Zeliakia

Tratamendu bakarra, dieta

Zeliakoak ez du botikarik hartu behar; bai, ordea, irensten duen guztia zorrotz kontrolatu
1 otsaila de 2003

Tratamendu bakarra, dieta

Glutena onartzen ez duen organismoa da zeliakoa eta zeliakia, berriz, gaixotasun kroniko aski arrunta. Kontua da zeliakoaren hesteek glutena (laboreetan eta, beraz, irinean dagoen proteinetako bat) ez dutela ongi asimilatzen. Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioaren (FACE) arabera, sortzen den 200-300 haurrerako bakar batek nozitzen du patologia hori eta Espainian digestio-prozesu kronikorik hedatuena den arren, infradiagnostikatua dago: lau paziente zeliakotik batek baino gutxiagok omen daki gaitza nozitzen duela. Zeliakoek ezin dezakete hartu gari-, garagar-, olo-, zekale- edo malta-irina duen elikagairik, glutendun elikagaiak hartzeak elikagaien mantenugaiak xurgatu eta organismora pasatzen dituzten heste-biloan lesio progresiboa eragiten dietelako.

Glutenak bilo hori kaltetzen duenez, zeliakoak okerreko nutrizioa du eta, hortaz, hainbat gaixotasun pairatzen ditu. Ondorioak benetan larriak izan daitezke: minbiziak edo krisi zeliakoak.

Sintomak

Zeliakia nozitzen duten pertsona batzuek ez dute oraino sintomarik ezagutzen, heste meheak kaltetua duen partea oraindik ere gauza delako behar adina mantenugai hartzeko. Nolanahi ere, pertsona horiek gaixotasunaren ondoriozko konplikazioen biktima izateko arriskuan daude. Sintoma ohikoena beherako kronikoa, gorozki kirasdun hitsak, sabeleko distentsioa, pisu galera, gabezia nutrizionalak eta anemia dira. Sabeleko min ohikoa, flatulentziarekin eta heste-mugimendu anormalekin batera gertatzen da horietan. Dena den, pertsonatik pertsonara sintomak aldatu egin daitezke (junturetako mina, karranpak, nekea, etab.).

Adinaren arabera ere aldatzen dira sintomak. Urtebete bitarteko haurren dietan ahien elikabidea sartzen denean glutenaren ez-onarpena hauteman daiteke. Horrelakoetan haurra piperturik dabil beti, haserre, eta aipatu berri ditugun sintomak agertzen ditu (pisu eta taila eskasak, batik bat). Haurrak edo helduak gaitza nozitzen duten zehazteko, probarik fidagarriena heste-biopsia egitea da: bertan ikus daiteke mantenugaiak xurgatzen dituen heste-biloa kalteturik dagoen. Helduetan, depresioen, -emakume zein gizonezkoaren- antzutasunaren, hileko berankor eta irregularren, ile-galeraren eta abortu errepikatuen eragile izan daiteke intolerantzia hori.

Tratamendu bakarra, dieta

Gaitz honen tratamendua dietetiko hutsa da: elikaduratik glutena zeharo ezabatzea da kontua. Neurri honek betirako iraungo duenez, zorrozki betetzea ez da erronka makala: glutena, izan ere, prozesaturiko produktuek dauzkaten aditibo egonkortzaileetan, emultsionatzaileetan, lodigarrietan eta bestelakoetan ere ager daitekeelako, gutxienez. Hau da, zeliakoak ez du zertan botikarik hartu, baina irensten duen guztia kontrolatu behar du, erosten ditugun produktu gehienek glutena baitute. FACE-ren arabera, supermerkatuko produktuen %80k dauka glutena. Egunero kontsumitzeko moduko elikagaiak (arrautzeztatuak, kategoria apaletako fianbreak, opil eta okintzako produktuak, oreak, saltsak, ongarriak, etab.) moldatzeko irinak edo deribatuak baliatzen ditu industriak.

Kasu gehienetan, bi astetan glutenik gabeko elikadura egin ondoren sintomen hobekuntza nabaritzen da eta hortik aste batzuetara egoera normalera dator pazientearen nutrizio-egoera. Baina glutenik gabeko dieta egitea ez da kontu erraza, jateko estrategia berri-berriari ekin behar zaionez, honek bizimodu osoan izango du eragina. Zeliakoarentzat etxetik kanpora afaltzea erronka latza da, otordua xehetasunez arakatzen eta ezkutuko gluten-iturriez zerbitzariak galdekatzen ikasi beharko baitu. Glutenik gabeko produktuak erostea da beste aukeretako bat, baina oso-oso garestia: kilo bat ore (makarroiak, fideoak…) 60 zentimo inguru kostatzen zaigularik, glutenik gabeko ore kiloa 5,76 euro ordaindu behar du zeliakoak.

Kontuan eduki beharrekoa

  • Nutrizio-gabeziarik ez nozitzeko, elikadura osatu eta orekatua egitea.
  • Glutenik ez duten elikagai naturalen kontsumoa sustatzea: gluten gabeko laboreak (arroza, artoa, artatxikia eta basartoa), era guztietako barazkiak, fruta, lekaleak, tuberkuluak, esnea, haragi, arrain eta arrautzak, olioa, azukrea, eztia.
  • “Glutenik gabe” izeneko produktuak salbuespenetan edo egun seinalatuetan bakarrik kontsumitzea.
  • Digestioa errazteko, gantz gutxiko esnekiak hartzea, aukeran. Laktosaren aurkako intolerantzia dagoenean, saiatu jogurt eta gazta hartzen.
  • Irakurri arretaz elikagaien etiketak eta saihets egin fabrikatzaileak “glutenik gabe” izendatu ez dituenei. Produktuen etiketan informaziorik ez agertzeak zaildu egiten die elikadura zeliakoei.
  • Ez kontsumitu elikagai prozesatu edo prestatuak, horien prestaera eta osagaiak ezagutzen ez badituzu.
  • Oso litekeena da garia, zekalea, garagarra eta oloa hamaikatxo elikagairen osagarri izatea: kakao, txokolatinak, kafe aldiberekoa, esne-krema, fianbreak, gozoki murtxikagarriak, soja-saltsa batzuk, entsaladen ongailu komertzialak, gozokiak…
  • Ez kontsumitu osagaien artean hurrengo aditiboetako bat daukaten produktuak: almidoia, almidoi eraldatua (H-4381etik H-4395era arte), amilazeoak, laboreak, lodigarriak (nondik atera diren ez bada zehazten), fekula, glutena, irina, proteina, proteina natural hidrolizatua, landare proteina, landare proteina hidrolizatua, semola, laboreetatik ateratako egonkortzaile, lurringarri edo bestelako aditiboak (nondik atera diren ez bada zehazten).
  • Produktu espezializatuetan, atzeman zeliakoentzat baimenduriko elikagaien nazioarteko ikurra. Seguruago izateko, ikus zeliakoen elkarteek egiten duten berariazko elikagaien katalogoa.

Tratamendua: itxaropenak

Osloko (Norvegia) eta Stanfordeko (AEB) Unibertsitateetako zientzialari-ekipoek zeliakiaren zergatia eta balizko tratamendua aurkitu dituzte. Ikertzaileek egiaztatu dutenez, glutenaren gliadina izeneko zatiak (gaitzaren erruduna) digestioaren aurkako erresistentzia agertzeaz gainera, paziente zeliakoak nozitzen duen hestearen hanpatze kaltegarria eragiten du. Ikerlari horien esanetan, bakterio batek ekoizten duen entzima dietetiko jakin bat hartzen bada, gliadina hori hamaika zatitxotan hauts dezake eta, horrela, ez litzateke kaltegarri gertatuko. Beraz, badirudi gaitza gehigarri dietetikoen bitartez trata daitekeela. Horiexek dira zeliakoei bizimodu normala egiteko itxaropena eskaintzen dieten lehen aurkikuntzak.

KONTSUMITU BEHAR EZ DIREN labore eta deribatuak
  • Garia: gluten gehien daukan alea.
  • Bulgurra: gari lehortu eta blaitua da.
  • Durum: gari mota bat.
  • Oloa, garagarra, zekalea eta tritikalea.
  • Spelt: badu gari-glutenaren tankerako proteinarik.
  • Semolina: gariz moldatua.
  • Kus-kus: gariaren deribatua.
  • Orea, makarroiak, espagetiak, fideoak… gari-irinaz eginak badira.
  • Esandako laboreen irinak.
  • Garagardoa, galorratza, E bitamina kapsulatan (gariaren deribatuak dira).