Askaritan mitorik ez jateko
Gezurra badirudi ere, elikaduraren inguruko mitoak ez dira bukatzen ananaren dietarekin edo orburuarenarekin. Uste okerrak oso hedatuak daude, eta askarien inguruan ere badira hainbat. Elikadurak gero eta gehiago kezkatzen gaitu, eta agian horren ondorio izango da joera hori. Edonola ere, zentzua erabiltzea da zentzuzkoena gai honetan ere, horrela lortuko baitugu gurasoek eta haurrek iparrik ez galtzea oinarri handirik ez duten iritziekin.
Haurrak eta askaria: “zernahi” jan dezatela?
Eskolako atarian jarri eta haurrek eskuan zer daramaten aztertuko bagenu, ondorio argia aterako genuke: bada zer hobetu askarian! Koloreetako paperak eta bilgarriak askoren eskuetan, telebistako marrazki eta pertsonaiak ageri dituztela… Eta horiek laguntzeko ematen zaizkien edariak ez dira askoz hobeak: zukuak, esneki txokolatedunak eta edari azukretsuak, itxuraz aski osasungarriak bitaminak erantsi dizkietelako.
Espainiako Estatuko haurren artean egindako ikerketa batek, enKid delakoak, haur eta gazteek zer jaten duten aztertu zuen lagin adierazgarri bat hartuta, eta emaitzek erakutsi dutenez, haur-gazteen %96,4k maiz jaten dituzte opilak eta galletak, eta beste %88,2k ohitura dute aperitibo eta zizka-mizka gaziak jateko. Are joera larriagoa ageri da gozoekin eta gozokiekin (%99,4k jaten dituzte maiz-maiz) eta freskagarriekin (%92,6k).
Era horretako produktuak noizean behin jateak ez du inolako eraginik osasunean. Baina ohiko bihurtzen direnean, handitu egiten da hainbat gaixotasun kroniko izateko arriskua. Eta zergatik jaten dituzte haurrek halakoak hainbestetan? Arrazoi bat baino gehiago dago horren oinarrian, eta uste oker bat ere bai: askaritan haurrek zernahi janda ere berdin duela. Ez da egia. Nahiz eta ez den egokia haurrak askaldu gabe geratzea, are desegokiagoa da deusetarako balio ez duten kaloriak pilatzea (ez da ahaztu behar hamar haurretatik hiruk behar baino gehiago pisatzen dutela Estatuan). OCDEko herrialdeen artean, pisu gehiegi duten haurren kopuruari erreparatuta, hirugarren lekuan ageri da Espainiako Estatua.
Helduak: askaria huts egitea ez da jokabiderik egokiena
Helduetan oso ohikoa izaten da askaririk ez egitea. Askotan, denborarik gabe ibiltzen direlako gertatzen da hori, baina beste zenbaitetan, “gizentzeko beldurrez” uzten dute askaria albo batera. Uste hori bezain okerra da beste hau ere: bazkariaren eta afariaren artean ez dela komeni deus jatea “urdailak atseden har dezan”. Zirkulazio-sistemak atseden hartu behar duela uste izatea bezain burugabea da hori.
Helduetan bezala haurretan ere, egunaren buruan maiz samar jateko ohitura dutenek arrisku txikiagoa izaten dute gizentasuna pairatzeko, hipertentsioa eta hiperkolesterolemia. Hori horrela bada, ona al da otordutik otordura osasungarriak ez diren elikagaietatik mokadutxoak egitea? Ez, baina ez otordu artean jateagatik, osasungarriak ez diren elikagaiak hautatzeagatik baizik. Literatura zientifikoaren inguruko berrikuste bat argitaratu zen 2011. urteko martxoan, eta han esaten da otorduen maiztasuna handitzeak itxuraz on egiten diela zenbait odol-markatzaileri (batez ere, LDL kolesterolari, kolesterol guztiari eta intsulinari), eta lagundu egin dezakeela gosea baretzen eta apetituaren kontrola hobetzen. Askari osasungarri batek onura ugari egingo dizkio osasunari epe ertain eta luzean.
Zer du txarra txokolate-kremaz egindako ogitartekoa jateak askaritan?
Galdera hori maiz entzuten dute dietistek eta nutrizionistek gurasoen ahotik. Erantzuna emateko, beste bi galdera egin beharra dago: zenbateko maiztasunez hartzen du haurrak askari hori?, eta nolakoak dira dietari eta ariketa fisikoari dagozkion gainerako ohiturak? Bi horien erantzunak baldintzatuko du lehenbiziko galderari eman beharrekoa. Ez da deus gertatzen astean behin jateagatik kaloria, gantz eta azukre ugari ematen dituen askari bat (horiexek ematen dituzte txokolate-kremek), batez ere ariketa fisiko ugari egiteko ohitura badu haurrak. Baina, zoritxarrez, ez da hori gertatzen: Estatuko haur eta gazte gehienak oso sedentarioak dira (Europako herrialderik sedentarioenetakoa da Espainia).
Zukuak ere ohikoa izaten dira askaritan. Horiek ere neurrian hartzekoak dira, eta ez maiz-maiz. Gaur egun gero eta zuku gehiago hartzen du jendeak (etxean eginak bezala industrialak ere). Ez da egia fruta zukuen eragina (berdin du egin berria bada ere) fruta atal batena bezalakoa dela. Zukuek dakarten azukrea askoz azkarrago sartzen da gure gorputzera, eta horrek handitu egiten du luzera pisu gehiegia pairatzeko arriskua. Zenbat eta fruta fresko gehiago hartu, hainbat eta arrisku txikiagoa gizentzeko eta etorkizunean gaixotasun kronikoak pairatzeko.
Askari osasungarriak
Dieta osasungarriaren oinarrian osagai gutxi batzuk daude, eta horiek maiz jatea da kontua: frutak, barazkiak, fruitu lehorrak, osoko zerealak eta lekaleak. Osagai gutxi horiekin, ordea, askotariko konbinazioak egin daitezke, eta kultura bakoitzak bereak egiten ditu. Dena den, gure haurrek energia gehiegi hartzen dute, eta gehiegi hartzen dituzte halaber proteinak, gantzak, gatza eta azukrea; hori dela eta, egokia iruditu zaigu zenbait gomendio aurkeztea, askariak ere dieta osasungarri baten zati izan dadin:
- Osoko ogia tomate birrinduarekin eta oliba olio sorta batekin.
- Esne katilukada bat muesliarekin.
- Fruitu lehor txigortuak sagar zatiekin (katilukada bat).
- Mazedonia, sasoiko frutekin egina.
- Jogurt naturala mahaspasekin.
- Hummusez betetako tartaletak (garbantzu purea).
- Etxeko mini-pizzak (osoko irinez eginak), barazkiekin eta gazta freskoarekin.
- Etxeko opiltxoak (osoko irinez eta azukrerik gabe eginak), aguakate umotuaren zatiz beteak.
- Gazta fresko zatiak eta mahats ale erdi bat (zotz batean mokadutxo bakoitza).
- Batata edo gaztainak labean eginda.