Ogi gorrituaren kirrizkaria
Aski merkeak dira, izan ere, Tefal eta Moulinex bakarrik kostatzen baitira 5.000 pezetatik gora, 6.000 pezetara iristeke. Gainerako laginen prezioak 3.856 pezetatik (Fagor) 4.623 pezetara (Ufesa) doa.
Erabiltzeko gaitasuna egiaztatzeko probetan ateratako ondorio nagusia, ogia xigortzeko denek balio dutela izan da. Nolanahi ere, aparailu batetik bestera badaude aldeak, xerrak xigortzearen bukaerari dagozkionak (gorritua, uniformetasuna, etab.).
Aparailuen artean energia elektrikoaren kontsumoan ere aldeak hauteman baziren ere, desmaila horiek ekonomikoki ez dira oso nabarmenak ez, hortaz, energi aurrezkiari dagokionez, ez dute berebiziko garrantzirik. Beste alde batetik, xigorgailu elektriko guztiak behar bezala etiketatuak daude, erabiltzeko eta garbitzeko errazak dira eta, gutxienez, urtebeteko garantia eskaintzen dute.
Segurtasun-probetako azpimarragarria: Solacek xerrak kiskali egin zituen aparailuaren potentzia gorenean, egozkailu automatikoak funtzionatu ez zuelako. Aparailu honen segurtasun elektrikoak, bestetik, huts egiten zuen: bidez kontrako jardueran (ogiaren irteera automatikoa eragiten duen gailua oztopatuz, alegia) sukartu eta erre egin zen zeharo.
Ogi xigortua, puntu-puntuan
Xigorgailu hauen gaitasun-probak, familiarentzako gosari antzeko bat prestatuz eratu ziren: sei ogi-xerra xigortzea, alegia, bukaera (gorritzearen intentsitatea, uniformetasuna ogiaren azalera osoan, eta xigorturiko xerren kanpoaldea kirrizkari eta barnealdea samur egotea), lanean emaniko denbora eta kontsumitutako energia elektrikoa baloratuz. Termostatoa, fabrikatzaileak aholkaturiko denbora-posizio apalenean, ertainean eta gorenean ipinita egin zen saiakera. Gutxieneko denboran, aparailu guztiek xerren bukaera ona lortu bazuten ere, Moulinex eta Ufesakoek xigorturiko ogien beheko izkinak gorriegi agertu ziren. Moulinex, Philips, Rowenta eta Tefalek atera zituzten xerrarik kirrizkarienak. Sei xerrak xigortzeko denbora gutxien behar izan zuen aparailua Jata izan zen: 2 minutu eta 44 segundu; denbora gehiena, berriz, Ufesa: 4 minutu eta 30 segundu. Xigortze ertainean emaitzarik uniformeenak ez ezik, onenak ere lortzen direla frogatu zen. Jatak eta Solacek izan ezik (hauen emaitzak txarra eta oso txarra izan baitziren, hurrenez hurren), aparailu guztiek gorritze uniforme eta egokia erdietsi zuten. Denbora gutxien behar izan zuena, berriro ere, Jata izan zen: 4 minutu pasatxo, eta mantsoena Solac, 9 minutu luze.
Xigor-xigor eginiko xerra gustukoa duenarentzat, xigorgailurik onenak Rowenta eta Tefal dira; txarrenak, aldiz, Moulinex eta Solac.
Uniformetasunean Jatak ere emaitza txarra lortu zuenez, aparailu horrek lorturiko osoko bukaeraren balorazioa “arrunta” besterik ez zen izan. Philipsek 7 minutu bakarrik behar izan zituen bitartean, Ufesa 10 minuturaino luzatu zen. Solac markakoaren txandan denbora neurtzerik ez zen izan, erregulatzailea goreneko posizioan jarrita, ogi xerrak kiskali egin ziren, egozkailuak ez baitzuen funtzionatu. Posizio horretan, beraz, ezin utz daiteke ogirik aparailua zaindu gabe.
Xehetasun interesgarriak
Xigorgailua zenbat eta garestiago izan, orduan eta xehetasun ugariago dauzka, xigortze-sistema lagin guztietan ber-bera bada ere. Moulinexek bakarrik eskaintzen du aukera xerrak berriro berotzeko edo alde bakarretik gorritzeko: erabiltzaileak gustukoa du aukera hori, era horretan xerra kirrizkari eta samurra ateratzen delako. Gainontzeko aparailuek xerraren bi aldeak xigortzen dituzte beti. Fagor, Jata, Moulinex eta Solac markakoek, opilak berotu ahal izateko moduko euskarri finkoa daukate.
Erregulatzaile edo tenporizadore baten bitartez, xigortze-maila egokitzeko aukera denek ematen dute; horri esker, prozesua edozein unetan eten egin daiteke. Aparailuren batek, ogi izoztua xigortzeko aukera ere eskaintzen du. Baina, egiari zor, horrelakorik ez da beharrezkoa, xerra nahi bezain gorriturik ez dagoela ikusirik, denbora luzatzea aski baita. Ogia bero mantentzeko posizioa eskaintzen du Moulinexek, baina arazoa ikusten zaio: ogiak xigorgailuan luze irauten badu, lehortu egiten da. Aparailu gehienek erdiratze automatikoa dutenez, horri esker xerra erresistentzietatik distantzia berdinera dago eta, hortaz, bi azaleretan gorritze beretsua erdiesten da.
Xigorgailuen ezaugarrietan desberdintasunik ez dago, kasik: neurri eta pisu beretsukoak dira denak eta bi xerraraino sartzeko moduko arteka dute. Ogi-apurrak jasotzeko kaxoia ere badaukate. Aparailuaren irteeratik entxuferaino, kablearen luzera 97 eta 120 zentimetro bitartekoa da; Philipsek dauka luzeena eta Solac eta Fagorek laburrenak. Kablea biltzeko erlaitzak ez dituen marka bakarra Solac da. Azterlarien iritziz eta aurreko esperientzietan euskarri hartuta, Fagor, Jata, Moulinex eta Solacen ergonomia ongi baloratu duten bitartean, Philips, Rowenta, Tefal eta Ufesa markakoena arrunta besterik ez da. Fagor, Moulinex, Philips eta Ufesak, gainera, kanpoko itxura eta bukaera ona agertzen dute.
Norbera ez erretzea
Azterketa honetan, indarrean dagoen arauteria aplikatu da, aurrerantzean merkaturatzen diren aparailuek bete beharko dutena, alegia. Lehenago irten zirenek, unean uneko araua errespetatu behar izan zuten. Baina mesedegarria da egun indarrean dagoena den-denek betetzea, gaurregungoa aurrekoak baino zorrotzagoa delako.
Xigorgailuak, energia elektrikoz elikaturiko aparailuak dira; erresistentzien bitartez, energia hori bero-indar bihurtzen dute eta honek ogia xigortzen du. Jata, Moulinex eta Solacek elementu berotzaile gisa kuartzozko barrak darabiltzate, Rowenta eta Tefalek hari-erresistentziak eta Fagor, Philips eta Ufesak, azalera beroa. Soil-soilak direnez, ez dute egitura-arazo berezirik agertzen; halaz ere, baliteke erabiltzaileak erredurarik nozitzea edo, areago (kasu bakanen batean, egiari zor) shock elektrikoa gertatzea, behar bezala baliatzen ez badira. Horrenbestez, elektrizitate eta beroari dagokien segurtasunak garrantzi handia du. Solacekoak izan ezik, azterturiko beste guztiek segurtasun elektrikoa dute (shock elektrikoak, ihes-korrontea, lurrerako hartunedun zirkuitua luzatzea, zurruntasun dielektrikoa, behar ez bezala funtzionatzea, beroaren eta suaren kontrako erresistentzia), arauen araberakoa. Ogi-xerra kanporatzea eragotzi zen saiakeran, Solac markakoa zeharo erre zen. Xerrak xigortzen dituzten erresistentzietatik oso gertu ditu plastikozko piezak eta, horrela, ogia suak hartzen duenean, aparailua bera ere izeki egiten da. Egun indarrean dagoen segurtasun araua ez du betetzen. Nolanahi ere, aparailu hau fabrikatu zen garaian indarrean zegoen arauak ez zuen derrigortzen honelako probak gainditzerik. Badago saltzea, beraz.
Kanpoaldeko berotzeari dagozkion emaitzak arauaren araberakoak dira. Rowenta markakoan bakarrik izan zen baimendutakoa baino handiagoa baina, plastikozko zatietan gertatzen zenez eta elikatze-kablea nekez ukituko luketen kanpoaldeko metalezko parterik ez zuenez, emaitzak zuzenak direla esan dezakegu. Arauaren barneko badira ere, Rowenta, Moulinex, Jata eta Tefal markakoetan iritsitako kanpoko tenperaturek erredurak nozitzeko arriskua areagotu egiten dute. Berotzea dela eta, Fagor markakoak eraman zuen puntuaziorik onena.
Gehien berotu zen zatia aurrealdea izan zen, Philips eta Ufesakoetan izan ezik: hauetan, alboko goialdeak harrapatu zuen tenperatura altuena. Moulinex, Rowenta, Solac eta Ufesak azalera isolatzaileak dauzkate, erredura edo antzeko istripurik gerta ez dakion erabiltzaileari.
Egiturari dagokiola (erresistentzia mekanikoa, sarerako lotunea eta elikatze-kablea, kanpo-kableetarako borneak, barnealdeko kableak, egonkortasuna eta arrisku mekanikoak), arauaren araberakoak dira denak. Bukaera ona zein dauzkan lotuneen sendotasunagatik, Philipsen kalitatea nabarmendu beharra dago: umeentzako babes-sistema daukan bakarra da berau. Elkargarritasun elektromagnetikoari goazkiola, denek betetzen dute araua.
Etiketa eta argibideak
Xigorgailuen ezaugarriak adierazten dituen xaflan agertu beharreko datu guztiak dauden, datu horiek egiazkoekin bat datozen eta espainolez idatzirik dauden bilatu da: emaitzak zuzenak diren arren, Rowenta, Tefal eta Ufesa markakoetan datuak ezabatu egiten ziren, garbikariekin igurtziz.
Beste alde batetik, erabilera eta mantenimenduari buruzko argibide egokiak ematen dituzte aparailu denek, beharrezko azalpenak espainolez idatzita, arauak xedatutakoa beteaz. Dokumentazioan fabrikatzaileek ematen dituzten asistentzi zentroen zerrendak luzeak dira, oro har: 421 (Solac) eta 190 (Fagor) bitartean, Philipsek bakar bat (Madrilen dagoena) aipatzen badu ere.
Xigorgailuetako ordezko piezen bermealdia zenbatekoa den ez du batek ere aipatzen. Neurturiko eta adierazitako potentzien arteko desbideraketa, kasu guztietan, onartutakoaren barnean dago. Xigorgailu hauen erabilera eta maneiaketari balorazio ona eman zaie, Ufesakoaren kasuan izan ezik: arrunt bezala baloratu da hau. Erabiltzeko gidaliburuaren ulergarritasuna eta aplikatzeko erraztasuna ere onak dira denetan. Mantentimendu eta garbiketa errazena duten aparailuak, azkenik, Philips eta Tefal markakoak dira.
Denek eskaintzen dute 12 hilabeteko bermea, Ufesakoak izan ezik, honek hiru halako ematen baitu. Aparailuarekin batera eskuratzen diren orri gehigarrietan agertzen dira ziurtagiriak, Moulinex eta Solac xigorgailuen kasuan izan ezik: hauei dagokiena enbalajean dator. Eskatu beharreko datu guztiak biltzen dira ziurtagiri horietan eta, gainera, 1996 urteaz geroztik derrigorrezkoa den EEEko adostasun-marka ere agertzen da bertan.
Laburbilduz
Laburbilduz
- Ogi-xerrak xigortzen dituzten zortzi aparailu elektriko aztertu dira: Fagor TE195, Jata 595, Moulinex Senso-Express, Philips HD 4840/B, Rowenta TP 501, Solac 580, Tefal Classic Electronic eta Ufesa TT-7654. Merkeak dira denak: Tefal eta Moulinex bakarrik kostatzen dira 5.000 pezetatik gora. Gainontzekoen prezioak 3.856 pta. (Fagor) eta 4.623 pezeta (Ufesa) bitartean dabiltza.
- Erabiltzeko gaitasun-probek erakutsi dutenez, denek balio dute lanerako, xerrak xigortzean aparailu batetik bestera aldeak hautematen diren arren (gorritua, uniformetasuna). Solac (gaizki bi posiziotan) eta Jata (gaizki posizio batean) markakoek izan ezik, termostatoko hiru posizioetan ogia ongi xigortzen dute aparailu denek. Batzuk besteak baino mantsoago dabiltza: azkarrena Jata da.
- Solacekoak, goreneko posizioan, xerrak kiskali egin zituen, egozkailu automatikoak ez baitzuen funtzionatu. Bidez kontrako jardueran (ogiaren kanporaketa automatikoa eragotzita), gainera, aparailua suak hartu zuen.
- Ongi etiketatuak daude denak, erabiltzeko eta garbitzeko errazak dira eta, gutxienez, urtebeteko garantia ematen dute.
- Kalitate-prezio erlaziorik onena Fagor TE195 da: merkeena da bera (3.856 pezeta) eta baloratutako alderdi guztietan emaitza onak lortu ditu.
- Gehixeago ordaintzeko prest dagoenarentzat, beste aukera polit bat Philips HD 4840/B da (4.367 pezeta): xigorketan emaitza on-onak erdiesten ditu, egituraz kalitate onekoa da eta, bai mantentzeko, bai garbitzeko ere, erraza da oso.
Bannan-bannan
Xigorgailu elektrikoak, banan-banan
Fagor TE.195
- Prezioa: 3.856 pezeta (aztertutakoetan merkeena), kalitate-prezio erlaziorik hoberena.
- Ogi xigor gorritu, kirrizkari eta uniformeak prestatzen ditu hiru posizioetan. Opilak berotzeko moduko euskarri finko gehigarria du.
- Kanpoko itxura eta bukaera onak ditu. Kanpoaldea gutxien berotzen den xigorgailua da hau.
Philips HD 4840/B
- Prezioa: 4.367 pezeta, aztertutakoetan hoberena. Oso interesgarria.
- Ogi xigor gorritu, kirrizkari eta uniformeak prestatzen ditu hiru posizioetan. Kalitateko egitura eta elkargarritasun elektromagnetikoa ditu nabarmendu beharreko alderdiak; mantenimendu eta garbiketarik errazenak eskaintzen ditu.
Rowenta TP 501
- Prezioa: 4.558 pezeta. Ogi xigor gorritu, kirrizkari eta uniformeak prestatzen ditu hiru posizioetan eta, potentzia goreneko posizioan, xigortze onena lortzen du, eginkizun horretan dezente luzatzen bada ere: 9 minutu baino gehiago.
- Erabiltzaileak erredurarik jasan ez dezan, pareta hotz isolatuak ditu, baina kanpoaldean agertzen duen beroketa, baimendutakoa baino handiagoa da.
Ufesa TT-7654
- Prezioa: 4.623 pezeta. Ogi xigor gorritu, kirrizkari eta uniformeak prestatzen ditu hiru posizioetan.
- Kanpoko itxura ona eta asetzeko moduko bukaera du. Erabiltzaileak erredurarik jasan ez dezan, pareta hotz isolatuak ditu.
- Honek bakarrik eskaintzen du 36 hilabeteko bermealdia, gainontzekoen hiru halako, alegia.
Jata 595
- Prezioa: 4.150 pezeta. Edozein posiziotan, ogia xigortzeko denbora gutxien behar duena. Halaz ere, xerrak gorritzean uniformetasunari zegokionez, xigortzeko denbora luzeenean emaitza txarra lortu zuen eta erdipurdikoa, berriz, erdiko posizioan.
- Opilak berotzeko euskarri osagarria du. Kanpoaldea biziki berotzen da.
Moulinex Sensoexpress
- Prezioa: 5.466 pezeta. Denbora laburrenean ona den arren, luzeenean emaitza txarrena lortu du. Bukaera, kanpoko itxura eta ergonomia onak.
- Xerrak birberotzen dituen eta ogiaren azalera bakarra xigortzen duen bakarra da hau. Xigorketan, tenperatura garaiak, baina arauaren barnekoak.
- Erabiltzaileak erredurarik jasan ez dezan, pareta isolatuak ditu. Ikurrak nahasgarri ditu eta gelditzeko botoia, berriz, ez da oso nabarmen.
Tefal Classic Electronic
- Prezioa: 5.990 pezeta. Garestiena. Denbora luzeen eta laburrenean, oso emaitza onak.
- Arauaren barne badago ere, kanpoaldeak tenperatura handiegia hartzen du. Adierazpenak ez daude argi, kolore eta zenbaki ilunak baitarabiltza.
- Xigorturiko xerrak kirrizkari eta homogeno ateratzen dira, xigortze-denbora zeinahi dela ere. Xaflan agertzen diren ezaugarriak ezabatu egiten dira, garbikariekin igurtziz.
Solac 580
- Prezioa: 4.290 pezeta. Azterketako xigorgailurik txarrena. Erdiko posizioan ez zuen ogia ongi xigortzen eta goreneko posizioan, berriz, kiskali egin zuen, egozkailu automatikoak funtzionatu ez zuelako.
- Energia gehien kontsumitzen duena da. Kablea biltzeko erlaitzak ez dituen bakarra. Kanpoaldera tenperatura epel iristen da eta, erabiltzaileak erredurarik jasan ez dezan, pareta isolatuak ditu.
- Opilak berotzeko euskarri finko gehigarria ere badu. Ogi-xerra suak hartzean aparailua ere erre egiten da, erresistentzietatik oso gertu plastikozko zatiak baitauzka.
- Egun indarrean dagoen segurtasun-araua ez du betetzen; bai, ordea, merkaturatu zen unekoa.