Gutxien daukatenek ere abokatua eduki dezaten
Justiziaren esku jartzeko, denbora hartu behar da, eta dirua eman. Hala izaten da gehienetan, baina ez beti; justizia doakoa ere izan daiteke herritarrentzat, eta gero eta jende gehiagok jotzen du, gainera, zerbitzu horietara. Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak eman dituen datuen arabera, Doako Lege-Laguntzarako sistemak 629.000 txosten kudeatu zituen 2007. urtean ofiziozko txandan, epaitegietara iritsi ziren guztien % 8,8. Espainiako abokatuen % 25-30 inguruk eman dute izena zerbitzu horretan, eta atxilotuei (583.000 lagun) eta genero indarkeriaren biktimei ere (52.000 emakume) ematen diete laguntza.
Espainiako abokatu elkargo guztiek kudeatzen dute Doako Lege-Laguntza, eta horren bidez, eskubide konstituzional bat bermatzen dute: pertsona guztiek dute eskubidea epaileen eta epaitegien babes eraginkorra jasotzeko. Doako Lege-Laguntzarako 1/1996 Legeak (urtarrilaren 10ekoa da) eta haren garapen-araudiak honako helburu hauek zehazten ditu: babesgabetasuna eragoztea eta arrazoi ekonomikoengatik izaten diren diskriminazioak desagerraraztea, eta, horretarako, aski baliabide ez dutenei doako justizia-zerbitzuak eskaintzea. Abokatuen eta prokuradoreen zerbitzuak doan jasotzeko aukera ematen diete herritarrei, eta epaiketarako adituren baten txostena behar balitz, hori ere doan izaten dute; legezko abisuak argitaratzea ordaindu behar izaten dute, baina beherapenak izaten dituzte, eta erregistro-kuotetan ere bai. Horretarako, ordea, herritarrak frogatu behar du ez duela aski baliabide.
Zein baliatu daiteke doako lege-laguntzarako sistemaz?
Espainiako herritartasuna duten guztiak, Europako Batasuneko kide diren herrietako biztanle nazionalak eta Espainian dauden atzerritarrak, baldin eta frogatzen badute ez daukatela aski baliabide.
Atzerritar guztiek erabil dezakete zerbitzu hau?
Atzerritartasun Legeak (2000. urtekoa da) esaten zuen Espainian bizi diren atzerritar guztiek dutela horretarako eskubidea baliabiderik ez badute, eta espainiarrentzat ezartzen diren baldintza berberak ezarriko zaizkiela. Bestalde, Espainian egoera irregularrean bizi diren etorkinei mugatu egiten zien doako lege-laguntza, eta honako administrazio-prozeduretan edo epaiketetan soilik jaso zezaketen: Espainian sartzea galarazteko izan zitezkeenetan, beren herrialdera itzularazteko egin zitezkeenetan edo Espainiatik kanporatzeko saioetan. Horiez gain, babes gaiekin zerikusia zuten prozedura guztietan ere bazegokien lege-laguntza hori. Zigor prozeduretarako eta babes eskariei lotutako administrazio prozeduretarako ere mugak jartzen zizkien Doako Lege-Laguntzarako Legeak Espainian legez kanpo bizi ziren atzerritarrei.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Doako Lege-Laguntzarako Legearen zati hori 2003. urtean, haren ustez Espainian dagoen atzerritar orok baitu eskubidea Doako Justizia eskuratzeko, egoiliar baimena eduki edo ez. Beraz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak esandakoari jarraiki, Espainian dagoen atzerritar orok badu eskubidea doako justizia eskuratzeko, baldin eta frogatzen badu baliabiderik ez duela auzitan aritzeko. Eta eskubide horrek jurisdikzio-ordena guztiak hartuko lituzke.
Beste inork badu eskubidea doako lege-laguntza eskatzeko?
Langileek eta Gizarte Segurantzako onuradunek badute eskubidea zerbitzu hori jasotzeko lan arloko epaiketetan; halaber, onura publikoko elkarteek eta administrazio-erregistroan izena eman duten fundazioek ere badute eskubidea, baldin eta frogatzen badute ez daukatela aski baliabide auzitan aritzeko.
Zein da baldintza nagusia zerbitzua jaso ahal izateko?
Honako hau da oinarrizko baldintza doako justizia eskuratu ahal izateko (legeak hala dio): urteko baliabide eta sarrera ekonomikoak, familia unitate batenak, ez izatea Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) halako bi baino handiagoak (eskaria egiteko garaian zenbatekoa den LGS, huraxe hartzen da kontuan).
irabazten dutenek soilik jaso ahal dute doako lege-laguntza
Familia bakoitzaren egoera aztertu ondoren, salbuespenak ere egiten dira zenbaitetan. Zenbat seme-alaba edo senitarteko dauzkatenek euren ardurapean, osasun egoera nolakoa den, zein betebehar ekonomiko dituzten edo zenbateko kostuak dituzten (objektiboki neurtuak)… horiek guztiak aintzat hartuta, doako lege-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen zaie zenbait pertsonari, nahiz eta legeak ezarritako mugatik gorakoak izan haien baliabide eta sarrera ekonomikoak; gehienez, ordea, legeak ezartzen duen muga halako lau izan ahalko dira.
Zenbateko diru sarrerak eduki behar dira, non dago muga?
Nahiz eta legeak esaten duen, 1996koak, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) halako bi izan daitekeela gehienez, egun Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) hartzen da eredutzat muga jartzeko. Estatuko aurrekontu orokorrek aurreikuspen edo helburu bat ezartzen diote inflazioari, eta hori aintzat hartuz finkatzen dute kopurua. 2008. urtean, 7.236,60 euroko kopurua jarria dute urte osorako (paga bereziak barne), eta, beraz, zerbitzu hori jaso ahal izateko, diru sarrerak ezin dira izan bi halako baino hadiagoak: urtean 14.473,20 euroko sarrerak izan daitezke, gehienez ere.
Zer eskaintzen du doako lege-laguntzak?
Epaiketaren aurretik, doako laguntza eta aholku-zerbitzua eskaintzen du, eta epaiketan bertan, abokatua eta prokuradorea doan edukitzeko aukera. Horrez gain, beste hauek ere eskaintzen ditu:
- Aurrez abokaturik aukeratu ez duen atxilotuari edo preso dagoenari abokatu bat edukitzeko aukera ematen dio.
- Jakinarazpenak edo legezko abisuak doan izaten dira.
- Helegiteak jartzeko nahitaez aurkeztu behar diren gordailuak ordaindu beharrik ez da izaten.
- Prozesuan adituren batek esku hartu behar balu, doakoa izaten da haren zerbitzua; jurisdikzio-organoetara atxikita dauden teknikariek eskaintzen dute zerbitzu hori, edo, bestela, administrazio publikoei atxikita dauden funtzionarioek, erakundeek edo zerbitzu teknikoek.
- Kopiak, lekukotasunak, agerkariak eta notarioaren agiriak doan eskuratzen dira.
- Eskritura publikoen muga zergak % 80 gutxitzen dituzte; oharrak, sinestamenduak, idatzoharrak eskuratzeagatik, eta jabetza eta merkataritza erregistroetan idazkunak egiteagatik edo izena emateagatik ere (prozesuari zuzenean lotuta badaude, betiere), % 80 gutxiago ordaintzen da. Diru sarrerak IPREMek ezartzen duen mugatik beherakoak badira, ez da ordaintzen muga zergarik.
Nola eskatzen da?
Epaiketa zein tokitan egingo den, hango Abokatu Elkargora joan gaitezke, eta eskari-inprimaki normalizatu bat aurkeztu Lege-Laguntzarako Zerbitzuan; epaiketa hasi gabea balego, bizi garen tokiko epaitegian ere aurkeztu dezakegu eskari hori. Epaitegietan ere eskuratu daiteke inprimaki hori, eta doako laguntza ematen duten batzordeetan ere bai. Zeinahi gauza jakin nahi duenak, hala ere, www.justiciagratuita.es atarira jo dezake; Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak sortua da, eta autonomia erkidego bakoitzari buruzko informazioa ematen du, eta beste zerbitzu gehiago ere bai: lege-aholkularitza, doako justizia eskuratzerik izango dugun jakiteko simulagailu bat, eta doako justizia Internet bidez eskatzeko sarbide bat (NA digitala behar da, sinadura elektronikoarekin).
Eskarian agertuko ditugun datuekin jakin ahal izango dute zein egoera ekonomiko daukagun guk eta gure familia-unitatea osatzen duten gainerako kideek, zein egoeratan gauden gu eta nola dagoen familia, zer eskaera egiten diogun auzitegiari eta zein alde ariko den edo diren auzitan gure kontra (baldin eta inor ariko bada). Eta horren guztiaren berri ematen duten dokumentuak aurkeztuko ditugu inprimakiarekin. Abokatu eta prokuradore elkargoek, behin-behinean, abokatu bat eta prokuradore bat jarriko digute, eta doako lege-laguntzarako batzordeak oniritzia eman beharko dio izendapen horri.
Abokaturik behar ez den epaiketetan eska daiteke doako lege-laguntza?
Auzipetze Zibileko Legearen arabera, epaitegi edo auzitegiren batek jakinarazten badio aldeetako bati beste aldeak abokatua eta prokuradorea hartuko dituela, jakinarazi behar dio, halaber, doako justizia eska dezakeela. Auzi-jartzailea abokatu batekin agertzen bada, salatuak eska dezake doako lege-laguntza. Eta auzi-jartzaileak abokaturik hartu ez, eta salatuak adierazten badio epaitegiari abokatu bat hartuko duela, orduan auzi-jartzaileak eska dezake doako justizia.
- Abokatua beharrezko den prozedura baterako laguntza eskatuz gero, abokatu elkargoak ofiziozko abokatua jarriko digu. Horrela eskatu eta lor daiteke ofiziozko abokatua eta doako justizia. Abokatuak, ordea, kobratzeko eskubidea du, eta eskatzaileak doako justizia eskuratu ahal izateko, legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela frogatu beharko da. Baldintza horiek bete ezean, ofiziozko abokatuaren saria ordaindu beharko du.
- Doako lege-laguntza jaso duena zigortzen badute epaiketaren gastuak ordaintzera, ez du horiek ordaindu beharrik izango, baldin eta haren diru sarrerek ez badute gainditzen legezko muga, prozesua amaitu eta hurrengo hiru urteetan. Muga hori gaindituko balute, ordaindu egin beharko lituzke bera defendatzeak sortu dituen gastuak eta aurkako aldeari dagozkionak ere bai.
- Eskatzailearen egoera zein den aztertuta (zenbat seme-alaba edo senitarteko dauzkan bere ardurapean, osasun egoera nolakoa den, zein betebehar ekonomiko dituen edo zenbateko kostuak sortu zaizkion prozesua hasteagatik edo antzeko beste arrazoiren batengatik), eta betiere maila bereziko familia ugari bateko kidea bada, salbuespen modura, doako lege-laguntza jaso dezake, nahiz eta haren diru sarrerek legezko muga gainditu (sekula ezingo dira izan, hala ere, IPREMen laukoitza). Baldintza horietan beretan, ezinduek ere jaso ahal izango dute doako lege-laguntza.