Eskolako motxila gurpildunak

Eginkizuna denek bete bai, baina bada alderik, batetik bestera

CONSUMERek zazpi gurpildun motxila edo karromotxila-lagin aztertu ditu; dena den, haietako bat (Mickey) ez da motxilatzat hartu behar, tiranterik ez duenez, karro gisa bakarrik erabil daitekeelako
1 iraila de 2000

Eginkizuna denek bete bai, baina bada alderik, batetik bestera

Motxila horien egikera eta osakeraren ezaugarriak aztertu dira, etiketan ematen duten informazioa jasorik. Horien gainera, zazpi laginak ezarri dira hainbat erresistentzi probaren aurrean, nola gainditzen dituzten ikusteko. Osoko emaitzak kontuan izaki, kalitate-prezioen erlaziorik egokiena Pepsi omen da, merkeena izaki oso emaitza politak agertu dituelako, urraketaren aurreko erresistentzian okerrenetako bat bada ere (dena den, atal horretan aprobatu egin zuen). Edonola, Jaimarc eta Head dira azterturiko laginen artean hoberenak.

Busquets (garestiena bera) ere agertu zen onenen artean, ekarriaren aurreko erresistentzia onartzekoa baizik ez duen arren. Egikera osoenekoa eta praktikoena da: bizkarralde osoa sendotua dauka, heldutokia erauzgarria du eta azpiko euskailuak, metalezkoak. Mickey (4.595 pezeta) aurrekoak bezain ona ez bada ere, prestazio egokiak eskaintzen ditu. Safta (5.200 pezeta) eta, nabarmenago, Brinco (6.450 pezeta) laginek, karga-proban besteek baino agerpen okerragoa egin zuten azken horren gurpilak okertu egin baitziren. Bezeroaren itxaropenak beteko dituzte hauek, oro har, baina karga-proban huts egin zuten bi karromotxilen salbuespenaren berri jaso behar da hemen: Brinco eta Safta laginena, alegia.

Erresistentzia handikoak izan behar

Karromotxila batek, diseinuz hartu behar lukeen karga baino handiagoa eraman beharko du maiz, eskolako joan-etorrietan. Erresistentzia handikoa izatea ezinbestekoa du edukiontzi horrek, arrunt trataera maitagarria ematen ez diolako beti eskola-umeak: herrestan garraiatu, autobus eta autoan sartu, atera, erori, zeinahi tokitan uzten dira… Egoera onean ahalik eta denbora gehien iraun behar dute. Alderdi hau frogatzeko helburuz, zazpi karromotxilak jarri ditugu hainbat eresistentzia-probaren aurrean. Lehenengoa hauxe izan zen: fabrikaziozko oihalak urraketaren aurrean nolako erresistentzia erakusten duen probatzea. Jasotako emaitzetan gorabehera handiak hauteman ziren: ahulena Pepsi (17,5 newton bakarrik jasan zuen urratzeke) izan zelarik, ondotik Mickey etorri zen. Halaz ere, atal honetan biak ere onartzeko modukotzat jo ziren. Brinco, Busquets eta Safta markakoek kalifikazio ona eraman zuten arren, Jaimarc eta Head (honek 87 newton jasan zuen, hau da, Pepsi laginaren lau halako) izan ziren proba hau hobekien gainditu zutenak. Boligrafoak, konpasak, guraizeak edo bestelako eskola-tresnaren batek azkenean motxila zulatzea ez litzateke harritzeko kontua. Objektu zulatzaile baten eragina jasan behar izan dute laginek laborategian, urraketaren aurrean ehunak nolako erresistentzia duen agertzeko. Head markakoa nabarmendu da ostera, bera baita gogorrena. Gertutik Pepsi datorkio eta ondotik Jaimarc, Brinco eta Busquets, denak ere zulaketaren aurrean egokiak. Mickey eta Safta, aldiz, atal honetan onartzeko modukoak baizik ez dira.

Tiranteak, heldulekua, kremailerak eta gurpilak, ahulgune

Erabileraren poderioz, karromotxilak hainbat ahulgune agertzen ditu, hortik hasten baita hausten: kremailerak ez badira, tiranteak desjosi edo heldulekua hausten da. Pieza hauei noziarazitako erresistentzia-proban ikusi zen zenbateko indarra pairatzen zuten, hautsi aurretik. Onartzeko balioa 130 newton (indar-unitatea) izan zen tiranteei zegokienez, eta 260 newton, aldiz, kremaileren kasuan. Proba lagin guztiek gainditu zuten, batetik bestera alde handiak agertu baziren ere. Pepsi nabarmendu zen, oso emaitza onak lortu zituelako bai tiranteen saioan, bai kremailerakoan ere. Head laginak agertu zuen kremaileraren erresistentzia handiena eta tiranteetan, berriz, maila ona.

Bi elementuek ere portaera polita erakutsi zuten Jaimarc markakoan. Brinco, Mickey eta Safta laginek, ordea, indar gutxien pairatzen duten kremailerak dauzkaten arren, erakutsi zuten indarraren aurreko erresistentzia onartzeko modukotzat jo zen. Bestetik, Brinco eta Safta laginen tiranteak onak dira erresistentziaren aurrean (Mickey laginak ez du tiranterik). Busquets markakoaren kremailera oso erresistentea bada ere, tiranteak -onartzeko modukoak izaki- ez dira horrenbestekoak. Maiz antzean motxilak behar baino karga handiagoa jasan behar izaten du, gehiegizko pisu horren eramaileak gurpilak eta tiranteak izanik. Motxilak 25 kilorekin kargatuta egin zen hurrengo proba (hau da, karromotxila hauek gehienez ere eraman beharko luketen kargaren bikoa), helduleku, tirante eta gurpilak diren alderdi kritikoen erresistentzia aztertzeko. Heldulekuan zein tiranteetan arazorik ez. Brinco laginaren gurpilak, berriz, okerturik geratu ziren eta Safta markakoaren errodadura ez zen uniforme. Gainerakoek ez zuten arazorik agertu. Beraz, Safta eta Brinco gehiegizko kargako proba gainditu gabe geratu ziren. Azpimarra dezagun, bidebatez, gehiegizko kargaren biktima nagusia ez dela motxila bera, erabiltzailearen bizkarra baizik: honek, neurriz kanpoko pisuak eraman behar dituelarik, molestiak ez ezik, lesioak ere jasan ditzake eta.

Euri zein beroarekin, arazorik ez

Mendiko motxilak aztertzeko baliatzen den euri-simulazio teknikoa zazpi laginek pasa behar izan zuten: bi orduz eduki ziren motxilak “euri-dosi” ber-beraren azpian, dezenteko presio atmosferikoan. Ehunek ur tantarik iragazi ez zuten arren, lagin guztien jostura eta poltsikoetatik sartu zen urik. Probaren gogorra eta karromotxila hauek, diseinuaren arabera, izan behar duten erabilera kontuan izaki, emaitzak onartzeko modukoak izan ziren, kasu guztietan. Beste aldetik, 70º C-ko tenperatura pairatu behar izan zuten karromotxilek lau orduz, beroaren aurreko erresistentzia egiaztatzeko: laginik deformatu ez zenez, azterketa denek ongi gainditu zuten.

Babesgailuarekin erosoago eta seguruago

Motxilaren armazoia goma-aparrezkoa dute Safta, Busquets, Jaimarc eta Brinco laginek, eta plastiko zurrunezkoa Pepsi, Head, eta Mickey marketakoek. Motxila bizkarrean daraman erabiltzailearentzat erosoago eta konfort handiagokoa gertatzearren, goma-aparrezko armazoia hobetzat hartu da azterketan. Produktu honen maneiaketaren konfortean bilatzen dugun garrantzi handiko xehekapenetako bat, giltzurrun-aldean motxilek duten sendogarria da. Adiera honetan Busquets da hoberena, giltzurrun-aldean sendotua baitu motxilaren bizkarralde osoa. Okerrena Mickey da, inongo sendogarririk ez baitu. Gainontzekoek giltzurrun-aldea bakarrik du sendotua. Tiranteez eta, karrotxoa bailitzan (eginkizun astun horretatik bizkar osoa askaturik) motxila eramateko daukan kirtenaz gainera, Pepsi eta Brinco laginek izan ezik, gainerako karromotxila guztiek heldulekua zeukaten goialdean. Era berean, (Mickey laginak izan ezik) motxila gisa bizkarrean eramateko tirante egokigarriak ere badituzte.

Behealdean eta gurpilez gainera, lagin hauek guztiek dituzte motxila zutik mantentzeko moduko euskailuak. Busquets markakoak metalezkoak ditu euskailuak eta gainerako guztiek, plastikozkoak. Beste aldetik, Busquets da kirtena erosotasunez erauzteko moduan daukan bakarra: horrenbestez, motxila huts bezala ager daiteke. Beste alde batetik, motxila guztiek bukaera zuzena erakusten zuten, akats nabarmenik gabe. Hitz gutxitan, egikera eta ezaugarri fisikoei goazkiela Busquets (garestiena) da nabarmenena, bizkarreko sendogarria, kirten erauzgarria eta behealdeko euskailu metalikoa dituelako. Karromotxila hauen kanpoko gaiak, oro har, plastiko eta zuntz sintetikoen nahasteak dira: nylon eta PVC (Safta eta Mickey), poliester eta PVC (Brinco eta Busquets), poliester plastifikatua Jaimarc, nylon plastifikatua Head, eta poliesterra Pepsi laginean. Neurriak ere antzekoak dira, oso: 40 -45 zentimetroko altuera eta 30 – 33 cm-ko zabalera eta sakonerak ere, berdintsu: 13 eta 20 cm bitartekoak. Edukiera, berriz, aldatu egiten da batetik bestera: 17 litro txikienek (Safta, Busquets eta Head) eta 27 litro handienak: Brinco. Mikey, Pepsi eta Jaimarc laginek edukiera ertaina dute: 22 eta 24 litro artekoa. Segurtasunaz ari garela, EN 071/1 Europako arauaren arabera, hainbat alderdi aztertu dira: elementu zurrun eta tolesgarrien, ertz, juntura eta finkaduren segurtasuna. Alderdi honek berebiziko garrantzia du, haur eta gaztetxoen eskuetan egongo baita: lagin guztiek zehazki betetzen dute, dena den.

Etiketa, zuzen

Artikulu honi dagokion etiketa-araua, azken kontsumitzaileari saltzen zaizkion industri produktuei dagokiena da. Ez du berariazko legeriarik (elikagaiek, kosmetikoek eta ehunek ez bezala, alegia) eta karromotxilaren etiketak, gutxien-gutxienez, hurrengo alderdiok jakinarazi behar ditu: produktuaren izena eta fabrikatzailearen, inportatzailearen edo saltzailearen nortasuna (izena eta helbidea).

Horiez gainera, eta arauari jarraiki, kasu jakin batzuetan adierazi behar da produktuaren osakera (kontsumitzeko modukoa izatea, fabrikazioan baliaturiko gaiek baldintzatzen dutenean, hau da, produktuaren kalitate, eraginkortasun edo segurtasunaren berri emango digun ezaugarri erabatekoa), erabiltzeko epe aholkatua eta baliatzeko, mantentzeko eta segurtasunari buruzko argibideak (baldin eta honelako informazioa produktua behar bezala eta segurtasunez erabiltzeko premiazkoa denean).

Karromotxilen etiketak agertu behar duen informazioa hau da: fabrikatzailearen izen eta identifikazioa. Ez dirudi, produktu honen segurtasun edo kalitateaz ari garela, egikera hil ala biziko faktorea denik. Arauaren gainerako atalak ez lirateke hemen aplikagarriak. Karromotxila guztiek fabrikatzailearen datuak ematen dituzten arren, Safta, Head eta Pepsi laginek ez dute produktuaren izena agertzen. Bakarren batek informazio osagarria eskaintzen dute: Safta, Mickey eta Busquets laginek gaien osakera eta mantentzeko argibideak gaztigatzen dituzten bitartean, Safta markakoak produktua muntatzeko argibideak ematen ditu.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Ikasleentzako sei karromotxila eta -motxila gisa baliatzeko beharrezkoak diren tiranteak ez dituenez- karro hutsa (Mickey) den beste bat aztertu dira oraingoan. Prezioak 2.995 pezetatik (Pepsi) 8.775 pezetara (Busquets) zihoazen. Karromotxila hauen egikera- eta osakera-bereizgarriak alderatu ziren. Laborategian, urraketaren, zulaketaren, gehiegizko kargaren, hezetasun eta beroaren, (tirante eta kremaileraren) ekarriaren aurkako erresistentzia, erabiltzailearen erosotasuna eta beste hainbat alderdi neurtu ziren. Kontsumitzailearen itxaropenak denek betetzen dituzten arren, Brinco eta Safta laginek gainerakoek baino askoz ere karga gutxiago pairatzen dute. Osoko kalitateaz ari garela, egokienak Jaimarc, Head eta Busquets dira. Goma-aparrezko armazoiak (Safta, Busquets, Jaimarc eta Brinco laginek bakarrik dute horrelakoa) erosotasunaz hornitzen du produktua, bizkar gainean doala. Busquets laginak sendotua du, giltzurrun aldea ez ezik, bizkarralde osoa ere bai. Egikera eta ezaugarri fisikoetan Busquets (garestiena) nabarmentzen da, bizkarraldean sendogarria, kirten erauzgarria eta behealdeko euskailu metalikoa dauzkalako. Pepsi (merkeena denetan) karromotxila ona da, azterturiko lagin guztien artean, kalitate-prezioaren erlaziorik egokiena eskaintzen duena.

Bannan-bannan

Motxila gurpildunak, banan-banan

Pepsi (Weelsesason S.L)

  • 2.995 pezeta, merkeena eta kalitate-prezio erlaziorik egokiena.
  • Edukiera: 24 litro, handienetako bat. Urraketaren aurrean erresistentzia ahulenekoa (atal honetako kalifikazioa “onartzeko modukoa” izan bazen ere) eta zulaketak ongi pairatzen ditu.
  • Kremailera eta tiranteak, denetan sendoenak. Armazoia plastiko zurrunezkoa izateak erosotasuna kentzen dio motxilari. Goialdean ez du heldulekurik.

Head

  • 4.750 pezeta
  • Edukiera: 17 litro, txikietako bat. Bi onenetako bat. Urraketaren eta zulaketaren aurrean, erresistentzia handienekoa.
  • Kremailerak eta tiranteek ederki gainditu zituzten probak. Armazoia plastiko zurrunezkoa du, goma-aparrezkoa bezain erosoa ez izaki.

Jaimarc

  • 5.750 pezeta.
  • Edukiera: 22 litro, tartekoa. Osoko kalitatez, bi onenetako bat. Urraketaren aurrean, erresistentzia handieneko kremailera eta tiranteak.
  • Armazoia goma-aparrezkoa du, erosoagoa, alegia.

Busquets

  • 8.775 pezeta, garestiena.
  • Edukiera: 17 litro, txikienetako bat. Egikera onenekoa. Goma-aparrezko sendogarria du bizkarralde osoan. Kirten erauzgarria eta behealdeko euskailu metalezkoa (besteena baino erresistenteagoa) dauzkan bakarra.
  • Urraketaren eta zulaketaren aurrean, erresistentzia handienekoa. Kremailerak erresistentzia handia duen arren, tiranteena ere hobetu egin liteke.

Mickey

  • 4.595 pezeta.
  • Edukiera: 24 litro, handienetako bat. Tiranterik ez daukan bakarra: hortaz, ezin erabil daiteke motxilatzat.
  • Urraketaren aurrean erresistentzia handia agertzen ez duen arren, zulaketa ederki pairatzen du. Giltzurrun-aldean ez du sendogarririk.
  • Armazoia plastiko zurrunezkoa du: erosotasun urrikoa.

Safta

  • 5.200 pezeta.
  • Edukiera: 17 litro, txikienetako bat. Objektu zulatzaileen aurrean erresistentzia ahulenekoa; erresistentzia txikieneko kremailera daukana.
  • Armazoia goma-aparrezkoa denez, bizkarrean eramateko erosoagoa da. Gehiegizko kargako proban, errodadura ez zuen uniforme.

Brinco

  • 6.450 pezeta, bigarren garestiena.
  • Edukiera: 27 litro, handiena. Erresistentzi probak ederki gainditu zituen arren, kremailerak hobetu egin litzake.
  • Armazoia goma-aparrezkoa du, baina giltzurrun-aldean bakarrik. Gehiegizko karga-proban, okerrena, gurpilak okertu egin baitziren.