Oinezkoentzako alderdiak: hamahiru hiritako oinezkoentzako 57 kale bereziren azterketa

Erdiek baino gehiago ez dute proba gainditu

Sarri gertatzen dira ibilgailuei ezarritako murrizketen aurkako lege hausteak, seinaleztapen eta irisgarritasun alorrean huts egin dute gehienek, eta kale askotan ekipamendua urriegia da
1 maiatza de 2004
Img temap 190

Erdiek baino gehiago ez dute proba gainditu

/imgs/20040501/img.tema-portada01.jpg
Hamar espainoletik ia zazpi bizi dira 20.00 lagunetik gorako hirietan, ibilgailu motordunen gehiegizko trafikoaren ondoriozko sufrikarioa gainean dutela. Oinezkoentzako alderdiek, bertan bizi diren lagunen bizimodua hobetzeko balio duten heinean, harrera ona izan ohi dute, baina horrek ez du adierazten, inondik ere, aho bateko abegi soziala, beren burua ekimen honek kalteturik ikusten baitute pertsona eta sektore ekonomiko zenbaitek.

Hiritarrak, nolanahi ere, galdera hainbat egiten dizkio bere buruari: oinezkoentzako alderdiek ba al dute bete behar duten eginkizunaren pareko kalitate urbanistikoa? Automobilean zirkulatu ezinik, aresti arte aparka zitekeen tokietan ezin utziz, oinez ibiltzea merezi ote? Ibilgailuen zirkulazio eta aparkamenduari ezarritako mugak praktikan errespetatu egiten dira?

CONSUMER aldizkaria kontu horien erantzunaren bila ibili da, Espainia guztiko 13 hiritako oinezkoentzako 57 kale aztertuz, apirilaren hasierako egunetan. Txostena hiru sailetan banatu zen: hiri altzariak eta ekipamendua, seinaleztapena eta iristeko erraztasuna eta, azkenik, ibilgailuen zirkulazio eta aparkamenduaren murrizketak betetzen diren gradua. Ikerlan honetako emaitzek agertzen dutenez, hiri batetik bestera egoera biziki aldatzen da, ekipamendua oro har onartzeko modukoa baizik ez da, seinaleztapen eta iristeko erraztasunarekin (erabiltzaile ezinduen kasuan, bereziki) beste horrenbeste gertatzen da eta, azkenik, ibilgailuen trafikoa mugatzen duten arauen urratzeak espero baino ugariagoak dira.

Txostenaren ondorioa, hortaz, argi dago: Espainiako hirietako oinezkoentzako kale asko eta asko ez dira hori, definizioak eskatzen dituen baldintzak betetzen ez baitituzte eta, era berean, kalea automobilen trafiko mordoilotik babesten duten murriztapenak (hiri zenbaitetan, berariazko arauak) behar bezain zorrotz errespetatzen ez direlako. Aztertu diren oinezkoentzako kaleen %54k ez dute CONSUMER-en proba gainditu eta Coruña, Oviedo eta Donostiak bakarrik aprobatu dute nolabaiteko lasaitasunez. Iruñea, Bilbo, Alacant eta Gasteiz maila “onargarri” apalean agertu ziren, eta gainerako guztiek suspentso gorria eraman zuten. Madril gainditzetik gertu ibili zen, baina ez zuen gainditu eta, hoberenetik txarrenera, Valentzia, Murtzia, Malaga, Almeria eta Bartzelonako oinezkoentzako alderdiek beste deialdi baterako utzi dute azterketa.

Ondorioak, zehaztasunez

/imgs/20040501/img.tema-portada02.jpg Horrelako alderdiak oinezkoentzako huts gisa definitzeko, ibilgailuen zirkulazio eta aparkamenduaren murriztapenaren berri gaztigatzeko eta hiritar guztientzako (ezinduentzako, bereziki) iristeko erraztasuna jakinarazteko jarri den berariazko seinaleztapena hobetzeko modukoa da, inondik inora. Atal honetan, azterturiko kaleen %60 gelditu da proba gainditzeke eta “onargarri” apal batera Coruña, Oviedo, Donostia, Bilbo eta Valentzia bakarrik igaro dira. Hiru hiri (Alacant, Iruñea eta Gasteiz) “hala moduz” ageri dira eta gainerakoak (Madril, Murtzia, Malaga, Almeria eta Bartzelona) suspentsoa eraman dute azterketan. Horrek argi eta garbi adierazten du hauxe dela aztertutako oinezkoentzako kaleek premiaz hobetu behar duten alderdia.

Beste alde batetik, oinezkoentzako kaleetan ibilgailuen trafikorik izango ez dela bermatzen duten murrizketa-arauen hausteak sarriegi gertatzen direla egiaztatu da azterketa honetan. Oinezkoentzako kaleen ia erdiek merezi izan dute eta Valentzia, Bartzelona eta Gasteizkoek ez dute gainditu: horrek adierazten digunez, lege-hausteak ohiko kontuak dira eta arautegia betetzen den kontrolatzea lasai hartzen dute agintariek. Madril eta Murtzian behaturiko oinezkoentzako alderdien egokitasuna azpimarratzekoa da eta alor honetan ongi ageri zien Iruñea, Coruña eta Malagakoak; gainerako bost hirietakoak, aldiz, “onargarri” erdipurdikoan gelditu ziren. Proba honetan hainbat puntu aztertu behar zien: oinezkoentzako kaleetan gaizki aparkatutako ibilgailurik bazegoen, zamalanak egiteko baimendutako ordutegitik kanpo ibilgailuek zirkulatzen zuten eta, hirugarrenik, 57 kale horietako bakoitzean automobilez sartzerik ba ote zegoen eta, sartuz gero, ibilgailua 15 minutuz aparkatzerik izango ote zuen aztertzaileak (arautegiz kontra, noski).

Lehendabizi, pasabidea galaraz zezakeen hesirik, pibotik edo lorontzirik eta, ondoren, arautegia betearaz zezakeen poliziarik ba ote zen aztertu zen. Oinezkoentzako alderdi horietako askotan baimendu gabe eta legezko ordutegitik kanpo ibilgailuak aparkatuta zeudela eta zamalanak egiteko finkaturiko ordutegiak -zabalegiak hiri askotan- betetzen ez direla egiaztatu zuten teknikariek.

Hiri ekipamendu eta altzariei (aulkiak, paperontziak, argiteri elementuak, komun publikoak, iturriak, arbolak, lorontzi eta loreak, eskultura eta balio estetiko edo artistikodun bestelako elementuak, zoladuraren egoera, etc.) dagokienez ere emaitzak ez ziren izan asetzeko modukoak: oinezkoentzako kaleen %37k ez zuten azterketa gainditu. Egokienetan nabarmentzekoak dira Coruña, Oviedo eta Donostian bisitatu direnak, ondotik Iruñekoak datozkiela. Nota ona, era berean, Bilbo, Alacant, Gasteiz eta Madrilekoek ere irabazi zuten. Valentzian azterturiko oinezkoentzako kaleak “onargarri” huts izan ziren eta Bartzelonako kaleek jaso zuten “hala moduzko” horietatik behera dator suspentsoen zerrenda: denetan nabarmenenak (“oso gaizki”) Murtzia, Malaga eta Almeriakoak. Esan dezagun oinezkoentzako kale askotan ez dagoela gutxien-gutxieneko hiri altzaririk (paperontzi eta aulkiak, adibidez), batzuetan zorua zikina dago edota zuloak eta antzeko eragozpenak ditu (baldosa hautsiak, ebakiak, zangak, putzuak, etc), oinezkoen ibileraren oztopo.

Kale eta alderdiak oinezkoentzat bihurtzeko ahalegina biziki aldatzen da toki batetik bestera. Oinezkoak askoz ere panorama politagoa du Gasteizen (oinezkoentzako alderdiak 2,49 m2 ditu, biztanleko), Donostian (1,1 m2), Bilbon (0,96 m2) eta Bartzelonan (0,92 m2), Alacant (0,08 m2 biztanleko), Murtzia edo Valentzian (bi hauetan, 0,5 m2 laguneko) baino, tokian tokiko udalek eskainitako datuen arabera. Almeria, Iruñea, Madril, Coruña, Malaga eta Oviedoko udalek ez dute datu hori eman.

Hiri batetik bestera isunak aldatzen dira

Oinezkoentzako alderdian ibilgailua gaizki uztearren ezartzen diren isun edo multak (gutxieneko zigorrak, kasu batzuetan dezente handiagoak izan daitezke eta) eta garabiaren kostua gorabehera arras aldatzen dira hiri batetik bestera: astunena Coruñan ezartzen dute (96 euro); ondotik Malaga, Bartzelona eta Almeria datoz (90 euro inguru). Arinenak, berriz, Donostia, Valentzia (30 euro) eta Gasteizkoak dira (ia 46 euro).

Oinezkoentzako alderdietan ibilgailuan baimenik gabe zirkulatzeagatiko isunak Bartzelonako 150 euro limurtzaileetatik Coruñako 30 euroetaraino doaz, Iruñea eta Malagako 60 euroetan barrena. Biziak dira Donostia, Bilbo (100 euro), Murtzia (96 euro), Gasteiz, Oviedo eta Valentziakoak (90 euro ingurukoak) ere.

Malaga eta Coruñan izan ezik, isunaren munta handiagoa da oinezkoentzako alderdietan arauz kontra zirkulatzeagatik bertan automobila uzteagatik baino. Iruñea eta Madrilen lege hauste biei aplikatzen zaien isuna berdina da (60 eta 84 euro, alegia).

Horrelako zigor ekonomikoen ezarpenak disuasio-eragina izaten du baina bidezkoa denean gidaria zigortua izatea bezain eraginkorra da hori.

Oinezkoentzako alderdietako ekipamendua

/imgs/20040501/img.tema-portada03.jpg Alderdi horiek agertu behar duten txukuntasun, garbitasun eta mantentze egoera funtsezkoak dira. Zorionez, azterturiko kaleen %10ek bakarrik zuten zorua zikin (txakur gorotzak, zakarra, paperak, hondakinak). Era berean, bisitatu diren kaleen %16tan bakarrik zeuden zoruak hondaturik: baldosa puskatu edo askeak, putzuak eratzeko zuloak edo oinezkoen erorikoa eragiteko irregulartasunak.

Oinezkoentzako lau kaletatik hirutan bakarrik zeuden paperontziak erabiltzeko egokieran baina kale horien %40tan bakarrik zeuden behar adinakoak. Segurtasun eta erosotasunaren ikuspegitik, argiteria ere garrantzi handiko kontua da: azterturiko kaleen ia %95ek behar bezalako argitasuna dute, kaleak gauez bisitatzean egiaztatu zen moduz. Hori ez ezik, lau kaletatik hiruk berariazko argiteri elementuak dituzte, gehien-gehienak estilo klasikokoak (hirigune zaharretan) edo, hiriko gainerako altzarien arabera, diseinu modernokoak. Eskertzekoa da, era berean, oinezkoentzako alderdietan arbolak aurkitzea baina horrelako kaleen erdi baino gehiagok ez dute horrelakorik, antzinako hiriguneetako kale gehientsuenak estuegi direlako. Kontu bi egiaztatu zituzten teknikariek: kale horietako ia arbola gehienak kontserbazio egoera egokian daudela baina, beste aldetik, erdiek baino ez dutela behe aldean sarexka, behaztopei saihesteko eta landare-tokia hobeki babesteko. Beste datu on bat: arbolez hornituriko kaleen %90etan arbola kopuruari egoki iritzi zioten.

Oinez ibili ondoren atseden hartzea komeni izaten da eta aulkiak dira horretarako primerako baliabideak. Okerrena, bisitatu diren oinezkoentzako kaleen %56k ez dutela bat ere aulkirik; horrelakoak dituztenetan, zortzitatik bakar batek aulkiak zikin edo hondatuak agertzen zituen. Dena den, aulkiak aski ziren kale guztietan. Gainerako hiri altzarien kasuan bezala (paperontzi eta farolen kasuan izan ezik, ezinbestekoak baitira hauek nonahi), oinezkoentzako alderdiren batean aulkirik ez izatea bidezkoa da, elementu horiek oinezkoen martxa eragotz ez dezaten moduan kokatzeko beharrezkoa den tokirik ez baitago.

Inoren iritziz, akaso, landarez dotoretutako lorontziak alferrikako luxuak dira hirietan baina, beste norbaiten ustez, hirigunea naturaz, alaitasunez eta edertasunez janzten dute. Txosten hau egitean, lore eta landareen aldetik, oinezkoentzako alderdien egoera aztertu eta, egiaztatu zenez, bisitatu ziren lau katetatik bitan ez zegoen lorontzirik eta, horrelakorik zegoen hiru tokitako batean elementuak ez zeuden kontserbazio egoera egokian.

Ibiltzeak nekea ez ezik, egarria ere sortarazten dio oinezkoari baina, halaz ere, azterturiko oinezkoentzako kaleen %23tan bakarrik daude ur edangarriko iturriak baina horrelakoak zirenetan ere, hamahirutatik bat ez zebilen. Dezente panorama okerragoa du premia fisiologikoak ase nahi dituen hiritarrak: azterturiko 57 oinezkoentzako kale horietako bakar batean dago komun publiko bat. Lastima, hark ere ez baitzuen funtzionatzen.

Amaitzeko, oinezkoentzako alderdietako atal kultural eta estetikoan, aztertutako kaleen %20tan bakarrik zegoen arte lan bat gutxienez; dena den, guztiak ederki kontserbatuak zeuden.

Seinalez- tapena eta iristeko erraztasuna

Oinezkoentzako sei kaletatik batean ikusi ahal izan zenez, ez zegoen ibilgailuen sarrera eta zirkulazioa debekatzeko seinalerik. Kale horien %35ek bakarrik dute oinezkoentzako alderdia dela adierazteko berariazko seinaleak (hondo urdinaren gainean giza irudiak). Sei seinale horietatik bat hondatuta zegoen edo ez zuen balio bere zeregina betetzeko, ibilgailutik ez baitzen ikusten.

Ez da harrotzeko modukoa egiaztatzea aztertutako oinezkoentzako kaleen %18k bakarrik dituztela inguruetako toki interesgarrietako (monumentuak, museoak, eraikin publikoak, etc.) edo hiriko alderdi horretako planoa agertzeko panelak. Tristeagoa, oraindik, oinezkoentzako kaleen erdietan oinezkoen ohiko martxa eragozten duten edo, kasuren batean segurantzia arriskutan jartzen duten elementuak aurkitzea (obretako aldamioak, trabes utzitako automobil edo motorrak, komertzioetako publizitate kartelak, obretako edukiontziak, ostalaritza establezimenduetako terraza zabalegiak, etab.).

Berariazko alderdi horietan teknikariek aztertu zuten eskailerarik ba ote zegoen (bazen eskailerarik, hamarretik batean) eta gurpildun aulkian dabiltzan erabiltzaile ezinduentzat egokituriko sarbideak ba ote zeuden ere. Izan ere, eskailerak ikusi ziren zonen %4tan egoera txarrean zeuden (zuloak, baldosa hautsiak, eskailera-maila okertuak…), ez zuten esku-baranda edo arrapala alternatiboa. Segurtasunaz ari garela, erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskutan jar zezaketen elementuak hauteman ziren (zamalanetako ordutegiz kanpo azkarregi zebiltzan ibilgailuak, baldosa hautsi edo askatuak, zoru labaingarriegiak, zoruan zulo, ur putzu eta irregulartasun latzak, etc.), bisitaturiko hiru kaletik batean.

Zamalanak egiteko ordutegia

/imgs/20040501/img.tema-portada04.jpg
Hiri batetik bestera zamalanak egiteko ordutegiak arras aldatzen badira ere, zabalak dira, oro har (egunean hiru ordu gutxienez; kasuren batean goizean lauzpabost edo gehiago eta arratsaldean beste hainbat); horrek esan nahi du alderdi hori egunean nahi baino ordu gutxiagotan dela oinezkoentzat hutsa (hau da, kamioi, automobil, motor edota furgonetarik gabea). Interesen gatazka ikusten da bertan: alde batetik, oinezkoek -erosotasun eta segurtasunagatik- alderdi hori trafikorik gabea nahiago dute; bestetik, trafikotik at utzi dituzten kale horietako establezimendu eta bestelako eraikinetan gaiak kargatu eta deskargatu behar dituzten profesionalen iritzia. Bartzelona, Murtzia, Almeria eta Alacanten permisibitatea neurriz kanpokotzat jo da, aipatutako lau hirietan goizean zamalanak egiteko ezarrita dagoen ordutegi zabala izateaz gainera, ibilgailu profesional horiei arratsaldeko zortziak arte ere zabaltzen zaizkielako ateak. Iruñean, ordutegi horien diseinua “hala moduzko” gisa kalifikatu dute: zamalanak arratsaldeko ordu bietatik lau eta erdiak arte bakarrik egin daitezkeelako; tarte horretan oinezkoen intentsitatea ez da arratsaldeko seietatik aurrerakoa bezain trinkoa, jakina. Konponbide egokiena Malagakoa da, aztertzaileen iritziz: ibilgailuak ezin dira oinezkoentzako alderdietan sartu eta zamalanak esku-karroen bidez egin behar dira. Bilboko egoera ere ona da: alderdietako batean (Gran Vía) ezin daiteke zamalanik egin eta beste lauetan goizeko zortzietatik hamaikak arte bakarrik daude kaleak zabalik horrelakoak egiteko. Amaitzeko, Coruña, Oviedo, Gasteiz, Donostia eta Madrilgo ordutegiak onartzeko modukoak baizik ez dira: lau ordutik gora, goizean bakarrik. Madrilen bereziki, Carmen eta Preciados kaleetan zamalanak gauez bakarrik egiten dira.

Trafikoaren murrizketa-arauak urratzea

/imgs/20040501/img.tema-portada05.jpg Oinezkoentzako alderdia eta hiriko beste zeinahi karrika bereizten duen faktore nagusia, bertan ia ibilgailurik ez ikustea da, ez geldirik, ez martxan. Dena den, teoria eta praktika hemen ere ez dira gauza bera: aldizkari honetako teknikariek ederki nozitu zuten hori oinezkoentzako 57 kale horietako egunerokotasunari egunean hainbat orduz so zeudenean eta trafikotik bereizitako zona horietan ibilgailuarekin sartu nahi izan zutenean; baita, lortutakoan, ibilgailua bertan aparkatu zutenean ere. CONSUMER-ek eginiko txostenak egiaztatzen duenez, oinezkoentzako hiru kaletatik batean baziren ibilgailuak aparkaturik zamalanak egiteko ordutegietatik kanpo. Coruña, Oviedo, Bilbo eta Murtzian bisitatu ziren oinezkoentzako alderdietan bakarrik ez zen ikusi ibilgailu aparkaturik baimendutako ordutegitik kanpo. Proba praktiko honetan, bidezkoa den bezala, baimendutako ibilgailuak ez ziren kontuan hartu: taxiak, polizien automobilak, obretakoak, garbiketa lanak egiten dituztenak, anbulantziak, ezinduen ibilgailuak, etab.

Valentzian azterturiko kale guzti-guztietan zeuden ibilgailuak aparkaturik; Gasteiz eta Bartzelonako kaleen %60tan ikusi ziren eta Almeriakoen eta Donostiakoen erdietan. Oinezkoentzako kaleetan hauteman ziren ibilgailu aparkatuen kopurua asko aldatzen da hiri batetik bestera baina denetan nabarmentzekoa da Donostiako Getaria kalea (17 ibilgailu aparkatu) eta Valentziako Monduber kalea (6 ibilgailu). Gainerakoetan ibilgailu gutxi zegoen aparkaturik, gehienetan, oinezkoen ibilera normala eragotziz. Aipa dezagun, bukatzeko, kale horietan gaizki utzitako ibilgailu haietatik bakar batek ez zuela isunik jarrita.

Nolako kontrola zegoen atzemateko helburuz, CONSUMER-eko teknikariak oinezkoentzako kale horietan guztietan sartzen ahalegindu ziren (zamalanetarako ezarrita dagoen ordutegitik kanpo, ondorioak harik eta nabarmenagoak izan zitezen) eta, sartu ondoren, ibilgailua kale berezi horietan 15 minutuz aparkatu zuten. Proba praktiko horren emaitzak frogatu duenez, kasuen erdietan ibilgailuan sartu ahal izan zen, hura galarazteko polizien presentziarik edota bestelako inongo eragozpenik (pibot altxagarriak, hesiak, lorontziak, etc.) ez baitzuen gidariak topatu. Atal honetan okerren baloratu diren oinezkoentzako kaleak Bartzelona eta Valentziakoak dira, azterturiko gehien-gehienetan inolako eragozpenik gabe ibilgailua sartu ez ezik aparkatu ere ahal izan zutelako gure teknikariek. Oviedo, Bilbo eta Gasteizen azterturiko kaleen %60tan sartu eta aparkatu ahal izan zuten. Gasteizko hiru kaletan automobila utzi ahal izan zuten eta beste bitan ez zuten sartzerik izan, zoruan pibotak edota bolardoak zeudelako. Donostia, Almeria eta Alacanten ibilgailua sartu eta aparkatu ahal izan zuten oinezkoentzako kaleen erdietan. Coruña, Iruñea eta Malagan bisitaturiko oinezkoentzako kale bakar batean sartu ahal izan zuten ibilgailua. Hoberenak, azkenik: Madril eta Murtzian azterturiko oinezkoentzako kale bakar batean ez zuten sartzerik izan. Murtzian bereziki, azterturiko kale guztietan sarrera udaltzaingoak galarazi zuen. Amaitzeko nabarmen dezagun sartzerik izan ez genuen oinezkoentzako 10 kaletatik 6tan, berariazko baimena ez zeukan ibilgailuari sarbidea debekatu ziona. udaltzaingoa izan zela.

Oinezkoentzako alderdi perfektua

CONSUMER-ek aztertu dituen oinezkoentzako 57 kaleetako seitatik batek bakarrik irabazi du “bikain” kalifikazioa eta zortzik, berriz, “oso ongi”. Kontua da oinezkoentzako kale edo alderdi horien ezinbesteko prestazioak mugatzea, bikaintasun horretara hemen azterturiko kale batzuk ezin daitezkeelako iritsi estuegiak direlako (antzinako hiriguneko kaleetan, ohiko kontua), toki txarrean daudelako edo nekez konpon daitekeen akatsen batengatik.

Kontsultaturiko arkitekto urbanisten eta aldizkari honen iritziz, oinezkoentzako alderdi hobezinak jarraian aipatzen diren ezaugarriak izango lituzke:

  • Jendea eroso eta lasai ibiltzeko espazio nahikoa
  • Funtsezkoak diren hiri altzarien ekipamendu ona (paperontziak, aulkiak, farolak eta ur iturriak), egokiro kokatua eta zuzen mantendua
  • Kalitatezko lurzorua, ongi kontserbatua
  • Behar bezainbeste eta behar bezala zaindutako arbola, lorontzi eta loreak
  • Artelanen bat (eskultura edo antzekoa) edota bestelako apaingarriak
  • Behar bezalako seinaleztapen egokia, auto gidariari oinezkoentzako alderdian zirkulazioa murriztua dagoela jakinarazteko. Planoak, hirian orientatzeko.
  • Oinezkoentzat eragozpen edo arriskua ekar dezakeen elementurik ez: azkarregi doazen automobilak, esku-barandarik gabeko eskailerak, hautsi eta harroturiko baldosa edo harriak, zoru labaingarria, zulatua, ur putzuak, objektu arriskutsuak, ertzak herdoildu edo hautsiak dituzten paperontziak, etc.
  • Erabiltzaile ezinduentzako oztopo arkitektonikorik ez
  • Oinezkoentzako alderdian ibilgailuen sarrera eraginkortasunez kontrolatzea poliziaren presentziaren eta hesien, piboten, lorontzien edo antzekoen bidez
  • Zamalanak egiteko ordutegi mugatua: egunean hiru orduz, gehienez; inola ere ez arratsaldeko bostetatik aurrera, esate baterako.
  • Ordutegi hori betetzen dela zorrozki kontrolatzea
  • Oinezkoentzako alderdiei berariaz aplikatu beharreko arautegia, lege-hauslea zigortuko duena.