Mangladiak

Baso gaziak desagertzeko arriskuan

Izkira edo otarrainsken etengabeko ugalketa da mehatxurik handiena
1 otsaila de 2003

Baso gaziak desagertzeko arriskuan

Uholdeak jasan dituzten edo uholdea jasan dezaketen inguruetan, hau da, gazitasun handiko ura duten lurraldeetan bizirauteko gai den zuhaitz multzoa da mangladia. Inguru hauek duten biodibertsitatea dela eta ekosistema aldaezin eta bakarra osatzen dute. Zuhaitz hauen aireko adarrak -mangladiak batez ere, hortik izena- kostaldeetako ur gazietan, estuarioetan eta deltetan sortzen dira, eta animalia espezie ugari (hegaztiak, arrainak, moluskuak eta krustazeoak) batzen dituen armazoi garrantzitsu bat osatuz. Animalia horiek, gainera, garrantzitsuak dira gizakien elikadurarako. Mangladiak parekatzeko gune eta espezie askoren ugaltoki izatera iristen dira, garapenean dauden arrainentzako eta beste itsas bizidun batzuentzako babesleku izateaz gain. Gainera, higaduratik babesten dituzte kostalde hauek, eta inguruko herrientzako baliabide izan dira mendeetan zehar. Itsasgora denean adaburuak osta-osta ikusten dira uretan, itsasbeheran berriz, arnasketarako sustraiak ikus daitezke, atmosferako oxigenoa hartu eta lurperatutako sustraietara bidaltzen dutenak. Egokitze honek oxigenorik gabeko eta gatz kopuru handiko lurrean bizitzen uzten die. Gaur egun, izkira edo otarrainskaren ugalketa arrisku handikoa da ekosistema berezi hauen desagerpenerako.

Zein eskualdetan egoten dira mangladiak?

Mangladiak munduko lurralde tropikal eta azpitropikaletan egoten dira, gehienetan kostaldean eta itsasoarekin harreman zuzenean, ur-bazterretan, ibai-ahoetan edo kostaldeko aintzira batzuk zeharkatuz ere aurki ditzakegu. Baso gazi hauen garapenik onena ekuadore inguruan dago, Afrikan, Indonesian, Ginea Berrian eta Filipinetan. Latin Amerikan, mangladirik deigarrienak Ekuadorren daude, Esmeraldasen iparraldeko kostaldean.

Mangladietako fauna

Mangladietako faunan itsasoko eta lurreko espezieak aurki ditzakegu, espezierik gehienen presentzia marea eta bizitza-zikloaren faseen araberakoa izan arren. Bertako fauna zein hegazti migratorioak ugariak eta anitzak dira. Mangladietako gune batzuk santutegi garrantzitsu bihurtu dira galbidean zeuden espezie garrantzitsu batzuentzat, besteak beste, “ibis escarlata” (hegaztia), “manatí” delakoa (ur azpian bizi den ugaztuna) edo kostaldeko kaimanarentzat, eta baita hainbat itsasdordoka espezierentzat ere. Era berean, urak gardenak diren lekuetan sustraietan esponjak, moluskuak, krustazeoak, algak eta beste hainbat orno gabe bizi dira. Espezierik ohikoenen artean mangladietako ostra da aipagarriena, kostaldeko bizilagunen produkturik funtsezkoena, baina honetaz gain, mangleko karramarroa, otarrainskak eta izkirak ere badaude. Baina zalantzarik gabe, biztanlerik bitxienak “lokatzetako saltokariak” dira, itsasoan zein lurrean bizi izateko gai diren arrainak, aurreko hegats muskuludunek lurrean mugitzen uzten baitiete. Itsasgorei ihesi zuhaitzetan gora igotzeko gai den espezie bat ere badago.

Mangladien garrantzia

  • Emankortasun handieneko ekosistema naturaltzat hartzen dira, materia organikoa produzitzeko duten gaitasunagatik.
  • Arrain eta itsaskien umeleku lana egiten dute.
  • Hegazti zein itsas organismo askorentzako bizileku dira.
  • Higadura, itsaski, ekaitz eta urakanetatik babesten dute kostaldea.
  • Ingurumenaren birika lana egiten dute, oxigenoa sortu eta aireko karbono bioxidoa erabiltzen baitute.
  • Uretako kirolak egiteko eta jarduera turistikoetarako erabiltzen dira.
  • Oso baliagarriak dira heziketa edo ikerketa zientifikorako.

Mehatxu nagusiak

Mangladiak ikaragarri bizkor ari dira desagertzen beraien baliabideak gehiegikeriaz erabiltzen baitira. Greenpeace ekologista elkartearen esanetan 1980an 17 milioi hektarea mangladi zeuden munduko kostalde tropikaletan, eta FAOren (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) esanetan dagoeneko erdia desagertu egin da. Suntsipen honen zergatiak ugariak dira (egur edo paper fabrikentzako materiala ateratzea, azpiegiturak sortzea…), baina momentu honetan ekosistema hauek duten mehatxurik handiena izkira industria da, herrialde garatuetara hemen hazitako otarrainska tropikalak esportatzen dituen industria. Otarrainskak hazteko piszinak egiteko mangladi eremu zabalak motatzea da industria honek sortzen duen arazo nagusia. Milioi bat hektarea mangladi baino gehiago desagerrarazi ditu jarduera honek, horietako 765.000 hektarea azken urteotan. Inguru hauen suntsipenarekin itsas ekosistemek beraien oreka galtzen dute eta gutxitu egiten da arrain kopuru eta barietatea beraien hazitoki eta arrainak hazteko guneak suntsitu egiten baitira.

Baina, Greenpeacen esanetan hori ez da arazo bakarra: otarrainska tropikalaren etengabeko hazkunderako produktu kimiko ugari (elikagaiak, ongarriak, plakizidak, antibiotikoak…) erabiltzen dira, eta horiek bertako baliabide hidrikoak kontaminatzen dituen salda toxiko bat sortzen dute eta eutrofizazioa zein hipernitrifikazioa sortu. Mangladiak eta kostaldeko beste ekosistema batzuk kenduz gero kostaldea ezegonkor bilakatzen da: kostaldeak ekaitz suntsigarrien arriskuan geratzen dira eta horrek dagoeneko bizitza ugari galtzera eraman ditu Bangladesh eta India.

Mangladi motak
  • Ertzeko mangladiak: Zertxobait makurtutako lur lehor eta uharte handietako itsasertzetan kokatzen dira, eta itsasgorak eragindako gehiegizko garbiketa eragozten duten uharteetan garatzen dira.
  • Arroetako mangladiak: Ur fluxu eta errefluxu gutxiko depresio topografikoetan sortzen dira. Gehienetan barruko aldean eta kostaldeko basoekin konparatuz gero epe luzeagoan ur ez hain gazietan.
  • Ibaiertzetako mangladiak: Ibaietatik etorritako ur gozoek estalitako lautadetan kokatzen dira. Ur askoko garaietan ibai horiek uholdeak jasaten dituzte. Mangladi hauek mareei daude lotuta eta etengabe garbitzen ari dira.
  • Uholdeetako mangladiak: Uholdeak jasandako uharte eta lautadetakoak dira. Baso hauetan espezie mota guztiak aurki daitezke, baina gehienetan ez dute 5 metroko altuera gainditzen.
  • Mangladi nanoak: Hazi eta garatzeko muga handiak dituzten lurraldeetan jaiotzen dira, hori dela eta gutxitan gainditzen dute 1,5 metroko altuera. Gutxi dira eta sastraka gisa egoten dira sakabanatuta. Karbonatodun esparruetan eta inguru aridoetan kokatzen dira.