IRUDIETAN

Itsasoaren argi-begiak

1 otsaila de 2009
Img en imagenes listado

Itsasoaren argi-begiak

187 farok argi egiten dute Espainiako kostaldea osatzen duten 7.889 kilometroetan barrena. Horietako bat, Herkulesen Dorrea, munduan funtzionatzen jarraitzen dutenetatik zaharrena bera. Teknologia berriek distira egiten dute egun, satelite bidezko komunikazioek eta radarrek bezalaxe, baina itsasoak bere betiko argiak maite ditu, leku estrategikoetatik keinuka aritzen zaizkionak. Kostarantz egin duen itsasontziak ere horien bila ariko dira, lurra eta itsasoa mugatzen dituzten bi argiek -hiru, batzuetan- noiz kliskatuko parez pare. Faro bat zutitzen den lekuan, han izango da farozaina ere (itsas seinaleen teknikari mekanikoak deitzen diete egun). Bakardadearekin, ekaitzekin eta logabeko gauekin lotu izan da farozainaren lanbidea, erromantizismo ukitu batek ere zipriztindu izan du. Izena aldatu diete, izana ere bai, agian, baina argiak han jarraitu behar du, lehengo begitik itsasoari so.

Seinalea

Ontzi bat kostaldearekiko paralelo doanean, bi argi ikusiko ditu beti, elkarri txanda ematen diotela. Mezu bat bidali nahian ari dira nabigatzaileari, esanahia erraz ulertzeko moduan, gainera. Faro bakoitza zer eraikin mota den ere jakin liteke Ibilbideen liburuan edo Faroen liburuan begiratuz gero. 1842tik aurrera hasi ziren liburu horiek egiten, urte hartan eratu baitzuten Itsasargien Batzorde iraunkorra, eta orduz geroztik, protokolo bat ezartzen hasi ziren itsasoko argientzat. 1996az geroztik, Itsasargien Batzordeak gidatzen du lan hori; elkarte horretan, besteak beste, itsas seinaleak kudeatzeko ardura duten erakundeak biltzen dira, autonomikoak eta tokian tokikoak.

Eraikina

Garai bateko itsasargiak zaintzen, propio hara igorritako langileak aritzen ziren. Horregatik, itsasargia ez da dorre bat besterik gabe; etxebizitza bat ere bada. Eraikina estilo batekoa edo bestekoa izan daiteke (garaian garaiko joeren araberakoa), baina gehienek antzeko ezaugarriak dituzte: teilatu laua, zokalo handiko hormak, erlaitz irten-irtenak eta oinplano zirkularra duen dorrea; guztiaren buruan, berriz, dorretzarra, bere argi eta guzti. Etxe zut hauek hainbat gune izaten dituzte barrenean: familiaren gelak, lantegia, biltegiak eta energia zentralak. Metalezko barraskilo-eskailera bat igotzen da argien ganberaraino. Baina barrutik ez ezik, kanpotik ere heldu daiteke argietaraino, kristalak garbitzea ezinbestekoa baita.

Etxebizitza

Itsasargiek leku bildu eta seguruak dirudite, eta farozainek ematen diote itxura hori. Orain dela gutxi arte, farozainek hantxe egon beharra zuten gauero-gauero, eta ekaitz egunetan ere bai; hornitzaile ofizial batek eramaten zizkien hornigai guztiak, eta, horrela, inork ezin zuen handik alde egin. Egun, baldintzak aldatu dira, baina 43 farozainek talaia horietatik ikusten dute eguna argitzen, hantxe bizi dira. Askoz gehiago ziren lehen, baina aurrerapen teknologikoei esker, orain ez da beharrezkoa farozaina han bertan egon dadin. Kopurua, hala ere, handitu egin da azken urteetan. Izan ere, lantoki ez ezik, etxebizitza ere badira, eta hori aintzat hartzekoa da (errepideak eta ibilgailuak asko hobetu dira, gainera, eta itsasargiak lehen baino hurbilago daude herriguneetatik); horrez gain, farozaina han egonik, arazo estruktural asko saihestu daitezke: batetik, itsasargian inor bizi ez bada, oso azkar hondatzen da, eguraldi baldintza gogor-gogorrak jasan behar izaten baititu; bestetik, eraikina hutsik badago, nornahi sartzeko arriskua izaten da, eta zernahi egin dezake. Horrexegatik, mundu guztia ari da indar egiten dorreetan berriz farozainak egon daitezen.

Argia

Antzina-antzina, sua egiten zuten aire zabalean, ontziek argia ikus zezaten; gero, babestu egin zituzten su haiek, eta gainazal islatzaileak jarri zizkieten; azkenik, eraikinak egin zituzten, eta hantxe ematen zieten su ikatzari edo egurrari… lanpara asmatu zuten arte. Olio lanparak izan ziren lehenik, petrolioarekin zebiltzanak gero, eta gasa lanparak ondoren. Egun, sistema guztia automatizatua dago, eta tresna fotoboltaikoak eta hibridoak -eguzkiaren edo haizearen indarrez dabiltzanak- erabiltzen dituzte; lanparek, berriz, argi diodoak (led-ak) dituzte, gutxi kontsumitzen dutenak baina argi bera ematen dutenak. Sistema optikoak ere sofistikatuagoak dira (argia handitzen duten mekanismoak, alegia). Garai batean, ispilu paraboliko bat jartzen zuten sugarraren atzean, eta hari esker biltzen eta jirarazten zuten argia. Orain, optiko akrilikoak eta merkurio flotagailuak erabiltzen dituzte argia indartu eta abiadura doitzeko.

Beste seinale batzuk

Itsasargiek lurraren lerroa non dagoen adierazten dute, baina, berez, jatorrian, porturako sarbidea nondik doan jakinarazteko izaten ziren (egun ere betetzen dute zeregin hori). Itsas seinale deitzen direnekin bat egiten du faroaren argiak. Seinale horiek ere argi bidez ematen dira, eta era askotakoak izan daitezke: balizak, portuko argiak, bideratzaileak, sektore argiak, buiak, faro-ontziak… Itsasontzi batek porturatzeko maniobrak hasten dituenean, baliza artean egon behar izaten du zain kostaldeko pilotua eta atoiontziak iritsi arte. Teknikariari dagokio ontzia portura gidatzea (esperientziak eta bidea erakusten duten argiek lagunduko dute horretan). Farozainaren ardura da argiek iluna urratuko dutela ziurtatzea… itsasoak betiko argiak maitatzen jarrai dezan.