Trafiko istripuengatiko indemnizazioak

Pazientzia eta idatzizko frogak, funtsezkoak

1 maiatza de 2004

Pazientzia eta idatzizko frogak, funtsezkoak

Ezbeharra, biktima eta guzti, gertatu ondoren egiten diren protokolo ugari eta korapilotsuetako bat indemnizazioa kobratzeari dagokiona da. Logikoa denez, senarra eta aita galdu duten ezkontideari eta seme-alabei eman beharreko ordaina eta, ondorio larririk gabe, zauri arinak sendatzeko ospitalean hiru egun eman dituenari entregatuko zaiona ez dira berdinak. Pertsona baten heriotza edo behin-behineko zein behin betiko osasuna galtzea konpentsatzea helburu duen Erantzukizun Zibil eta Motordun Ibilgailuen Zirkulazio Aseguruaren Legean agertzen den Baremoaren arabera ordaintzen dira indemnizazioak. Legeak xedatua duenez, indemnizazioak urtero eguneratu behar dira eta, gaurkotze hori lege xedapenen bitartez egin ezean, aurreko urtean izaniko kontsumorako prezioen indizearen arabera altxatuko dira automatikoki. Gauzak horrela, indemnizazioak kobratzea ez da zertan arazo korapilatsua izan.

Errealitatea, aldiz, zeharo bestelakoa da. Lehendabizi, istripu parteak ez baitira beti adiskidantzaz betetzen, hau da, ezbeharra noren erruz gertatu den ez da beti adostasunez zehazten; bigarrenik, indemnizazioa ordaintzea egokitzen zaienean, entregatu beharreko kopurua ahalik eta txikiena izan dadin ahalegintzen direlako aseguru konpainiak (aipatu Baremo horren mugetan, beti ere). Kasu asko eta asko epaitegietan amaitzea eta sarri indemnizazioaren kobrantza urtetan atzeratzea ez da harritzeko kontua, beraz. Trafiko Istripuek Kalteturiko Elkartearen arabera, biktimak edo senitartekoek pare bat urte itxaron behar izaten dute, batez beste, indemnizazioa eskuratzeko. Kasua Auzitegi Goreneraino iritsiz gero, itxaronaldia zazpi edo zortzi urtez ere luza daiteke.

Nolako kalteak indemniza daitezke?

Indemniza daitezkeen kalteak hauek dira: heriotza, lesio iraunkorrak (kaltetua ezintzen dutenak eta bestelakoak) eta behin-behineko ezgaitasunak. Horrelako kasuetan, zor zaizkien indemnizazioak ez ezik, sendagile eta ospitale gastuak eta, bidezkoa izanik, hileta elizkizunei dagozkienak ere ordainduko dira. Epaitegien aburuz, indemnizazio osoa edo parte baten ordez betirako errenta ematea erabaki daiteke. Kaltetutakoa hiltzen bada Baremoak hainbat kontu ditu erantzungai: nor diren biktimaren ahaideak, galeragatik nori eman behar zaion indemnizazioa eta gertakariak nolako hondamendi ekonomikoa eragin duen. Horrenbestez, biktimak bere kontura bizi den ezkontide, adin txikiko seme-alaba, anai-arreba edo antzekorik ba ote duen zehaztu behar da. Familiako gorabehera horietatik indemnizazio bat sortu baina gorantz edo beherantz zuzenduko da, hainbat faktoreren arabera: lehenik eta behin biktimaren diru sarrera dator, hau da, heriotzaren ondorioz biktimak dirua ekartzeko gaitasuna murriztearen arabera alda daiteke indemnizazioa.

Hona beste zenbait faktore “zuzentzaile”: biktima pentsioa jasotzeko eskubidedun ezkontide banandua izatea, ezbeharrean guraso biak hiltzea, biktimak edo indemnizazioa jaso behar duenak lehenagotik nolabaiteko ezgaitasunik nozitu izana, istripuan biktimak izaniko esku hartzea (esate baterako, autopistan oinez zebilela), ezkontide bananduaren seme-alabarik izatea, seme-alaba bakarra izatea edo ama haurdun izanik fetua galtzea. Areago, indemnizazioa handitu edo murrizteko argudio izan daiteke pertsonaren adina edo lanbidea: ez du diru kopuru berbera jasoko 30 urteko biktimaren alargunak eta 60 urteko biktimaren alargunak, aurrenekoari dezente handiagoa emango baitzaio. Ogibidearen arabera ere altxa edo jaits daiteke indemnizazioa: oso litekeena da modelo lanetan dabilen pertsonak aurpegian lesiorik jasotzekotan diru gehiago kobratzea, itxura fisikoa garrantzi apalagoko alderdia duen pertsonak baino.

Indemnizazioen munta

Baremoak xedaturiko lesioen sailkapen eskala 1etik 100era doa, larritasun arinenetik hasita, eta negoziazioaren arabera zehaztu behar da. Kalte jakin bat balioztatzean ohiko kontua da aseguru konpainiako sendagilea, auzitegiko sendagilea eta kaltetutakoak jo duen sendagilearen artean desadostasunak agertzea. Horrelakoetan epaileak erabakitzen du kasuari nolako puntuazioa dagokion, Baremoa malgua baita alderdi horretatik. Esan dezagun, oro har, 1 notarekin puntuatutako ondorea ikusten ez den orbain txiki bat dela eta 100 notakoa, berriz, pertsona fisiko zein psikikoki erabat ezgaitu duen burezurreko traumatismoa. Bi mutur horien artean, dena den, makina bat kasu sartzen dira. Konmozioaren osteko sindromea, adibidez, 5 eta 15 puntu bitartez balioztatzen da, ondorengo sintomen larritasunaren arabera (buruko mina, loaren, izaeraren edo oroimenaren alterazioak, etc.), hau da, subjektibotasunak karga handia du horretan.

Indemnizazio ohikoenak:

  • Behin-behineko ezgaitasuna: bestelako arrazoiengatiko indemnizazioekin elkargarria da. Ezgaitasun egunen kopurua eta, adinaren arabera, biktimari dagokion indemnizazioa biderkatuz kalkulatu behar da; horri zuzentze faktore batzuk aplikatzearen ondoriozko kopuru zenbait gehitu behar zaizkio. Ospitaleratze eguneko 56 euro eta, biktimak ospitalean egon behar ez duenean, 25 eta 46 euro bitarte finkatu da. Biktimaren diru sarreren arabera, %10etik %75era bitartean altxatu behar izaten da kopuru hori.
  • Heriotza: biktima ezkonduta bazegoen, ezkontideak 45.139 eta 90.278 euro bitarteko kopurua jasoko du, zenduaren adinaren arabera; adin txikiko seme-alabei, berriz, 37.616 euro entregatuko zaizkie, gurasoaren adina edozein dela ere. Biktimaren mendeko gainerako seme-alaba, guraso eta senide gazteek ere indemnizazioa jasotzeko eskubidea izango dute. Zuzentze-faktoreak hauek dira: lehenik, heriotzaren ondoriozko kalte ekonomikoak (biktimaren diru sarrerekiko, indemnizazioa %10% eta %75 bitartean altxatuko dutenak); famili gorabehera bereziek ere altxatzen dute heriotzagatiko indemnizazioa: ezgaitasun fisiko edo psikikoa, biktima seme-alaba bakarra izatea, istripuan bi gurasoak hiltzea, biktima haurdun egotea, etc.
  • Lesio iraunkorrak: lesioaren larritasuna baloratzen duen 1 eta 100 puntu bitarteko eskala xedatua du legeriak; horren arabera indemnizazioa aldatuko da, gutxienez 469 eurotik, biktimak 65 urte baino gehiago dituenean eta 1 notako lesioa (ikusten ez den orbain arina, alegia) nozitu badu, 2.734 euroraino, gehienez ere, 20 urte baino gutxiago baditu eta 100 notako lesio larria (erabateko ezgaitasuna) eragin bazaio. Diru kopuru horiek handitu egin daitezke zuzentze-faktoreak aplikatzean: kalte ekonomikoak (%10 eta %75 bitarteko gehikuntza), kalte moralak (beste 75.232 euroraino) eta biktima lanean aritzeko ezindu duten lesioak (15.046 eta 75.232 euro bitartean). Biktimak “ezgaitasun handia” (tetraplegia, paraplegia, itsutasuna, koma egoera edo begetatibo kronikoa, besteak beste) nozitzen duenean ere indemnizazioa altxatu egiten da, 300.927 euroraino.
  • Biktima haurdun zegoela, ezbeharraren ondorioz fetua galdu badu, jaso beharreko indemnizazioa 7.523,17 eta 30.092,68 euro bitartekoa izango da, lehen seme-alaba izango zen eta haurdunaldiko hilabetea kontuan izaki.

Istripuko biktimaren eskubideak eta egin beharreko urratsak

Ezbeharrari dagozkion agiri guzti-guztiak gordetzea, justiziaren mantsotasuna zer den jakinik kontua pazientzia handiz hartzea eta trafikoko ezbeharren biktimaren eskubideak ezagutzea dira istripuagatiko indemnizazio zuzen bat jaso ahal izateko hiru giltzarriak.

Ospitalea eta errehabilitazioa

  • Eska itzazu sendagilearen txostenak idatzizkoak izan daitezen. Egiztatu istripuak eragin duen patologia osoa zehatz-mehatz agertzen dutela.
  • Errehabilitazioaren premia izanez gero, zentroa eta, halaber, zure etxetik zentrora eta alderantzizko bidaiak egiteko anbulantzi enpresa aukera dezakezu.
  • Ospitale guztietan bada “trafikoko” kontsultategi bat, bere pertsonal espezializatu eta guzti. Zeinahi eskari egiten bazaizu, jo pertsona horiengana. Beste daturik ematen ez bazaizu, eska iezaiezu ezezkoa idatziz eman diezazuten eta jakinaraz ezazu hori zure aseguru konpainian.
  • Eska ezazu idatzizko txosten bat errehabilitazioan eginiko bisita bakoitzeko.
  • Fakultatiboaren etxerako bisitaldiak, aseguru konpainiek azpikontrataturiko enpresek egin ohi dituzte eta, batzuetan, pazientearen etxera joaten diren sendagileek ez dute bezeroak eskatutako espezialitatea. Egiazta ezazu dokumentazio hau eman zaizula: sendagilearen izen-abizenak, espezialitatea, kolegiatu zenbakia, zein enpresarentzat ari den eta zein konpainiak kontratatu duen. Horrela egiten ez badu, gogoan izan etxean sartzea debekatu egin diezaiokezula. Amaitzean, eska iezaiozu sendagileari bisita horri buruzko txostena.
  • Bisitatzera joan zaizun sendagileak asebetetzen ez bazaitu, jakinarazi eta eska ezazu fakultatiboa aldatzea.

Salaketa

  • Ez ibili azkarregi: sei hilabete dituzu auzitegian salaketa jartzeko. Salaketa jarri aurretik, itxoin ezazu agintaritzako agenteek eginiko argiketa-agiria izan arte.
  • Jakin beharko zenuke agintaritza gorputz bakarrak, bik edo gehiagok esku hartu duten; argiketa agirian azaltzen ez badira, eska ezazu idatzizko adierazpen osagarria.
  • Jakin beharko zenuke, era berean, zure bertsio berresten duen lekukorik ba ote den. Jakinaraz iezaiezu haiek ere istripua eragin duenaren kontrako salaketa jar dezaketela, hori zure bertsioaren egiazkotasunaren mesedetakoa litzateke eta.
  • Segurta ezazu argiketa-agirian gertakariak izan diren bezala agertzen direla. Egiazta ezazu xehetasunik txikiena ere bertan agertzen dela, data- edo toki-akatsik ba ote dagoen, etc.
  • Eska iezaiezu agenteei argiketa agirian ezbeharraren edo istripuaren eragilearen geroagoko jarreraren lekukoak ere agertzen direla. Eska iezaiezu, era berean, ibilgailuarekin zerikusia ez duten kalteen xehekapenezko inbentario bat (gauza pertsonalak, etab.).
Aseguru konpainia
  • Aseguratzaileak abokatua izendatu behar dizu, salaketa egin behar duenarekin batera. Horren jarrera gustukoa ez baduzu, eska ezazu alda dezaten, bidezko jotzen duzun bezainbeste aldiz.
  • Gertakariez gainera, testigu posibleak (argiketa agirian agertu beharko lukete) eta agintaritzako agenteen anomalia nabarmen eta omisioak jaso behar ditu salaketak.
  • Ahaztu gabe, sartu salaketan prozesuko borondatezko eta nahiz kontrako akats, oker eta huts guztiak: horixe duzu sumarioan sartzeko eta, noski, horien argipen edo aldaketa judizialki eskatzeko bide bakarra.
  • Ez sinatu paper zuririk. Idatzi abokatuekin batera haien lana bete ahal izateko beharrezkoak diren ahalmen agiriak.
  • Errehabilitazio epe luzeagorik premiazkoa baldin baduzu, eska iezaiozu aseguru konpainiari.
  • Sar itzazu balizko indemnizazioetan eriondoan zehar egin dituzun bidaietako taxi gastuak, kanguruenak, garbitzeagatikoak, botika eta aparatu ortopedikoenak, etc. (beti-beti agiriarekin eta, ahal dela, zerbitzua eman duten pertsonen sinadurarekin).