Gorputz-atal guztiak dira garrantzitsuak, baina goiko gorputz-adarrak (beso eta eskuak) ditugu lantresna nagusi eta horiek ondo izatea funtsezkoa da eguneroko bizitzako ekintzarik ohikoenetan.
Goiko gorputz-adarrak ditugu lantresna nagusiak
Ukondo eta eskumuturrean arraroa da degenerazio edo hanturazko gaitzik izatea, baina sorbaldan sarritan izaten dira horrelakoak. Norabide guztietako mugikortasun handia duen artikulazioa da sorbalda, artikulazioen artean kontaktu txikia izan arren kapsula batez indartua eta inguruan giharre eta tendoi ugari dituena; besoa eta besaurrea mugiarazteaz gain, indartu eta babestu egiten du. Sorbalda minberaren koadro klinikoak mina eta sorbaldaren mugikortasuna mugaturik izatea ditu ezaugarri. Gero eta kontsulta gehiago eragiten ditu arazo honek: biztanlegoaren %4 – %7 inguruk du gaur egun arazo hau, gizonezkoetan batez ere. Gaitzaren hasiera maltzurra eta geldoa izaten da: mugimendu jakin batzuen ondoren edo gauez hasten da mina. Hasieran txikia izaten da sarritan, eta ez zaio garrantzirik ematen, baina gerora areagotu egiten da edo nabarmen mugatzen da besoaren mugikortasuna.
Mina den lekuan, ilar izoztuen poltsa
Hainbat arrazoik eragin dezake sorbalda minberaren gaitza (hezur, muskulu eta tendoien egitura ugari baitugu) baina sarrien gertatzen direnak bizkarrezurraren gainaldeko giharrearen muskuluaren lesioa, bizepsa-ren zati luzeko tendinitisa eta sindrome subakromiala dira. Bizkarrezurraren gainaldeko tendoiak, azpikoak eta tendoi biribil txikiak birakarien zorroa izenekoa osatzen dute: artikulazioa babesten duen egituretako bat, sarri lesionatzen dena, alegia. Besoa sorbaldatik gora jasotzen denean, tendoiz osatutako egitura horrek goraxeago dagoen akromionaren beheko ertza ukitzen du eta inflamazioak, urratuak eta hausturak sortzen ditu. Igerilariek eta lanean besoak sorbaldaren gainetik erabili behar izaten dituztenek, sarri izaten dute lesio mota hau. Besoa jasotzeko ahalegina egiten denean sortzen da mina.
Gauez, lotarako jarrera erosorik hartu ezina eragiten du minak. Sorbaldatik gora jaso ezean, normal erabili ahal izaten da besoa. Gaitzaren diagnostikoa erraza da, baina tratamenduak arazoak sor ditzake. Atsedena da gauzarik garrantzitsuena: aste bat edo bian atsedena eman beharko diogu artikulazioari eta leku minberan izotza jarri, egunean bi aldiz. Hotza jartzeko modu egoki bat ilar izoztuen poltsa erabil daiteke, oso ondo moldatzen baita sorbaldaren egiturara; erabili eta gero, izozkailuan sartzen da berriro, hurrengorako. Mina etengabea eta gogaikarria bada, ahotiko antiinflamatorioak har daitezke bi edo hiru astez. Tratamendu horren ondoren koadroa aldatzen ez bada, kortikoide-infiltrazioekin egin daiteke aproba, baina besterik ezean eta adituen aholkuarekin, tendoia infiltratzeko arriskua baitago.
Bizkarrezur gainaldekoaren tendinitis hauxe da 15 eta 35 urte bitartekoen artean (baita 50 urte artekoetan ere) sorbaldako mina eragiten duen arrazoi nagusia. Adin horretatik gorakoetan, berriz, sindrome subakromiala izaten da gehienetan minaren jatorria.
Beste gaitz mota bat
Sindrome subakromiala oso erlazionaturik dago birakarien zorroarekin eta supraespinosoko tendinitisarekin. Poltsa subakromiala birakarien zorroaren eta akromioiaren artean dagoela, bigunkari- eta labainkari-funtzioa betetzen du; inflamazioa gertatzen bada, handitu egiten da eta tendoientzat ez da lekurik izaten. Gainera, poltsa seroso bat handitzea oso mingarria izaten da. Sorbaldaren goiko partean izaten da mina eta besoa gorputzari lotuta jarri eta beste besoarekin eutsiz, arindu egiten da. Akromioaren ertza eskuekin ukitzean ere min handia sentitzen da. Lesio hau sarritan gertatzen da tenis eta padel jokalarien artean, baita pisu eta txabalina jaurtitzaileen artean eta baita goiko gorputz-adarrekin neke handiko lanak egiten dituzten langileen artean ere. Lesio honen tratamendua atsedena eta hotza jartzea da. Ez da berorik jarri behar, mina areagotu egingo bailitzateke. Infiltrazio lokala ere eraginkorra izaten da. Mina pasatakoan, besoekin ariketa pendularrak egiten hastea komeni izaten da.
Ohiko beste arrazoi bat
Bizepsaren zati luzeko tendinitisa da sorbalda minberaren beste arrazoietako bat. Tendoi hori hezur eta zuntzez osatutako tunel batetik pasatzen da eta horrek igurzketak sor ditzake eta tendinitisa ondorioz. Sintoma nagusia sorbaldaren aurreko aldeko mina izaten da eta jaurtitzaileen artean gertatu ohi da batez ere. Tratamendua beste tendinitis batzuen berbera da: atsedena eta hotza. Orain arte aipatu ditugun gaitzak aktibitatearen gehiegiak edo gainezkako kargak eraginak baziren, kapsulitis itsaskorra deitua, “sorbalda izoztua”, guztiz bestela gertatzen da: mugimendurik ezak eta larregiko atsedenak eragiten du. Hori dela eta, sorbaldako gaitzetan, minaldirik gogorrena pasatakoan sorbalda mugitzea gomendatzen da, kapsula sarri mugitu ezean hormen artean zuntz-itsaspenak gertatzeko joera izaten baita. Sorbalda minbera denean, mugitu gabe edukitzeko joera izaten dugu, mugimenduak min handia sortzen baitu, baina itsaspenak gerta daitezke eta mugimendua gero eta nekezagoa izatea.
Gurpil zoro hori lehenbait lehen eten beharra dago. Itsaspenik izan ez dadin, besoari mugimendu pendularrak eragitea da onena. Prebentzioa oinarrizkoa izaten da eta prebentziorik onena sorbalda mugitzea da. Sorbalda izoztuaren sintomak oso tipikoak dira: besoa edozein norabidetan mugitu ezina izaten da ezagunena. Besoa edozein norabidetan luzatu ezin horrek ematen digu lesioaren berri, izan ere deskribatu ditugun beste gaitzetan mugimendua norabideren batean izaten da mugatuta, baina ez guztietan. Orraztea, jaka janztea, bularretakoa bizkarrean lotzea eta sorbaldaren mugimendu guztiak egitea ezinezko zaigula ikusiko dugu. Sorbalda izoztuarentzako tratamendurik eraginkorrena mugimendua da, eguneroko lanak egiteko erabiltzen saiatzea eta ariketa-sorta bat egitea; batzuetan ez da erraza minari aurre egitea, baina saiatu beharra dago. Ariketak prebentziorakoak eta terapeutikoak dira. Errazak dira eta tresna berezien beharrik gabe etxean bertan egin daitezke. Egunero egitea komeni da, presarik gabe, emeki-emeki; ariketa bakoitza bost aldiz egin behar da eta astero maiztasuna gehitu, gehienez ere 25era iritsi arte.