Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Haurtzaindegiak : Behar beste plazarik ez, oraino, haurtzaindegi publikoetan

Azken sei urteotan egoera ez da ia-ia aldatu egin: publikoak, oro har, hobeak dira pribatuak baino. Langile zuzkidura eta kualifikazioa egokia da orain ere

Kalitatea eta prezioa

Gehiago ordaintzea eta zerbitzu hobea izatea ez doaz beti elkarren eskutik. Hezitzaileko haurren kopuruari dagokiola, publikoak, batez beste, hiru adin-taldeetan hobe daude pribatuak baino: urtebete arteko haurretan (5,5 haur hezitzaile bakoitzeko publikoetan eta 6,2 haur pribatuetan), urtebete eta bi urte artekoetan (8,6 haur hezitzaile bakoitzeko publikoetan eta 9 haur pribatuetan), eta bi eta hiru urte arteko haurretan (9,5 haur hezitzaile bakoitzeko publikoetan eta 11 haur pribatuetan). Dena den, langile zuzkidura egokia da kasu guztietan, hezitzaile bakoitzak artatu beharreko haur-taldeari dagokionez, aholkatzen den kopurua ez baita gainditzen kasu bakar batean ere.

Azpiegiturei goazkiela, pribatu baino publiko gehiagok dute patioa edo lorategia (%91 eta %76) baina pribatu gehiagok eskaintzen dute jantoki zerbitzua. Pribatuen alderdi sendoa ordutegia da, oro har, zabalagoak eta ordutegi ofiziala betetakoan, haurrak ikastetxean beste ordubetez geratzeko eskaintza dutenak. Hona beste ondorioetako batzuk: zentro horietan onartzen diren haur-kopuruen desberdina (batez bestekoa 64 haur delarik, batzuek 300 haur ere jasotzeko prest daude eta beste batzuk hamarretik gora ez), hezitzaileko haur kopuruen desberdina (batez beste, lau edo hamazortzi haur, haurtzaindegien arabera) eta haurrez arduratzen diren langileen %70en profil akademiko egoki-egokia (Irakasle-ikasketak, Haurtzaindegiko Teknikari espezializatuak, Haur hezkuntzako Goi Teknikariak, etc.); gainerakoak puerikultoreak, psikologoak, pedagogoak eta goian aipaturiko titulu horietako praktiketako ikasleak dira.

Datu hauek eta, antzeko azterketa baten ondorioz, CONSUMER-ek 1999an argitara emanikoak konparatuz gero, funtsean egoerak aurrera askorik egin ez duela egiaztatzen dugu, haurtzaindegi publikoetako plaza gabezia ez baita arintzen. Hezitzaile bakoitzari dagokion haur kopurua ere ez da aldatu (9 haur, bi azterketetan ere). Aldaketarik nabarmenena segurantzian eginiko aurrerakuntza a: funtsezko gabeziak dituzten haurtzaindegien proportzioa erdira ekarri da.

Ordutegiak eta haurrak onartzeko irizpideak

Haur eskola pribatuetako batez besteko ordutegia, eguneko, 10 ordu eta 30 minutu da, hau da, publikoetakoa baino ia-ia 2,5 ordu gehiago. Pribatu batzuetan, gainera, egunean 12 ordutako zerbitzua ematen dute.

Ordutegi luzatua (aparte ordaintzen dena, halako zerbitzua baita) hamar zentrotik seitan (gehien-gehienak, pribatuak) eskaintzen da. Araba, Nafarroa eta Bizkaian azterturiko zentroen %10ek ordutegi luzatu hori eskaintzen dute. Pribatuetan ordaindu beharreko prezioa, batez beste, hileko 26 euro da, haurrak haurtzaindegian egunero beste ordubete ematen badu. Beste aukera bat, haurrak sartu eta irteteko ordutegi librea izatea da, umea gurasoen premietara egokitu ahal izateko: hori posible da azterturiko eskolen %94tan (pribatuetan gehixeago). Amaitzeko, hamar haurtzaindegitatik zazpi zabalik daude urtean hamaika hilabetez (abuztuan bakarrik daude itxita). Beste askok (pribatuek, gehienbat) uda partean ordutegi murriztua dute eta Aste Santuan eta Eguberrietan itxita egoten dira. Haurtzaindegien %82k (publikoetan gehixeago pribatuetan baino) lauoinkan oraino ez dabiltzan haurrak onartzen dituzte, baina guztien %17k bakarrik egiten diete matrikula lau hilabetez beherako haurrei eta hamarretik bik bakarrik (ia denak, pribatuak) egun solteetan egonaldiak egiteko aukera ematen dute. Ia-ia eskola publiko denetan aparteko hezkuntza-premiak dituzten haurrak onartzen dituzte baina hamar pribatutik bitan ezin matrikula daitezke horrelako haurrak.

Pribatuetan haurrak onartzeko baldintzarik ez dagoela esan daiteke baina publikoetan sartzeko, aldiz, betebehar eta lehentasunak bete behar izaten dira (familiako diru-sarrerak mugatuak izatea, udalerrian erroldatua egotea, gurasoen egoera laborala, familiaren ezaugarriak, hezkuntza-premia bereziak edo ezintasunak dituzten haurrak, etc.), eta horien arabera betetzen dira erabilgarri dauden plaza urriak.

Hezitzaileek haurrez dituzten iritziak gurasoekin iruzkintzen dituzten arren, hobe izaten da horrelakoak idatzizko txostenetan jasotzea: haurtzaindegien %20k baizik ez dute entregatzen hilean behin, gutxienez, horrelako txostenak (1999urtean %33 ziren). Ahozko informazioari dagokionez, haur eskolen %64k egunero ematen duela dio eta %7k bakarrik onartzen du gurasoek eskatzen dutenean bakarrik ematen duela.

Zenbat kostatzen da haurtzaindegia?

Faktore askoren arabera aldatzen dira tarifak: elementu behinena, eskola publiko ala pribatua izatea da baina, nolanahi ere, eskolan haurrak ematen duen ordu-kopuruak, prezioan bazkaria eta merienda (are gosaria ere) sartuak egoteak, baliatzen diren zerbitzuak (garraioa, igerilekua, txangoak, etc.) eragina izaten dute. CONSUMER EROSKI-k kasu estandar bat hartu du oinarritzat: umeak haurtzaindegian egunean zortzi ordu pasatzen ditu, bertan bazkaria eta merienda ematen zaizkio (zentroak horrelakoak eskaintzen baditu) hil osoan. Pribatuetako batez besteko prezioa 254 euro da (42.255 pezeta) eta publikoetan, aldiz, ordaindu beharreko kopurua faktore askoren arabera aldatzen denez, batez bestekoen bila aritzea ez da bidezko. Lurralde batzuk eta besteetako haurtzaindegi pribatuetako prezioen arteko aldeak eta lurralde bakoitzean ikusiriko prezio merkeen eta garestienen artekoak, testuok lagungarri dituzten koadroetan agertzen dira. Hileko kuotaz gainera, haurtzaindegi pribatu gehienek (%92) haurra matrikulatzea ere kobratzen dute. Izen emate horren batez besteko prezioa 86 euro den arren, Madril, Bartzelona, Araba eta Valentzian azterturiko haur eskola pribatuak batez besteko horrez gainetik dabiltza, 100 euro inguruan alegia, eta gainerako lurraldeetan (Sevillan izan ezik, honakoa batez bestekoan doi-doi agertzen baita), matrikularen batez besteko kostua apalagoa da. Prezio horretan haurtzaindegiek eskola asegurua eta, zentroetako bakarren batek, eskola materiala sartzen dute. Beste batzuetan matrikulaz aparte hainbat kontzeptu sartzen dira fakturan, hala nola uniformea, eskolaz kanpoko jarduerak, garraioa, etc. Haurtzaindegi pribatuetan jantoki zerbitzuaren batez besteko prezioa hileko 92 euro da, merienda barne; dena den, bost eskolatik batek zerbitzu hori ere hileko kuotan sartzen du. Pribatuen %5etan, haurrek etxetik eramaten duten janaria berotu eta zerbitzatzearren ere kobratzen dute.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak