Mundua laua da
Erosi eta berehala zaharkiturik (edo erdi prezioan salgai) ez dagoen tresna teknologiko bakarretako bat monitorea da. Periferikotzat (inpresora eta sagua bezala) jotzen bada ere, konputagailuko RAM memoria, disko gogorra, bideo-txartela, edo beste zeinahi elementu bezain garrantzitsua da monitorea: begiak osasuntsu egotea horren mendekoa da, adibidez.
Telebistaren tankerako monitore tradizionalak izpi katodiko bidez dihardu (CRT: catodic ray tube) eta mahai gaineko PCetan nagusi da oraindik ere, baina pantaila lauko monitoreen bilakaera eta prezioen gainbehera azkarra merkatua zapaltzen ari dira: batzuek diotenez, CRT siglak iraganaldikoak izango dira urte gutxitan. Egun zeinahi dendatan ikusten ditugun ordenagailuen %30 pantaila lauaz hornituta datoz eta, azterlan batzuen arabera, 2005 urtean salduko omen diren 150 milioi ordenagailuen erdiak horrela merkaturatuko dira.
Laua, zertarako?
Tamaina ez ezik, prezioa ere bada. Monitorea eskuratzean hiru aldiz gehiago gastatzeko prest baldin badago erostuna, aparatuak mahaian okupatzen duen espazioa zati lau, bere karga zati bi, energi gastua ere zati bi murriztuko du eta begiek ere biziki eskertuko diote. Horrek ez du esan nahi pantaila laua gaur ekarri behar denik. Segun-eta konputagailua nola erabiliko duzun, alegia.
LCD (liquid cristal display) letrek ez dute azken berrikuntza teknologikoa adierazten. Duela hogeita hamar urtez geroztik kristal likidozko pantailak hedatu dira kalkulagailu, erloju, telebista, aparatu eramangarri, argazki- eta bideo-kamera digital eta beste hamaikatxotara, PCetara iritsi arte. Hastapenetan kristal likidoak zituen arazoak azkar urritu dira, batez ere TFT (Thin Film Transistor) teknologiari esker: honek, elektrodoen partez erdieroaleak baliatzen ditu pantailako puntu bakoitza piztu eta itzaltzeko, bereizmen, ikuspen-angelu eta kolore-purutasunaren alorretako arazoei irtenbidea emanez. Egungo pantaila lau gehientsuenek teknologia horixe darabilte.
Eragozpen eta abantailak
- Hodi katodiko konbentzionalak baino askozaz ere hobeak dira pantaila lauak hainbat alorretan: tamainan (sakoneran, batik bat), diseinuan, kontsumoan (baita bero-sorkuntzan) eta erradiazio-igorpenean ere. Eramangarriek (tamaina eta kontsumoa faktore behinenak dituztela), duela urte asko daukate horrelako monitorea. Gainera, pantaila lau-laua (hori orain hasi dira eskaintzen CRTak) denez, azalera osoa ikusgaia da eta izkinetan ez da distortsiorik gertatzen. Batzuk biratu ere egin daitezke, orrialde bertikalak balira bezala, dokumentu osoa ikusi ahal izateko.
- Eragozpenak egunez egun gainditzen ari diren arren, hauek diraute oraino: prezioa, ikuspen-angelua eta kolore-gama eta purutasuna. TFT pantaila albotik okerrago ikusten da (140º ikuspen-angelu itxi samarra du), argazkilaritzako lanak egiteko kolore-gama urria da eta barne-argiztapena dela medio monitoreak kolore-zehaztasun apalagoa igortzen du (zona baten argi edo iluntasun handiak aldamenekoetan eragiten du).
- TFT monitoreek irudia sortzeko darabilten sistemak bista asko kaltetzen ez duenez, egun osoa pantailara begira daudenentzat aukera interesgarria da hau. “Jokalariak”, berriz, etsipenak harturik gerta daitezke, beren TFT hori txartel grafikoaren prestazioetara ez iristearren, argi-puntuen (pixelen) argi-itzaltzeen arteko tarteetan pantailan zehar mugitzen den objektuan uhera sor daiteke eta. Horixe bera hauteman daiteke DVD bat ordenagailuan erreproduzitzean.
- Tamaina eta prezioa.Tamaina, monitorearen diagonala hazbetetan (hazbetea = 2,54 cm) neurtzen da. Monitorea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta (batera) programa gehiago ikus daitezke pantailan, bereizmen handian hobeki ikusten da eta prestazio gehiago sartzen dira. 15 hazbeteko pantaila lauko monitorea 17 hazbeteko CRT baten berdina da, monitore lauan azalera osoa aprobetxatzen delako. PC batean bezalako ohiko erabilera eroso egiteko egoki-egokiak diren tamaina horietan, TFTY monitoreen prezioak 300 eta 500 euro bitartean dabiltza; 17 hazbetekoan, 500 eta 700 euro bitartean; CRT tradizionalak, berriz, 130 eurotik hasita (200 – 350 euro, 19 hazbetekoetan).
- Bereizmena. Irudia osatzen duten puntuen kopurua da. Monitore tradizionaletan, erabiltzaileak bere zaletasunaren arabera egokitzen du; lauetan, berriz, bereizmena da kristal likidoa duten gelaxken gehieneko kopurua; horri “sortzetiko bereizmena” deritzo eta ezin murritz edo ugal daiteke.
- Ez ahantzi bereizmena txartel grafikoak ere baldintzatzen duela: egun muntatzen direnek arazorik gabe 1600 x 1280 eta antzeko bereizmenak pairatzen dituzte. Monitore motak (CRM edo LCD) ez du eraginik txartel grafikoaren memoria-kontsumoan eta ez du mantsotzen ordenagailuaren erabilera. Horiek, kolorearen sakoneraren eta bereizmenaren araberakoak dira. Monitorea ez da hertsatu behar bideo-txartelak pairatzen duen bereizmeneraino iristeko, irudia distortsionatu eta, agian, monitorea bera erre egin liteke-eta. Monitoreak dakarren gida-liburuak adierazten du nolako bereizmenak onartzen dituen aparatuak.
- Kontrastea. Monitore tradizionaletan hutsaren hurrengo, kristal likidozko pantailetan sekulako garrantzia du, itzalek eta “argi garaiek” LCD irudian eragina baitute. Fabrikatzaileek 200:1 eta 400:1 kontrasteak bermatzen dituzte (CRT aparatuetatik gertu) baina neurtzeko era bat baino gehiago daudenez, konparatzea oso kontu zaila da.
- Bermea. Pantaila lauko irudi-puntu guzti-guztiek funtzionatu behar dute. Ez da onartzeko modukoa horietako batzuek (gutxi badira ere) lehen egunetik ez funtzionatzea. Horregatik komeni da pantaila ongi dabilela segurtatzea estreinakoz pizten dugunean.
Zure begientzat
Pantaila ez oso egokiaren aurrean egunero hainbat ordu emateak ondorio txarrak izan ditzake zure bistan. Oftalmologoarengana joateari utzi gabe, orri honek bista nola zaindu behar den irakasten du.
Non erosi
www.ebay.es
eBay bezalako enkante birtualak toki ona dira pantaila zaharra besteren eskuan uzteko, berria ekarri aurretik. Aparatu berriaren prezioa merkatzeaz gainera, zabortegira joan behar zuen aparatua berriro erabiliko da honela.
Apaindu pantaila
www.screensaver.com
LCD-TFT monitorea sofistikazio eta dotoreziaren adierazle izan daiteke. Zergatik onartu pantaila ilun hori? Sarean dauden orri batzuek, pantaila edertu edo monitorea geldi dagoela bizirik mantentzeko irudiak jaisteko aukera ematen dute.