Futbolaren aldean oraindik gutxienekoak diren kirol hauetako goi mailako dibisioak masa-fenomeno bilakatu dira eta ohorezko kategorian jokatzen duten talderik gehientsuenak profesionaltzat har ditzakegu (ofizialki lanbidezko bakarra ACB den arren), dauzkaten egitura-mota eta aurrekontu garaiak gogoan izaki.
Aztertutako 12etatik bik besterik ez dituzte instalakuntza eroso eta seguruak
Segurtasun-gaietan, bost kiroldegik bakarrik –Real Madrid, Tau Gasteiz, Pamesa Valencia, Patronato (Bilbo) eta Murtziakoak, zehazki–, gainditu zuten aldizkari honek eginiko azterketa, honelako kiroldegientzat indarrean dauden arauetan eta segurtasunean adituen iritzian oinarritua. Nabarmentzekoak ditugu hurrengo alderdiak: Vicente Truebak (Torrelavega, Caja Cantabria-rena) eta Pisuerga kiroldegiak (Forum de Valladolid-ena) ez dute suteak atzemateko sistemarik; Arrosadian (Portland San Antonio eskubaloikoa) sistema hori deskonektatua dago. Ez kiroldegi horretan ez Valladolideko Forum-enean dute suteak itzaltzeko sistemarik. Balizko ebakuazioa gertatuko balitz, egoerarik larriena Vicente Trueba (Torrelavega) kiroldegian jazoko litzateke: kanporako irteera zuzenaren proportzioa da 200 ikusle-toki bakoitzeko 0,45 metro (metro bat gutxienez egon behar duela agintzen du arauak).
Aztertutako guztietan suitzalgailu gutxien duen kiroldegi honetan, gainera, kantxan aulkiak aske daudenez, partida bat jokatzen ari den bitartean jaurti egin daitezke. Segurtasun-alorrean beti ere, Askatuak-en (saskibaloiko LEB liga) kiroldegiko tabernan edari alkoholdunak saltzen dira eta Malagako Unicaja eta Platges de Castello (areto-futbol) kiroldegietan, berriz, garagardoa; indarrean den arauak alkoholdun edaririk saltzea zeharo debekatzen du, baina kiroldegien laurdenak araua urratu egiten du. Instalakuntzen kalitateari dagokionez, lauk bakarrik aprobatu dute: Araba (Gasteiz), Murtziako Palacio de Deportes, Polideportivo Pisuerga eta Ciudad de Castello kiroldegiak, hain zuzen.
Portland San Antonio (Iruñea), Patronato (Bilbo), Askatuak (Donostia), Caja Cantabria, Bartzelona, Pamesa Valentzia eta Unicaja (Malaga) kiroldegietako sarbideak eta harmailak ez daude ezinduentzako egokituak (halaz ere, kantxan dute toki bat, partidak bertatik ikus ditzaten); hutsune hori Real Madrid eta Unicaja kiroldegietako komunetan ere atzeman zen. La Casilla (Bilbo) eta Vicente Trueba (Caja Cantabria) kiroldegietako komunak oso zaharrak dira eta Askatuak (Donostia) kiroldegikoak putzu-putzu eginik zeuden ikuskariak joan ziren unean. Beste kontu batzuk: megafonia (gaizki zebilen Donostiako José Antonio Gasca-n, eta Palau Blaugrana, TAU Cerámica eta La Fonteta-n, ongi ez, behintzat); harmailatiko ikusgarritasuna (Caja Cantabria eta Palau Blaugrana kiroldegietako toki batzuetatik, erdipurdikoa) eta eserlekuen erosotasuna (J.A. Gasca-n kaskarra eta beste bost kiroldegitan, “erdipurdikoa”). ACBrako batez besteko abonua 20.300etik 47.500 pezeta bitartera doa.
Elkarteek zaletuei kobratzen dizkieten tarifa batetik bestera izugarrizko aldeak dauden arren, klub bakoitzak zein kategoriatan eta zein kiroletan diharduen hartu behar da kontuan. Prezioen batez bestekoa xedatzea ahalbideratzen duen gunea ACB ligari (Espainiako saskibaloiaren gorenekoa) dagokiona da. Adiera honetan, Murtziako zaletuak zorionekoak dira, nonbait: bertako kiroldegiko urteko abonuen batez besteko ponderatua 20.300 pezeta den bitartean, Gasteizko saskibaloizaleak, batenaz beste, urtean 47.500 pezeta atera behar ditu sakelatik. Halaz ere, Europako lehiaketako partidak abonuan sartutzat ematen dituen eta, gainera, bazkideek bere tokia ordaindu beharko luketen “klub-egunik” ez duen elkarte bakarra da Baskonia. Murtziarrek urtearen buruan Pamesa Valencia-ko zaletu batek ordaindu behar duena baino 3.700 pezeta gutxiago pagatzen dute eta 5.000 gutxiago, Unicaja (Malaga) taldekoek baino. Batez besteko abonu hori Polideportivo Pisuerga, Palau Blaugrana eta Araba kiroldegietan 27.000, 32.000 eta 47.500 pezetaraino doa. Urteko abonua dela eta, gehieneko eta gutxieneko kuotak erkatzen badira, TAU Baskonia (Gasteiz) taldeko zaletuak dira berriro ere tarifa gorenak nozitzen dituztenak: 61.000 garestiena eta 39.000 merkeena. Pamesa Valencia-ko abonatuak ere dezenteko prezioa ordaindu beharko du goiko tarifan (55.000 pezeta), baina abonurik merkeenak (8.000) orekatzen du dirutza hori. Beste horrenbeste esan dezakegu Barcelona F.C. elkarteaz ere: liga osorako aulki batengatik 50.300 pezetatik 15.400 pezeta bitarteko alternatiba eskaintzen dio bezeroari; bazkide akziodunei abantailazko aukera polita ematen die: 40.000 pezetatatik 12.400 pezetara bitarte. Bi klub horietako urteko gutxieneko kuotak merkeagoak dira Lobos Caja Cantabria (18.000 pezeta) eta Forum Valladolid eta Malagako Unicaja (21.000 pezeta, bietan ere) elkarteetan baino. Hiru klub hauetako zaletuentzako kuota garestienak 35.000, 30.000 eta 34.000 pezetan daude, hurrenez hurren. Bide beretik doaz Murtziako Kiroldegiko abonu garestienak (38.000 pezeta); aulki apalena, berriz, 10.000 pezeta baizik ez da kostatzen. Real Madrid elkarteak ez du abonurik salgai jarri denboraldi honetan, kiroldegiz aldatu ondoren (Palacio de Deportes-etik Ciudad Deportiva-ra) zaletuek zer dioten zain. Partidako, sarrera 1.500 edo 2.500 pezeta kostatzen da. Futbol-taldeko bazkideek 500 pezetako beherapena dute. Partida bakarreko sarrerak alderatuz gero ere desmailak ikusten ditugu; atal honetan, harrigarria bada ere, abonurik garestienetakoak dituzte bi kiroldegietan (Araba eta Palau Blaugrana) txartelik merkeena (800 pezeta) eskaintzen zaio ez bazkide eta ez abonatu denari (Palau-n, interes urriko partidetan bakarrik). Murtziako kiroldegietan txartel merkeena 1.000 pezeta kostatzen da, 1.500 pezeta Unicaja-n (Malaga), Pamesa Valentziakoan, Real Madril eta Forum Valladolidekoan; Torrelavega-ko kiroldegian, 1.800 pezeta.
Partida bakarreko txartel garestienak: 4.000 pezeta La Fonteta-n (Valentzia) eta 3.500 pezeta Palau Blaugrana-n (interes handiko partidetan) eta Vicente Trueba kiroldegian (Caja Cantabria-rena). Azterturiko ACBko gainontzeko elkarteek 2.500 pezetaraino kobratzen dute, Arabakoak izan ezik, honek 3.000 pezeta kentzen baititu. Askatuak (LEB liga), Patronato (saskibaloiko Bigarren Maila), Portland San Antonio (eskubaloiko Asobal liga) eta Platges de Castello (areto-futboleko Ohorezko Maila) elkarteetako prezioak erkaketa honetatik kanpo utzi dira.
Nafar kiroldegiko prezio bakarra 17.000 pezeta da, urteko; Ciutat de Castello-ko urteko abonuaren batez bestekoa 5.000 pezeta da ( 4.500 pezeta merkeena eta 9.000 garestiena, tribunan), Askatuak eta Patronato-ko abonuak, berriz, 6.000 pezeta. Partida bakarreko sarrerak 700 pezeta kostatzen dira Castellon areto-futbola ikusteko eta 500 pezeta (“oparia”) Bilbon, bigarren dibisioko saskibaloia ikusteko. Portland San Antonio-ren eskubaloia gozatzearren 1.500 (eserita) eta 1.300 pezeta (zutik) ordaindu behar dira partidako; 1.000 pezeta, berriz, LEB ligan Askatuak-en jokaldiak ikusteko.
Instalakuntzetako akatsak
Instalakuntzen kalitatea baldintzatzen dutenak ez dira kirol-mota ez eta klubaren kategoria ere. Araba, Polideportivo Pisuerga, Real Madrid-en Ciudad Deportiva, Murtziako Palacio de Deportes eta Ciudad de Castello kiroldegiak bakarrik daude erabat egokituak pertsona ezinduak hartzeko, sarbide eta igogailu aproposekin hornituta. Real Madrid eta Unicaja klubetako instalakuntzek ez dute ezinduentzat egokituriko komunik. Beste aldetik, emaitza positiboak ere jaso dira, hala nola akatsik gabeko garbitasuna (Donostiako J.A. Gasca kiroldegiko putzuz beteriko komunak bakarrik nabarmendu ziren) eta kontserbazioa: ederki zeuden kiroldegi guztietakoak, Bilbo eta Torrelavegakoak izan ezik, zaharkiturik zeudelako hauek. Kirol-ikuskizunaren pertzepzioaren kalitatean eragina duen faktoreetako bat, kiroldegiotako harmailetatik ikusleak hautematen duen ikuskortasuna da. Erdipurdikoa besterik ez zen Torrelavegako Vicente Trueba-n (20 bat zutabe daude eta zenbaki gabeko sarreak biziki goian daudenez, markagailua ez da ikusten) eta Palau Blaugrana-n (honetan, goiko harmailako hegalak bista galarazten die ikusle batzuei). Beste alderdi batetik, bidezkoa denez, erosotasuna eta eserlekuen dimentsioak, diseinua eta kalitatea elkarren parean doaz. Tau Baskonia, Patronato, Real Madrid, Platges de Castello, Pamesa Valentzia eta Recreativos Orenés elkarteetako zaletuak dira eserleku erosoenak dituzten ikusleak. Eseritzeko tokiak ez dira horren goxoak Portland San Antonio (Iruñea), Caja Cantabria, Forum Valladolid, Barcelona F.C. eta Unicaja (Malaga) kiroldegietan. Donostiako Askatuak kiroldegikoak kaskarrak dira eta halaxe kalifikatu behar dira.
- Hiri bakoitzeko saskibaloi, eskubaloi edo areto-futboleko talderik nabarmenenek jokatzen duten 12 kiroldegietako erosotasun eta segurtasuna aztertu da: Araba Arena (Gasteizko TAU Cerámica), La Casilla (Bilboko Sociedad Deportiva Patronato), Arrosadia (Iruñeko Portland San Antonio), José Antonio Gasca (Donostiako Askatuak), Ciudad Jardín (Malagako Unicaja), Palacio de Deportes (Murtziako Recreativos Orenés), Vicente Trueba (Torrelavegako Lobos Caja Cantabria), Ciudad Deportiva (Madril), Palau Blaugrana (F.C. Bartzelona), Pisuerga (Valladolideko Forum), Ciudad de Castello (Platges de Castello) eta Fuente San Luis-La Fonteta (Pamesa Valentzia).
- Martxoan zehar eta partida-egunez, CONSUMER-eko teknikariek kiroldegi horiek guztiak ikuskatu zituzten, instalakuntzei buruzko hurrengo informazioa jasotzeko: komunen garbitasun- eta kontserbazio-egoera, megafoniaren kalitatea eta ikusgarritasuna, eserlekuen erosotasuna eta instalakuntzen egoera orokorra. Azterturiko kiroldegiok kudeatzen dituzten elkarteetako arduradunekin ere harremanetan izan zen CONSUMER, edukierari (eserita eta zutik zenbat ikusle sar daitezkeen) buruzko datuak, osasun-dependentzia ba ote dagoen, kiroldegitik kalera irteteko zenbat metro dauden, suteak atzeman eta itzaltzeko sistemak (suitzalgailu-kopurua, etab.) eta larrialdietarako argibide edo aholkuak dituzten letreroak, ibilbide bihurriak, irteera-letreroak, ezinduentzako toki eta komunak ba ote dauden, eta partidetara joateko eskaintza-tarifak jartzen diren jakiteko.
Kiroldegiak, banan-banan
- Recreativo Orenés. Palacio de Deportes (Murtzia): 7.317 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna: oso ongi. Instalakuntzak, oso ongi: eserleku erosoak. Ikusgarritasun ona. Komun garbiak eta ongi kontserbatuak. Kiroldegia ezinduentzat egokitua. Prezioak: Denboraldiko abonu merkeenak: 20.300 pezeta batez beste. Sarrera “solterik” merkeena: 1.000 pezeta, ongi.
- TAU Cerámica. Araba (Gasteiz): 9.300 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna: oso ongi. Instalakuntzak, oso ongi: eserleku erosoak. Komun garbiak eta ongi kontserbatuak. Ikusgarritasun ona. Kiroldegia ezinduentzat egokitua. Prezioak: Denboraldiko abonu garestienak (47.500 pezeta, batez beste), baina horrekin Europako partida guztiak ikus daitezke. Azterturiko ACBko klubetatik, sarrera “solterik” merkeena (fondo goikoan, 800 pezeta).
- Real Madrid. Ciudad Deportiva: 5.140 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna: ongi. Instalakuntzak, erdipurdi. Erosoak dira, baina komunak ez daude ezinduentzat egokituta. Megafonia eta ikusgarritasun onak. Prezioak: aurtengoan ez da abonurik eskaini. Partidako, sarrerak 1.500 eta 2.500 pezeta kostatzen dira. Denboraldiko, partida guztiak ikusi nahi dituenari, 32.000 pezetatik 55.000 pezeta ingururaino kostatzen zaio abonua
- Forum de Valladolid. Polideportivo Pisuerga: 6.179 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna, erdipurdi: Suteak atzeman eta itzaltzeko sistemarik ez dago. Instalakuntzak, ongi, baina eserlekuek ez dute bizkarralderik. Komun garbiak eta ongi kontserbatuak. Kiroldegia, ezinduentzat egokitua. Prezioak: abonu baten prezioa (26.800 pezeta) erdi parekoa da ACB-n. Abonu garestiena ere merke gertatzen da: 30.000 pezeta bakarrik. Sarrera solteen prezioa, ertaina.
- Pamesa Valencia. La Fonteta: 8.100 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna, ongi. Kalera irteteko metro gehien dauzkana (1,92 m. 200 eserlekuko). Instalakuntzak, erdipurdi: ez dago ezinduentzat egotiruik. Komun garbiak eta ongi kontserbatuak. Ikusgarritasun ona. Prezioak: denboraldiko abonurik merkeena (8.000 pezeta) dute, baina aldian aldiko sarrerarik garestiena ere bai (4.000 pezeta, tribuna). Denboraldiko abonua, ertaina: 24.000 pezeta.
- F.C. Barcelona. Palau Blaugrana: 8.000 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna, erdipurdikoa. 200 eserlekuko metrora ez da iristen, ozta-ozta. Suitzalgailu gutxi. Instalakuntzak, erdipurdi. Eskas egokiturik dago kiroldegia ezinduentzat. Megafoniak durundio egiten du eta ikusgarritasuna hobetzeko modukoa da. Eserleku deserosoak, estuegiak. Prezioak: batez besteko abonua, 32.000 pezeta, bigarren garestiena. Sarrera “solteak” ere, garesti.
- Unicaja. Ciudad Jardín (Málaga): 4.480 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna, gaizki: garagardoa saltzen da eta bestetan baino suitzalgailu gutxiago daude. Instalakuntzak, gaizki: ezinduentzat ez daude egokiturik; eserleku batzuk, bizkarralderik gabe. Prezioak: denboraldiko batez besteko abonua, 25.200 pezeta, ACB-koen artean, erdi parean. Sarrera solteak ere, prezio ertainean.
- Lobos Caja Cantabria (Vicente Trueba, en Torrelavega): 5.640 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna, gaizki. Suteak atzemateko sistemarik ez dago. Kalerako irterarik estuenak (0,45 metro 200 eserlekuko) eta suitzalgailu gutxien daukana da hau. Instalakuntzak, gaizki: ez dago ezinduentzat egokiturik eta komunak zaharkituak daude. Ikusgarritasuna, erdipurdikoa. Prezioak: abonuetan, tarifa ertainak eta sarrera solteetan, garesti xamarrak.
- Askatuak. José Antonio Gasca (San Sebastián): 5.640 ikusle, saskibaloiko ACB liga. Segurtasuna, gaizki. Suteak atzemateko sistemarik ez dago. Kalerako irterarik estuenak (0,45 metro 200 eserlekuko) eta suitzalgailu gutxien daukana da hau. Instalakuntzak, gaizki: ez dago ezinduentzat egokiturik eta komunak zaharkituak daude. Ikusgarritasuna, erdipurdikoa. Prezioak: abonuetan, tarifa ertainak eta sarrera solteetan, garesti xamarrak.
- S.D. Patronato, La Casilla (Bilbao): 5.318 ikusle, saskibaloiko bigarren maila. Segurtasuna, ongi. Bestetan baino suitzalgailu gutxiago. Instalakuntzak, gaizki. Ez dago ezinduentzat egokiturik. Komunak garbi bai, baina zaharkituak. Prezioak: abonu bakarra, 6.000 pezeta denboraldiko. Partida bakarreko txartela): 500 pezeta (oparia).
- Portland San Antonio. Arrosadía (Pamplona): 1.614 ikusle, eskubaloiko ASOBAL liga Segurtasuna, gaizki: suteak itzaltzeko sistemarik ez dago; atzematekoa, deskonektaturik dago. Instalakuntzak, gaizki: behin-behineko harmailako eserlekuak, deseroso. Ez dago ezinduentzat egokiturik. Prezioak: abonu bakarra, denboraldiko 17.000 pezeta. Partida bakoitzeko sarrera, 1.300 pta zutik eta 1.500 pta. eserita.
- Playas de Castellón. Ciudad de Castellón: 4.447 ikusle, areto-futbola, Ohorezko Maila Segurtasuna, gaizki. Garagardoa saltzen da. Instalakuntzak, ongi. Komun garbiak eta ongi kontserbatuak. Ikusgarritasun ona. Eserleku erosoak. Kiroldegia ezinduentzat egokitua dago. Prezioak: denboraldiko batez besteko abonua, 5.000 pezeta. Sarrera solteak, 700 pezeta partidako.