Energia geotermikoa

Lurrak sorturiko berotasuna

1 maiatza de 2004

Lurrak sorturiko berotasuna

Sumendi, geyser, ur termal eta geologikoki berriak diren zona tektonikoekin -azken hamar edo hogei mila urte honetan dihardute Lurraren azaleran- loturiko energia berriztagarriaren iturrietako bat da geotermia. Energia mota hau lortzeko inguruan lurrazpiko ur beroa egotea ezinbestekoa da. Lurra zulatu eta likidoa lurrun gisa azaleratuko da, behar bezalako tenperaturan badago: horrela, turbina eragiteko baliatu ahal izango da eta horrek, biratzean, energia elektrikoa sortaraziko duen generadoreari eragingo dio. Erabili ondoren, ur geotermikoa injekzio prozesu bidez putzura itzuliko da eta bertan berotuko da berriro, presioa mantenduz eta erreserbari eutsiz. Munduan instalatutako potentzia geotermikoa 1995 eta 2002 urteen artean etengabe goraka zetorrelarik, 6.837 megawatetik 8.356ra igo zen, hau da, %22,3.

Eremu geotermikoak: motak

Urak azaleratzean duen tenperaturaren arabera, hiru eremu geotermiko nagusi bereizten dira:

  • Tenperatura altuko energia geotermikoa
    Lur azaleko eskualde aktiboetan atzematen delarik, 150º eta 400º C bitartean ohi dabil eta lurrun gisa azaleratzen da. Eremu geotermikoak osagai hauek izan behar ditu: harkaitz iragazgaitzezko sabaia, gordailu edo akuiferoa -iragazkortasun handikoa, 300 eta 2.000 metroko sakoneran- eta fluidoen zirkulazioa (baita, beraz, iturritik azalera beroa eroatea ere) ahalbideratzen duten harkaitz hautsiak.
    Horrelako eremuak, petrolioa erauzteko baliatzen diren tekniken antzekoen bidez ustiatzen dira, lurra zulatuz.
  • Tenperatura ertaineko energia geotermikoa
    Akuiferoetako fluidoen tenperatura horren altua ez denez (eskuarki, 70 eta 150ºC), elektrizitatea etekin urriagoz ekoizten da eta zentral elektrikoek ustiatzen dituzte horrelakoak. Tenperatura ertaineko energia geotermikoa aurrekoak baino eskualde zabalagoetan erabil daiteke: jalkitze arro guztietan, adibidez.
  • Tenperatura apaleko eremu geotermikoa
    Fluidoak 20 eta 60º C bitarteko tenperaturetan daudela, energia mota hau etxeko, nekazaritzako edo antzeko premiak betetzeko baliatzen da. Mundu zabalean ugari dira horrelako energia aprobetxatzeko esperientziak: Italia, Zeelanda Berria eta Kanada, adibidez, energia tradizionalaren kontsumoa lagunduz. Japonian aurten mila megawat ekoiztea espero dute eta Filipinetako sistema geotermikoaren potentzi ahalmena 2.000 megawatekoa da.

Area geologiko nagusiak

“Eskualde bero” izeneko horiek plaka ozeanikoa eta Lurraren azala topatzen diren guneetan dautza, eta Ozeano Barearen inguruko Suzko Eraztuna osatzen dutenak dira: Hegoamerikako Andeak, Erdialdeko Amerika, Mexiko, Estatu Batuak eta Kanadako mendilerroak, Alaskako Aleutiar mendilerroa, Errusiako Kamtxatka penintsula, Japonia, Filipinar Uharteak, Indonesia eta Zeelanda Berria.

Espainiari dagokionez, Almeriak gradiente geotermiko positibo ugariko eskualde asko ditu (hau da, estazio geotermikoak instalatzeko egokiak), nahiz eta probintzia horretan ustiatu den erabilera bakarra balneoterapia den. La Palma kanariar uhartean ere, estazio geotermiko bat instalatzeko aukera aztertzen ari dira, horrek uharteko energi eskakizunaren %15 bete lezakeelako. 16 eta 19 milioi euro kosta litekeen arren 5,5 megawateko potentzia instalatua izango luke. Egun, uharteak 35 megawateko eskakizun energetikoa duela, ia den-dena erregai fosilen inportazioarekin erantzun behar dio.

Etxeko erabilera

Eguzki erradiazio maila handiko herria dela, Espainian 5 metrotik beherako sakoneran zoruaren tenperatura aski garaia da (15 gradu ingurukoa). Atzemateko sistema egokiaren eta bero punpa baten bidez, 15 graduko iturri horretako beroa 50 graduko iturri batera eroan daiteke, etxeko kalefakzioan eta ur beroko erabileran baliatzeko. Era berean, 40º C-ko tenperaturan dagoela, ingurutik ere badago berotasuna xurgatu eta lurpera itzultzea, sistema berbera erabiliz, etxea freskatzeko xedez.

Horrelako instalazioak, lorategidun etxe bat osorik girotzeko eta ur beroa erdiesteko balio dezake. Sistema hori instalatzeko obra soila da: lorategian zulaketa batzuk egitea, lurrarekin energiaren truke egiteko. Zulo horietan tutuak sartuko dira eta bertatik iragaziko dugu berotasuna xurgatzen edo bultzatzen duen likidoa, trukatze geotermikoko punpari esker. Lorategia ez hondatzeko, sakonera txikiko zuloak egiteko makineria erabiltzen da, eta instalazioa lurrez estaltzen da, erreferentziazko estalkiak belarrez gorderik. Etxe barruan, girotze sistema osatzeko trukatze geotermikoa eragingo duen punpa, metagailua eta ziklo alderanzgailua beharko dira, eta etxeko garajean bertan instalatu ahal izango dira.

Energia berriztagarriaren alderdi mesedegarriak
  • Urte sasoiko gorabeherez kanpo (euriteak, lehorteak, etab.), urte osoan zehar energiaren ekoizpen fluxu bera eskaintzen du.
  • Instalazio hidroelektrikoen osagarri paregabea da.
  • Lehengai fosilen erreketa, fisio nuklear edo antzekoez erdiesten den energiaren alternatiba baliagarria da.
  • Erregai fosilak gutxiago erabiltzean atmosfera kutsatzen duten igorpenak murriztu egiten dira.
  • Instalazio geotermikoen inguruko airea kerik gabekoa da. Horrelako estazio batzuk nekazaritza ustiategi eta basoen erdialdean daude, eta bertan aziendak eta basoko piztiak bizi dira bere ingurunean.
  • Megawat bat sortzeko instalazio geotermikoak behar duen lur azalera bestelako estazio energetikoek behar dutena baino txikiagoa da.