Miguel Zugaza, Pradoko museoaren zuzendaria

"Museoek eredu izan behar dute artearen ezagutza sustatzen"

1 otsaila de 2003
Img entrevista listado 217

Arte arloko adituen iritziz ‘museoko zuzendari perfektuak’ independentzia bilatu behar du bere kargua betetzerakoan eta jarraipena bere lanean. Zertan datza, zure ustez, helburu horien garrantzia?

Museoen zuzendaritzak bi baldintza izan behar ditu: elkarrizketa etengabea izan behar du mundu akademikoarekin eta artearen arloko historialariekin; horrekin batera, gestioaren arduradun ere bada eta horrek giza baliabideen arloan eta ekintza komertzialetan inplikatzera eramango du. Zaila da bi baldintza horiek betetzea eta aurreko hamarkadetan ez zen hori beharrezko jotzen. Baina museoetan lan egin duten artearen arloko historialarien belaunaldi bateko kide naiz eta mundu akademiko eta artistikoan murgildurik bagaude ere, ez dugu begien bistatik galdu enpresa-zuzendaritzan espezializatzeko premia. Alderdi bien arteko lotura ordezkatzen dudala uste dut: artearen historiaren ezagutza eta baliabideen kudeaketa.

Pradoko museoa erreferentzia artistiko eta kulturala da mundu mailan eta Espainiako museoen adierazpen nagusia; hala ere, orain lehian aritu beharra dauka gure mugen barruan eta mugez kanpo erakarmen kultural eta turistiko handiko beste eskaintza batzuekin. Prestaturik dago egoera berri horretan lehian aritzeko?

Pradoko museoa zentro moderno eta gaur egungo eskakizunekin bat datorrena bihurtuko bada, ezinbestekoa da museo berria ezartzeko prozesua amaitzea; proiektu horrek urte askoko lana eragin du eta 2004ko urtearen hasierarako amaituko dela aurreikusten da. Zehazkiago esanda, handitzea eta areto berriak eraikitzea amaitzea da kontua, pinakoteka izateaz gain erakusketa eta hitzaldietarako gune ere izan daitezen. Horixe izan da berritze lanetako elementu eragilea. Berritze lana Patronatuaren zuzendaritzapean egin da eta marko juridiko eta administratibo berria eman zaio, erakunde publiko izateari utzi gabe.

Nola finkatzen da horrelako museo baterako sarreraren prezioa? Oraintsu arte bisita dohainik izaten zen erabiltzailearentzat.

Sarrerarik ez kobratzeak erraztu egingo luke antolaketa. Eta Pradoko museoan, erakunde publikoa izanik, publikoarekin erabat harreman irekia izateko bidea emango luke. Baina museoaren gestioa eta bertako zerbitzuen kalitatea hobetzeko ezinbestekoa da Administrazioaz gain erabiltzaileek ere laguntzea. Sarrerak dira diru iturri nagusietako bat eta bestela finantzazio bide gutxi dugunez, ezin diogu horietako bati ere uko egin. Edozein modutan ere, Pradoko museoak, dohainik izan ez arren, eutsi egin die bere tarifei eta hainbat modalitate eskaintzen ditu, hala nola estatuko museoen abonua edo ikasketa edo adiskide txartelak adibidez; oso sarri etortzen direnei hala egiten jarraitzeko aukera ematen die horrek, gastua eragozpen izan gabe. Gainera, Europako beste museo publiko batzuetan bezala, sarrera dohainik da igandetan.

Publiko mota guztiak artera hurbiltzea bultzatzeko, erakusketak jartzen dira bata bestearen atzetik. Hala ere, mugimendu artistiko jakin batzuk miretsi eta ulertu ahal izateko ezinbesteko da nolabaiteko maila kulturala izatea. Nola uztartzen da herritarrak museoetara hurbiltzeko ahalegin hori, artea gozatu eta ulertzearekin?

Museoek erantzukizun handia dute artearen historiaren inguruko heziketan eta publikoaren aurrean aurkezten dutena ondare komuna bada, ahaleginak handitu egin behar dituzte publiko mota guztiak museoak ikusgai daukanera hurbil daitezen lortzeko baliabide egokiak sortzeko. Pradoko museoak artearen historia eta kultura pilaketa handia gordetzen eta erakusten du. Horregatik, bere helburuen artean heziketa programa bat garatzea dago eta ez bere alderdi aktibo eta dinamikoan bakarrik, baita publiko mota desberdinetan espezializatuta ere. Artearen inguruko kulturarik eza heziketa arazoa da eta horren erantzukizuna ez dago museoen gain bakarrik; baina guk lider eta eredu izan behar dugu artearen ezagutza sustatzen, geure esku baitugu tresna nagusia: artea bera. Guri errazago gertatzen zaigu ezagutza horiek helaraztea hezkuntza sistemari baino, baina gure museoak muga izan du betidanik, formazio ekintzak garatzeko espaziorik eza dela eta. Gauzak egin dira, baina ez dute behar zuten mailarik hartu eta horrexek eragin du museoa handitzea.

Museoak korronte artistikoak bultzatu eta talentu artistikoen babesle bihurtu behar du ala bere bilduma erakustera, pinakoteka hutsa izatera mugatu behar du?

Museo honek ez ditu balore berriak sustatzen, arte modernoa bai baina garaikiderik ez baitu erakusten. Edozein modutan ere, bereziki interesatzen zaigu gaur egungo sortzaileek gure jarduerez zer iritzi duten jakitea. Ez gara historialari gisa daukagun ikuspegira mugatzen: artistek lagundu egiten digute proiektuak kontenplatzen eta bildumak beste era batera erakusten. Baina ez gara artista plastikoez bakarrik ari. Idazle, musikari edo arkitektoei entzuten diegu, beste ikuspegi bat eman diezagukete eta. Horrela museoa gaurkotasunari loturik edukitzea lortzen dugu.

Eta gaur egungo artista plastikoen kasuan, azkenean beren obrak ere bilduko dituzue?

Pradoko museoak pintura biltzen jarraituko du, Espainiako artearen historia elikatzen. XX. mendean zehar XIX. mendeko eta XX. mendeko lehen hamarkadetako bildumak jaso zituen. Hau ez da arkeologia museoa, artearen historiari buruzkoa baizik; horrenbestez, bilduma handitzen saiatzen da eta bere balio historiko eta artistikoa sendotzen.

Nola bihurtzen dira ikusleak obra horren aldizkako jabe?

Museo bat bisitatzen duen publikoak artearekin esperientzia bat izatea bilatu behar du. Baliteke ezagutzak jaso nahi izatea, baina sentsibilitate mailako esperientzia bizi izatea bilatu behar du batez ere. Museoan, ikuslearen eta obra jakin baten -gure kasuan pintura baten- aurreko sentiberatasunaren arteko harreman intimoa gertatzen da. Hauxe da museoak eskaintzen duen gertaera handia: esperientzia hunkigarria probokatzea. Bisitak antolatzen direnean, jendea irudien ekorketa antzeko baten aurretik pasa dadin saiatzen gara, obra handiak kontenpla ditzala, guzti-guztiak, katalogoan. Badira, egia esan, obra famatu jakin baten aurrean egotea helburu duten ikusleak ere. Baina museoaren helburua besterik da: arreta partikularra erakartzea, koadro bati begira ikusleak bizipen pribatua eta apartekoa bizi izan dezan lortzea. Miquel Barcelók esaten du museo batean obra bati begira 10 minutu baino gehiago ematen dituen ikusle bat aurkitzen duenean, besarkatzeko gogoa izan ohi duela. Horixe izan behar du gure misioa, ikuslearen eta obraren arteko topaketa lortzea. Baina jendeak denbora gutxi du eta bildumako obra garrantzitsuak ikusi eta bat ere ez galtzeko premia handia. Hezkuntzaren arloan gure lana sentiberatasuna esnatzera bideratu behar dugu, garai honetan ikusleak batez ere esperientziak pilatzea bilatzen duela ohartu arren.

Gonbida gaitzazu Pradoko museoa bisitatzera. Zein ibilbide gomendatuko zeniguke?

Gure museoa sekula bisitatu ez duenari, areto guztietan zehar hamar obrako multzo bat ikustea gomendatuko nioke, aurki daitekeen multzo artistikoa gutxi gorabehera ulertu ahal izan dezan. Ez lirateke nahitaez El Greco, Goya edo Velazquezen maisu lanak. Gustatzen zaiguna bilatu eta aurkitzeko aukera eskaintzen digu.

2000ko urtarrilean, CONSUMER aldizkariko teknikariek azterketa sakon bat egin zuten Espainiako Arte Ederren 18 museoren inguruan. Azterketa hark artistikoak ez ziren bestelako alderdiei erreparatu zien: eraikinaren azpiegitura, zerbitzuak (kafetegia, telefono publikoa, osasun laguntza, aparkalekua…), ikusgai zeuden obrei buruz dohainik eskaintzen den informazioa, sarreraren prezioak, segurtasuna eta instalazioen garbitasun eta zainketari buruzko egoera. Baloraziorik onena Pradoko museoak jaso zuen, baina hobetu beharreko alderdien artean aipatzen ziren informazio urria, esku-orrietan zein obren ondoan. Zer irizten diozu diagnostiko horri?

Oso eskuzabalak izan ziren balorazioan. Nire ustez handitzea ezinbestekoa da eta zerbitzu publiko gisa duen funtzioa konpontzea du helburua. Azpiegiturako akatsak ere barne dira horretan.