Espainiako aireportuetako kolapsoa, bide-azpiegituren politika, osasun publikoa pribatizatzeko egiten diren esperimentuak, energia, telefonia eta antzeko zerbitzuen liberalizazioa, pentsio sistemaren hauskortasuna, telebista publiko gehienen zentzugabekeria -baliabide publikoak xahutzeaz gain, ez baitute euren eginkizuna betetzen- …
Gure iritzia, kontuan izatekoa
gure eguneroko bizitza baldintzatzen duten arlo asko eta konplexuak ditugu erabiltzaileok aurrez-aurre, eta guztietan ere, ezaugarri bat da nagusi: hartzaileoi, hiritar edo kontsumitzaileoi parte hartzeko uzten diguten aukera urria. Zer egin dezakegu? Ez dugu gauza berririk esango gai hauek eta beste batzuk erabakitzeko eztabaida-foroak gugandik gero eta urrutiago daudela esaten badugu.
Batzuetan interes politikoak izango dira, hurrengoan nazioarteko akordioen kontua, edo gehienetan merkatuaren legeek aginduko dute; baina gutxitan izaten da kontuan kontsumitzaileen iritzia. Eta ez kontsumitzaileen eskubideak eta interes ekonomikoak defendatzen saiatzen diren talde kontsumerista pribatuen eta erakundeen departamenduen sare zabalik ez dagoelako. Baina jarduera kontsumerista hori guztia eraginkortasunez antolatzea falta da, guztioi eragiten diguten erabakiak hartzen direnean, gure iritziak kontuan har ditzaten. Izan ere, mundu guztiko kontsumitzaileok pisuzko zeresana, interesak eta ideiak ditugu, adibidez, genetikoki aldatutako elikaien merkaturatzea mugatzeko erabakia hartzen denerako.
Lan horretan guztiok konprometitu behar dugu, hurrengo mendea ikusiko duen gizartea arrazoi bategatik edo besteagatik ongizatetik baztertuta daudenekin justuago, solidarioago izango bada, eta neurri gabeko garapen nahiak albora uzten dituen ingurugiro arazoekiko sentsibilitate handiagokoa izan dadin. Erronka izugarria da, baina izango duen eraginaren handiak merezi du, noski, gu guztion ahalegina.