Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Gaixotasunak, botikak eta errepidea: ezin dira hirurak auto berean eraman

Seguru gidatu nahi duenak jakin behar du gaixotasunak zein sintoma dituen eta zein tratamendu eman behar zaion; gauza guztien gainetik, osasun langileek esandakoari jaramon egin behar dio, eta autoa ez hartzeko gomendatu badiote, kasu egitea komeni da

Apenak, buru nahasmenak eta beste arrisku batzuk

Apnea, bidaide arriskutsua

Aharrausiak, urduritasuna, eskuak etengabe lekuz aldatzea, hutsegite sarriak… Lo apnea duten gaixoek 7-10 aldiz arrisku gehiago dute istripu bat edukitzeko, gainerako herritarrek baino. Zenbait ikerketa zientifikok erakutsi dutenez, egunean logale handia izaten dutenek eraginak izaten dira istripu horien % 30 ia. Neumologiako eta Kirurgia Torazikoko Espainiako Elkartearen arabera, bost eta zortzi milioi lagun inguruk dute Espainian lo apnea, nahiz eta horien % 5-9ri soilik egin dieten diagnostikoa eta tratamenduren bat jarri.

Lo apnea nahiko gaixotasun ohikoa da, eta adin ertaineko gizonen % 4-6ri eragiten die, eta emakumeen % 2-4ri; adinean aurrera joan ahala, gero eta jende gehiagorengan agertzen da. Hala ere, apneadun baten argazkia egiten hasiko bagina, honela irudikatuko genuke: gizona, lodia, 45 eta 55 urte artekoa, lepo motz, lodi eta bi kokotsekoa, musugorria eta zurrunga egilea.

Lo apnea dutenek ezin dute gidabaimena atera edo berritu, halaxe dio Gidarien Araudiak. Haatik, Lo Unitateren baten txostena aurkezten badute, non esaten den tratamendu batekin daudela eta ongi kontrolatzen dituztela egunean zehar agertzen zaizkien sintomak, orduan aukera izaten dute gidabaimena atera edo berritzeko (bi urterako ematen diete gidari ez-profesionalei, eta urtebeterako profesionalei).

Buruak huts egiten duenean

Buruko zenbait gaixotasunek eta nahasmendu psikologikok gidatzeko ahalmenik gabe uzten dute pertsona, batik bat gaitza modu akutuan agertzen zaienean. Honako gaitz hauekin gertatzen da hori: eskizofrenia, depresioa, dementzia, amnesia nahasmenduak, gogo nahasmenduak, disoziazio nahasmenduak, eldarnioak edo pertsonalitate nahasmenduak. Eritasun horietako askok erabat erasaten dituzte pertsonaren gaitasunak (ezagutzazkoak, motorrak eta jarrerazkoak).

Horregatik, gidabaimena atera edo berritu behar dutenean, legeak eskatzen du diagnostiko kliniko bat aurkeztu behar dutela gaixo horiek, eta zenbait informazio osagarri ere bai, jakiteko zenbaterainoko endekapen funtzionala duen, eta horrek zenbateraino egin dien kalte haren gaitasunei. Arriskurik ez dagoela ziurtatzeko, neurologo baten, psikiatra baten, psikologo baten eta, behar balitz, beste zenbait espezialistaren oniritzi-txostenak behar izaten dira. Gaitz horiek dituzten askori, urtetik urtera berritzen diete gidabaimena.

Attitudes erakundeak egin dituen inkestetako batean irakur daitekeenez (Audi enpresaren baitakoa da, eta bide heziketako programez arduratzen da), errepidean arrisku gehien hartzen duten gidarien artean, proportzioan, gehiago dira estresak, nerbio tentsioak eta depresioak jotakoak, beste gidarien artean baino. Gogo-aldartearen gorabehera horiek neurri handian baldintzatzen dute gidatzeko modua, eta istripu asko eragiten dituzte. Estresak edo nerbio tentsioak jota daudenak oldarkorrago ager daitezke, kontra egiteko joera gehiago izan dezakete, eta jarrera lehiazale eta probokatzaileak eduki ditzakete; horrez gain, erraz galdu ohi dute pazientzia, eta erraz sakatu ohi dute azeleragailua. Arriskua neurtzeko eta hari aurre hartzeko, ordea, zailtasunak izaten dituzte. Depresioak jota dauden gidariei, berriz, asko kostatzen zaie kontzentratzea, eta hiltzeko eta buruaz beste egiteko pentsamenduak ere edukitzen dituzte.

Botika tratamenduarekin ere seguru gidatzeko

  • Medikuari galdetu behar diogu ea gidatzeko moduan gauden; hark esango digu ahal dugun edo ezin dugu, eta ezin badugu, noiz has gaitezkeen.
  • Espezialistak eman dizkigun botikek nahi gabeko zein ondorio dituzten ikasi behar dugu. Tratamendua hasi aurretik, prospektua irakurri behar da: gidatzeko gaitasunari kalte egiten badio, han esango du.
  • Ikusten badugu botika batek eragozpenak sortzen dizkigula autoa gidatzeko, onena da autorik ez hartzea tratamendua bukatu arte. Eta autoa hartu beharra badaukagu, medikuari eska diezaiokegu botika leunago bat jartzeko.
  • Guri dagokigu neurriak hartzea, eta horiek oso zorrotz zaintzea; ez genuke autorik hartu behar gaixotasunaren fase akutuan edo tratamendua hasterakoan; hartzen ari garen botikez gain beste bat hartzen hasi behar badugu, edo dosia aldatzen badigute, orduan ere hobe izaten da autoa ez hartzea, kalte egiteko arriskua handiagoa baita.
  • Kontu eduki behar dugu alergien, hotzerien eta gripearen aurkako botikekin; jende gehienak bere kabuz hartzen ditu, medikuari eskatu gabe, baina horietako batzuek antihistaminikoak eta/edo kodeina izaten dute, eta horiek moteldu egiten dute nerbio sistema zentrala.
  • Ez nahasi botikak eta alkohola edo drogak. Gerta daiteke elkarri eragitea, eta alkoholak eta drogek are ondorio bortitzagoak sortzea, edo gerta daiteke botikaren eragina handitu eta gidatzeko gaitasunari kalte egitea.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak