Muturreko dietak: muturrekoa osasunari

Dieta bati ekiteko garaian, osasungarria dela ziurtatu beharra dago, asko eta asko ez direlako eraginkorrak izaten eta, gainera, arriskuan jartzen dutelako pertsonen osasuna
1 azaroa de 2013
Img alimentacion 4 listado 125

Muturreko dietak: muturrekoa osasunari

Argaldu nahia -eta kosta ahala kosta lortzea- arrazoi estetikoei lotua egoten da sarri askotan, eta ez du zerikusi handirik izaten osasunarekin. Ikuspegi horretan, dieta eta elikadura osasungarria ez dira bizi-estilo baten oinarriak, ez dira kontzeptu zabalago, interesgarriago eta aberatsago baten osagarriak. Helburu bat lortzeko bitartekoak baino ez dira: lehen baino argalagoa eta erakargarriagoa izatea, txiki geratu zaigun arropa berriz erabiltzen hastea eta, azken batean, gaur egun ezartzen dituzten kanon estetikoetara egokitzea. Askoren buruan, edertasun ereduek leku gehiago hartzen dute osasunak baino, eta halaxe begiratzen diete baskulak ageri dituen zifrei. Barneko desira eta itxaropena zama astun bihurtzen zaie, eta hortxe hasten da dieta miragarrien eta gezurrezko guruen arrakasta. Oraingoan, gauzak muturreraino eramaten dituzten lau dieta ekarri ditugu. Ez dira batere eraginkorrak, eta, gainera, arriskuan jartzen dute pertsonen osasuna.

Jarraitu behar ez diren lau adibide

Pentsaezina da arkitekturako liburu batek ez aintzat hartzea eraikitzeko printzipio nagusiak, edo ingeniaritzako batek nolanahi erabiltzea fisikaren, matematikaren edo aerodinamikaren legeak. Elikaduraren arloan, aldiz, ohikoak dira giza nutrizioaren oinarrizko arauak bazter uzten dituzten proposamenak. Argitaratzeko eragozpenik ez diete jartzen, eta are larriagoa dena, horiek saltzen dira gehien. Ez da harritzekoa, beraz, adituek mesfidantzaz begiratzea liburu horiei, eta honako gomendio hau ematea: “Ez fidatu liburuekin, joan dietista-nutrizionista batengana”.

Liburu bat desegokia den edo ez jakiteko edo proposamen engainagarriak egiten dituen edo ez egiaztatzeko, baliagarria izaten da aztertzea ea indexatua ote dagoen Giza Nutrizioa eta Dietetikako unibertsitateren baten liburutegian. Ez badago, hobe da kasurik ere ez egitea, eta berdin “dieta miragarrien”, “elikadurazko zentzugabekerien” edo “iruzur dietetikoen” sailekoa bada.

Garagardoaren dieta. Zenbait “sendatzailek” axola handirik gabe jokatzen dute, eta alkohola osasunarentzat kaltegarria dela ahaztuta edo, astakeria galantak proposatzen dituzte; adibidez, “garagardoaren dieta”. Dieta horrek ez du kontuan hartzen mendebaldeko herrialdeetan alkoholak eragiten duela heriotza gehien, tabakoaren ondotik. Europan gertatzen diren hamar heriotzatatik bat alkoholak eragina dela esan liteke. Zenbait adituk “toxikoen” sailean sartzen du dieta hau, eta arrazoiak ere badira horretarako. Nutrizioaren zientziak labur eta zorrotz epaitzen du: “Arriskutsua da eta ez batere eraginkorra”.

  • Dieta “arazgarria”, zenbait substantzia hartuz egitekoa. Merkatuan badira aurrekoa bezain toxikoak diren beste dieta batzuk ere. Halakoak dira, esaterako, “arazteko” edo “desintoxikatzeko” omen diren dietak, prestakin farmakologikoak erabiliz egitekoak: tiroideko hormonak, anfetaminak, diuretikoak eta heste-aringarriak. Substantzia horiek hartzeak (horietako askok “naturala” edo “begetala” izenondoa daramate) gorabeherak eragiten dizkio gorputz-sistemaren oreka hauskorrari, deshidratatu egin dezakete, kalte itzulezinak eragin gibelari, giltzurrunei eta tiroideetako hormonari, eta inola ere ez dute balio argaltzeko edo osasuna hobetzeko.

Prestakin horietako gehienak legez kanpoko jotzen ditu Sendagaiaren Espainiako Agentziak, eta urtean dozenaka kentzen ditu merkatutik. Hori dela eta, Farmaziako Zuzendaritza Nagusiak gomendatzen du ez fidatzeko zenbait iragarkirekin, baldin eta gisa honetako aipamenak badituzte: “produktu naturala”, “landarez egina”, “botiketan saltzen da”…

  • Barau “terapeutikoak”. Egun batean barau egiteak ez du inolako eraginik osasunean. Baina “doktore” batek 7 eta 11 egun bitarteko baraua proposatzen badu eta norbaitek hala egiten badu, ondorioak ezin okerragoak izan daitezke. Honako hauek, besteak beste: hotza jasan ezina, larruazaleko lehortasuna, ahokoa, halitosia, zefalea… Ondorio jakin horietaz gain, larriena da proposamen hau ez dela eraginkorra elikatzeko modu osasungarria zein den ikasteko, eta justu kontrakoa dakarrela: iparra galarazten dio norbanakoari, eta tresnarik gabe uzten du bere osasunaren jabe izan dadin.
  • Eguzkiaren dieta edo Sungazing (“eguzkiari begira egotea” izango litzateke euskaraz). Aurreko dietaren aldaera bat da, eta eguzkiari zuzen-zuzenean begiratzea proposatzen du, eguzki-energiak osatuko, hobetuko eta are ordezkatuko duelakoan elikadura. Zentzugabekeria bat da, gure begiek ez daukatelako klorofilarik, eta ez dezaketelako eguzki-energia erregai bihurtu, irastorrak egin dezakeen bezala, adibidez. Gainera, klorofila izango bagenu ere, gure begien eremua askoz txikiagoa da hostoena baino, eta gure gorputzak kaloria asko gastatzen du landare baten aldean. Eta zer esan begiei egiten zaien kalteaz? Pertsona bat baino gehiago hil da burugabekeria hau egiteagatik.
  • Itsasoko ura edatea. Gizakion gorputza ez dago prestatua itsasoko ura edateko. Dieta honek ez du balio osasuna hobetzeko edo argaltzeko, eta kalte handiak sor ditzake zenbait organotan eta gorputz-sistematan. Inondik ere ez da egin behar.

Itxuraz, erraza dirudi iruzur arriskutsu hauek antzematea eta, hori baino gehiago, probatzeko tentazioari eustea, baina ez da hain erraza. Ia guztiak -guztiak ez esateagatik- oso ongi aurkeztuta etorri ohi dira, ustezko espezialisten iritzia biltzen dute, gezurrezko azterketak edo batere fidagarriak ez direnak aipatzen dituzte (askotan, inon ez dauden unibertsitateetan eginak), “testigantzak” ere izaten dituzte gertutasuna emateko, eta, liburuak badira, ongi idatziak egoten dira. Laburbilduz: oso erakargarriak eta sinesgarriak izaten dira, eta etekin ona ateratzen diote geure burua ongi ikusteko eta gure itxura hobetzeko nahiari.

Horregatik guztiagatik -eta ilusioak eta promesak hauspotuko dituen jendea agertuko delako gerora ere- komeni da oroitzea muturreko dieta horiek guztiak “pentsamendu magikoa” esaten zaionetik edaten dutela. Honela definitzen du prozesu hori Anomalistic Psychology liburuak (Psikologia anomaloa): “Naturako legeren bat urratzen duen edozein fenomeno esperimentali edo jokabideri ematen zaion azalpena, edo, oinarririk izan gabe, zientziarentzat ezezagunak diren printzipioak, indarrak edo entitateak daudela iradokitzen duena”. Azaldu ditugun dieta guztiek urratzen dituzte naturako legeak eta ez dago horiei eusteko arrazoibide zentzuzkorik. Gauza bakarra frogatu da horien inguruan: osasunari kalte egiten diotela.