Derrigor, lehendabiziko galderak hizkuntz akademiak jaso ez duen arren, geroz eta maizago entzuten dugun hitz horretara garamatza: zer da jasangarritasuna?
Giza jarduera bat, bideragarri eta posible denean, eta etorkizunean ere iraun dezakeela ikusten denean, jasangarri dela esaten da. Garapen ekonomikoa, berreskuratzeko modukoak ez ziren lehengaiak eta berriztagarria ez zen energia ugari xahutzeari esker gertatu da, atmosfera, planeta eta ozeanoak geroz eta larrikiago kutsatuz. Oparoaldian garapena jasan da baina ez da jasangarri izan eta batzuetan azkarregia ere gertatu izan da. Duela hamarkada gutxi, berriz, garapen jasangarria egiteko premiaz jabetu da gizakia (hau da, bideragarria, etorkizuneko belaunaldien iraupena baldintzatuko ez duena, Lurra planeta dugun bizitokia mantenduz).
Horiek horrela, garapen eta jasangarri hitz antagonikoak al dira?
Inondik ere ez: hemendik aurrera biek elkarrekin agertu beharko lukete beti.
Horren arabera, ingurugiroa errespetatzea obligazioa litzateke baina gure gizarte honetan ez da horrelakorik, oraingoz.
Gizarte guztietan -garatuenetan, bereziki- egin beharrekoaren eta komeni denaren kontzientzia aurrera doa, egoismo ilustratu hutsagatik bada ere, baina ingurugiroa geroz eta zorrozkiago errespetatzea da joera nagusia. Garapen bidean datozen herrialdeetan bizi-premiak lehenesten dira, pobreziak askozaz ere dimentsio larriagoak dituelako. Horrelako kezkak berdeek eta antzeko mugimenduek erakusten dituzte. Berdeak maizegi interes politikoa duten aktibistak diren arren, alor guztietatik naturak nozitzen dituen amenazo eta erasoen aurrean sentiberatasuna zabaltzen laguntzen dute.
Inguruaz nolabaiteko etsipena antzematen da, baina… ba ote dugu lorpenik dagoeneko?
Lorpenik handienak ukiezinak dira, hala nola hamaika forotan egiten ari diren azterketa eta eztabaidak. Bestetik, Rio de Janeiron 1992an Ingurugiro eta Garapenaz egin zen Nazio Batuen Konferentziaz geroztik, garrantzi biziko goi-goi mailako akordioak sinatu dira; dena den, hein apal batean baizik ez dira betetzen ari, hasieran jarritako gehieneko epeak gehiegi luzatu izan direlako. Horixe da Kioton erdietsitako itunen kasua, berezi-berezia, izan ere.
Kiotorik gabe etorkizunik bai?
Den-denok geure egintzez arduradun izateke etorkizunik bai? Kiotoko Protokoloa, izan, herrialde industrializatu handiek berebiziko erresistentzia ezarrita, hiri hartan itundu zen hastapenetako testua dezente murriztu zuen negoziazio zail eta neketsu baten emaitza izan zen. Une hartantxe EBetako lehendakariordea zen Al Gorek presioa eragin zuen akordio hartara iristeko, mugak biziki apaltzea lortutakoan; hori dena, berak idatzitako liburuetan gai horietaz aspaldiko partez publikatua zuenari kontra eginez. Horrelakoxea da bizitza eta horrelakoxeak tamalezko errealitateak. Orain, aldiz, aho bateko kontsensuz erdietsitako Protokolo haren aplikazioari uko eta muzin egiten zaio.
Nolako akatsak ditugu behaztopa geure bidean?
Amaigabea da zerrenda: atmosferako kutsaduraz eta ondoriozko klima-aldaketaz ia bakarrik arduratzetik hasita, Lurraren poluzioa eta harraparitza (beraz, bioaniztasuna azkar-azkar galduz) begiratu gabe, ozeanoen kontrako eraso larri-larrien aurreko ezaxolaraino.
Oraintxe hartu du indarra ostera zaborra ozeano hondoetan uzteko aukerak, ekosistema horiek digestio ahalmen eskerga dutelakoan.
Ozeanoak ere itotzen hasiak dira, hondakinen isurketak direla medio: horra hor, adibidez, Ozeano Barea Japonia inguruan. Itsas bioaniztasuna arrisku bizian dago. Uharte koraldunak, algak etab. amenazopean daude. Egia da ozeano hondoetako buztinek CO2 xurgatzeko sekulako gaitasuna dutela, mundu osoko basoek baino ere handiagoa. Nola igorri, ordea, atmosferako gasak sakon horietaraino? Hondakin solidoen -merkurioa eta antzeko metal astunen eta toxikoak barne- isurketak dira itsasoen kontrako eraso gorrienetako bat: arazo horixe du Mediterraneoak, adibidez. Hondakin guzti-guztiak birziklatzea da denok, nork bere etxean, gauzatu beharreko eginkizuna. Asko dugu oraino ikasi eta egiteko. Gai horiei dagokienez, Erromako Klubarentzat Elisabeth Mann-Borghese-k idatzi duen “Ozeanoen etorkizuna” txostena irakurtzea aholkatuko nuke nik.
Zeure tesietan ingurugiroa eta hezkuntza lotzen dituzu beti: zein irizpideren arabera?
Ingurugiro alorreko heziketa zeinahi hezkuntza-sistemaren ezinbesteko osagaitzat hartua dago egun. Horixe da biderik egokiena geroaldiko herritarra bere eskubide eta obligazioez hezteko eta informatzeko, bai bere buruarentzat komenigarri delako, bai elkarren mendeko bizi garen mundu honetan ongi irauteko ere. Dena den, kontua ez da beste ikasgai bat gehitzea, epe labur eta luzerako emaitzak izango dituen dimentsio globaleko diziplinarteko prestakuntza eskaintzea baizik. Ez da aski Giza Eskubideak aldarrikatzea, errealitatean gorpuztu behar ditugu, besteen eta Naturaren eskubideak ere aintzat hartuta, pertsonon eta ingurugiroaren arteko harmoniara heltzeko.
Aspaldi honetan ingurugiroa hobetu dela dioenari zer arrapostu behar zaio?
Ingurugiroa mundu zabalean inondik ere hobetu ez dela esan behar zaio, tinko esan ere. Nolanahi, tokian tokiko hobekuntzak lortu dira meritu handiko ahaleginak egin izanari esker. Dena den, hobekuntza horiek oraino oso-oso eskasak direnez, oraingo bide honetatik hondamendira goaz. Noiz hobetuko da, ordea, hemendik berrogeita hamar, ehun, berrehun urtera? Bost axola guri! Zein da kontua, orduan, Lurraren iraupena geuretzat eta geure seme-alabentzat bakarrik bermatzea? Orain egiten ari dena goraka datorren sentiberatasun eta konpromisoaren abiagune hutsa baizik ez da, etorkizuneko belaunaldien mesedetarako sakrifizioak barne.
Kutsadura delituak zigortzeko aski eraginkorra al da erantzukizun penala?
Axolagabekeriak edo, areago, jarduera kriminalak galarazteko eta, era berean, denontzat eta gure ondorengoentzat ingurugiroak duen garrantziaz kontzientzia har dezagun, erantzukizun penala finkatzea modu egokia da.
Ekologia terminoa euskarri daraman guztian zenbat dago publizitatetik eta zenbat egiatik?
Mugimendu ekologistekin loturiko asmo on, jarrera eta jokaera zuzenak biziki errespetatzen ditut. Arazoa konpondu egingo litzateke den-denok izatez eta bihotzez ekologista bagina, hau da, ingurugiroaren kezka denok sentituko bagenu.
Mundu osoan baliabideen erauzpena erdira ekarri behar bada, herrialde industrializatuek hurrengo 30 – 50 urteetan eraginkortasuna areagotu egin beharko dute energia eta lehengai gutxiago erabiltzeko, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1997an onetsi bezala. Zergatik horrenbeste komedia itun hori Europako estatu zenbaitek betetzeko unean, bertako ingurugiroko ministroek 1996an onetsia zutelarik?
Esatetik izatera, aldea. Nazioarteko aldarrikapen eta konpromiso horiek praktikan jartzen saiatzean ondorioztatzen dituzten ahaleginen eta kostuen dimentsioaz konturatu zirenez, atzera egin zuten ministroek. Horregatik, ene iritzirako behintzat, “demokrazia aurre hartzaile” bataiatu dudanaren sorrera eta garapena sartu beharko dute demokraziek. Hautesleentzat mesedegarri eta desiragarri diren helburu ekonomiko eta sozialak ez ezik, nahi horiek gauzatzeak epe luzera ekar ditzakeen ondorioez informazioa ere eman behar dute alderdi politikoek eta, horrela, etorkizun hobea nahi baldin badu gizarteak nolako prezioa ordaintzeko prest dagoen deliberatu behar du.
Laburbilduz, ingurugiroaz ari garela, zein da munduko arazorik larriena?
Oraingoz, bederen, gasen igorpenen ondorioz atmosferako kutsadurak eragingo duen klima aldaketa da (bereziki, anhidrido karbonikoa). Ozonozko geruzaren lodiera txikitzeak gizakien immunologi sisteman du eragina, egunero-egunero animalia eta landare espezieak desagertzea…