Helduago eta arduratsuagoa bai, bere arrisku eta guzti
Zazpigarren hamarkadan emakumeak lehen haurra hogei bat urterekin ekartzen bazuen ere, emakumeak hogeita hamar urte ondo beteak ditu egun estreinakoz ama izatean, geroz eta maizago. Emakumea lan-merkatuan sartzea eta geroratze honen inguruko guztia -heziketa akademikoa luzatzea eta, ondoren, lanbidean finkatzea, alegia- da fenomenoaren arrazoi nagusia. Beste aldetik, langabezia eta seme-alabek sortzen dituzten gastuei aurre egiteko gauza ez izatea ere amatasuna geroratzeko arrazoietako bat da. Joera horren ondorioak begi-bistakoak ditugu: haur-kopurua jaistea, adin bateraz gero ama izateko emakumeak zailtasunak izatea eta haurdunaldian arazoak nozitzeko aukera handiagoa.
Fenomenoaren gakoak
Estatu espainiarreko bikoteen %11k, amak 35 urteak beterik dituela ekartzen du lehenbiziko umea. Fenomenoaren zergatia azaltzen duen faktore nagusia, emakumea lan-merkatuan sartzea izan da. Sartze horrekin batera ez dira emazteari lanbidezko eta etxeko eginkizunak uztartzen laguntzeko moduko aldakuntza estrukturalak eragin.
Bestetik, emakumezkoaren heziketa aldia ere luzatu egin da, bera lan-merkatuan errazkiago sar dadin eta, horren guztiaren ondorioz, ama izateko amesten duten egonkortasun laborala geroago iristen zaienez, estreinako haurraren etorrera geroratu egiten da. Lehenbiziko umearen jaiotza atzeraturik, ume gutxiago ekartzen dira. Kontuan hartu beharrekoa, halaber, 30-35 urtez geroko amatasuna zeharo bestela biziko duela emakumeak: helduago dago, arduratsuago da, benetan ekarri nahi zuen umea dauka, sakon hausnarturiko erabakiaren ondore baita. Batzuetan, ordea, horrelako umeak era permisiboagoan hezitzen dira, gehiegizko babesa emanez eta txikiek eskatzen duten guztiari men eginez. Amatasuna, gainera, oso modu tradizionalean ulertzen denez, umeei eskaintzen dieten denbora-apurraren erruduntzat hartzen dute gurasoek bere burua eta, orekaren bila edo, haurra etxeko errege jartzen dute, horrek umearen hezkuntzan eragin kaltegarria ekarriko duen arren.
Amatasuna geroratzearen arriskuak
British Medical Journal kazetan arestian argitara emaniko azterlan baten arabera, 35 eta 40 urte bitarteko emakumeen ernaldien %20 eta 42 urteak beterik dituztenen %50eraino porrot eginez amaitzen dira, bat-bateko abortuagatik, haurdunaldi ektopikoagatik (umetokitik kanpoko ernalketa) edo fetuaren heriotzagatik. Zortzigarren hamarkadan jaiotze-tasa %31n areagotu zen 30 eta 34 urte bitarteko emazteetan, %60an 35 eta 39 urte bitartekoetan eta %50ean, azkenik, 40 urtetik gorakoetan.
Gero, 1990 eta 1995 urteen artean, tasa hori berriro igo zen: %2 30 eta 34 urte bitarteko emakumeetan, %8 35 eta 39 tartekoetan eta %20, 40 urtetik 44 urte bitartekoetan. 35 urtetik aurrera zailago bihurtzen da emakumea haurdun geratzea. Maiz egiaztatzen denez, emazte askok ama lehenago izatea planteatuko zuketen, haurra ekartzea horrenbeste kostako zaiela balekite. Beranduko ama-jendean ohiko kontua da hipertentsio, barize, diabetes eta anemia ferropenika eta antzeko arazoak agertzea, denak sendagileak kontrolatzeko modukoak badira ere. 35 urteko emakume haurdun osasuntsu baten arriskuak eta 20 edo 30 urteko batena desberdinak ez diren arren, adin handiagoko amak gaitz horiek nozitzeko aukera gehiago ditu. Erditzeari dagokionez, balizko arazoetan amaren adinak badu eraginik. Ama izango denak zenbat eta urte gehiago izan, zesarea egiteko arriskua orduan eta gorriagoa da. Estreinakoz ama diren emazteen erditzea zailagoa da 35 urtez gorakoetan. Adin horretako emakumeen ehunak ez dira lehen bezain malguak eta, ondorioz, dilatazio-epea luzatu egiten da: horrek, umearen kanporatze mantsoagoa ekartzen duenez, fetuak arrisku larriagoak nozituko ditu. Alternatibatzat, fetuak kalterik jasan ez dezan, zesarea egiten da.
Jaiotze-tasa, goraka
Jaiotze-tasak gora egin badu ere, haur-kopurua familiako ez da ugaldu. Baby boom belaunaldiak haurrak ekarri ditu, baina familiako bana baizik ez. Orain dela urte batzuk jaiotze-tasa altua atzerapen seinale bazen ere, herrialde aurreratuenetan kontrakoa gertatzen ari da orain. Horren adibide garbia Suediak erakusten du: lan-merkatuan Estatu espainiarrean baino emakume gehiago sartzen bada ere, hori ez da eragozpenik emakumeak haurrak ekartzen segi eta jaiotze-tasa ez murrizteko. Jaiotze-politika bidezkoak praktikan jartzeari esker (haurtzaindegiak nonahi, amak haurra zaintzeko lanean erraztasunak ematea, etab) Suediak belaunaldi ordezkoa bermatua du. Estatu espainiarreko laguntzak, aldiz, ekonomikoak baino ez dira eta hutsaren parekoak, gainera. Faktore kulturalek ere azaltzen dute emakumeak zergatik geroratzen duen amatasuna, ume gutxiago ekarriko baditu ere: etxeko lanen banaketa ez da ekitatiboa. Etxez kanpoko jardunaz gainera, etxeko lanik gehientsuenak bere gain hartzen ditu emakumeak. Eta aitatasunagatiko baja, oraindik ere, sinbolikoa baino ez da: aiten %2k bakarrik eskatzen dute.
Haurdunaldi berankorraren arazoek ez dute eragina amarengan soilik. Haurrak akats kongenituak (Down sindromea, adibidez) ere izan ditzakeela baloratu behar da. Horra, zifrak mintzo: 25 urteko amagandik jaiotako 1.250 umeetatik batek agertzen du Down sindromea; amak 30 urteak beteak baditu, gaitza nozitzeko aukerak 952raino jaisten dira; amak 35 urte baditu, 378ra; 40 urteko amen kasuan, 106; 45 urtetik aurrera, aukerak izugarri biderkatzen dira: jaiotako 30 umetatik, bat. Amak 35 urte baino gehiago dituenean, akats kongenitoen %90 hautemango dituen jaioaurreko diagnostikoa egitea aholkatzen da. Segurtasunak, sinesgarritasunak eta abortatzeko edo hemorragiak izateko arrisku txikiagoek (400 kasutatik bakar bat, alegia) amniozentesia proba arrunt bihurtu dute. Haurdunaldiko 14. eta 18. asteen artean egin behar delarik, sabeletik orratz baten bitartez, fetuaren inguruko likido amniotikoa erauzten zaio amari, balizko aldakuntza kromosomikoak zehazteko. Kasuen %20an, nahi ez bezalako diagnostikoa egiten da.
Haurrak ekartzeari laguntza gutxi
Haurrak eragiten duen gastu latza (urteko, milioi pezetakoa ere izan daiteke) eta Administrazio espainiarrak eskaintzen dituen hutsaren hurrengo laguntzak ere, lagungarria dira lanean nolabaiteko egonkortasuna erdietsi bitartean guraso izateko erabakia atzeratzeko. Eskasak dira laguntzak oso: 18 urte baino gutxiago duten ezintasunik gabeko seme-alabengatiko laguntzak ez dira 1990 urteaz geroztik aldatu. Horrela bada, seme-alabarik duten familiek urtean 36.000 pezeta jasotzen dute bakoitzeko, adinez heldu den bitartean. Arestian, hiru seme-alaba dituzten familiei urtean beste 75.000 pezeta ematea onetsi den arren, diru-kopuru hori barregarria da, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako (laurogeigarrenetan haurrak ekartzearen aldeko taxuzko mugimenduan hasi zirenak) laguntzen aldean: Danimarkako emakumeek Gobernutik hilean 19.000 pezeta jasotzen dute haur bakoitzeko; Finlandiakoek, aldiz, 15.000 eta 29.000 pezeta hilean, seme-alaben kopuruaren arabera. Luxenburgen, hiru ume dituen familiak hilean 75.000 pezetatik gora jasotzen du eta Frantzian bertan, hirugarren umearengatiko laguntza 35.000 pezetakoa da, hilero.
Lagunduriko ernalkuntza: kontuak
35 eta 40 urte bitarteko emakumeen herenak eta 40 urteen muga gainditua dutenen erdiak ugalkortasun-alorreko arazoak izaten dituzte. Kasuen %40an bada konponbiderik, ordea: lagunduriko ernalkuntzaren mundu garestian sartzea. Amaren adina zenbat eta handiagoa izan, tratamendua arrakastatsua izateko orduan eta aukera urriagoak.
Indizioz ezartzen diren botiken bitartez obulazioa kitzikatu egiten da, obozito (obulu ernaldu) bat baino gehiago lortzeko. Obarioak erantzun egokia ematen badu, tratamendua 10 edo 12 egunez luzatuko da. Honen kostua 25.000 pezeta ingurukoa izan daiteke.
In vitro ernalkuntzan bezalatsuko prozesua egiten da, baina espermatozoidea gizasemeari barrabiletik erauzten zaio. Metodo honen arrakasta espermatozoideen heldutasun-mailaren araberakoa da eta 600.000 eta 700.000 pezeta bitarte kostatzen da.
Obulazioa areagotzeko hormona bitarteko tratamendua egin ondoren, obuluak erauzi, laborategian ernaldu eta amaren umetokian ezartzen dira ostera. Prozesu bakoitzean lau enbrioi transferitzen dira eta tratamendu honen guztirako kostua milioi erdi pezeta ingurukoa da. Metodo honen arrakasta %25ekoa da, batenaz beste.
In vitro ernalkuntzan bezalatsuko prozesua egiten da, baina espermatozoidea gizasemeari barrabiletik erauzten zaio. Metodo honen arrakasta espermatozoideen heldutasun-mailaren araberakoa da eta 600.000 eta 700.000 pezeta bitarte kostatzen da.
Ejakulaturiko hazitik bereiz, espermatozoideak umetokiaren barnean ezartzen dira. Tratamendu honek bi urteraino iraun lezake, gehienez ere 6 ziklo betetzen direlarik. Zikloko, 50.000 eta 100.000 pezeta kostatzen da tratamendua eta arrakastaren portzentajea, saiakera bakoitzean, %15ekoa da.
Emaile anonimo baten obozitoak gizasemearen haziarekin ernaldurik, enbrioiak umetokira transferitzen dira. Prozesu honen guztirako kostua 800.000 pezetarainokoa izan daiteke eta arrakasta izateko aukerak, berriz, %50ekoak.
Arriskuei saihets egitea dela eta, helduaroan sartutako emakume haurdunek bete behar dituzten arauak eta orokorrak berdintsu samarrak dira. Desberdintasun bakarra: ginekologoaren jarraibideak zehazki eta zorrozki betetzea, eta osasun-kontrol sakonagoak pasatu beharra.
- Jakinaraz iezaiozu sendagileari herentziazko balizko gaitzen arriskua eta zure osasun-egoera. Eska iezaiozu informazioa, haurdun geratu aurretik.
- Manten zaitez harreman estuan zeure ginekologoarekin. Galde iezaiozu zeinahi zalantza edo kezka, txiki edo alferrikakoa iruditzen bazaizu ere, medikuntzari zuzen ez badakio ere.
- Ez automedikatu, ez aldatu ginekologoak agindu dizun tratamendua.
- Haurdunaldian zehar elikadura aniztun, osasuntsu eta behar bezainbestekoa egin behar duzu. Murriztu gatz eta kafeinaren kontsumoa. Ez hartu edari alkoholdunik, ezta tabakorik ere.
- Areagotu neurri higieniko pertsonalak, elikagaietakoak eta zeure ingurukoak.
- Ahal dela, ez erabili gai edo produktu toxikoak, ez etxean, ezta lantokian ere.
- Ez egin esfortzu fisiko larria eskatzen duten ariketarik, ez egon giro kaltegarrietan, ez zaitez arriskuan jarri.
- Animaliak ukitzeari dagokionez ere, hartu behar bezalako neurriak, horiek ere gaitzak (tosmoplastosia, adibidez) igor diezazkigukete eta haurdunaldia arriskutan jarri.