Alokairuan bizitzea

Maizterraren eskubide eta betebeharrak

Arazorik ez izateko, egokiena da kontratua idatziz formalizatzea, alokairuaren ordainketa eta epeei buruzko dena dokumentuan jasota
1 otsaila de 2003
Img economia domesitca listado

Maizterraren eskubide eta betebeharrak

Espainian etxebizitza erosteko dauden eragozpenak eta haien prezioak erritmo berean doaz goraka. Salgai dauden etxebizitzen kostua garestiegi da biztanle gehienentzat: hiritarrak, hipoteka bidez eskuratu beharreko etxe hori ordaintzera bideratuko du bere soldataren %66. Horregatik etxebizitza alokatzea bilakatu da aukera sendoena espainol askorentzat. Ikasle, bikote eta independizatzeko asmotan dabiltzan gazteek dute interes biziena aukera hori zabal dadin, horrelako merkatua garatu gabe baina indartsu bilakatzeko moduko ikusten delarik. Halaz ere, Europan aspalditik hedatua eta Alemania edo Frantzian biziki ohikoa den alokatzeko praktika oraino erosketa baino dezente atzerago dago Espainian.

Hobe idatziz

Hiriko higiezina alokatzeko interesa duten pertsonek kontuan hartu behar dute Espainian forma-askatasuna dagoela indarrean. Horrek esan nahi du alderdi bien nahiak agertzen dituen idatzizko agiria sina dezaketela, kontratu gehien-gehienetan ohiko den bezala, edo bestela, bestelako hitzarmenak gauzatzea: ahozkoa, adibidez. Horrelakoetan, maizterrak idatzizko dokumentua noiznahi eskatu ahal izango du. Nolanahi ere, hobe da den-dena idatziz azaltzea, alderdietako batek kontratua urratu duela errazkiago frogatuko baita horrela.

Maizterraren eskubide eta betebehar guztiak, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean xedatuta daude. Hona hemen:

Maizterraren eskubideak

Alokatzeko gehieneko epea

Maizterrak etxebizitza horren erabilera bost urtez egin dezake, non eta jabearekin bestelakorik hitzartzen ez duen. Jabeak kontratua (bost urteak bete arte) urtez urte luzatzeko obligazioa duelarik, maizterrak kontratua baliogabe utz dezake urte bakoitzaren bukaeran. Horren berri eman beharko dio jabeari gutxienez 30 egun lehenago.

  • Bost urteak beterik, alderdi batek besteari kontratuaren baliogabetzea jakinarazi ez badio, indarrean segituko du automatikoki urtez urte, beste hiru urte bete arte. Horrelakoetan, maizterrak alokairu-urtearen bukaeran etxebizitza uzteko eskubidea izango du.

Obrak:

Etxebizitzaren jabeak maizterrari jakinarazi beharko dio egitera doan obren izaera, iraupena eta kostua. Legeak dioenez, bi obra mota daude:

  • Hobekuntza-lanak: maizterrak nozitzeko obligazioa du, lan horiek egiteko kontratuaren bukaera arte itxaroterik ez dagoenean (itoginen konponketak, hodiak, etab.). Maizterrak errenta txikiagoa ordaintzeko eskubidea izango du, lanek eragotzi dioten etxebizitzaren partearen proportziozkoa, eta lanek eginarazi dizkioten gastuen indemnizazioa hartzekoa.
  • Mantentze-lanak: jabeak, errenta altxatzeko eskubiderik gabe, etxebizitza biztangarri mantentzeko beharrezkoak diren lan guztiak egiteko obligazioa du, hondamena maizterraren erruz gertatu denean izan ezik.

Titularra bertan ez izatea

Hurrengo kasuak gerta daitezke:

  • Etxebizitza maizterrak uzten badu: ezkontidea (zuzenbidezkoa edo faktikoa, orientazio sexuala zeinahi dela ere) bizi ahal izango da bertan, baina halakotzat hartua izan dadin, bi urtez bizi behar izan dute elkarrekin.
  • Maizterra hiltzen bada: maizter titularrarekin gutxienez aurreko bi urteetan bizi izan diren pertsonek kontratuan segi ahal izango dute.
  • Bakarrik bizi balitz: horrelakoetan kontratua indargabe gertatuko da. Horregatik komeni da, bi adiskide elkarrekin bizi badira, kontratua bien izenean egitea.

Jabeak etxebizitzaren premia du

  • Jabeak etxebizitza hartu behar badu kontratuaren aurreneko bost urteetan eta dokumentuan horrelakorik agerrarazi ez badu, ez du deuseztatzeko eskubiderik izango. Aukera hori kontratuan agertuko balitz eta jabeak erabili nahi izango balu, maizterra kanporatu eta hurrengo hilabeteen barruan okupatu beharko du etxea. Bestela, maizterrak etxebizitzara beste bost urtez itzultzeko eskubidea izango du eta, gainera, kanporaketak eragin dizkion gastuak ordainaraziko zaizkio jabeari. Edo, horrela nahiago balu, kontratua amaitu arte betetzeko geratzen zaizkion urteetako errentaren balio osoarekin indemnizatu beharko du.
  • Jabeak berarentzat edo bere ondokoentzat etxebizitza lehen bost urteak amaitu aurretik behar duela justifikatzen baldin badu, maizterrari hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio eta, kanporatu denetik sei hilabete igaro baino lehenago okupatu beharko du.
  • Jabeak alokairuan duen etxebizitza saltzea erabakitzen badu, maizterrak erosteko lehentasuna izango du, merkatuko prezioan.

Obligazioak

Kontratuak

  • Bertan hitzartzen da maizterrak, itundutako epea amaitu aurretik, etxebizitza uztea erabakitzen badu ordaindu behar duen indemnizazioa (hilabete batekoa, eskuarki). Akordiorik ezean, indemnizazioa epaitegi aurrean eztabaidatuko da. Horrelako indemnizazioak, bost urte baino iraupen luzeagoko errentamendu hitzartuei dagozkie.
  • Kontratua sinatzean, maizterrak hilabete bateko alokairuaren pareko fidantza dirutan entregatu beharko du.

Alokairuaren prezioa

Lehen bost urteetan zehar, alokairuaren prezioa urtean behin bakarrik eguneratuko da, kontratuaren indarraldia betetzen den egun berean. Kontratu-dataren aurreko hamabi hilabeteetako KPI erabiliko da horretarako.

  • Alokairua igo egin ahal izango da hobekuntza lanak egin badira, baina kontratuko lehen bost urteen ondoren hasten badira bakarrik.

Gastuak

Argindar, ur, gas eta telefonoaren kontsumoak maizterraren kontu joango dira, besterik hitzartu ez bada behintzat. Bizilagunen elkarteko ordainagiria, berriz, alde bien artean adostu ahal izango da nork ordainduko duen. Etxebizitzaren jabeak gastu hori beregain hartzea izaten da ohikoena, baina legearen arabera, maizterrari ere eska diezaioke ordaintzea. Kontzeptu bakoitza nork ordaindu behar duen idatziz jasota uztea komeni izaten da.

Obrak

Maizterrak ezin du etxebizitza aldatzen edo haren egonkortasun edo segurtasuna murrizten duen lanik hasi, jabearen baimenik gabe.

OHZ

Etxe-jabeak Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ), beharrezko konponketa-lanen zenbatekoa eta zerbitzu eta horniduren gastuak ordaintzea eskatu ahal izango dio maizterrari.