Berebizikoa da azkar ekitea
Gure herrialdean urtean 16.000 pertsona inguru hiltzen omen dira miokardio infartu bat jasan ondorengo minutuetan laguntza espezializaturik jaso gabe. Sarritan bihotzekoak ematean berehala hiltzen da, hortaz behar-beharrezkoa da laguntza medikoa lehenbailehen izatea. Heriotza hauetako gehienak bentrikuluen fibrilazioaren ondorio izaten dira, hau da, bihotza uzkurtu egiten da, baina hain bizkor uzkurtzen da ezin duela odolik bota. Hala ere, bihotz-arnasketa gelditzearen arrazoiak beste hauek ere izan daitezke: traumatismoa, ito beharra, drogen ondorioz intoxikatzea, asfixia, karbono monoxidoagatik intoxikatzea etab. Bihotz-biriken geldialdiaren zergatia dena delakoa izanda ere norbait inkontziente dagoenean, arnasarik hartzen ez duenean, eta pultsurik ez duenean, laguntza eskatu behar da. Baina laguntza iristen den bitartean atakea izan duenari bizirik eusten saiatu behar gara. Horretarako bihotz-biriken bizkortze edo erreanimazioa egin behar zaio, berehalako emergentzia neurririk sinpleena, oxigenatutako odola zirkulazioan jartzea helburu duena.
Ahoz ahoko arnasketa
- Etzan egin behar da biktima, gora begira, burua atzerantz okertuta, kokotsa igota. Horrela arnasbidea libre dagoela ziurtatuko dugu.
- Bizkortzea egin behar duena zuzen jarri behar da gaixoaren sorbalda ondoan, esku batekin garondotik heldu beharko dio eta bestea bekokian jarri. Heltzen dion bitartean hatz erakuslea eta erpuruarekin sudur-hobia itxi beharko dio emango zaion haizea irten ez dadin.
- Ondoren, sakon hartu behar da arnasa, ahoa gaixoaren ahoaren gainean jarri eta haizea bota.
- Haizea eman ondoren ahoa apartatu, arnasa hartu eta berriro gauza bera errepikatu. Erreanimazioa egiteak erreparoa ematen dien pertsonek zapi edo gasa bat jarri diezaiokete gaixoari ahoan, horrek ez baitu eragozten haizea pasatzea.
Bihotz-masajea
Odol-zirkulazioa berrezartzeko bihotz-masajea eman behar da. Bihotza bularrezur eta bizkarrezurraren artean konprimitzean oinarritzen da eta helburua barruan dagoen odola botatzea da.
- Biktimaren ondoan belauniko jarri behar dugu, bularrarekiko perpendikularki eta biktimak gainazal gogor batean egon beharko du.
- Bularrezurraren oinarria bilatu behar da, toraxaren erdi aldean, saihetsek V forma egiten duten lekuan. Hemen esku baten orpoa jartzen da eta honen gainean beste eskua, behatzak gurutzatuta.
- Ondoren, indarrez presionatu behar da, gorputzaren pisu guztia deskargatuz, bularra jaitsi dadin; beldurrik gabe, teknika hau eraginkorra izan dadin indarrez egin behar baita. Beldurrez eta zehaztasunik gabe egiten bada baliteke ez balio izatea.
Ahoz ahoko arnasketa eta bihotz-masajea elkarrekin konbinatuz gero, bizitza bat salba daiteke zuzen egiten badira.
Erritmoa eta iraupena
Bihotz-birikak bizkortzeko ahoz ahoko haize emate bakoitzeko bost bihotz zapalketa egitea da erritmorik egokiena. Bi haize emate eta ondoren 15 bihotz-zapalketa ere egin daitezke. Garrantzitsuena minutuan 12-15 haize emate indartsu eta 60 zapalketa egitea da. Baina zenbat denboraz luzatu behar da erreanimazio edo bizkortzea? Zaila da galdera honi erantzutea; ez desanimatzea da garrantzitsuena. Gaixo batzuek zenbait minutu behar izaten dute arnasa hartzen hasteko. Gaixoak erreakzionatzen ez badu, laguntza medikoa iritsi arte erreanimatzen jarraitzea aholkatzen da.
Pertsona bat edo bi
Pertsona bakarrak egin dezake bihotz-biriken erreanimazioa, baina hobe da bi lagun txandatzea, behin eta berriz errepikatu behar izaten baita operazio bera laguntza medikoa iritsi arte, eta nekagarria izan baitaiteke. Erreanimazioaren oinarrizko printzipioak berdinak dira lagun baten bidez edo bi lagunen bidez egin da. Bigarren kasu honetan, batek arnasketa artifiziala egiten dion bitartean, bestea bihotz-masajean oinarritzen da. Horretarako bihotz-masajea emango duena hankalatraba jartzen da gaixoaren buru aldean eta bestea sorbalda aldean perpendikularki. Maniobra hau hainbat minutuz egin beharra izanez gero txandakatzea komeni izaten da, ez nekatzeko. Erreanimazioa egiten bi lagun daudenean, 5-6 bihotz zapalketako haize emate indartsu bat egiten da. Beste pertsona bat gehiago egonez gero beheko gorputz-adarrak igotzen lagun dezake: honela, beheko gorputz-adar horietan dagoen odola gorputz-enborrera bidaltzea lortzen da eta odol kopurua handitzen da bizi-organoetan, hau da, bihotzari eta garunei odol bolumen nahikoa iristen zaiela bermatzeko.
Garun edo zerebroa organorik sentikorrena da anoxia edo oxigeno faltaren aurrean eta denbora gutxian atzeraezineko kaltea jasaten du: oxigenorik gabe 4 minututik 6 minutura bitartean egotea nahikoa da lesio larriak eragiteko, hortaz lehenbailehen hartu behar dira neurriak.
Lehenik eta behin hiru arlo konprobatu behar dira:
- Pultsua hartu: Pultsua hartzeko gorputzeko lekurik onena lepoa da, karotida ingurua.
- Arnasketa egiaztatu: belarria arazoa duenaren aho gainean jarriz arnasa hartzerakoan bularrak gora eta behera egiten duen konprobatzeko.
- Ahoa begiratu: arnasbidean traba egingo duen ezer ez dagoela ziurtatzeko.
Pultsurik ez badu eta arnasarik hartzen ez badu, zerbait egin behar da, funtsezkoa baita garaiz erreakzionatzea. Erreanimazio edo bizkortzean bizi funtzioak ahoz ahoko arnasketa bihotz masajearekin txandakatuz saiatu behar da mantetzen.