Osasuntsu eta ongi eginak
Lactobacillus bulgaricus eta Streptococcus thermophilus mikroorganismoen eraginari esker esne hartzidura bitartez lortzen den esne pasteurizatu mamituzko produktua da jogurta, bestelako osagaien eransketa gorabehera. Esne hartzidura eragiten duten bi mikroorganismoek bideragarri izan behar dute eta, amaierako produktuan, 107 koloniaren presentzia izan behar dute, gutxienez, gramo edo mililitro bakoitzeko. Mikroorganismo bizi horien agerpena da “hartzidura ondoren pasteurizatutako jogurtak” eta bestelakoak bereizten dituen faktorea. Jogurt naturalek eta zaporedunek antzeko balio energetikoa dutelarik, batetik besterako alde bakarra aditiboen erabilera da. Frutadun jogurtetan frutak eragin urria du produktuaren balio kalorikoan eta eraginik ez, praktikan, bitamina, mineral eta zuntzaren ekarpenean.
Fruta pusketak dituzten zazpi jogurt gaingabetu edulkoratu aztertu dira oraingoan; horietako lau marrubidunak eta hiru melokotoidunak, denak ere 125 gramoko formatuan komertzializatuak. Prezioak 2,82 eurotik (Sveltesse Nestlé melokotoiduna) 3,08 euroraino (Kaiku marrubiduna) doaz, kiloko.
Arauak betetzen dituzte
Zazpi jogurt gaingabetu edulkoratu hauek fruta zatiak dauzkate. Fruta kopuruak -kontsumitzaileak erraz atzematen duena- hurrengoan produktu bera edo beste bat erostea baldintza dezake. Etiketan agertzen den fruta portzentajea fabrikatzaileak sartutakoa da eta etiketa batetik bestera aldatzen da: Kaiku laginaren %7,6tik Sveltesse Nestle laginaren %10,5era arte. Laborategiak atzeman duenez, ageriko fruta edukia (hots, jogurt masa eliminatzean geratzen diren fruta pusketak) adierazitakoa baino dezente urriagoa da. Horrek ez du esan nahi ekoizleak iragarritakoa baino fruta gutxiago sartu duenik: tratamendu mekanikoetan fruta horren parte bat jogurtarekin nahasi, txikitu eta hari gisa ere agertzen da; hori are eta nabarmenago gertatzen da fruta samurrekin (marrubiarekin, adibidez). Melokotoidun hirurek fruta eduki berdintsua dute (%5,8, batez beste), marrubidunek baino gehiago. Sveltesse Nestlé lagineko ageriko marrubi edukia %6 da, eta gainontzekoetan portzentajeak aldatzen dira: %2,1etik (Kaiku) %3,8ra (Central Lechera Asturiana).
Jogurt edukia, berriz, melokotoidunetan %94 ingurukoa da eta marrubidunetan %94tik %98ra doa. Denak ere, legezko gutxienekoaren gainetik (%70). Jogurta erdiesteko, esneak hartzidura laktikoa egin behar du, bitartekoa azidotzeko. Arauak gehienez ere 4,6ko pH-a ezarria du jogurt guztientzat. Aztertutako laginen pH-a 4,1 eta 4,3 bitartean zegoelarik, atal honetan legeak xedatutakoa ongi betetzen dute.
Arauak dioenez, jogurt gaingabetuetako esneko gantz materiak gehienez ere %0,5 izan behar du. Laginak ez dira muga horretara gerturatzen: %0,1etik (Sveltesse Nestlé eta Vitalinea Danone marrubidunak) %0,2ra daude denak (Sveltesse Nestlé melokotoiduna). Esne estraktu lehor iharrak (hau da, ura eta gantza erauzita jogurtari geratu zaiona) gutxienez eduki osoaren %8,5 izan behar duela dio arauak, eta lagin guztiek betetzen dute hori ere, %14,7tik (Sveltesse Nestlé marrubiduna) %18,3ra (Central Lechera Asturiana melokotoiduna) baitaude den-denak.
Laburbilduz, azterturiko zazpi jogurtek funtsean legea betetzen dute.
Jogurta, nutrizioaren ikuspegitik
Jogurta egiteko, hasieran dugun esnea eraldatu beharra dago, horretarako eransten zaizkion mikroorganismoen eraginari esker. Laktosaren (esnearen azukrea) parte bat, adibidez, azido laktiko eta asimilazio errazeko beste hainbat osagai bihurtzen da. Azido laktikoa osatzean, bitartekoa azidotu egiten denez, proteinek eta gantzek aurredigestioaren antzekoa nozitzen dute, gure organismoarentzat elementu digestonikoago bilakatuz. Beste aldetik, esnea mamitzeak jogurta berariazko ezaugarriez janzteaz gainera, produktuaren zaporea, usaina eta ukitua zehazten ditu. Jogurt guztiek laktosarik baduten arren (%3 – %5) azukre hori toleratzen ez duten pertsonengan ere ez dute albo-ondorio kaltegarririk eragiten. Jogurta kontsumitzeak, beste aldetik, hesteetako trantsitua luzatu egiten du, beherakoa arinduz. Historikoki, jogurteko elementu biziek nutrizioz haratago ere, kontsumitzailearen osasunarentzat eragin mesedegarria dutela uste izan da. Aresti eginiko ikerketa zientifikoek frogatu dutenez, ordea, jogurtari “betidanik” egotzi edo aitortu izan zion eragin onuragarri hori egin behar zuten bakterioen bidezko kolonizazioa hestean gertatzea ere auzitan jarri dute.
Azterturiko “jogurt gaingabetu edulkoratu frutadunen” osagai nagusia ura da (edukiaren %83, batez beste). Karbohidratoak (%10) azukrearen esneak (laktosa) eta fruktosak dituzte. Lagin batetik bestera proteinen kopurua aldatu egiten da, %4,3 eta %5 bitartean.
Guztirako gantz edukia funtsezkoa da gaingabetu batean gantz gutxi eta, hortaz, kaloria gutxiago edukitzearren, kontsumitzaileak horixe aukeratu baitu: gaingabetu ez den jogurteko gantza %1,8 inguruan dabil eta ehun gramoko 82 kaloria ditu. Jogurt gaingabetu hauetako gantz proportzioa %0,14tik (Sveltesse Nestlé marrubiduna) %0,26ra doa (Central Lechera Asturiana marrubiduna), eta batez besteko kalorien ekarpena 60 da, 100 gramoko. Denetan energetikoena Central Lechera Asturiana melokotoiduna da (69 kaloria 100 gramoko) eta kaloria gutxienekoa, aldiz, Sveltesse Nestlé (melokotoiduna): 52 kaloria ehun gramoko.
Frutarik ez daukaten jogurt gaingabetuek, bere aldetik, 40 kaloria dituzte ehun gramoko. Erantsitako frutak, bistan denez, produktuaren balio kalorikoa pittin batez areagotzen badu ere, bitamina eta mineralen ekarpenean ez du eraginik.
Asimilazio errazeko kaltzio iturri naroa da jogurta: gure organismoak egunean duen funtsezko mineral horren premien %20 inguru asetzen du jogurt batek. B multzoko bitamina (B2, B1 eta azido nikotinikoa) eta A eta D liposolubleak ugari ditu. Bitamina zenbait jogurta osatzean galtzen denez, fabrikatzaile batzuek bitaminak gehitzen dizkiete jogurtei: Vitalinea Danone (6 bitamina erantsita) eta Central Lechera Asturiana (A eta D bitaminak) laginetan horixe ikusten da, adibidez.
Jogurtaren zaporea gozatzeko azukre arrunta (sakarosa) eransten zaio baina gure hauek edulkoratuak dira, hau da, azukrearen ordez, azesulfamo K (E-950) eta aspartamoa (E-951) izeneko edulkoratzaile artifizialak baliatu dira. Lehena nutrizioan eraginik ez duenez, elikagaiak gozatu (sakarosa baino 130 – 200 aldiz gozoagoa da) baina kariesik ez du sortarazten eta odoleko azukre mailak ez ditu eraldatzen. Organismoak ederki digeritzen du aditiboa eta, gainera, metatzen ez den neurrian, giltzurrunek berehala eliminatzen dute. Kontsumitzaileak egunean, gorputz pisuaren kiloko 9 miligramo har dezake, gehienez.
Aspartamoa, aitzitik, edulkoratzaile “nutrigarria” da, ehun gramoko 4 kaloria baititu, sakarosak bezainbeste. Baina azukre arrunta baino 150 – 200 aldiz gozoago denez, askoz ere kopuru txikiagotan erabiltzea aski da. Fenilalanina eta azido aspartikoa oinarri hartuta moldatzen da, ez du gustu bukaerarik, ezta albo ondoriorik ere, odoletan fenilanina gehiegi daukan jendearentzat izan ezik: horregatik aspartamoa daukaten produktuek “Fenilalanina dauka” testua agertu behar dute. Kontsumitzaileak egunean, gorputz pisuaren kiloko 40 miligramo har dezake, gehienez. Jogurt arruntaren azukre edukia (100 gramoko) 9 gramo den bitartean, azterketa honetan atzemaniko aspartamo edukiak 10 miligramo inguru dabiltza, 100 gramoko. Azelsufamo K elementutik, berriz, 8 miligramo eransten dira ehun gramoko. Edulkoratzaile gutxien daukaten jogurtak Sveltesse Nestlé marrubiduna eta Vitalínea Danone melokotoiduna dira.
Fabrikatzaile batzuek potasio sorbatoa (E-202) erantsi dute, frutaren kontserbatzaile gisa. Lizun eta legamien ugalketa galarazten duen aditibo honek gure organismoan albo ondoriorik ez omen dauka. Vitalínea Danone biek eta Kaiku marrubidun laginek ez dute baliatzen, eta gainerakoek 50 cm (zati milioiko) dute erantsita. Dosi horiek zentzuzkoak dira. Central Lechera Asturiana markakoek izan ezik, gainerakoek koloratzaileak baliatu dituzte.
Beste hainbat egiaztapen
Lactobacillus bulgaricus eta Streptococcus thermophilus mikroorganismoen hartziduraren bidez lorturiko esne mamitua da jogurta: mikroorganismo horien presentziak, produktuaren bizitza baliagarri osoan, gramo bakoitzeko 10.000.000 kolonia izan behar du, gutxienez. Laborategian frogatu zen bezala, zazpi laginek aise gainditu dute gutxieneko zifra hori. Analisi mikrobiologikoak ere egin dira, laginen egoera higieniko sanitarioa balioztatzeko. Emaitza egokiak agertu dituzte lagin guztiek. Baliteke jogurt hauek genetikoki eraldaturiko osagaiak edukitzea, produktua loditzeko, emultsioa egiten laguntzeko, kontserbatzeko, etc. Zazpi laginak azterturik, bakar batek ere horrelakorik ez zuela egiaztatu da.
Amaitzeko, zazpi laginek ere etiketan eman beharreko informazio osoa eskaintzen duten arren, Vitalínea Danone markako biek eta Sveltesse Nestlé marrubidunak araua urratu egiten dute, ikus alor berean saltzeko izendapena, pisu garbia eta iraungipen data ez baitituzte agertzen. Vitalínea Danone lagin biek ere urratzen dute araua, produktua aberasturiko sei bitaminetatik bost bakarrik agertzen dituztelako etiketako osagaien zerrendan. Bi kasuetan ere, urratze horiek garrantzi gutxikoak dira.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Fruta pusketak dituzten zazpi jogurt gaingabetu edulkoratu aztertu dira: horietako lau marrubidunak eta beste hirurak melokotoidunak dira, eta 125 gramoko formatuak komertzializatzen dira.
- Prezioak, kiloko, 2,82 eurotik (Sveltesse Nestlé melokotoidun) 3,08 euroraino doaz (Kaiku marrubiduna).
- Esnearen gantz eduki urriak (arauaren arabera, %0,5tik beherakoa) eta edulkoratzaileak erabiltzeak argitzen dute lagin hauen energi ekarpen txikia: 52 eta 70 kaloria, ehun gramoko. Erabilitako edulkoratzaile bat aspartamoa da; osagai hori ez du kontsumitu behar fenilcetonuria nozitzen duenak.
- Zazpi laginen ezaugarri nutrizionalak berdintsuak dira. Fruta edukia urri-urria izaki, kalorien ekarpena zerbait altxatzen badu ere, nutrizio alorrean ez du ia eraginik.
- Central Lechera Asturianako laginek izan ezik, denek baliatu dituzte koloratzaileak. Vitalínea Danone markako biak eta Kaiku marrubiduna dira fruta kontserbatzeko sorbiko baliatu ez duten bakarrak.
- Marrubi pusketak dauzkaten jogurtetan Kaiku (6,3 puntu) izan da balorazio onenekoa eta Sveltesse Nestlé, aldiz, okerrena (4,6 puntu). Melokotoidunetan, Central Lechera Asturiana (6,9 puntu) nabarmendu da.
- Azterketa osoan kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Central Lechera Asturiana melokotoidunak eman du. Jogurt marrubiduna nahiago duenarentzat, egokiena Kaiku da.
Marka Izendapena |
CENTRAL LECHERA ASTURIANA “Jogurt gaingabetu edulkoratua, melokotoi pusketak dituena” |
SVELTESSE NESTLÉ “Jogurt gaingabetu melokotoiduna. Azukre eta edulkora- tzaileekin” |
VITALINEA DANONE “Jogurt gaingabetu edulkoratua, melokotoi eta fruktosarekin” |
KAIKU “Marrubidun jogurt gaingabetu edulkoratua” |
---|---|---|---|---|
Prezioa (¬ kiloko) | 2,88 | 2,82 | 3,05 | 3,08 |
Etiketa | Zuzen | Zuzen | Gaizki | Zuzen |
Jogurt edukia (%) | 94,3 | 94,1 | 94,2 | 97,9 |
Ageriko fruta edukia (%) 1 | 5,7 | 5,9 | 5,8 | 2,1 |
pH-a | 4,2 | 4,2 | 4,3 | 4,3 |
Esnearen gantz materia (%)2 | 0,14 | 0,21 | 0,19 | 0,17 |
Esnearen ihar estraktu lehorra (%) 3 | 18,3 | 15,3 | 15,3 | 16,9 |
Estraktu lehorra (%) | 17,9 | 13,6 | 15,5 | 16,9 |
Karbo- hidratoak (%) |
11,7 | 8,2 | 9,9 | 11,4 |
Proteina (%) | 5 | 4,3 | 4,4 | 4,3 |
Gantza (%) | 0,22 | 0,21 | 0,17 | 0,2 |
Errautsak (%) | 1 | 0,9 | 1 | 1 |
Balio kalorikoa (kcal/100 g) | 68,78 | 51,89 | 58,73 | 64,6 |
Aspartamoa (E-951) (zati milioiko) 4 | 153 | 131 | 90 | 70 |
Azesulfamo k (E-950) (zati milioiko)5 | 88 | 101 | 52 | 102 |
Sorbikoa (E-202) (zati milioiko) 6 | 50,3 | 53,3 | Ez da atzeman | Ez da atzeman |
Genetikoki eraldatutako osagaiak | Ez da ageri | Ez da ageri | Ez da ageri | Ez da ageri |
Egoera mikrobio- logikoa |
Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Dastaketa (1 – 9) | 6,9 | 5,5 | 5,2 | 6,3 |
Marka Izendapena |
VITALINEA DANONE “Jogurt gaingabetu edulkoratua, fruktosa eta marrubiekin” |
CENTRAL LECHERA ASTURIANA “Jogurt gaingabetu edulkoratua, marrubi pusketak dituena” |
SVELTESSE NESTLÉ “Marrubidun jogurt gaingabetua. Azukre eta edulkora- tzaileekin” |
---|---|---|---|
Prezioa (¬ kiloko) | 3,05 | 2,90 | 2,85 |
Etiketa | Gaizki | Zuzen | Gaizki |
Jogurt edukia (%) | 97,4 | 96,2 | 94 |
Ageriko fruta edukia (%) 1 | 2,6 | 3,8 | 6 |
pH-a | 4,1 | 4,1 | 4,2 |
Esnearen gantz materia (%)2 | 0,09 | 0,15 | 0,08 |
Esnearen ihar estraktu lehorra (%)3 | 15,1 | 17,3 | 14,7 |
Estraktu lehorra (%) | 15,1 | 17,3 | 14,6 |
Karbo- hidratoak (%) |
9,1 | 11 | 9,2 |
Proteina (%) | 4,7 | 4,8 | 4,3 |
Gantza (%) | 0,18 | 0,26 | 0,14 |
Errautsak (%) | 1,1 | 1 | 1 |
Balio kalorikoa (kcal/100 g) | 56,82 | 65,54 | 55,26 |
Aspartamoa (E-951) (zati milioiko) 4 | 77 | 104 | 66 |
Azesulfamo k (E-950) (zati milioiko) 5 | 75 | 82 | 73 |
Sorbikoa (E-202) (zati milioiko) 6 | Ez da atzeman | 55 | 51,9 |
Genetikoki eraldatutako osagaiak | Ez da ageri | Ez da ageri | Ez da ageri |
Egoera mikrobio- logikoa |
Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Dastaketa (1 – 9) | 5,9 | 5,3 | 4,6 |
1 Ageriko fruta edukia: jogurt masa eliminaturik, produktuan ageri den fruta.
2 Esnearen gantz materia: jogurteko esne partean dagoen gantz kopurua. Jogurt gaingabetuetan %0,5-tik behera behar du.
3Esnearen ihar estraktu lehorra: gantzezkoak ez diren esne-solidoen kopurua. Arauak xedatua duen gutxienekoa % 8,5 da.
4 Aspartamoa (E-951): edulkoratzaile artifizial kalorikoa. Azukrea baino 150 – 200 aldiz edulkoratzaileagoa izaki, fenilzetonurikoek ez dute kontsumitu behar.
5 Azesulfamo K (E-950): kaloriarik gabeko edulkoratzaile artifiziala, azukrea baino 130 – 200 aldiz edulkoratzaileagoa.
6 Sorbikoa: fruta kontserbatzeko aditiboa. Atzemaniko kopuruak zentzuzkoak dira, zuzen.
Banan banan
Zazpi jogurt gaingabetu frutadunak, banan-banan
Central Lechera Asturiana "Jogurt gaingabetu edulkoratua, melokotoi pusketekin".
- 2,88 euro kiloko. Azterketa honetan, prezioaren eta kalitatearen arteko erlazio egokiena.
- Ageriko melokotoi edukia: %5,7. Fruta kontserbatzeko sorbikoa gehitu du. Edulkoratzaile gehien jarri duena.
- Dastaketan 6,9 puntu, zazpietan hoberena: “gozo”, “krematsu”, “kolore polit”, “fruta kopuru” eta “pusketen tamaina”, aldeko balioak dituela, “gozoegi” gertatzearren kritikak jaso ditu.
Sveltesse Nestlé "Jogurt gaingabetu melokotoiduna. Azukreak eta edulkoratzaileak dituena"
- 2,82 euro kiloko, denetan merkeena. Kaloria gutxienekoa (52 kaloria ehun gramoko).
- Ageriko melokotoi edukia: %5,9. Fruta kontserbatzeko sorbikoa gehitu du.
- Dastaketan 5,5 puntu: zapore “atseginekoa” da, baina “geza”, “garratza” gertatzearren eta “fruta gutxi” edukitzearren kritikak jaso ditu.
Vitalinea Danone "Jogurt gaingabetu edulkoratua, melokotoi eta fruktosa duena"
- 3,05 euro kiloko, melokotoidunetan garestiena.
- Etiketa oker, akatsa larria ez bada ere. Ageriko melokotoi edukia: %5,8. Kontserbagarririk gabea.
- Dastaketan 5,2 puntu: “usain” politekoa baina, bestetik, “garratz”, “zapore biziegi”, “aski krematsu ez izatea” “fruta gutxi” eta “kolore artifiziala izan ditu kontrako alderdiak.
Kaiku "Jogurt marrubidun gaingabetu edulkoratua"
- 3,08 euro kiloko, azterturiko denetan garestiena
- Marrubidunetan, prezioaren eta kalitatearen arteko erlazio egokiena. Ageriko fruta edukia: %2,1. Kontserbagarririk gabea.
- Dastaketan 6,3 puntu, marrubidunetan hoberena: “zapore atsegina” eta “kolore” politekoa baina, “fruta gutxi” izan du kontrako alderdia.
Vitalínea Danone "Jogurt gaingabetu edulkoratua, marrubi eta fruktosarekin"
- 3,05 euro kiloko
- Etiketa oker, baina akatsa ez da larria. Esnearen gantz materia urrienekoa (%0,09). Ageriko fruta edukia: %2,9. Kontserbagarririk gabea.
- Dastaketan 5,9 puntu: “kolore”, “zapore atsegin”, “pusketen kopurua” aldekoak dituela, “garratz”, “zapore geza” eta “kolore artifiziala” ditu kontrako alderdiak.
Central Lechera Asturiana "Jogurt gaingabetu edulkoratu marrubiduna"
- 2,90 euro kiloko
- Ageriko fruta edukia: %3,8. Fruta kontserbatzeko sorbikoa erabili du (55 zm).
- Dastaketan 5,3 puntu: “zapore atsegin” eta “fruta kopuru” politekoa baina, bestetik, “zapore gozoegi”, “fruta pusketen tamaina” eta “kolore hitsa” izan ditu kontrako alderdiak.
Sveltesse Nestlé "Jogurt gaingabetu marrubiduna, azukre eta edulkoratzaileekin"
- 2,85 euro kiloko
- Etiketa oker, akatsa larria ez bada ere. Esne gantz gutxien daukana (%0,08) eta ageriko fruta gehien: %6.
- Fruta kontserbatzeko sorbikoa erabili du. Edulkoratzaile gutxien baliatu duena
- Dastaketan 4,6 puntu: “pusketen kopuru” eta “tamaina” aldekoak dituela, “zapore motelegi” eta “kolore hitsa” direla medio kritikak jaso ditu.