"Tabakorik gabeko" toki publikoak ez dira oraindik errespetatzen
Erretzaile ez direnen osasun eskubidea babesteko legezko neurri enblematikoenetakoa 1988az geroztik Espainian indarrean den debekua da, hain zuen ere ikastetxe, erietxe, aireportu, tren eta autobus estazio, Administrazioaren eraikin, gasolindegi, liburutegi, museo, garraiobide eta abarretan erretzeko debekua.
Arau hori betetzetik oso urruti gaudela adierazten zuen txosten bat aurkeztu zuen CONSUMERek 1998ko ekainean. Gaur egun, ia bost urteren buruan, eta Gobernuak herritarren osasunari hainbeste kalte egiten dion substantzia horren kontsumo eta publizitatea arautzeko lege-arau pila handia prestatuko duela iragarri duenean, aldizkari honek egin duen ikerketa batek argi erakusten du gauzek lehengo moduan jarraitzen dutela, okerrago ez bada.
Erretzaile ez denaren eskubideenganako errespetua, tabakoak erretzaile pasiboei eragiten dien kalteaz gizartean dagoen kontzientzia eta araua betearazteko Administrazioak duen zorroztasuna hutsaren hurrengoak dira Espainiako estatuan. Datuak oso dira adierazgarriak: 1998an debekaturiko tokien %44an gutxienez erabiltzaileren batek erretzen bazuen, gaur egun teorian nikotina-kerik gabeko izan behar luketen toki horien %46an erretzen da. Garai hartan, bestalde, babesturiko toki horietatik %3tan ematen zitzaien erretzaileei berariazko gela batean erretzeko aukera -horrela, erretzen ez duena ez da behartzen aire kutsatua arnastera-; eta proportzioa gaur egun %4 urri batean dago. Gainera, duela lau urte eta erdi, debekaturik zegoen tokietan jendea erretzen ari zelako aldizkari honetako teknikariek langileei zerbait esaten zietenean jasotzen zuten erantzuna %82an okertzat hartu bazitekeen, gaur egun %95era iritsi da proportzio hori. Txosten honetako datu itxaropentsu bakarra hauxe da: aurreko azterketaren arabera tabakorik gabeko gune horien %33an langileek (gutxienez langileren batek) erretzen bazuen, gaur egun %24an geratzen da proportzioa.
Unibertsitate guztietan eta irakaskuntza ertaineko institutuen ia erdian
Jendeak erre egiten du bisitaturiko unibertsitate publiko guztietan (guztira 12 hiritako beste horrenbeste unibertsitatetan), autobus estazio guztietan eta ia tren estazio guztietan, aireportu guztietan, udaletxe, diputazio eta erkidegoetako gobernuen erdietan, irakaskuntza ertainetako institutuen %42an, eta oraindik okerrago dena, hiru ospitaletatik baten (handi eta txikietan berdintsu) eta gasolindegietan (kasu honetan segurtasunaren arazoa gehitu behar zaio). Erretzeko debekua errespetatzen den tabakorik gabeko gune bakarrak museoak eta hiri barruko autobusak dira. Azterturiko Turismo bulegoetan eta INEMekoetan txikia izan zen arau-haustea: %17an bakarrik ikusi zen jendea erretzen.
Tabakismo pasiboa (erretzen den giroetan bizi behar ohi dutenek jasaten dutena) birikako minbizi arriskua, asma eta arnas sistemako gaixotasunak gehitzearekin erlazionatu izan da. Horrenbestez, erretzeari uzten dionak edo beste pertsona batzuk dauden edo egongo diren tokian erretzen ez duenak, bere osasunari ez ezik ingurukoenari ere egiten dio mesede.
Eredu emango bagenu, sikiera…
Arau hau erabiltzaile guztiek bete dezaten, ezinbesteko dirudi legez tabakorik gabeko izendaturiko tokietan lan egiten duten langileek ere salbuespenik gabe hala egitea. Baina errealitatea urruti dago idealetik zoritxarrez, eta kasu honetan, logikak agintzen duenetik ere bai: hamar unibertsitate eta autobus eta tren geltokitatik lautan erre egiten dute langileren batzuek. Eta beste hainbeste gertatzen da hamar gasolindegi eta udaletxetatik hirutan eta hamar aireportu, institutu, diputazio edo gobernu eta turismo bulegotatik hirutan ere. Eta hamar erietxe eta INEMen bulegotatik batean. Langileek erretzen ez zuten espazio publiko bakarrak liburutegiak, museoak eta hiri barruko autobusak ziren. Bestalde, legeak debekaturiko lekuan jendeak erre ez dezan, espazio horiek hala seinaleztaturik egotea komeni da (araudiak berak adierazten duen moduan). Izan ere, oinarrizko printzipio hori ere ez da betetzen: unibertsitate eta turismo bulegoen erdietan, autobus estazioen %42an eta institutu, hiri barruko autobus, diputazio eta gobernu eta tren estazioen %25ean ez dago erretzeko debekua gogorarazten duen seinalerik. Eta beste horrenbeste gertatzen da udal eta liburutegien %17an eta erietxe, aireportu eta gasolindegien %8an. Gune babestuetan tabakoaren kontsumoa murrizten lagun dezakeen beste ekimen bat (oraindik araudian jaso ez dena), instalazio horietan tabakorik ez saltzea litzateke. Logikoa dirudi, oinarrizko beharrizanetako gauza ez denez, eta tabakoa beste toki batzuetan ere oso erraz eros daitekeenez, tabakorik gabeko guneetan ez saltzeak. Baina bisitaturiko tren eta autobus estazio guztietan, aireportu guztietan eta hamar gasolindegi eta unibertsitatetatik bederatzitan eros daiteke tabakoa. Eta baita erietxe txiki eta museoen %13an eta institutuen %7an.
Txostena nola egin zen
Azterketa honen helburua da espazio publikotan tabakoaren kontsumoa mugatzen duen martxoaren 4ko 192/1988 Errege Dekretua -uztailaren 23ko 1293/1999 Errege Dekretuak aldatua- zenbateraino betetzen den egiaztatzea. Erretzea debekaturik dagoen 228 toki bisitatu ziren Bartzelona, Madril, Malaga, Bilbo, Valentzia, Alacant, Santander, Gasteiz, Donostia, Oviedo, Iruñea eta A Coruñan. Hiri bakoitzean Udalak, Gobernuak eta Diputazioak publikoarentzat irekirik dituen instalazioak, aireportu bat, autobusen estazio bat eta trenen beste bat, unibertsitate publiko bat, irakaskuntza ertainetako institutu bat, Turismo bulego bat eta INEMen beste bat, museo bat, erietxe handi bat eta txiki bat, liburutegi publiko bat, lau gasolindegi eta hiri barruko autobusen lau linea bisitatu ziren. Toki horiek guztiak urtarrilaren 8tik 15era bitartean bisitatu genituen, jende gehien ibiltzen den orduetan eta bi aldiz, gasolindegi eta autobusak izan ezik, behin bakarrik bisitatu baitziren. Toki horietako bakoitzean, CONSUMEReko teknikariak 45 minutu eman zuen, bere bisitaren zergatia adierazi gabe. Publikoarentzat dauden guneak bisitatu zituen, hala nola pasillo, itxaron gela, erakusketa gela eta sarrerak. Gune bakoitzean langile eta erabiltzaileek erretzen ote zuten begiratu zuen eta erretzea debekatzen zuten seinalerik ba ote zegoen. Gainera, arau betetzen ez zela eta CONSUMEReko teknikariak zerbait esatean langileek izan zuten erreakzioa ere jaso zen.
Datuak, hirien arabera
12 hirietan ere egoera asko hobetu daitekeen arren, batzuetan aipagarria da arau-urratzearen larritasuna. Datuak ezin dira interpretatu hiri bakoitzeko egoeraren adierazpen zehatz gisa (lagina oso txikia baita: tabakorik gabeko 19 gune hiri bakoitzean), baina alde nabarmenak ere aurkitu dira. Santander, Alacant eta Madrilen tabakorik gabeko guneen %60an erretzen zen gutxienez; Iruñean %27koa zen arau-haustea eta Bilbo eta Valentzian %33koa. %40arekin ageri dira Gasteiz, A Coruña, Oviedo eta Bartzelona. Donostian guneen %53an erretzen da eta Malagan %47an. Interesgarria da, bestalde, gune horietako langileek zenbateraino erretzen duten begiratzea ere: Santander ageri da ranking-buruan, tokien %67an erretzen baitzuten eta atzetik Bartzelona (%47) eta Donostia (%40) datoz. Gaizki Alacant (%33), Malaga (%20) eta Valentzia (%20) ere. A Coruña eta Iruñean bakarrik da egoera onargarria, espazioen %7an bakarrik erretzen baitzuen langileren batek; baina Gasteiz, Bilbo, Madril eta Oviedon, %13arekin, proportzioa ez da beste hiri batzuetan bezain tamalgarria. Santander eta Alacant dira, bestalde, toki horietan erretzea debekatzen duten seinalerik ez duten hiriak (ia tokien erdietan). Eta tabakorik gabeko espazio publiko horietan araua betetzen ez zelako langileen axolagabekeria askoz txikiagoa izan zen Madrilen (tokien %33tan erantzun egokiak eman zituzten) gainerako gehienetan baino: hamabi hirietatik hamarretan, langileetako batek ere ez zion jakinarazi erretzen ari zenari debekatuta dagoela; eta hori egitea oso erraza da. Ez baita inoren askatasuna mugatu edo ezer inposatzen, ez dakienari edo araua urratzen duenari lege-arau batek ezartzen duena gogoraraziz erretzaile ez direnen eskubidea defendatu baizik.
Erretzeari eta besteei kalte egiteari uzteko arrazoiak
Erretzeari uztea har daitekeen erabaki osasungarriena da: 20 urteko pertsona batek erretzeari uzten badio, bere bizitza-itxaropena hipertentsioa ongi kontrolatuta baino hiru aldiz gehiago luzatzen da eta kolesterolarekin beste horrenbeste eginda baino hamar aldiz gehiago (CNPT, tabakismoa prebenitzeko batzorde nazionala.1998).
- 1999an, 9.572.691 erretzaile zeuden Espainian, horietatik %61 gizonezkoak.
- Batez beste, erretzaileek egunean 6 eta 12 zigarro artean kontsumitzen dute; 2.000-4.000 urtean.
- Tabakoak 3.000 substantzia inguru sortzen ditu erretzen ari denean. Ezagunenak karbono-monoxidoa, alkitrana eta nikotina dira. Baina gehiago ere badira, minbizia sortzen dutenak, hala nola nitrosaminak, benzopirenoak eta amina aromatikoak.
- Erretzea beti da txarra, ez dago segurtasun-atalaserik. Zigarro kopuruak menpetasun maila definitzen du, baina guztiak dira kaltegarriak, lehenetik hasita.
- Tabakoa pozoia da: ordu bakoitzean 560 pertsona hiltzen ditu munduan, 13.400 egunean eta ia 5 milioi urtero (Osasunaren Mundu Erakundearen 2002ko datuak). Eta EBn milioi erdi heriotza eragiten du urtean. (Europako Kontseilua, 1996).
- Espainiako estatuko gizonezkoen hamar heriotzatik bat tabakoaren kontsumoarekin zuzenean erlazionaturik dago. (CNPT, 2002)
- Birikako minbizia duten pertsonen %85 erretzaile izan dira.
- Tabakoak faringe, laringe, urdail, hestegorri, pankrea eta puxikako minbizia sortzen du.
- Eta, gainera, baita bronkitis kronikoa, gaixotasun kardiobaskularrak eta efisema ere.
- Tabakoan, nikotina da menpetasuna (menpetasun fisikoa) sortzen duen droga.
- 50 urterekin, erretzaile batek erretzen ez duen norbaitek 75 urterekin izango lukeen birika-gaitasuna dauka (CNPT 1998).
- Tabakismo pasiboa (beste pertsona batzuek kontsumituriko tabakoaren kea sarritan irenstea) birikako minbizi arriskua, asma eta arnasbideetako beste gaixotasun batzuk gehitzearekin erlazionatzen da.
- MOEren kalkuluen arabera, Europako Batasunean erretzen ez duten baina erretzen den guneetan bizi behar izaten duten 50.000 eta 94.000 pertsona artean hiltzen da urtean, tabakoaren eraginez.
- Zigarro baten keak erretzaileak irensten duen alkitran eta nikotinaren bi halako isurtzen du.
- Erretzaile pasibo diren haurrek arrisku handiagoa dute bronkitisa, pneumonia, asma eta gorreria sortzen duten belarriko gaixotasunak izateko.
- Haurrak oso zaurgarri dira tabako kearen aurrean: beren birikak txikiagoak dira eta inmunologia sistema ez dute hain garaturik.
Herritarren osasuna babesteko tabakoaren salmenta eta erabilera mugatzeari buruzko martxoaren 4ko 192/1988 Errege Dekretuak -bere artikuluetako lautan uztailaren 23ko 1293/1999 Errege Dekretuaren bidez aldatuak- honakoa dio lehen artikuluan: Osasunaren Lege Orokorreko 25.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, pertsonaren osasunerako substantzia kaltegarri deklaratzen da tabakoa. Gatazka kasuan, ez erretzaileen eskubidea nagusituko da erretzaileek tabako-gaiak kontsumitzeko duten eskubidearen gainetik, lehenengoen osasunarengan eragina izan dezakeen toki eta zirkunstantzia guztietan, Errege Dekretuak ezartzen duenaren arabera.
Honakoa ere ezartzen du:
- Debekaturik dago 16 urtetik beherakoei tabakoa saltzea.
- Erretzea erabat debekatuta dago hiri barruko eta hiri arteko garraiorako ibilgailu edo garraiobide kolektibo guztietan. Garraio kolektiborako ibilgailutzat hartuko dira funikular eta teleferikoak ere.
- Ezin da erre emakume haurdunek lan egiten duten lantoki eta lan-guneetan.
- Ezta irakaskuntza zentroetan ere.
- Ezta osasun zerbitzuetan ere.
- Ez eta zuzenean publikoaren arretarako dauden Administrazio publikoaren bulego-guneetan ere.
- Ez eta erabilera publiko orokorrerako, irakurtzeko eta erakusketetarako geletan ere.
- Ez eta jendea sarri bildu ohi den lokal itxietan ere.
Bestalde, Ministerioak aurkeztu duen Tabakismoaren Prebentziorako Plan berriak (2003-2007 epealdian garatuko denak) honakoa proposatzen du:
- Tabako-gaien zuzeneko eta zeharkako publizitatea eta babesa debekatzea.
- KPItik tabakoa kentzea.
- Tabakoari buruzko zergak igotzea.
- Adin txikikoei tabakoa saltzea debekatzea.
- Zigarroak saltzeko makinak kentzea.
- Zigarroak solte saltzea debekatzea.
- Tabakoa gaixotasun kroniko deklaratzea.
- Osasun-prestazioetan tabakoaren aurkako tratamenduak sartzea.
- Pertsonen historia klinikoan tabakoaren aipamena jasotzea.
- Erretzaileentzako hotel-plazak mugatzea.
Helburu jakin batzuk ere ezarri dira: 2003rako, ikastetxe, osasun zentro eta Administrazioaren zentroen %95 tabakorik gabeko gune bihurtzea; 2004rako, toki publiko guztietan tabakoaren kontsumoa arautuko duten arauak garatzea; 2005erako, enpresen %70 tabakorik gabeko guneak sortzera bultzatzea; eta 2007rako, erretzaile kopurua 2003ko datuen aldean %30 gutxitzea.
Hiriak banan-banan, araua gehien urratzen duenetik hasita
- Santander
Egoerarik txarrena, alde handiz gainera. Erabiltzaile zein langileek (baten batek edo baten batzuek, kasu bietan) erre egiten dute tokien %67an. Gainera, kasuen %100ean langileen erreakzioa ez zen zuzena izan erretzen ari zirela ikusi eta erre zitekeen galdetu zitzaienean. Eta tokien %47an ez dago erretzea debekatzen duen seinalerik (batez bestekoan baino askoz okerrago). Guneen %7an erretzaileentzako guneak zeuden (ondoen dagoen hirietako bat da alderdi horretatik) eta tokien %50ean tabakoa saltzen zen (egoerarik okerrenetako bat).
- Bartzelona
Oso gaizki. Erabiltzaileek erre egiten zuten guneen %40an (batez bestekoaren azpitik), baina guneen %47an langileek erre egiten zuten (hiri guztietan bigarren txarrena). Ez zegoen seinalerik lekuen %13an (nahiko datu ona). Tokien %7an erretzaileentzako guneak zeuden (hiri guztietan, egoera onenetakoa). Langile batek ere ez zuen zuzen jokatu erretzen ari zirela ikusita erretzeko debekuaren inguruan galdetu zitzaionean. Tokien %42an tabakoa saltzen zen (batez bestekoaren gainetik).
- Alacant
Oso gaizki. Erabiltzaileek erre egiten zuten guneen %67an (gehien, Santanderrekin batera); langileek, berriz, %33tan erretzen zuten (txarrenen artean laugarrena). Tokien %47an ez zegoen seinalerik (batez bestekoa baino askoz ere okerrago) eta inon ere ez zegoen erretzaileentzako gunerik. Galdetu zitzaienean, tokien %89an erreakzio desegokia izan zuten langileek (paradoxa badirudi ere, batez bestekoa baino proportzio hobea da). Tabako-salmenta gutxien dagoen tokia, %33, Donostian bezala.
- Donostia
Oso gaizki. Erabiltzaileek erre egiten zuten tabakorik gabeko guneen %53an (laugarren hiria, okerrenen artean); langileek, berriz, espazio publikoen %40an erretzen zuten (hirugarren hiria, okerrenen artean). Tokien %33k ez du seinaleztapen egokirik (batez bestekoaren gainetik), eta batean ere ez zegoen erretzaileentzako gunerik. Langileen %100ek erreakzio desegokia izan zuten erre zitekeen galdetu zitzaienean. Gune babestu horietan tabako gutxien saltzen den hiria da (%33), Alacantekin batera.
- Malaga
Gaizki. Langileen erre egiten dute tokien %20an (batez bestekoaz zertxobait azpitik), baina erabiltzaileek tokien %47an erretzen dute (batez bestekoa). Tokien %20an ez dago seinalerik (batez bestekoa baino zertxobait hobeto), ez zen erretzaileentzako gunerik bat ere ikusi eta kasuen %100ean langileen erantzuna ez zen zuzena izan, galdetu zitzaienean. Tokien %42an saltzen zen tabakoa, batez bestekoaren gainetik.
- Madril
Gaizki. Erabiltzaileek erre egiten dute tokien %60an (hiririk txarrenen artean hirugarrena), baina langileek kasuen %13tan bakarrik erretzen zuten (batez bestekoaren azpitik). Tokien %27an ez zegoen seinaleztapenik (batez bestekoa baino zertxobait okerrago). Erretzaileentzako guneak, tokien %7an (batez bestekoa baino hobeto). Madrilen eman zuten langileek erantzun desegoki gutxien (%67k bakarrik). Bisitaturiko tokien %50ean saltzen zen tabakoa, batez bestekoaren gainetik.
- Valentzia
Gaizki, baina batez bestekoa baino zertxobait hobeto. Erabiltzaileek erre egiten zuten kasuen %33an eta langileek %20an. Ez zegoen erretzea debekatzen duen seinalerik espazioen %13an (batez bestekoa baino hobeto). Erretzaileentzako gunerik ez. Galdetu zitzaienean, langileen %100ek erreakzio desegokia izan zuten. Tokien %50ean eros zitekeen tabakoa (batez bestekoa baino okerrago).
- Gasteiz
Gaizki, baina batez bestekoa baino zertxobait hobeto. Erabiltzaileek erre egiten zuten kasuen %40an eta langileek %13an (batez bestekoaz azpitik). Seinalerik eza guneen %20an jaso zen (batez bestekoa baino zertxobait hobeto). Tokien %7an erretzaileentzako gunea zegoen. Galdetu zitzaienean, langileen %100ek erreakzio desegokia izan zuten. Tokien %50ean eros zitekeen tabakoa (batez bestekoa baino okerrago).
- Oviedo
Gaizki, baina batez bestekoa baino zertxobait hobeto. Erabiltzaileek erre egiten zuten kasuen %40an eta langileek %13an. Espazioen %7k bakarrik falta zituzten erretzea debekatzen duten seinaleak. Tokien %7an erretzaileentzako gunea zegoen. Galdetu zitzaienean, langileen %100ek erreakzio desegokia izan zuten. Tokien %42an eros zitekeen tabakoa (batez bestekoa baino okerrago).
- Bilbo
Gaizki, baina batez bestekoa baino zertxobait hobeto. Erabiltzaileek erre egiten zuten kasuen %33an eta langileek %13an. Tokien %13k ez zuten seinalerik eta inon ere ez zegoen erretzaileentzako gunerik. Galdetu zitzaienean, langileen %100ek erreakzio desegokia izan zuten. Tokien %50ean eros zitekeen tabakoa (batez bestekoa baino okerrago).
- A Coruña
Gaizki, baina batez bestekoa baino hobeto. Erabiltzaileek erre egiten zuten kasuen %40an, baina langileek %7an bakarrik (gutxien, Iruñearekin batera). Bisitaturiko tokien %7ak besterik ez zuen falta seinaleztapena. Galdetu zitzaienean, langileen %100ek erreakzio desegokia izan zuten. Tokien %42an eros zitekeen tabakoa (batez bestekoa baino okerrago).
- Iruñea
Gaizki, baina batez bestekoa baino askoz ere hobeto. Erabiltzaileek tokien %27an erretzen zuten (gutxien) eta langileek, berriz, %7an bakarrik (gutxien, A Coruñarekin batera). Tokien %27k ez zuten seinaleztapenik (batez bestekoak baino gehiago) eta %7an bazegoen erretzaileentzako gunea.
Galdetu zitzaienean, langileen %100ek erreakzio desegokia izan zuten. Tabako-salmenta tokien %42an ikusi zen.
Oraintxe, edo sekula ere ez eta konparaketako taula
Mundu guztiak daki erretzaileek gehiegizko heriotza-tasa goiztiarra izaten dutela, batez ere gaixotasun kardiobaskular, arnasbideetako gaitz, eta minbiziaren eraginez; urtean 50.000 heriotza gertatzen dira Espainiako estatuan tabakoaren eraginez eta 1978tik gaur arte ia milioi bat dira arrazoi horrengatik hildakoen; hala ere, Espainian erretzen jarraitzen du jendeak, eta asko gainera.
Espainiarra masokista, informaziorik gabea edo ergela dela esan nahi du horrek? Ez horixe. Baina Espainiako estatuko gizartearen heren bat gutxienez kulturalki erroturik dagoen droga baten menpe da eta droga horren aurrean izugarrizko tolerantzia soziala dago; egia da tabakismoa hasten denetik osasunean eraginak antzematen hasi arteko tartea luzea dela, eta horrek zaildu egiten du gaixotasuna sortzen denean kausa-efektu erlazioa ikustea. Eta egia da, bestalde, administrazio publikoek ere ez diotela uko egin nahi zergen bidez tabakoak sortzen dizkien irabazi izugarriei eta ez dute aitortzen tabakismo gaietan ezinezko dela negozioa eta osasuna binomioa uztartzea. Tabako-industriak ere primeran daki, azkenik, tabakismoaren inguruko eztabaida soziala azaleko gaietan eta puntu anekdotikoetan zentratu eta giro sozialari horretan eusten, eta uko egiten zaio kontsumoa baldintzatzen duenari buruzko sakoneko analisi sistematikoa egiteari.
Tabako industriek egunean 8.000 erretzaile berri bereganatu behar dute -kopuru horixe galtzen baitute egunero gaixotasun, heriotza edo erretzeari utzi diotenengatik- eta horretarako ez diete gastu eta estrategiei erreparatzen. Tabakoaren negozioan ezer ere ez da halabeharraren esku geratzen. Besteren kearen eraginez gaixotu nahi ez duten kolektiboen aldarrikapen-mugimenduak antzematen badituzte, horien aurka bidaltzen dituzte beren idazle, umoregile eta irratietako tertulietako tropelak, aitortu ezinezko diru-sari ederren eraginez, erretzaileen aurkako intolerantziaren bandera famatua altxatzera. Zuzeneko publizitatea debekatzen bazaie, zeharkakoan inbertitzen dute, Estatu Batuetan hedabideetan tabakoa iragartzea debekatu zutenean bezala, filmetan protagonisten zigarro-kontsumoa %92 gehitu baitzen, batez ere protagonista horiek emakumezkoak, ederrak eta bizitzan arrakasta dutenak zirenean, Smoking Free Movies Association erakundearen ikerketa batek dionez. Zer uste duzu, bada, kasualitatea edo gidoiaren halabeharra dela telebistako gure serieetan eroak bezala erretzen duten gazteak agertzea? 2000. urtean erretzaileek zinean izan zuten agerpenaren batez bestekoa orduko 10,8koa izan zen; 1990ean, berriz, 5,9koa zen, erdia inguru. Ezer ez da uzten halabeharraren esku. Tabakoaren sektoreko handikiek izugarrizko presioa egiten dute herrialde bakoitzeko politikariengan eta presio hori gaindi ezina izaten da askotan. Ez ahaztu munduko hiru negozio errentagarrienen artean dagoen tabakoarena. Gizarte zibilizatuak tabakoaren kontsumoaren aurkako neurriren bat hartzen duenean, tabako fabrikatzaileek indarrak ahitu arte egiten dute borrokan neurri horien aurka eta galdu behar badute, gutxienez hitzarmenak lortzen dituzte aldaketak atzeratu daitezen; hutsarte edo “su-eteneko” urte horietan zehar, milioi eurotan bihur ditzakete beren irabaziak eta ekintza berriak prestatzen jarraitu.
Espainiako estatuan tabakoaren bereizketarik gabeko kontsumoaren aurkako lege garrantzitsuak izan ditugu, baina xehetasun txiki bat ahaztu izan zaie: lege horiek betetzea nahitaezkoa dela, hain zuzen. Orain Tabakismoaren Prebentziorako Plan Nazionala dator eta erkidegoen adostasun zabalarekin, serio hartu nahi da estatuko bizilagunen gaixotasun eta heriotza goiztiarraren lehen eragile denaren aurkako lana. Guztion artean lege hori inplementatzea lortzen badugu, datozen belaunaldiei ahokada arnasa garbi eramango diegu eta gure herria -berez ere pribilegiatua- Mendebaldeko herrialde osasuntsuenetakoen artean jarriko dugu.
Víctor López García-Aranda
Tabakismoaren prebentziorako Batzorde Nazionaleko (CNPT) lehendakaria