Viagra (gizonezkoen sexu-inpotentziaren aurkako botika) eta Propecia (burusoiltzearen kontrako erremedioa) kaleratu ondoren, iritsi da farmazietara pilula erako mirari berria.
Loditasunaren aurkako pilula "miragarria"
Xenical du izena, medikuaren aginduz hartzekoa, pertsona lodientzat bakarrik da eta bere aldekoen esanetan, gutxitu egiten du loditasuna. Botika berri honek dezenteko interesa sortu du Espainian, bost milioi pertsona lodi baitaude bertan.
7.000 pertsona oso gizenekin egindako ikerketa batean, lau gaixotatik hiruk %5eko pisu-galera izan zuten botika hau hartuta. Ez da, beraz, aparteko emaitza. Dieta hipokaloriko orekatu bat medikuarekin eginda eta zorrotz beteta, askoz emaitza hobeak lortu ohi dira gehienetan. Kopuruekin jarraituz, Xenical botikarekin tratamendua egitea 192.000 pezeta inguru kostatzen da (emaitza urtebetera antzematen da) eta erabiltzaileek oso-osorik ordaindu behar du, Gizarte Segurantzak ez baitu bere gain hartzen. Aditu zenbaitek dioenez, bizi osoan hartu behar da Xenical eraginik izango badu eta dietarekin batera eta ariketa fisikoa eginez egin behar da tratamendua.
Orain arteko argaltzeko botikek jateko gogoa gutxitzen zuten, baina pilula berri honen mekanismoak ez du horrekin inolako zerikusirik. Botika honen printzipio aktiboa orlistat-a da, lipasen -xurgaketa errazteko hesteetan gantzak hausten dituzten liseriketa-enzimen- inhibitzailea. Horrela, hartutako gantzen %30 hesteetan asimilatzea eragotzi egiten da. Osasun arloko agintari batzuen aburuz, pilula hau ez da inola ere mirarigilea, bere eraginkortasuna “txikia edo, asko jota, ertaina” baita. Adierazpen hauen aurrean, Osasun Ministerioak zorionaren pilula honi eta beste batzuri buruzko jarrera garbia hartzea faltan botatzen dugu. Eta bistakoa da, gainera, botika hauek, eraginkortasun zalantzazkoa izateaz gain, efektu sekundarioak dituztela.
Xenicalak, bitamina liposolugarrien zurgapena eragozten duen botikak (hargatik gomendatzen dute fruitu eta barazki ugari edo osagarri polibitaminikoak hartzea) ondestetiko orban oliotsuak eragiten dizkio hartzaileen %27ari eta %24ari flatulentzia eta goroski-deskarga; erabiltzaileen %22ak presaka joan behar izaten du komunera; %20ak gorozki koipetsuak egiten ditu; %12ak obratze oliotsuak; %11k sarriago libratzen dela antzematen du eta %8ak inkontinentzia fekala izaten du. Bistan da erabiltzaileak hartu behar duela erabakia; baina pilula hauek jendearen bizitza-kalitatea kaltetzen duten arazoak konpontzeko pentsatuak ote diren ala marketing-produktu hutsak ote diren galdetzen diogu geure buruari, eta produktuon helburu nagusia farmazia-industriaren emaitza-kontuak hobetzea ez ote den.
Aurki Sibutramina aurkituko dugu merkatuan: burmuinaren mezu kimikoengan eraginez kontsumitzen den kaloria kopurua urritu eta asetze-sentsazioa gehitzen duen botika. Eta horren atzetik, zer iritsiko ote da? .