laguntza behar dute. Solidaritateak, pentsatzen jarrita, ezin du aldian behingo kontua izan. Gaitz jakin batzuk arinduko dituzten eguneroko ekintzak sortzeko jarrera bihurtu behar luke solidaritateak. Eta bide batez, euren sufrimendua zorionez halako arazorik ez dutenena ere badela jakingo dute sufritzen ari direnek. Norberekoikeria eta norbere atetik kanpora gertatzen denaren aurrean bihozgabe izatea oso koherentea da bizi digun mundu honekin.
Bizirik iraun beharra dago: denok lehiara!
Lasterketa horretan sartzen ez dena kanpoan geratzen da. Bidea luzea da eta ez dago denontzat txartelik. Indarrean dagoen mezua hauxe da: “saia zaitez txartela lortzen dutenetakoa izaten”. Horregatik, ikaskide edo lankideak areriotzat hartzen dira sarri. Munduan egoteko dugun modua markatzen duen jarrera indibidualista eta bakartia bultzatzen du horrek guztiak. Baina, hala eta guztiz ere, solidaritate-keinu ederrak ere sortzen dira, eta itxuraz jendeari “kategoria” ematen dion gizarte statusa lortzeko lehian borrokan ari direnen artean ere bai. Elite ekonomikoan finkaturik egonda ekintza solidarioak egiten dituzten pertsonei kontzientzia lasaitu nahi izatea leporatzen zaie.
Eta baliteke hala izatea; baina noizean behin giza laguntzako ekintzaren bat burutzen dugun guztiok ere, barne-barneko balore-sistemarekin kontraesanean dagoen egozentrismo horrek sortzen digun harra baretzeko egingo dugu agian horrelako ekintzaren bat.
Beraz, kritikatzeari utzi eta azter ditzagun geure jokaerak. Nork ez dio inoiz bere buruari galdetu nola jan dezakeen hainbeste mila pezeta bidaietan, otordu pantagrueliko batean edo luxuzko jantzietan, diru horrek pertsona ugariren bizia salbatuko lukeela, edo gutxienez hainbat urtez euren osasuna eta garapen ekonomikoa bermatuko lukeela jakinda? Nolako kontraesana bizi ote dugu, gizakiaren eguneroko tragediari bizkarra emanda izan arren, Mitch hurakana edo Ruandako genozidioa bezalako SOS dei baten aurrean azkar erreakzionatzen dugunok?
Zerk bultzatzen gaitu solidario izatera?
Gizakia inkoherentea eta kontraesanez betea da. Gizabanako bezala eta talde bezala, ekintzarik onenak eta txarrenak egiteko gauza gara. Gehienok, egoista gara eguneroko bizitzan eta noizean behin solidario. Baina norbere izakeraren dimentsio sozialari hazten uzteko beharra dugu, hala ere, askotan behar hori ase ez arren. Gizartean beharrik handiena dutenek eta baztertuek gure beharra izan arren, ez dezagun ahaztu geuk ere badugula haien beharra. Bitarteko materialak ematen dizkiegu, baina trukean geure dimentsio soziala garatzeko aukera ematen ditugu, gizakiago sentitzeko modua. Eta gure bizitza indibidualista zalantzan jartzen laguntzen digute. Solidaritatea landu beharreko esparrua dugu, gure izakera osotasunean garatuko bada. Baina ez dugu hori lortuko gure laguntza lankidetza bihurtzen ez den artean; lankidetza edo kooperazioak ez baitu zerikusirik aldian behingo giza-laguntzarekin eta karitatearekin.
Kooperazioaren bidez, behartsuek euren garapenaren agente izan behar dutela sinistera iristen gara eta beraz, euren emantzipazio-prozesuan parte hartu behar dutela ohartzera. Kooperazioak modu antolatu eta iraunkorrean jardutea esan nahi du, hondamendien zain egon gabe lan egitea. Horretarako daude GKEak. Era guztietakoak ditugu, orain bereziki gure ingurune hurbileko giza-marginazioaren arazoa eta Hirugarren Munduko azpigarapena arintzen saiatzen direnez dihardugun arren. Gure kezkei erantzunik egokiena ematen dietenetan parte hartzea da garrantzitsuena, edo diru apur bat emanda baino modu aktiboago batean inplikatzen uzten digutenetan sartzea. Gure denbora edo gaitasun pertsonal zein profesionala eskainiaz, esatera baterako.
- Ireki ditzagun begi-belarriak ingurukoen beharretara, desatsegin gertatu arren.
- Galde diezaiogun geure buruari gizarteko bazterkeriaren eta giza tragedien zergatiaz. Aztertu, epaitu, iritzia eman eta inplikatzea litzateke prozesu logiko eta koherenteena. Alboan geratuta, geure beirazko kanpaiaren barruan isolaturik sentitzea besterik ez dugu lortuko.
- Lankidetzarako eta bidea elkarrekin egiteko modu asko dago. GKEak edozein laguntza motaren zain daude. Gogoan izan dezagun laguntzarik garrantzitsuena ez dela beti dirua izaten.
- Baztertuak albora utzita ez dago aurrerapenik, ondasun materialak dituztenak ez baitira guztiz garatuko munduko mahaian gizakien %85 falta den bitartean.
- Azkenean, gizatasuna besterik ez da geratzen, beste pertsona batzuekin pertsona izateak ematen duen poza. Diruak laguntzen du zoriontsu izaten, baina bistakoa da hori ez dela garrantzitsuena. Adiskideetan, hurbiltasunean eta sentimenduetan aberats izateak ematen du benetako poza.
- Besteek guretzat garrantzirik ez badute, behartsu izango gara gizatasunean, pertsona gisa.
- “Neu eta nire gora-beherak naiz ni” esan zuen Ortegak. Eta nire zirkunstantzia esanguratsuena besteak dira. Eurak nire bizitzaren parte ez badira, errealitate mugatua naiz ni.