Ordenagailuko TFT pantailak

Irudiaren kalitateaz gainera...

Hautatzeko unean, funtsezkoak: pixel akastunik ez izatea, konexio kopurua eta aparatua inklinatu eta mugitzeko aukerak
1 maiatza de 2004
Img analisisb

Irudiaren kalitateaz gainera...

Ordenagailuari lotzeko zazpi TFT pantaila aztertu dira oraingoan (pantaila lauak). Prezioak 299 eurotik (Feton) 449 eurora (Packard-Bell) doazelarik, kalitatearen eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena LG L1510P laginak eman du: ez da garestienetakoa (384 euro), osoko kalitatean bera da “oso ongi” lortu duen bakarra, konexio analogikoaz gainera digitala dauka: ordenagailuak geroz eta ohikoagoa den konexio egoki hori baldin badauka, ez du kalitate galerarik izango.

Ordenagailuko monitorea erosteko garaian erabiltzaileak bi aukera ditu: izpi katodikozko (CRT) pantaila handi-handia edo TFT motako pantaila laua, kristal likidozkoa. Horrelakoetan, irudiaren kalitatea eta koloreen zehaztasuna ez da pantaila tradizionaletan bezain bikaina baina, horren ordez, oraingoek ez dute ikusmena asko nekatzen eta dezente espazio gutxiago betetzen dute mahaian. Aztertu diren 15 hazbeteko TFT monitoreak 17 hazbeteko pantaila tradizionalen baliokide dira, azalera baliagarriaz ari garela.

Azterturiko zazpi monitoreetako pantailek 15 hazbete badituzte ere, monitore osoaren tamaina ez da lagin denetan berdina. HP eta Sony dira bolumen txikienekoak, Samsung eta Packard-Bell arinenak eta Feton, azkenik, pisu eta tamaina handienekoa.

Pantailako informazioa

Pantailaren gorabeherei eta eginiko egokitzapenei buruzko informazioa zazpi monitoreen pantailetan agertzen denez, erabilera errazekoak dira. Kontsumoari dagokionez, HP eta Fujitsu-Siemens dira gehien gastatzen dutenak (gehienezko kontsumoa: 40 w) eta Sony da beherenetik dabilena (25 w). Packard Bell eta Feton laginek ez dute datu hau adierazten.

Monitorearen bereizmenak pantailan erakuts dezakeen informazioa adierazten du (hau da, irudia osatzen duten puntu horizontal eta bertikalen kopurua). TFT pantailetako sortzetiko bereizmena aldaezina denez, bereizmen horretan bakarrik eskainiko dute emaitza (erabiltzaileak produktua hautatzeko duen aukeraren kaltetan). Beste bereizmen batean jardunarazten baldin badira (berariazko programa batean aritzeko, adibidez) emaitza eskasagoa izango da. Zazpi monitore hauen bereizmena 1024 X 768 da; bestela esateko, 1.024 puntu horizontal eta 768 bertikalek osatzen dituzte irudiak.

Begia ez nekatzeko

Berritze tasak adierazten du irudia segundo bakoitzeko zenbat aldiz birsortzen den. Parametro hori zenbat eta altuago izan, orduan eta gutxiago nekatuko da begia (hau da, gutxitan aldatzen bada, irudi hori etengabe mugitzen ari dela bereizteko gauza izango gara). Azterturiko monitoreetan gehienezko tasa (beti baliatzea komeni dena, alegia) 75 hertz da (telebista konbentzionalekoa, adibidez, 50 hertz da).

HP, Feton eta Fujitsu-Siemens laginek bozgorailuak dauzkate eta Samsung-ek, bozgorailuak ez ezik, mikrofono integratua ere bai. Zazpi monitoreen inklinazioa erregulatzeko modukoa da eta Samsung eta LG laginetan altuera ere alda daiteke. LG eta Feton dira pantaila birakaria dutenak, hau da, formatu zapalean (ohikoa) eta zutikakoan ikusteko aukera ematen dute (egokia, adibidez, testu luzeak irakurtzeko edo partiturak aldatzeko). Fujitsu-Siemens euskarrian erabat biratzen da eta Samsung, LG eta HP horman instalatzeko modukoak dira.

Monitore guztiek dute bideo konektore estandar analogikoa (VGA edo D-sub izenekoa). LG-k, horiez gainera, DVI bideo konektore digitala ere badauka: kalitate galerei saihets egiteko orduan, askozaz ere eraginkorragoa da hau, baina ordenagailu gutxik ematen du oraindik aukera hori. Bideokoak berariaz ez diren konexioei dagokienez, HP, Feton eta Fujitsu-Siemens laginek audioko sarrera dute; Samsung markakoak, berriz, delako sarrera horri integraturik dagoen mikrofonorako hartunea erantsi dio. LG laginak bi USB sarrerako (“hub”) kontzentragailua ere jarri duenez, ezaugarri horietako konexio bat monitorean edukitzeko aukera ematen du; jakina, hor, ordenagailuaren atzealdean baino askozaz erosoago gertatzen da.

Adituen proba

Hainbat adituk monitoreei proba batzuk gaindiarazi zizkieten irudiaren kalitatea balioztatzeko, denetan ere giroko argitasun berdinetan, ordenagailu berean eta konexio mota berarekin (ekipo guztiek daukaten sarrera analogikoarekin, alegia). LG laginak, analogikoaz gainera, sarrera digitala ere badaukan arren (hobea), test honetan ez zen baliatu, datu guztiak elkarrekin konparatu ahal izateko.

Emaitzak berdin samarrak izan ziren zazpi pantailetan: bost puntutik 3,8 erdietsi zituen Samsung (apalena) laginak eta 4,1 puntu LG, Feton eta Fujitsu-Siemens markakoek. Alderik garrantzizkoena: HP laginak distira egokitua fabrikatik dakarrenez, erabiltzaileak nekez alda dezake prestazio hori.

Bereziki aipatu behar dira Feton (hiru pixel akastun), Fujitsu-Siemens (bi) eta Sony (bakarra) laginek ekarri zituzten pixel akastunak. Hutsune nabarmen hori dela eta, produktua itzultzeko motiboa ez dela diote fabrikatzaile batzuek; beraz, erosi aurretik monitorea ongi probatu beharra dago, oker, gabezia edo akatsik ba ote duen jakiteko. Packard-Bell, Samsung, LG eta HP laginetan pixel akastunik ez agertzeak, beste aldetik, ez du inondik ere bermatzen modelo bereko beste pantaila batek gabezia hori ez izatea.

Adituez gainera, hiru erabiltzaile arruntek ere zazpi monitoreak probatu eta hainbat parametro batetik bosterako eskalan baloratu zituzten CONSUMER-entzat. Lagin guztiek proba gainditu zuten arren, batetik bestera aldeak nabaritu ziren: Packard-Bell (3,1 puntu), Fujitsu-Siemens (3,2 puntu) eta Feton (3,4 puntu) laginak “arrunt” hutsean geratu zien. “Ongi” kalifikaziora heldu ziren HP, Sony (4na puntuz), Samsung eta LG (4,1 puntu bakoitzak).

Packard Bell laginak eskulibururik eskaintzen ez duenez, atal honetako puntuazio kaskarrena eraman du. Fujitsu-Siemens laginak ere ez du gainditu argibide liburua, dezente hobetu behar baitu eta aparatuak mugikortasun eskasa duelako (2,7na puntu, atal bakoitzean). Kanpoko itxurari dagokionez, Samsung eta Sony dira denetan bukaera hoberena dutenak. HP eta Sony laginek, berriz, kontrol eta ikono baliagarrien eta erabiltzeko errazenak dituzte.

Argibide libururik ez duen lagin bakarra Packard-Bell FT500 da, nahiz eta tresna hori aparatua zuzen eta seguru erabiltzeko ezinbestekoa gertatzen den. Feton eta Fujitsu-Siemens laginek paperezko eskuliburua bakarrik daukate eta Samsung, LG, HP eta Sony laginek, azkenik, argibideak CD-ROM formatuan ere eskaintzen dituzte.

Segurtasuna

Packard-Bell lagina izan ezik, ekipo guztiak dira seguruak: azalera inklinatuan egonkor mantentzen dira, ez daukate aho edo kantoi zorrotzik, behar bezain isolatuta daude, elektrizitate kontsumo egokia dute eta, mekanika alorreko hainbat esfortzu eta eroriko jasanik, ederki agertu dira aparatuak. Packard-Bell laginak ez du urratzen segurtasun araua laborategiko probetan agerturiko jokaeragatik (ona, oro har), ezinbestekoa den segurtasunari buruzko eskuliburua ez dakarrelako baizik.

Elkargarritasun elektromagnetikoa ere probatu zen laborategian: laginek normal-normal funtzionatzen zuten airetiko (8 Kv) eta ukipen bidezko (4 Kv) hainbat deskarga jaso ostean. Datu honek garrantzi handia du, interferentziak eragin ditzaketen ekipo zenbaiten ondoan aritzeko eratu edo diseinatua baitago monitorea (ordenagailua, inpresora, bozgorailuak, etc.). Proba gainditu ez duen bakarra Feton da: interferentziak nozitutakoan, itzali eta berriro piztu egin behar izan zen.

Samsung eta Sony dira bermeen legea betetzen duten bakarrak, bikain bete ere: arauak bi urteko bermea ematera behartzen badu ere, bi ekipoek hiruna urte eskaintzen dute. Gainerakoetan, denetatik: edo ez dira iristen derrigorrezko bi urte horietara edo iristen dira baina berme agiria ingelesez dago (LG), edo berme agiririk ez dakar (Feton) bakarren batek. Nolanahi ere, agirietan horrela agertu edo ez, erabiltzaileari bi urteko bermea eman behar zaio, horrelaxe agintzen duelako indarreko arauak, nahi edo nahi ez

Osoko kalitateaz ari garela, zazpi monitoreak lau kategoriatan sartzen dira: kalitate on-oneko bakarra LG da, prestazio ugari eskaini eta ezaugarri tekniko egokiak emateaz gainera, erabilera proban eta irudiaren kalitatea neurtzeko testean puntuazio hoberena irabazi duelako. Samsung, HP eta Sony-k “ongi” kalifikazioa merezi izan dute. Packard-Bell eta Fujitsu-Siemens “onartzeko modukoak” dira eta Feton “eskas” gelditu da, azterturiko parametro gehienetan emaitza urriak erakusteaz gainera, elkargarritasun elektromagnetikoko proba gainditzeko gauza izan ez baita.

abantaila et desabantaila
  • TFT pantailek dezente bolumen eta karga txikiagoa dute
  • Bere baliokide tradizionalak baino garestiagoak dira
  • Ez dute nozitzen distortsio geometrikorik (tutu katodikoen gaitz klasikoa). Bestetik, bereizmen bakarra eskaintzen dute (tradizionaletan, berriz, parametro hori aukera daiteke zerrenda batetik). Egitura-erlazioa (altuera eta zabalera) ere bakarra (5:4), eta monitore tradizionalena ez bezalakoa da (4:3); beraz, aplikazio zenbaitetan pantailaren parte bat alferrik galtzen da.
  • Ikusmena gutxiago nekatzen dute lauek
  • Kontraste txarragoa ematen dute eta koloreen kalitatea eta gama ez dira monitore tradizionaletakoak bezain onak. Horregatik aditu batzuek ez dute horrelako pantailarik aholkatzen diseinu grafikoan aritzeko
  • Monitore hauen elektrizitate kontsumoa, bero emisioa eta emisio elektromagnetikoak txikiagoak dira
  • Betiko konexio analogikoaz gainera konexio digitala ere onartzen dute
  • Irudi punturen bat (pixel) gainerakoak baino ahulagoa izateko edo ez ibiltzeko aukera handiagoak daude honelakoetan
  • Erantzuna mantsoa dutenez, mugitzen diren irudiak ikusteko txarragoak dira (filmak edota jolas gehienak).

Laburbilduz eta konparaketako taula >>

Laburbilduz

  • 15 hazbeteko zazpi TFT monitore aztertu dira oraingoan (17 hazbeteko konbentzionalen baliokideak); horien prezioak 299 eurotik (Feton LM15D) 449 eurora doaz (Packard-Bell FT500).
  • TFT monitoreak arin eta sakonera txikiagokoak dira, bero gutxiago sortzen dute eta begiarentzat ez dira tradizionalak bezain nekagarriak, baina oraingo hauen irudi kalitatea ez da besteena bezain ona.
  • Packard-Bell, LG, HP, Feton eta Fujitsu-Siemens laginen bermea ez da zuzena. Packard-Bell laginak argibide libururik eta entxufatzeko haririk ere ez duenez, ez du elektrizitate segurtasuneko proba gainditu. Feton laginak ez du gainditu elkargarritasun elektromagnetikoko proba gainditu (interferentzien eragina nozitzen du).
  • Irudi kalitateaz, zazpi monitoreetan gorabehera gutxi: 3,8 puntutik (Samsung) 4,1 puntura (LG, Feton eta Fujitsu-Siemens). Sony, Feton eta Fujitsu-Siemens laginek pixel akastunen bat zeukaten, hau da, irudi punturen batek ez zuen funtzionatzen.
  • Erabilera proban balorazio hobereneko modeloak Samsung eta LG izan ziren (biak ere, 4,1 punturekin); Packard-Bell laginak puntuazio apalena eraman zuen (3,2 puntu). Osoko kalitatean LG da “oso ongi” jaso duen bakarra. Samsung, HP eta Sony doazkio atzetik (“ongi”), ondotik Packard-Bell eta Fujitsu-Siemens (“onartzeko modukoak”). Feton laginak ez du gainditu azterketa.
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena LG lagina da, irudi kalitate eta erabilera proban hoberena izaki, bideo digitala ezartzeko sarrera dauka eta gainera ez da garestienetako bat.
Marka
Modeloa
LG
Flatron l1510P
HEWLETT-PACKARD
Pavilion F1523
FUJITSU-SIEMENS
CTM5010
SAMSUNG
SM 152S
Prezioa (euro) 384 353 349 395
Kontsumitzailea informatu eta babesteko
Argibide liburua Bai Bai Bai Bai
CE marka Bai Bai Bai Bai
Segurtasunaz informazioa Bai Bai Bai Bai
Bermea Ez du betetzen Ez du betetzen Ez du betetzen Zuzen
Elkargarritasun elektro-
magnetikoa (EMC)
Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Segurtasun elektrikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Ezaugarri teknikoak
Kanpoko neurriak (mm) 356×380
x229
340×343
x190
380×394
x184
357×365
x185
15″ pantailaren neurriak (mm) 304×228 304×228 304×228 304×228
Pisua (euskarria barne) (kg) 5,1 4,2 5,1 3,1
Gehieneko kontsumoa (W) 30 40 40 31
Luminantzia (cd/m2) 300 Adierazteke Adierazteke 250
Kontraste tasa 400:1 Adierazteke Adierazteke 330:1
Dot pitch (mm) Adierazteke 0,297 0,297 0,297
Erantzun denbora (ms) 25 Adierazteke Adierazteke 25
Koloreak (milioiak) 16,2 Adierazteke Adierazteke 16,2
Gehienezko bereizmena 1024×768 1024×768 1024×768 1024×768
Ikuspen angelua (horizontala/ bertikala) (º) 160/140 Adierazteke Adierazteke 140/120
Bozgorailu integratuak Ez Bai Bai Bai
Mikrofono integratua Ez Ez Ez Bai
Konektoreak D-sub
Digital DVI
Hub USB (2)
D-sub
Audio sarrera
Entzun-
gailuak
D-sub
Audio sarrera
Entzun-
gailuak
D-sub
Audio sarrera
Entzun-
gailuak
Mikrofono sarrera eta irteera
Ergonomia Inklinazio erregula-
garria
Altuera erregula-
garria
Biragarria 90º
Horman instalatzeko
Inklinazio erregula-
garria
Horman instalatzeko
Inklinazio erregula-
garria
Bira horizontala euskarriaren gainean
Inklinazio erregula-
garria
Altuera erregula-
garria
Instalación mural
Irudiaren kalitatea (1 – 5 eskala) 4,1 4,0 4,1 3,8
Erabilera proba (1 – 5 eskala) 4,1 4,0 3,2 4,1
Osoko kalitatea Oso ongi Ongi Onartzeko modukoa Ongi
Marka
Modeloa
SONY
S-53
PACKARD-BELL
FT500
FETON
LM15D
Prezioa (euro) 423,36 449 299
Kontsumitzailea informatu eta babesteko
Argibide liburua Bai No Bai
CE marka Bai Bai Bai
Segurtasunaz informazioa Bai Bai Bai
Bermea Zuzen Ez du betetzen Ez du betetzen
Elkargarritasun elektro-
magnetikoa (EMC)
Zuzen Zuzen Ez dago zuzen
Segurtasun elektrikoa Zuzen Ez dago zuzen Zuzen
Ezaugarri teknikoak
Kanpoko neurriak (mm) 339×370
x186
351×362
x186
440×410
x175
15″ pantailaren neurriak (mm) 304×228 304×228 304×228
Pisua (euskarria barne) (kg) 3,7 3,7 6
Gehieneko kontsumoa (W) 25 Adierazteke Adierazteke
Luminantzia (cd/m2) Adierazteke Adierazteke Adierazteke
Kontraste tasa Adierazteke Adierazteke Adierazteke
Dot pitch (mm) Adierazteke 0,297 0,297
Erantzun denbora (ms) Adierazteke Adierazteke Adierazteke
Koloreak (milioiak) Adierazteke Adierazteke 16,7
Gehienezko bereizmena 1024×768 1024×768 1024×768
Ikuspen angelua (horizontala/ bertikala) (º) Adierazteke Adierazteke 140/140
Bozgorailu integratuak Ez Ez Bai
Mikrofono integratua Ez Ez Bai
Konektoreak D-sub D-sub D-sub
Audio sarrera
Entzun-
gailuak
Ergonomia Inklinazio erregula-
garria
Inklinazio erregula-
garria
Inklinazio erregula-
garria
Biragarria 90º
Irudiaren kalitatea (1 – 5 eskala) 3,9 3,9 4,1
Erabilera proba (1 – 5 eskala) 4,0 3,1 3,4
Osoko kalitatea Ongi Onartzeko modukoa Eskas

Banan banan

Zazpi TFT pantailak, banan-banan

LG Flatron L1510P

  • 384 euro
  • Osoko kalitatea: oso ongi
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Bermeen gaineko araudia urratzen du, ingelesez eskaintzen baitu. Bigarren handi eta astunena da. DVI bideo digitalarentzako sarrera eta bi USB portuko “hub” dauzkan bakarra. Altuera erregulagarria, 90º birakaria, horman jartzeko modukoa ere. Mugimendu-malgutasun handienekoa, baina argibide liburua ez dago erabat itzulita gaztelaniara eta, hortaz, martxan jartzeko pauso guztiak ez ditu adierazten.
  • Erabilera proba: 5etik 4,1, denetan hoberena. Irudi kalitatea: 5etik 4,1 puntu, denetan hoberena

Hewlett-Packard F1523

  • 353 euro
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Ez du eskaintzen derrigorrezko bi urteko bermea. Denetan txikiena. Gehienezko kontsumorik handiena (40 W). Audio eta entzungailuentzako sarrera, horman instalatzeko modukoa. Instalatzeko argibideak, gidaliburua eta funtzioak, argi-argiak eta zehaztapen asko dituzte
  • Erabilera proba: 5etik 4 puntu. Irudi kalitatea: 5etik 4 puntu.

Fujitsu-Siemens CTM5010

  • 349 euro, bigarren merkeena
  • Osoko kalitatea: onartzeko modukoa.
  • Ez du eskaintzen derrigorrezko bi urteko bermea. Bigarren astunena. Gehienezko kontsumorik handienekoa (40 W). Audio eta entzungailuetarako sarrera, euskarrian horizontalki biratzen dena. Bi pixel akastun. Bolumen handieneko bat. Argibideak, gaizki itzulita.
  • Erabilera proba: 5etik 3,2 puntu (bigarren txarrena). Irudi kalitatea: 5etik 4,1 puntu (hoberena).

Samsung SM 152s

  • 395 euro
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Denetan arinena. Mikrofonoa eta entzungailuak ditu. Audio eta mikrofonorako sarrera. Altuera erregulagarria, horman instalatzeko modukoa. Instalatzeko argibideak eta gidaliburuak argi-argiak daude eta zehaztapen asko dituzte. Kanpoko itxura zainduena du honek.
  • Erabilera proba: 5etik 4,1 puntu (hoberena). Irudi kalitatea: 5etik 3,8 puntu (txarrena).

Sony S-53

  • 423,36 euro, bigarren garestiena
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Bigarren txikiena. Gehienezko kontsumorik txikiena (25 W). Prestazio gutxi. Pixel akastun bat. Kanpoko itxura, zaindu-zaindua. Irudi parametroak egokitzeko aukera onak.
  • Erabilera proba: 5etik 4 puntu. Irudi kalitatea: 5etik 3,9 puntu.

Packard-Bell FT500

  • 449 euro: denetan garestiena
  • Osoko kalitatea: onartzeko modukoa
  • Ez du argibide libururik, ez segurtasun libururik, ezta sarerako haririk ere. Ez du eskaintzen derrigorrezko bi urteko bermea. Elektrizitate segurtasunari dagokion araua urratu egiten du. Prestazio gutxi.
  • Erabilera proba: 5etik 3,1 puntu (denetan txarrena). Irudi kalitatea: 5etik 3,9 puntu.

Feton LM15D

  • 299 euro, denetan merkeena
  • Osoko kalitatea: eskas
  • Ez du berme agiria. Elkargarritasun elektromagnetikoaren proban huts egin zuen. Denetan handien eta astunena. Audio eta entzungailuetarako sarrera. 90º biratzen da. Hiru pixel akastun (denetan txarrena). Erakargarritasun urriko menuak, nahasteko modukoak. Kanpoko itxura gaizki baloratu zen.
  • Erabilera proba: 5etik 3,4 puntu. Irudi kalitatea: 5etik 4,1 puntu (kalifikazio hoberena).