Esku telefonoa: asko ordaintzeak ez du egiten erabilgarriagoa
Esku telefono bat aukeratzea ez da erraz-erraza ere. Era askotakoak daude, eta egunetik egunera aldatzen dituzte modeloak eta prezioak. Telefono operatzaileek ere eskaintza ikusgarriak egiten dizkiete erosleei -telefono merkeagoak itxuraz-, eta hor joaten dira gehienak, opari bat egin dietelakoan. Telefono konpainien opari horiek, ordea, bankuen kredituak bezalakoak dira, eta luzera, ez dira izaten hain merkeak. Operadore batek telefono bat merkeago eskaintzen digunean, konpromiso bat eskatzen digu ordainetan: gutxienez, urte eta erdi irauten duen kontratua sinarazten digu, eta tarifa handiak baditu -nahiz eta hasieran guri ez hala iruditu-, garesti aterako zaigu; segur aski, konpromisorik hartzera behartzen ez gaituen telefono bat hartu izan bagenu baino garestiago. Azken batean, tarifa merkeei etekin gehiago ateratzen zaie, opari emandako edozein sakelakori baino.
Nork bere sakelakoa
Modaren olatuak indar handia izaten du, baina ez da komeni beti haren aparrari begira ibiltzea; telefono bat erosi behar, eta garestiena aukeratzea edo, beste gabe, gehien ikusten dena, horrek ez du zentzu handirik. Eta zentzugabea da, halaber, uste izatea egungo telefonoek deiak egiteko soilik balio dutela. Sakelako bat erosi aurretik, beraz, ongi aztertu behar dira gauzak, eta irizpide egokia izan daiteke honako hau: gure telefonoak zein funtzio izatea gustatuko litzaigukeen pentsatzea eta horren arabera jokatzea. Hori argi edukita, saltzaileari ere errazagoa egingo zaio gure beharretara gehien egokitzen den modeloa eskaintzea. Betiere kontuan hartu beharko dugu, hala ere, gauza bat dela nahi izatea, eta bestea ahal izatea (sakelakoa sakelatik ordaintzen baita).
Adina, teknologia arloko prestakuntza, gaitasun fisikoa, laneko edo astialdiko eginkizunak, joera estetikoak… Alderdi horiek guztiek baldintzatzen dituzte gutako bakoitzaren beharrizanak. Adineko pertsona batek, adibidez, teknologia berriekin ongi moldatzen ez bada, alferrik erosiko du telefono konplexu eta funtzioz betea (iPhone edo Blackberry erako bat, esaterako); oso garesti ordaindu beharko du, eta ez dio etekinik aterako. Agian hobe izango luke beste zerbait erostea, nagusiki deiak egiteko eta SMS mezuak bidaltzeko balioko dion telefono bat, adibidez. Aldiz, etengabe mugitu behar duen profesional batek telefono osatuagoa beharko du, mezu elektronikoak bidali eta jasotzeko, argazkiak atera eta bideoak grabatzeko, eta Interneten nabigatzeko. Bi erabiltzaile mota aurkeztu ditugu hemen, bi muturretakoak, nolabait; horien tartean, badira beste hainbat eta hainbat.
Funtzio nagusiak
Azken belaunaldiko sakelakoek funtzio asko eta asko eduki ditzakete, eta, egia esan, oso erabiltzaile gutxik lortzen dute etekin guzti-guztia ateratzea. Funtzio adierazgarrienak zein diren esango dugu jarraian, bakoitzak zein alde on eta txar dauzkan, eta bakoitza zein erabiltzaile motarentzat izan daitekeen egokia.
- Deiak egin eta hartu: Hori izan da esku telefonoen funtsa, baina beste funtzio batzuk nagusitzen ari dira orain. Merkatuan badira zenbait telefono bereziki egokiak funtzio horri lehentasuna eman nahi diotenentzat eta bestelako buruhausterik nahi ez dutenentzat: Emporia Life izan daiteke horietako bat, edo Vodafone Simply delakoa. Garrantzitsuena zera da, deiak azkar eta erraz egin ahal izatea, eta gordeta ditugun zenbakien zerrendara besteren bat gehitu nahi izanez gero, hori ere erraz egin ahal izatea.
- Testu mezuak: SMSak bidaltzeko ere erruz erabiltzen dira sakelakoak; izan ere, ongi erabiliz gero, asko aurrezten da komunikazioetan. Funtzio honek hedadura handia izan du gazteen artean; kultura baten adierazpide bihurtu dute, eta hizkuntza berezi bat sortu. Funtzio hori egoki erabili ahal izateko, tekla handiak izatea da onena. QWERTY deitzen den teklatua lortuz gero (tekla guztiak dituena, ordenagailuek bezala), hainbat hobeto. Eta ezin bada, ongi begiratu behar da erraz idatzi eta ezabatzeko aukera ematen duela telefonoak. Ukipen teklek asko sinplifikatzen dute jarduna, baina ez dira izaten guztiz zehatzak.
- Argazkiak atera: Sakelako gehienekin atera daitezke egun argazkiak, baina horrek ez du esan nahi erabiltzaile gehienek horretarako erabili nahi dituztela. Irudiak txukun samar ateratzeko, 3 megapixel baino gehiagoko bereizmena eskaini behar du telefonoak, eta flasha ere bai. Eta memoria txartela ere aski handia eduki behar du (giga batetik gorakoa), argazki batzuk gorde ahal izateko, behintzat; horrez gain, argazkiak beste tresna batzuetara pasatzeko aukera ere eskaini behar du (ordenagailura, adibidez). Komeni izaten da bluetooth konexioa eduki dezan, edo Interneterako sarbidea, bai wifi bidez edo bai 3G motako sareen bidez. Dena dela, 3 megapixel-eko kamera duen sakelako batek askoz kalitate apalagoko argazkiak aterako ditu, bereizmen bera duen kamera digital batek baino. Irudia ongi jasoko badu, ez da aski bereizmen ona izatea; beste hainbat alderdik ere eragiten dute, besteak beste, objektiboaren ikuspuntuak.
- Bideoak grabatu: Horretarako ere, memoria txartela behar du, eta konexio bideak. Gaur-gaurkoz, hala ere, ezin da espero izan kalitate oneko emaitzarik.
- Musika entzun: Ehun abesti inguru gorde ahal izateko, gutxienez giga bateko memoria txartela eduki behar du telefonoak, eta konexio bide onak, multimedia artxiboak jaso eta bidali ahal izateko. Baina garrantzitsuena zera da, soinu irteera “normala” eduki dezan (3,5 mm-ko jack-a), edozein etxeren entzungailuak erabili ahal izateko, eta ez nahitaez telefono ekoizlearenak.
- Ahotsa eta soinuak grabatu: Soinu sarbide bat eduki behar du eta grabazioa kudeatuko duen programa bat. Oso esparru jakinetan erabiltzeko aukera da: lanean, batik bat, baina ez hor bakarrik.
- Mezu elektronikoak bidali eta hartu: SMSak bidaltzeko behar den horixe behar da mezu elektronikoak bidaltzeko ere (ahalik eta teklaturik handiena eta QWERTY modeloa, tekla guztiak dituena); mezu elektronikoak bidaltzea, hala ere, konplexuagoa da. Telefono zenbakien zerrenda bat edukitzeaz gain, helbide elektronikoen zerrenda bat ere eduki behar da. Bi zerrendak elkarrekin kudeatu daitezke edo bereiz, baina, inondik ere, programa indartsua beharko du datuak kudeatzeko: aldaketak azkar eguneratzeko aukera eman behar du, eta zenbait tresnaren arteko sinkronizazioa egiteko ere bai, sakelakoaren eta ordenagailuaren artekoa, adibidez. Telefonoak, halaber, gai izan beharko du mezu elektronikoei atxikitzen zaizkien dokumentuak irekitzeko. Ez da ahaztu behar, gainera, deien tarifaz gain, tarifa gehigarria ordaindu behar dela posta elektronikoa erabiltzeagatik (datu-tarifa).
- Internet erabili: Goi mailako telefonoa izan behar du, eta sistema eragile konplexua daukana (hori guztia dirutan ordaintzen da, noski). Gainera, datu-tarifa laua kontratatzea komeni da, bestela izugarri garesti ateratzen baita. Beste aukera bat da telefonoak wifi bidezko konexioa egin ahal izatea, eta doan konektatu ahal izatea sare irekietara (ez dira asko izaten halakoak).
- GPS gisa erabili: Oso erabilgarria gerta daiteke esku telefonoak GPS funtzioa edukitzea, batik bat Internetekin batera erabiltzen bada. Aukera hori edukita, erabiltzaileak erraz jakin dezake non dagoen eta inguruan zer zerbitzu eta saltoki dituen bila dezake Sarean. “Bilaketa geokokatuak” deitzen zaie horiei, eta, itxuraz, publizitate arloko negoziorik oparoena izango da etorkizunean.