Ezpainetako herpesa
Lehen egunetan, birusa hor dela gogoraraziko digu ezpainetako herpesak eragiten duen sumindura bereziak. Bizi guztian zehar noizbaiten ia guztiok izan dugun herpes mota hau, zorionez, molestia iragankorra baino ez da izaten eta nahiko tratamendu eraginkorrak izaten ditu. Baina zenbait pertsonari deserosotasun handiak sortzen dizkio gaitz hau sarri izateak.
Herpesarena birus-familia zabala da eta erasotzeko eta infektatzeko ahalmenaren eta sortzen dituen lesioen aldetik, desberdintasun handiak antzematen dira. Maizen agertzen dena Herpes arruntaren birusa (HAB) da. Biztanlegoaren %90ari eragiten dio bizitzako uneren batean. Kasurik gehienetan era esporadikoan agertu ohi da HABaren infekzioa, sukar nahiz katarroarekin, esfortzu fisiko handi batekin, eguzkiaren izpi ultravioletak hartzen luzaro egondakoan, estres egoeretan, traumatismoekin edo hotz handiarekin batera; egoera horiek guztiak izan daitezke herpesa eragiteko faktore. Baina badakigu herpesaren prozesua jasaten duen biztanlegoaren %15ean errepikatu egiten dela, maiztasunez azaltzen baita, hilean behin edo urtean behin edo bi aldiz agian. Kasu berezia hilekoarekin batera infekzio mota hau izaten duten emakumeena izaten da.
Herpesa gehienetan ezpainetan eta aho inguruan kokatzen den arren, begietan edo genitaletan ere sor daiteke. Bi kasu horietan larriagoa izaten da arazoa.
Herpesa kontaktu fisikoaren bidez baino ez da kutsatzen, pertsona infektatua sintomaduna edo sintoma gabea izanda ere; izan ere, kasu batzutan herpesaren eramale izan gaitezke inolako agerpenik izan gabe, inkubazio-aldian dagoelako edo herpes-jariaketak direlako. Musua, sexu-harremanak eta erditzea dira kutsatzeko modurik ohikoenak. Haurtzaroan ere oso ohiko izaten da herpes sinplea, ia sintomarik gabe pasatzen dena edo faringitisa edo estomatitisa eragiten dituena. Hasierako infekzio horrek erantzun inmunologikoa izaten du, HABaren aurkako antigorputzaz berariazko defentsen bidez. Halaz ere, birusa indarberritu egin daiteke aldian behin nerbio trigeminoaren ganglioan (hasierako infekzioaren kokapenik ohikoenean) eta trigeminoan herpes-lesioak eragin: ezpainetan, ahoko mukosan, begietako kornean edo nerbio trigeminoak inerbaturiko aurpegiko beste leku batzuetan. Hau da, gorputzak defentsak sortu arren, inmunitatea ez da erabatekoa izaten eta baliteke infekzioa berriro agertzea.
Sendabide ona
Infekzioak ez du bereziki sexu eta adin jakin batzuetan eragiten: berdintsu agertzen da gizonezko nahiz emakumezkoetan eta haurtzarotik hasi eta zahartzarora aurki daiteke, sasoiko pertsona helduen artean gehiago ematen bada ere. Giza organismoa kutsatzen denean, inkubazio aldia 3 eta 7 egun bitartekoa izaten da, edo egun gehiagokoa batzuetan. Epe horretan zehar ez da ia sintomarik izaten. Lehenengo agertzen direnak azkura, inurridura eta erremina izaten dira eta afektaturiko gunea gorrituago agertu ohi da.
24 orduren buruan handitu egiten da eta kordaka pilaturiko besikula txiki mingarriak agertzen dira; bi edo hiru egunen buruan apurtu edo urratu egiten dira baba horiek eta ultzera txikiak sortzen. Babak sortu eta ultzeratze hau izaten da aldirik minberena. Eta herpesa ezpainetan badago, eragozpen eta mingarri gerta daitezke jatea, hitz egitea edo ahoa irekitzea bera ere.
Ultzera txiki horiek hiru edo lau egunez irauten dute eta egun horiek pasatakoan, zarakarrak estaltzen du zauria; beste hiru bat egunean erortzen hasiko da. Horrexek adierazten du gaitza ia sendatuan dagoela. Guztira 11-15 egun bitarteko prozesua izaten da.
Kasurik gehienetan pronostiko ona izaten du ezpainetako herpesak eta zauriak erabat sendatzen dira, arrastorik utzi gabe. Baina ez da beti horrela izaten. Pertsona batzuk arazoa behin eta berriz errepikatzen dela ikusten dute desesperaturik eta maiztasun horrek gogait eragin diezaioke jasaten duenari. Gehienetan maiztasuna urritu egiten da adinean aurrera goazen neurrian eta kasu askotan erabat desagertzen da herpesa. Gehienetan, eta lesioen itxura berezia dela eta, ez da inolako analisirik egin behar izaten, diagonostikoa egiteko laboratorioko froga bereziak ere badiren arren.
- Ezpainetako herpesa birusaurkako krema erako agenteekin tratatzen da (aciclovir, penciclovir), lesioak dauden lekuan emanez. Sendatzeko denbora gutxitu, mina arindu eta birusa eta ondorioz lesioak hedatzea ekidin egiten da. Sendagaia lehen sintomak agertzen direnean ematea izaten da egokiena.
- Edozein modutan, zenbaitek nahiago izaten du botikarik ez erabiltzea eta ezpaineko herpesaren prozesuari berez pasatzen uztea. Hori ere ez dago gaizki, gaitza ez baita larria. Norbere erabakia da.
- Ezpaineko herpesa sarri izaten dutenek, bereziki zaindu behar dute kremak garaiz -lehen sintomak somatu orduko- ematea.
- Ezpainetako herpesa ohiko dutenek, eguzkitarako filtroak dituzten ezpainetarako kremak erabili behar lituzkete eskiatzera, mendira edo hondartzara joateko. UV erradiazioak saihesten dituzte eta ezpainetako mukosa babesten duten bestelako sustantziak ere izaten dituzte produktuok.
- Herpesa gainditu ondorenerako, ezpaineko epitelioko lesioak sendatzen dituzten produktuak izaten dira botiketan.
- Arazo honentzat ez da komeni kortikoideak dituzten pomada edo prestakinik erabiltzea.
- Ezpainekin beste pertsona batzuk ukitzea ebitatu egin behar da, herpesa nahiko kutsagarria baita: musuek edo ezpain bidezko bestelako laztanek birusa kutsa dezakete; herpesa sendatu arte itxarotea komeni da, beraz. Arreta berezia jarri beharra dago infektatuaren ezpainekin izandako sexu-harremanetan.