EROSKI Consumerreko elikadura adituen erantzunak
Laktosak intolerantzia eragiten dit. Entzun izan dut gazta gogorrek eta erdigogorrek ez dutela laktosarik eta, beraz, jan ditzakedala. Ogian zabaltzeko gaztak ere bai, hartzigarri azidoa dutelako. Ongi entzun al dut?
Gazta erdigogorrek eta gogorrek oso kopuru txikietan izaten dute laktosa, eta, beraz, lasai jan ditzakezu. Zabaltzeko gaztekin ere antzera gertatzen da. Zertxobait gehiago izaten dute laktosa, baina ez dizu arazorik sortuko, laktosa kontzentrazioak apala izaten jarraitzen du eta. Adibide batzuekin hobeki ikusten da: esne basokada batek 12 g laktosa ematen ditu, banillazko izozki batek 10 g eta ohiko jogurt batek 4 g. Gazta errazio batek, berriz, 0,1 eta 0,8 g artean ematen ditu, eta gurin koilarakadatxo batek 0,1 g baino ez. Garrantzitsua da jakitea laktosarekiko intolerantzia duen pertsona batek har dezakeela proteina hori, baina kopuru txikietan, betiere; aldiz, esnearen proteina horrekiko alergia dutenek ez dute inondik ere hartu behar, ezta kopuru txiki-txikietan ere. Gaztekin lotuta, bada aipatu behar den beste alderdi bat ere: gantz asko izaten dute. Adibideekin jarraituz: esne osoak (basokada batek), gutxi gorabehera, %5 izaten du gantza, eta zuk aipatzen dituzu gazta horiek, berriz, %50etik gora ere bai zenbaitek. Eta beste mantenugai kezkagarri bat ere badauka gaztak: gatza. Hain zuzen ere, Espainiako Estatuko herritarrek dietaren bidez hartzen dutenari buruzko inkesta batek erakutsi du gaztak direla jendearen gatz-iturri nagusietakoak (aise gainditzen du jakiak prestatzean erabiltzen den kopurua). Gatz askorekin jatea arriskutsua da, nabarmen areagotzen duelako hipertentsioa izateko arriskua.
Esan ote liteke adin jakin bat besteak baino egokiagoa dela bitamina-osagarriak hartzen hasteko, batez ere kaltzioa eta omega 3?
Erantzuna ezezkoa da, ez dago besteak baino egokiagoa den adinik osagarri mota horiek hartzen hasteko. Kaltzio-osagarriei buruz egin den azken berrikustea United States Preventive Services Task Force erakundeak egin du; lehen mailako arretaren eta prebentzioaren alorretako aditu independenteek osatzen dute, eta modu sistematikoan aztertzen dituzte zenbait esku-hartzeren eraginkortasunari buruzko ebidentziak. Erakunde horren arabera, ez dago arrazoirik inork kaltzio-osagarriak har ditzan hausturak saihesteko. Are gehiago: gerta liteke kaltegarriak ere izatea, eta, beraz, medikuak agintzen duenerako soilik utzi behar dira, eta hark adierazitako dosiak hartu, hark esandako epean (adibidez, osteoporosia egoki diagnostikatu dieten gaixoek hartu beharko lukete). Omega 3a ematen duten osagarriei dagokienez, gaur egun argi samar dago ez dutela balio gaixotasun kronikoei aurre hartzeko. Itxuraz, ez dute eragin kaltegarririk izaten, baina ez dago horiek erabiltzeko arrazoirik, eta halaxe ageri da 2012ko irailean JAMA aldizkari ospetsuan argitaratu zen lan batean (literatura zientifikoaren berrikuste sistematiko baten berri ematen zuen).
Elikaduraren oinarriak: 2 motako diabetesa
Elikadurarekin zerikusi handia du 2 motako diabetesak. Gaixotasun horren eraginez, organismoak ez dezake ongi aprobetxatu elikagaiek dakarten glukosa, eta, ondorioz, ohiko mailatik gora igotzen da odoleko glukosa (azukrea). Pankrea izeneko gurin batek erregulatzen du glukosa maila: hormona bat jariatzen du (intsulina), eta horrek lagundu egiten du glukosa gorputzeko zeluletan sar dadin eta energia lor dezaten. Gaitz hau izaten dutenek, edo ez dute sortzen behar adina intsulina, edo ez dezakete modu eraginkorrean erabili. Edonola ere, glukosa odolean geratzen zaie. Horrek, besteak beste, bihotzeko gaixotasunak ekar ditzake. Modu egokian elikatzeak lagundu egiten du 2 motako diabetes kasu askori aurre hartzen, baina garrantzitsua da, halaber, pisua kontrolatzea (gaitz honek maizago eragiten die pisu gehiegi dutenei edo gizenak daudenei) eta egunero ariketa fisikoa egitea. Behin diabetesa diagnostikatu ondoren, medikuak eta dietistak-nutrizionistak ematen dituen aholkuei jarraitu behar zaie gauzak okerrera egin ez dezan.
Haurren elikadura-neofobia ondoretasunezko gaitza da, itxuraz
2013ko urrian, Elikadurari buruzko Informazioaren Europako Kontseiluak (EUFIC) ikerketa baten berri eman du bere atarian. Ikerlana The American Journal of Clinical Nutrition aldizkarian argitaratua da, eta haurren elikadura-neofobian genetikak eta inguruak nola eragiten duen aztertzen du (zenbait haurrek berezko joera izaten dute jaki berriak probatzeari uko egiteko, eta horri esaten zaio elikadura-neofobia). Ikerketa horretan 5.390 biki bikote aztertu zituzten, eta joera horretan ondoretasunak “eragin nabarmena” duela ondorioztatu dute: neofobia kasuetan ikusi dituzten aldaeren %80 inguru arrazoi genetikoen eragin nabarmenaren ondoriozkoak izango lirateke. Datu horiek ikusita, berriz ere azpimarratu beharra dago gurasoen pazientzia ezinbestekoa dela seme-alaben elikadurari heltzeko garaian. David Benton irakaslearen ustez, neofobia duten haurrak “janzale txar” gisa sailkatzea ez da egokia. Bentonek berak adierazi izan du, International Journal of Obesity and Related Metabolic Disorders aldizkarian argitaratu zuen berrikuste batean (2004ko uztailekoa da), joera hori desagertu egiten dela denborarekin. Hainbat ikerketak erakusten dute haurrei zerbait janarazteak ezinikusiak eragiten dituela eta horiek haurtzaro guztian iraun dezaketela. Ameriketako Pediatria Akademiaren Nutrizio Batzordeak “aldakor” eta “iragarrezin” gisa definitzen du haurren apetitua. Hori dela eta, pazientziaz jokatu behar da haurren elikadurak sortzen dituen gorabeherei erantzuteko orduan.
Hilabete honetako aholkua: elikagai prozesatu gutxiago
Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziako Batzorde Zientifikoak (AESAN) txosten bat argitaratu zuen bere garaian. Jordi Salas Salvadó irakaslea ibili zen koordinatzaile, eta hauxe nabarmentzen zen bertan: mantenugai batzuek lotura handiagoa dutela gaixotasun kronikoak pairatzeko arriskuarekin (nutrizio arloan ezarrita dauden kopuruak gaindituz gero), eta lotuen daudenak gantz azido saturatuak eta trans gantzak, azukreak eta gatza direla. Dokumentu horrek, gainera, zehaztu egiten zuen batik bat zer elikagaik ematen dituzten mantenugai horiek: elikagai transformatuek (izan daiteke mantenugai horiek ugari dituztelako edo izan daiteke herritarrek oso maiz jaten dituztelako elikagai horiek).
Zenbait datuk adierazten dute Estatuko herritarrek hartzen dituzten kalorien erdiak baino gehiago elikagai “oso prozesatuek” emanak direla. Halaxe frogatu zuen European Journal of Clinical Nutrition aldizkarian argitaratu zen inkesta batek (2009. urtean). Herritarren ohiturak ez dira hobetu ordutik hona. Premiazkoa da, beraz, elikagai fresko eta gutxi prozesatuetan oinarritutako dietari ekitea. Frutak, barazkiak, lekaleak eta fruitu lehorrak oso egokiak dira horretarako. Irudimen pixka batekin, plater gustagarriak presta daitezke, baina ohitura kontua ere bada. Ez da erraza izaten etxe berean denei gauza berak gustatzea, baina egia da behin eta berriz elikagai batzuk mahaira aterata, errazagoa dela lehen atsegin ez zen hura gustagarri gertatzea.
Hilabete honetako aholkua: ez da gauza bera elikagaien zuntza eta pastillena
Zuntz dietetiko ugariko dietek babestu egiten dute hainbat gaixotasun kroniko pairatzeko arriskutik, eta gero eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute hori. Landare-jatorriko elikagaien zelula-paretetan izaten den substantzia bat da zuntz dietetikoa esaten zaiona (frutak, barazkiek, osoko zerealek, lekaleek eta fruitu lehorrek izaten dute). 2008. urtean, adibidez, ikerketa bat argitaratu zen, eta datu argigarriak ematen zituen. 1.373 gizonezkori 40 urtez jarraipena egin ondoren, ondorioztatu zuen zuntz dietetikoa kopuru handixeagotan hartuta (zehazki, 10 gramo gehiago), %17 murrizten dela bihotzeko gaitzek eragindako hilkortasuna eta %9 hilkortasun orokorra. American Journal of Clinical Nutrition aldizkarian, geroztik egindako ikerketa bat argitaratu zuten (2012ko maiatzean), eta han gehiago ere esaten da: zuntz dietetikoak hilkortasunetik babestu dezakeela. Baina berdin gertatzen al da zuntz gehigarriak hartuta? Hala balitz, aski litzateke zuntza duten pastillak hartzea hilkortasunari aurre hartzeko. Ikerketa gehienek ez dute bide horretatik jo: zuntz ugariko elikagaiek zer-nola eragiten duten aztertu dute, ez zuntza duten gehigarrien eragina. Ikerketa bat edo beste egin da gehigarri horien inguruan, eta, egia esan, gure osasunean oso emaitza apala dutela ageri da. Ez da harritzekoa, beraz, osasunaren arloan eredutzat jotzen diren erakunde guztiek, tartean Osasunerako Mundu Erakundeak, elikagaien bidezko zuntz dietetikoa hartzeko gomendioa egitea eta ez gehigarrien bidezkoa.