Bizi bitez emakumeak!
Emakumeak luzaroago bizi izaten dira. Komunitate zientifikoak frogatu eta onartu duen egitatea da hori. Horren arrazoia zein den, ordea, inork ez daki, eta mundu guztiko zientzialarien jakin-mina pizten du. Berriki agertu denez, baliteke zahartzaroarekin zerikusia duten mitokondrioetan egotea horren azalpena (animalien ia zelula guztietan dauden elementu txikiak dira, eta zelulari energia emateaz arduratzen dira). Horixe esaten du Monash-eko Unibertsitateko ikertzaileek (Australia) eta Lancasterko Unibertsitatekoek (Ingalaterra) egindako ikerketa batek. Egileek ikusi dute mitokondroaren DNAn gertatzen diren mutazio kaltegarrien pilaketek eragin dezaketela gizonezkoak urte gutxiagoz bizi izatea. Ikerketa egiteko, ozpin-euli ezagunaren 13 aldaera aztertu dituzte zientzialariek, eta ohartu dira askok mutazioak zituztela mitokondrioen DNAn, eta horrek laburtu egiten zuela harren bizia, baina ez emeena. Mitokondrioaren DNAren ondoretasun-ereduak azaltzen du desberdintasun hori: amaren bidez soilik transmititzen da (espermatozoidearenak galdu egiten dira ernalkuntzan). Hori dela eta, mitokondrioan mutazio bat gertatu eta aitari kalte egiten badio eta amari ez, aldaketa horrek ez du eraginik izango hautespen naturalean.
Luzaro bizi izatea, kromosomak eta hormonak
Mitokondrioen DNAn gertatzen diren mutazioak ez dira, itxuraz, bi sexuen artean dagoen aldea azaltzen duen faktore genetiko bakarra. Zenbait ikerketak diotenez, sexu-kromosometan dauden desberdintasunek ere badute eragina.
Alde batetik, emakumeek bi kromosoma X dituzte, baina Y kromosomarik ez batere. X kromosoma bi dituztenez, emakumeek arrisku txikiagoa dute ondorio kaltegarriak jasateko bi horietakoren batean akatsen bat agertuz gero, besteak arindu egingo bailuke. Gizonezkoek ez dute halako abantailarik, eta maizago izaten dituzte X kromosomarekin zerikusia duten ondoretasunezko gaixotasunak. Bestalde, baliteke sexuari lotuta dauden hormonak ere (estrogenoak eta androgenoak) erabakigarriak izatea, gauza jakina baita estrogenoek babestu egiten gaituztela zenbait gaixotasunetatik (adibidez, bihotz-hodietakoetatik).
Gizonak zergatik bizi izaten dira urte gutxiagoz?
Emakumeak luzaroago zergatik bizi diren aztertzean, haien bizi-ohiturei ere erreparatu behar zaie, eta ez soilik alderdi genetikoari.
Historikoki, emakumeekin alderatuta, gizonek jokabide arriskutsuagoak izan dituzte: erretzeko eta alkohola edateko joera handiagoa izan dute. Kontsumo horrek eta horri lotuta dauden gaixotasunek azalduko lukete Espainiako Estatuan emakumeak zergatik bizi diren, batez beste, 85 urte arte eta gizonak 78 arte (halaxe ageri da British Medical Journal taldeko aldizkari batean).
Glasgowko Ikerkuntza Medikuaren Kontseiluko Osasun Publiko eta Sozialeko Unitatean ari diren zientzialariek (Eskozia) analisi bat egin zuten Europako herrialdeetan heriotza-tasak zertan ziren jakiteko, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) emandako datuetan oinarrituta.
Datuek erakusten dutenez, emakumeen eta gizonen bizitza-itxaropenean dagoen aldearen eragile nagusiak tabakismoari lotutako gaixotasunak dira (horiek eragina da bizi-itxaropenean dagoen aldearen %40-60): biriketako minbizia, bihotz-hodietako patologiak eta biriketako arazoak, besteak beste. Espainiako Estatuari dagokionez, %50ekoa zen zifra hori. Bestalde, alkoholak bi generoen hilkortasunean dagoen aldearen %20 osatzen du (gibeleko patologiek, eta eztarriko eta hestegorriko minbiziak eragindakoak izaten dira heriotzarik gehienak). Estatuan, %17koa da datu hori. Beraz, tabakismoak eta alkoholak bakarrik, bi sexuen bizitza-luzeran dagoen aldearen %67 azalduko lukete Espainiako Estatuan.
Hurrengo urteetan alde horiek murriztu egingo dira, segur aski, Europa guztiko emakumeek aldatu egin baitituzte tabakoa eta alkohola kontsumitzeko ohiturak, eta orain arte bereziki gizonenak izan diren jokabideak bereganatu dituzte. Horrela, bada, gero eta handiagoa da erretzen eta edaten duten emakumeen portzentajea, eta gizonena, aldiz, apaltzen ari da.
Baina beste elementu batzuk ere hartu behar dira kontuan bi substantzia toxiko horietaz gain. Laneko arriskuek eta istripu bidezko heriotzek (zirkulaziokoek eta lanekoak) eragin handiagoa dute gizonengan.
Emakumeak luzaroago bizi dira, baina horrek ez du esan nahi hobeki bizi direnik. Emakumearen Espainiako Institutuaren arabera, emakumeak urte gehiagoan bizi izaten dira, baina bizitza-kalitate kaskarragoa izaten dute: badirudi gizonek 64,3 urte egiten dituztela osasun betean, eta emakumeek sei hilabete gutxiago.